XX. LUTOA. DOLUA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honetan lutoaren aldiko dolu adierazpenak jasotzen dira; lutoak denbora tarte luzea hartzen du. Lutoak dirauen artean, hilaren senitarteko zuzenak, eta bereziki hura bizi zen etxe berean bizi zirenak, beren gizarte bizitzari zein bizitza pribatuari eragiten dieten murrizpen batzuen mende daude.

Murrizpen horiek mugatu egiten dizkiete dantzaldietara, jaietara eta dibertsioko leku publikoetara joateko aukerak, baita herriko jaiak, ezteiak edo antzeko ekintzak ospatzeko aukerak ere.

Baina, zalantzarik gabe, doluaren adierazpen argiena arropako lutoa da, hainbeste non aldi hori kolore beltzeko janzkerarekin identifikatzen den.

Lutoak, horrez gain, elizako hilobiaren aktibazioarekin eta eskaintzekin lotutako praktika erritual batzuetara behartzen du familia.

Lutoaren iraupena

Heriotzaren ondoren hilaren familiak bereganatzen dituen kanpoko adierazpenen multzoari deritzo lutoa, eta adierazpen horien iraupenak, dirudienez, elizako hilobiko argiak piztuta edukitzearekin izan du zerikusia. Hala egiaztatu da Berganzon, Salcedon, Durruma Donemiliagan (A) eta Getarian (G); leku horietan, lutoaren iraupena bat zetorren hilobiko argiak piztuta egoten ziren denborarekin. Janzkerako lutoa hori baino aski luzeagoa izaten zen sarritan.

Luto-garaiko murrizpenak

Dantzaldie eta jaietara joatea

Hilaren familiako kide gertukoenek dantzaldi, jai eta erromerietara joateko duten debekua aho batekoa da inkesta egindako herri guztietan, baina haren iraupena aldatu egiten da herri batzuetatik besteetara.

Mélidan (N), emakumeen artean, lau edo bost urte irauten zuen, eta, batzuetan, hil arte. Arian (N), dantzaldiak debekatuta zituzten mutil eta neska gazteek bi urtez. Orozkon (B) eta Zerainen (G), urteburuko meza egin arte. Urtebeteko debekua jaso da Ametzaga Zuian, Apodakan, Berganzon, Bernedon, Erriberagoitian (A), Amezketan, Arrasaten, Bidegoianen (G) eta Eugin (N).

Zenbait herritan egiaztatu da dantza egiteko debekua luzeagoa zela dantzaldira joatekoa baino.

Lutoa janzkeran. Doluko arropa

Lutoak dirauen bitartean, haren adierazpenik nabarmenena ohiko janzkeraren ordez janzkera beltza erabiltzea da, galdutako senitartekoarengatiko minaren isla moduan.

Zenbat eta handiagoa izan hilarekiko ahaidetasuna, orduan eta luzeagoa da lutoaren iraupena, eta ahaidetasun maila bera izanez gero, emakumeen lutoa luzeagoa da gizonena baino. Lutoa zorrotzagoa da heriotza gertatzen den etxeko senitartekoentzat eta edadetuentzat ere.

Batzuetan, hilaren senitartekoei ez ezik, harekin ahaidetasunik ez izan arren etxeko taldeko kide direnei ere eragiten die. Obanosen (N), adibidez, etxe aberatsetan zerbitzariak lutoz janzten ziren.

Lutoaren adierazpenak etxearen kanpoaldean

Zintzilikarioak

Xingolak zintzilikatzeko ohitura ez dagokio heriotzaren eta hiletaren arteko denbora tarteari soilik; batzuetan, oroitzapenezko data batzuetara arte luzatu izan da.

Obanosen (N), Gorpuzti-eguneko prozesioa zela-eta balkoiak apaintzen zituzten zintzilikarioen artean, luto garaian zegoen etxeak xingola beltz bat ezartzen zuen erdian. Herri berean, elizara zaldi-ilarak eramaten zirenean San Anton egunez, lutoko etxean ez zizkieten kaskabiloak jartzen lepokoetan; batzuek uste dute gogoan dutela kolore beltzeko zerbait zintzilikatzen zitzaiela, un trapico (traputxo bat).

Durango eta Gernikan (B), Erramu Igandean, lutoan zeuden familiek xingola beltz bat lotzen zioten elizara eramaten zen palmari edo ereinotzari. Prozesioaren ondoren ohikoa zen balkoian zintzilikatzea, eta lutoak eragindakoek xingola lotuta zuela zintzilikatzen zuten.

Prozesio solemneetan balkoiko zintzilikarioetan lutoaren adierazle bat jartzeko ohitura herri hauetan ere egiaztatu da: Zeanuri (B), Getaria (G), Allo, Agoitz, Mélida, San Martin Unx, Zangoza eta Viana (N).

Zangozan (N), lutoaren beste adierazle bat zen etxearen sarreran, prozesio publikoa zegoenean, eserleku bat jartzea piztutako kandelekin.

Ezpeize-Ündüreinen eta Liginagan (Z) xingola beltz bat jartzen zen, edo, bestela, oihal beltz batekin estaltzen zen sarrerako ateko galburuzko edo lorezko gurutzea San Joan egunez (ekainaren 24an). Barkoxen (Z), egun horretan, doluan zegoen familiak gurutze beltz bat egiten zuen, edo, bestela, lutoz janzten zuten xingola morez.

Ezkutuak estaltzea

Doluaren beste adierazpen bat zen etxe batzuek zeukaten armarria oihal beltz batez estaltzea. Oihal hori lutoaren garaian mantentzen zen, urtebetez, edo eguraldi txarrak hondatu eta erauzten zuen arte. Itzal handiko familietan, hilaren eta etxearen arteko loturaren adierazgarri gisa, blasoia ezkutatzen zen, baita heriotza eta hiletak herritik kanpora izan zirenean ere.

Lutoan izandako aldaketak

Hilengatik lutoa errespetatzeko betebeharra behera egiten hasi zen hirurogeiko hamarkadan, eta data horretatik aurrera, eta batez ere hurrengo hamarkadan orokorra egin zen ohitura horren galera, hala janzkerari nola betebehar erlijiosoei zegokienez, baita jaiak ospatzeko, dantzaldietara eta ikuskizunetara joateko, tabernetan sartzeko eta abarretako debekuei zegokienez ere.

Gaur egun hiletara arropa beltzez edo erdi-lutoz joan ohi da, edo, besterik gabe, kolore diskretuz jantzita. Gizonak, kasu batzuetan, gorbata beltzez.

Janzkerako luto adierazpenak leuntzen joan dira azken hogeita hamar urteetan, hirurogeiko hamarkadatik aurrera. Gaur egun, oraindik ere pertsona batzuk guztiz beltzez janzten dira maite duten pertsona bat hiltzen denean, baina kasu horiek bakan samarrak dira. Bestalde, jantzietan kolore beltza erabiltzea galtzen ari da lehen zeukan dolu konnotazioa.