IX. LARRUAZALEKO INFEKZIOAK ETA GAITZ KUTSAKORRAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Larruazaleko infekzioak

Ospelak, azkordinak

Izenak

Ospelak eskuetako, oinetako, belarrietako edo sudurreko larruazalaren hanturak dira, gutxi-asko mugatuak, hotzak eraginak. Orokorra da inkestetako datuetan ospelak hotzarekin lotzea, tenperatura aldaketa bortitzekin sortzen direla adieraztea, eta gogaikarriak direla “azkura handia” ematen dutelako.

Sabañón da larruazaleko gaitz hau gaztelaniaz izendatzeko erabiltzen den izen arrunta. Egiaztatu da sabayón izena ere (Lezaun, Obanos-N). Euskaraz, bi dira gure inkestetan sarrien agertutako izenak: ospela / mospela (Olaeta-A; Abadiño, Durango, Orozko, Zeanuri-B; Astigarraga, Ataun, Beasain, Berastegi, Bidegoian, Elgoibar, Elosua, Hondarribia, Oñati, Telleriarte, Zerain-G; Arraioz, Bozate, Eugi, Goizueta, Lekunberri-N) eta azkordina (Abadiño, Zornotza, Bedaroa, Bermeo, Dima, Durango, Gorozika, Lekeitio, Lemoiz, Muxika, Nabarniz-B). Arrasaten (G) ospela deritzo oinetakoari eta eta azkordina eskuetakoari. Jaso diren beste izen batzuk dira ziarra (Ataun-G); aundiubak (Izurdiaga-N); mandoa (Sara-L); odol gaiztoa (Donibane Lohizune, Sara-L); anjelura (frantsesezko angelures hitzetik) (Donoztiri, Heleta, Uhartehiri-NB; Donibane Lohizune-L); iñherdua (Liginaga-Z)..

Eragileak

Hotza, odol-zirkulazio txarra eta elikadura eskasa dira, informatzaileek diotenez, ospelak sorrarazten dituzten eragile nagusiak, eta eguraldi ona iristean desagertu egiten ziren. Kasuren batean egiaztatu da ospelak osasun onaren adierazletzat jotzen zirela (Izurdiaga-N). Gaur egun gaitz hau ia ez da agertu ere egiten.

Amezaga Zuian (A) jaso da ospelak sortzen direla batez ere larruazalak tenperatura kontraste gogor eta bortitzak jasan behar dituenean. Horrela, iraganean, gizonei sortzen zitzaizkien neguko egun gordinetan etxetik kanpo lan egiten zutenean, eta emakumeei erreka eta iturburuetako ur izoztuetan arropak garbitzen zituztenean. Abadiñon (B) diote ospelak sortzeko egokiak zirela neguan egiten ziren nekazaritzako lan batzuk ere, hala nola arbiak biltzea. Erroibarren (N) diote ospelak neguan sortzen zirela denbora asko emanez gero aire zabalean. Artzainak izaten ziren ospel gehien izaten zituztenak, haietako batek gogoan du belarrietan ere izaten zituela.

Erlakiztenak, zaldarrak

Eragileak eta izenak

Egiaztatu da nahiko zabaldua dagoela erlakiztenak edo zaldarrak nerabeek eta gazteek izaten dituztelako ustea. XVII. mendean, Oihenartek gure inkestek jasotako datuekin bat datorren esaera bat jaso zuen: “Ezta zaharra duena zaldarra”.

Bidegoianen (G) diote erlakiztenak ugariagoak zirela gizonen artean eta odol gogorra zutenen artean. Berastegin (G), gizontasunaren, indar fisikoaren eta indar sexualaren adierazgarritzat zeuzkaten. Moredan (A) diote gazte indartsuei sortzen zitzaizkiela, garapenaren adinean, “ez zutelako purgatzen eta odolak gerra ematen zielako”. Esaten zen neska gazteei desagertu egingo zitzaizkiela, besterik gabe, adin nagusira iristean.

Txoriak

Galtzarbean sortzen den erlakiztenari edo pikortari golondrino deritzo gaztelaniaz (Mendiola, Moreda-A; Obanos, Viana-N). Deskribatu izan da galtzarbean edo iztartean sortzen den bururik gabeko koskor edo pikorta dela esanez ere, intxaur baten tamainakoa eta batzuetan arrautza bat adinakoa ere izan daitekeena (Karrantza Harana-B). Euskaraz izendatzeko, xoriak (Sara-L), kurintxoak eta azikontxoak (Berastegi-G) hitzak jaso dira; azken hori gongoilak eta hazizurriak izendatzeko ere erabiltzen da. Karrantzan (B), txorien aurkako sendabide ezaguna zen kazola batean bikea berotzea, azukrea, olioa, tipula xehatua, eztia, arrautza zuringoa eta ardoa gehitzea, eta epeltzen zen bitartean ardo gehiago eta olioa gehitzea loditu arte. Txaplata hori oihal batean ezartzen zen eta oihala txoriaren gainean. Beste prozedura bat zen olioz, belarrez eta argizari garbiz egindako ukendua aplikatzea.

Larruazaleko gaitz kutsakorrak

Hazteria, hatza

Iraganean, eta gaur egun ere, ohikoa da jendearen artean ez bereiztea larruazaleko gaitz batzuk eta besteak, eta askotan nahastu egiten dira diagnostikoak eta sendabideak, bai eta hazteria, ekzema eta ezkabia izenak ere, jakina. Adibidez, gaztelaniaz tiña dena euskaraz izendatzeko modu bat ezkabia da, latinezko scabies hitzetik eratorria, eta hitz horrek gaztelaniaz sarna deritzona adierazten du. Izenen nahasketa –Barriolak dioenez– jendeak antzeko prozesuen artean bereizten ez jakitearen ondorio da[1]. Gure inkestek erakusten dute informatzaileek emandako erantzunek badutela loturarik gorabehera horiekin.

Eragileak eta izenak

Zerainen (G) uste dute hazteriak odolaren infekzio batean duela jatorria, odola zikiñ, eta atera dadin ona dela likido beroak hartzea, hala nola kafea eta ardoa. Gogora dakarte azkura handia ematen zuela eta oso gogaikarria zela. Elosuan (G) igartzen zioten gorputz osoa eta atzamarren arteko tarteak pikortaz betetzen zirelako. Orozkon (B) esaten dute azkura jasanezinak ematen dituela eta gunerik sentiberena atzamarren arteko tarteak direla; azken egiaztapen hori jaso da Abadiñon (B) eta Bernedon (A) ere.

Ezkabia

Eragileak

Mendiolan (A) jaso da ezkabiaren ezaugarria azkura handia ematen duten orban ezkatadun arrosakara batzuk direla. Allon eta Tebasen (N) diote buruan soilgune edo biribil soildu batzuk eragiten dituela. Agurainen (A) gasepia deritzo ilea erorarazten duen gaitz bati; sendabidetzat adatsean sortzen diren biribiletako ilea moztea du. Abadiñon (B), egiaztatzen da ilearen edo bizarraren erorketa biribilean, bizkarroien ondorioz. Itzallen (N) babasos deritzon gaitz bat egiaztatu da ilearen erorketarekin geratzen dena agerian; herri horretan uste zuten ezkabia ardiek kutsatzen zutela. Ainhoan (L), Azkuek XX. mendearen hasieran jaso zuenez, esaten zen ez zela erregetxoa, erregexupita, ukitu behar, ezkabia sortzen zuelako, azteria[2].


  1. Ignacio Mª BARRIOLA. La medicina popular en el País Vasco. Donostia: 1952, 38. or.
  2. Resurrección Mª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. Madril: 1935, 113. or.