V. ETXEKO DOLUA ETA AUZOKIDEEN LAGUNTZA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honetan, familia batek, bere kideetako baten heriotza dela-eta, heriotzaren unetik gorpua, elizara eramateko, etxetik ateratzen den arte, dolua agertzeko erabiltzen dituen zeinuak jasotzen dira.

Hilaren etxeko dolu-zeinuak

Lehen atal honetan, hildakoaren etxean agertzen diren dolu-adierazpenak zehazten dira. Kontuan hartu behar da heriotza etxe batean gertatzen dela, eta, horrenbestez, hori dela doluaren subjektu nagusia.

Ispiluak ezkutatzea

Adierazpenik zabalduena, gaur egun dagoeneko desagertua, hildakoaren etxeko ispiluak oihalekin estaltzea zen. Eskuarki gertatu ohi denez, errituak hura sortzeko motiboek baino gehiago iraun zuen; hala ere, informatzaile batzuek gogoan dituzte jokabide hori eragiten zuten kausak. Berganzon (A), esaten zen gelan armairu beiradunik baldin bazegoen, estali egiten zela, hartan «hildakoa islatzea» saihesteko.

Beste objektu batzuk ezkutatzea

Ispiluak estaltzeaz gain, herri batzuetan, nabarmentzen zen guztia ezkutatzen zen.

Azkaineko (L) informatzaile baten arabera, hildakoaren gelan deigarria zen guztia estaltzen zen. Beste baten arabera, ez ziren bereziki ispiluak estaltzen, paretetan traba egiten zuten gauzak baizik, koadroak adibidez. Horretarako, zintzilikariak erabiltzen ziren, ereinotz-hostoen adarrez apainduta.

Paretak estaltzea

Muturreko kasua izan da gelako paretak guztiz estaltzea mihiseekin edo izarekin, halako moldez non hilotza inguratuta geratzen zen, eta batzuetan sabaia ere estalita. Ohitura hori batez ere Euskal Herri kontinentalean hauteman da, baina eremu penintsularrean ere jaso da.

Leihoak ixtea

Herri batzuetan, ohikoa izan da itxita izatea, leiho-tapak ere bilduta, familiaren dolua adierazteko.

Praktika hori nahiko ohikoa izan da Ipar Euskal Herrian. Beskoitzen (L) eta Izpuran (NB), etxeko leiho-tapak erdi-itxi egiten ziren, eta halaxe gelditzen ziren hiletatik itzuli arte. Gero, leiho-tapak ireki ondoren, otoitz egiten zen berriro hildakoaren gelan, kandela baten inguruan.

Ganboan (A), dolu-zeinurik nabarmenenetako bat etxeko bao guztiak ixtea da.

Dolu-zeinuak etxearen kanpoaldean

Herri batzuetan ohikoa izan da heriotza bat izan den etxean begizta edo xingola beltz bat jartzea sarrera nagusiko atean edo fatxadako lekuren batean.

Mendearen hasieran, Guardiako (A) familiarik aberatsenek xingola beltz bat jarri ohi zuten balkoian. Mendeak aurrera egin ahala, ohitura hori zabaldu egin zen, eta gerra zibilean ohorezko kargu bat izan zutenenganaino iritsi zen.

Auzokideen parte-hartzea doluan

Etxeko baten heriotza gertatu ondoren, gainerako kideek bertan behera uzten dituzte beren lanak. Hilotza presente dela lana uztea da doluaren adierazpen gorena. Adibidez, Ahuztin (L) esaten zen familia comme cloítrée bizi zela, komentuan sartuta balego bezala. Herri horretan, heriotzaren eta hileta-egunaren artean igande bat baldin bazegoen, familia ez zen etxetik irteten mezatara joateko ere.

Auzoaren eta auzokideen erlazioa hildakoaren etxearekin

Auzokideen arteko harremanak sendotu egiten dira heriotzarekin, auzokideek funtzio ugari eta askotarikoak baitituzte hildakoaren etxeak doluan dirauen bitartean.

Atal honetan auzokideen multzoa antolatzeko moduak zehazten dira, auzoa, kartierra. Komeni da zehaztea, lehen esan den moduan, herri guztietan ez dela izan hierarkizazio argi bat. Antolatzeko modurik bitxiena izan da etxeen arteko hurbiltasuna kontuan hartzen duena; beste kasu batzuetan, etxeak elizarekiko duen kokapena hartu da kontuan. Gaur egun leku gutxitan eusten zaio banaketa horri, laguntza ematerakoan adiskidetasunak edo gertutasunak garrantzi handiagoa izaten baitu.

Auzokideek emandako laguntzak

Auzokideen laguntza funtsezkoa da etxean heriotza bat gertatzen denean. Berez, auzokideen laguntza gaixoa hilzorian denean hasten da, eta ez da amaitzen gorpua ehortzi eta gero ere. Auzokideen ardura da apaizari abisua ematea eta laguntzea, hark gaixoari Biatikoa eta Oliadura emateko, baita medikuari abisua ematea eta laguntzea ere; heriotza gertatzen denean, hildakoa janztea eta haren gela egokitzea; gainerako ahaideei gertakariaren berri ematea, hala herrian bizi direnei nola urrutiagokoei; elizarainoko hileta-bidearen egoera aztertzea eta bide hori egokitzea, hala badagokio; gorpua altxatzen laguntzea, baita hura eramatea ere, hilketari lana eginez, besteak beste; segizioa zabaltzen duen ofrenda eramatea, elizako gurutzea batzuetan eta beste batzuetan hilkutxari ezarritako aizkorak; argiak eta ogiak eskaintzea ofrenda gisa, baita hildakoaren oroimenezko mezak ere; herri batzuetan, hobia irekitzea eta lurra botatzea, eta, segizioa itzultzean, lastaira erretzea, hileta-otordua prestatzea eta banketearen gela atontzea.

Auzokideen garrantzia argi islatuta dago herri-esamolde batzuetan, hala nola: Hobe duzu aizoekilan untsa izaitea, edozoin jedekeekin baino (Hobe duzu auzokideekin ondo moldatzea, familiako edozeinekin baino, —lit. edozein pertsonarekin baino) (Bithiriña-BN).

Parrokiako gurutzea hildakoaren etxean

Atal honetan, zenbait herritan jasotako ohiturari egiten zaio erreferentzia: auzokide batek gurutzea eramatea elizatik hildakoaren etxeraino, heriotza gertatu eta gero.

Erritu hau oso zabalduta egon da Ipar Euskal Herrian; han, elizara parrokiako gurutzearen bila joaten zen auzokidea heriotza gertatu zen etxetik gertuen zegoen etxekoa izaten zen. Gurutzea hildakoaren etxera eraman eta gero, gorpua zegoen gelan uzten zuen.