XVI. ARTZAINAREN JANZKERA
Orrialde honetako edukia
XX. mendearen lehen hamarkadetara arte, Baskoniako eskualde batzuetan oso erregimen autarkikoan bizi izan ziren, eta jantziak zein oinetakoak egiteko beren bizimoldean aurkitzen zituzten elementuak erabiltzen zituzten. Artzainek beren azienden larruak ontzen zituzten berokiak eta oinetako abarkak egiteko; beren ardien ilea ere erabiltzen zuten jantzi batzuk egiteko.
Hasteko, aipatu behar da janzkeraren aldetik aldea dagoela Baskonia hezeko (Gorbea, Aizkorri, Entzia, Aralar, Urbasa) artzainen eta abereak Toloñon (A), Kodesko Mendilerroan (A-N), Zaraitzu Haranean eta Erronkarin (N) larreratzen dituztenen artean; bigarren multzokoek Ebroraino jaisten dira transhumantzian eta haien janzkera tradizionala Aragoi Garaiko eta Bearnoko artzainen janzkeraren antzekoagoa da. Bizitzako beste arlo batzuetan gertatu den bezala, artzainen janzkeran azken hamarkadetan gertatu den aldaketa arropa zein oinetakoak egiteko beste material batzuk erabiltzearen eta fabrikazio industrialeko prozesuen ondorio da.
Artzainaren janzkera ez da izan nekazariaren janzkeraren oso bestelakoa, baina aire zabalean luzaz egon beharrak babesteko eta berotzeko jantzi bereziak erabiltzera behartu du. Horien artean daude espaldero zein delantero deritzenak, ardi edo ahuntz larruz eginak; kapusaia edo txartesa[1], artilezko ehunez egindako soingainekoa; hongarina, oihal landugabez egindako beroki modukoa; tapabocas edo landako manta deritzona; mantarrak, peales edo piales deritzenetan sartutako galtzak; behi aziendaren larruz egindako abarkak, lokarriak zangosagarretan gurutzatuta dituztenak mantarren gainean, belaunen azpian lotuta.
Artzainaren janzkeraren parte izan dira ardi larruz egindako artzain-zakua eta hurritz-makila ere.
Caro Barojaren arabera, euskal artzainak oso antzinako jatorria duen traje tradizionala jantzi ohi zuen, jantzi hauek osatua: kapusaia, ehun arrez egina; maraga, ahuntzaren ilez egina, edo haren baliokide dena, xartex deritzona, grisaxka gehienetan; artzain zakua edo zorroa, ahuntzaren larruz egina; kurkubita, esnea edo ura garraiatzeko kuia. Zangoak berak egindako galtzerdiekin estaltzen zituen (eta berak eginak ziren galtzariak ere) edo, bestela, artile zerrendekin; eta artzainentzat zein nekazarientzat ohiko oinetakoak abarkak ziren; horietan, bereizketa bat egin daiteke penintsulako beste gune batzuetakoekin alderatuta[2].
Artzainaren gaur egungo janzkera
Gaur egun, gure inkestetan egiaztatu denez, artzainen janzkera oso antzekoa da Baskonia osoan. Zaharrenek mahoi urdineko galtzak edo galtzamantalak eta kotoizko edo beste ehun bateko alkandora koadroduna janzten jarraitzen dute; alkandoraren gainean, eguraldiak behartzen duenean, artilezko jertsea edo jaka janzten dute. Bonbatxo urdinak erabiltzen dira oraindik ere baina gero eta gehiago erabiltzen da ehun urdinezko galtzamantala, goitik behera zeharkatzen duen kremailerarekin. Hori neguan zein udan erabiltzen da. Agoizko (N) artzain batzuek diote berotzeaz gain beheko arropa garbi mantentzeko ere balio duela.
Arabako artzainek pana sendozko galtzak janzten jarraitzen dute (Agurain, Badaiako Mendilerroa, Moreda, Pipaón, Erriberagoitia, Urkabustaiz, Gaubea); baina gazteek nahiago dituzte galtza bakeroak, «tejanos» ere deritzenak.
Hotzari zein urari aurre egiteko ohikoa da berokiak, jakak, larruzko zamarrak, anorakak, zirak edo kapusaiak erabiltzea. Hotzetik zein euritik babesteko arropei dagokienez, bai eta oinetako motetan ere, artzainek gero eta gehiago imitatzen dute mendizaleen janzkera.
Eta berrogeita hamarreko hamarkadako urteetan abarken erabilera asko jaitsi zen, abarketak, espartinak deritzenak (Ultzama-N), gero eta gehiago erabiltzen ziren aldi berean. Artzainak eguraldia lehorra zenean horiek erabiltzen hasi ziren.
Hirurogeiko hamarkadako urteetara arte, zola iltzeztatua zuten larruzko botak ere jantzi zituzten artzainek; borceguíes zeritzen eskuarki bota horiei; Zangozan (N) borceguines; Arian (N) borzaiak; Gorbea-Zeanurin eta Orozkon (B) eta Larraunen (N) bortzegiak.
Aurrerago, gomazko zola eta ehun sendoko gainalde marroia zuten botak erabili ziren; chirucas zeritzen.
Gaur egun, artzain gazteek olanazko oinetakoak eta kiroletako botak janzten dituzte. Katiuskak ere erabiltzen dira, belaunetarainoko edo zango-erdiko gomazko bota altuak. Iragazgaitzak direnez, ondo babesten dute hezetasunetik, bai eta lokatzetik eta simaurretik ere, eta horregatik beti janzten dituzte artegien garbiketari ekitean.
- ↑ Manuel LARRAMENDIk, Corografía de Guipúzcoa liburuan, XVIII. mendearen amaieran idatzia, honako hau dio: «hombres y mujeres en las caserías conservan los capisayos y charteses con capillas, mangas anchas y cortas, de que usan en el monte en tiempos lluviosos y cuando cogen argoma y cortan espinas y zarzas y otros trabajos. Pero estos capisayos se han desterrado aún de la gente común de los pueblos, y nunca se han estilado entre mujeres» («gizonek zein emakumeek kapusaiak eta txartesak erabiltzen dituzte baserrietan, soingaineko txikiekin, mahuka zabal eta motzekin, mendian janzteko euria ari duenean eta otea hartzen eta arantzak zein sasiak mozten dituztenean eta beste lan batzuetan. Baina herrietako jende arruntak ez darabiltza kapusai horiek eta emakumeek ez dituzte inoiz erabili izan»). Vide Corografía o descripción general de la Muy Noble y Muy Leal Provincia de Guipuzcoa. Bartzelona: 1882, 180. or.
- ↑ Julio CARO BAROJA. Los vascos. Donostia: 1949, 230. or.