VIII. URETAKO ANIMALIEN KONTSUMOA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Itsasoko animaliak

Itsaskiak

Tradizionalki, itsaskien kontsumoa urria izan da, baina bereizketa egin behar da, begien bistakoa denez, itsasertzeko eta barnealdeko herrien artean. Ikuspegi horretatik begiratuta, esan daiteke gradiente bat egon dela itsasoko produktuen kontsumoaren maiztasunari dagokionez, zenbat eta itsasertzetik gertuago, orduan eta handiagoa izan baita haien presentzia elikaduran.

Itsaskien kontsumoa Araba eta Nafarroako eremu barnealdekoagoenetan izan zen urrien, eta kontsumo hori ez zen ohikoa izan, itsasotik gertu izan arren, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri gehienetan ere.

Itsasoko moluskurik ekonomikoki eskuragarrienen kontsumoa, txirlarena eta muskuiluarena adibidez, ugarixeagoa izan da, gutxienez itsasertzeko bi probintzia horietan.

Duela pare bat hamarkada, gero eta gehiago sartzen hasi ziren itsasoko krustazeoak, baina ez ohiko kontsumorako, une berezietarako baizik. Harrezkero, itsaski mota hori Eguberrietan eta ezkontzako banketeetan jan izan da beste inoiz baino gehiago; eta, baita beste gertakari batzuetan ere, hala nola, herriko jaiak, bataioak, urtebetetzeak eta abar, baina horietan neurri txikiagoan. Zenbaitetan, ezkontzetan adibidez, etxetik kanpo jaten dira, jatetxeren batean.

Bi espezieren kontsumoa zabaldu da horrelako abaguneetan: ganba eta otarrainxka. Baita zigalarena eta otarrainarena ere, baina horiena neurri txikiagoan. Espezie horiek arrantzatzen zituzten eta itsasoko krustazeoak kontsumitzen zituzten herrietako sukaldaritza tradizionalean; otarraina aintzat hartzen zen, baina beste hirurak ez.

Gaur egun, produktu horiek erosi egiten dira, bai eta itsasertzeko herrietan ere, arrandegietan edo saltzaile ibiltariei. Freskoak edo izoztuta eros daitezke.

Edozein kasutan, itsaskien kontsumoak, edo itsaski jakin batzuen kontsumoak bederen, erosahalmen nahiko handia erakusten du edo, bestela, festa edo gertakari baten ospakizuna.

Arrainak

Ondoren, gure sukaldean eskuarki presentzia izaten duten arrainak aipatuko ditugu. Horietako bakoitza prestatzeko moduak labur aipatuko dira, jakien prestaketari eta ontzeari buruzko kapituluan xehetasun handiagoz jasotzen baita gai hori.

Maiztasun handienez kontsumitutako espezieak: antxoa, atuna edo hegaluzea, bakailaoa, paneka, oilarra, perlita, legatza, sardina, txitxarroa, zapataria.

Kontsumo urriagokoak: berdela, bisigua, lamotea, ahuntzarraina, kabrarroka, itsas aingira, urraburua, dontzeila, mihi-arraina, lupia, muxarra, korrokoia, zapoa, barbarina.

Ur gezako animaliak

Ibaiko arrainak

Giza jarduerek ibaietako fauna suntsitu duten modu berean, beste batzuetan kontrakoa ere gertatu da.

Arrainak jateko ohitura errotuagoa egon da herri batzuetan beste batzuetan baino. Vianan (N), Ebro ibaiko eta Las Cañasko urtegiko arrantza oso estimatua izan da beti, eta biztanleen elikagai komuna da. Eugin (N), aldiz, mendearen hasieran ibaiko arrain gutxi jaten zen. Herri horretako biztanleak ez ziren arrantzara joaten, nahiz eta ibaia gertu izan, eta kanpotik joandakoak ziren arrantza egiten zuten bakarrak. Arrain horien kontsumoak ez du garrantzi handirik izan beste herri batzuetan ere, etxea ibai batetik gertu duten familiak baitira arrantza egin duten bakarrak.

Gaur egun, debekualdien eta barrutien ondorioz, arrantza mota hau oso jarduera kontrolatua da.

Ibaiko arrainak era askotako sareak erabiliz harrapatu izan dira: butrino (butroia); remanga (salabardoa); tresmallo (tresmaila) (Durruma Donemiliaga-A) edo trasmallo (Apodaka-A); sarez eta esparbuena deritzon soka luze batez (Elosua-Bergara-G); reteles (erretelak) (Zerain-G); eta abar.

Amuz ere arrantzatu izan dira, eskuz eta bizi diren ibaietako putzuak lehortuz.

Ibaiko arrainak prestatzeko modu bat baino gehiago izan baldin bada ere, modurik zabaldu eta ohikoena izan da frijitzea.

Maiztasun handienez arrantzatutako arrainak ezkailuak dira. Tamaina txikiko arrain batzuei deritze horrela; asko murriztu dira eta horregatik haien arrantza ez da gaur egun lehen bezain ohikoa.

Batzuetan aingirak arrantzatzen jarraitzen da eta, sarriagotan, amuarrainak, batzuetan kanpotik sartutako aldaerak badira ere.

Eskuarki, gaur egun jaten diren ibaietako arrainak haztegietan sortuak dira eta arrandegietan erosten dira. Gehien erosten den espeziea amuarraina da. Ohikoena itsasoko arraina kontsumitzea da.

Igelak

Igelak, igelak (Luzaide-N), zapielak (Izurdiaga-N), jateko asmoz harrapatzen dira herri batzuetan: Getxo (B), Moreda, Agurain (A), Allo, Luzaide, Arraioz, Artaxoa, Itzalle, Izurdiaga, San Martin Unx (N). Herri horietako batzuetan kontsumitzeari utzi zaio, harrapatu ohi ziren lekuetatik desagertu egin direlako.

Faduran (Getxo-B), igel kolonia handiak zeuden eta kanaberaz arrantzatzen ziren amuan ehun gorriko puskak jarrita. Arraiozen (N) zizarez hornitutako amuekin egiten zuten, baina kanaberarik gabe, bai eta eskuz ere. Gauez harrapatzen ziren (Luzaide, Arraioz-N).