Sarrera

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:


Aurkezten dugun lan honetan, nekazaritza tradizionala eta XX. mendean izan diren eraldaketak dira aztergai. Liburukia Atlas Etnográfico de Vasconia bilduma osatzen dutenetako bat da; bilduma horrek kultura tradizionala sortzen duten gertakizunak sistematikoki erregistratzea du helburu. Proiektu honetan, beste zenbait liburuki argitaratu dira aurretik: La alimentación doméstica (1990, berrar. 1999), Juegos infantiles (1993), Ritos funerarios (1995), Ritos del nacimiento al matrimonio (1998), Ganadería y pastoreo (2000), Medicina popular (2004) eta Casa y Familia (2011).

Liburuki bakoitzean, Atlasaren plangintza deskribatzen da, baita ikerketan erabilitako metodologia eta bildutako materialak jorratzeko metodologia ere. Kontuan hartuta liburuki bakoitza unitate bat dela, kontzeptuetako batzuk garatu egingo dira.

Atlas Etnografiko bat egiteko proposamena

José Miguel de Barandiaran (1889-1991) izan zen Atlas etnografiko honen sortzaile, jagole eta sustatzailea. XX. mendeko lehen hamarkadetan hasi zuen euskal etnografiaren jarduna. 1968. urtean, Arte eta Ohitura Herrikoien I. Biltzarra antolatu zen Zaragozan, eta, zientzialarien bilera hartan, Bosquejo de un Atlas Etnográfico del Pueblo Vasco[1] izeneko komunikatua aurkeztu zuen. Euskal esparruan ordura arte egindako ikerketa etnografikoen inbentarioa zen, eta horien balantze kritikoa ere biltzen zuen.

Urtebete geroago, 1969an, hiri berean, Aragoiko Ikerketa Folklorikoen V. Jardunaldietan, beste txosten bat aurkeztu zuen: Criterios generales para una investigación etnográfica de los Pueblos Pirenaicos[2]. Horrekin batera, galdera-sorta etnografiko bat ere aurkeztu zuen, Europako Etnologia Biltzarrak 1965ean egindako planaren arabera moldatua.

Bi eduki horien puntu nagusiak labur-labur jasota daude jarraian:

1. Jasotzen dugun material etnografikoa ez da guregana heldu diren tradizio herrikoietara soilik mugatu behar; zabaldu egin behar da, eta mundu osoko leku guztietatik iristen zaizkigun bizipen eta esperientziak hartu behar ditu bere barnean, euskal komunitateak onartu eta txertatu egiten baititu.
2. Ordura arte argitaratutako azterlan eta ikerketa asko gertakizunen deskribapen estatistikoak eta morfologikoak baino ez ziren. Horiek izen bihurtzea eta modu objektiboan hartzea dakartzan arriskuez ohartarazi zuen; izan ere, modu horretan, giza testuingurutik isolatzen dira eta benetako errealitatea kentzen diete.
3. Kultura behar bezala atzemateko, ez da nahikoa ikurrak behatzea, izan ere, horiek adierazten duten errealitatea bizi behar da. “Etnologian, bizi izan ez den hori ez da egokiro adigarria”.
4. Ondorioz, objektuaren deskribapena ez da deskribapen estatiko hutsa izan behar; elementu bakoitzak esangura sozial bat dauka, gizatiartuta dago eta esanahi kulturala dakar. Ikerketa etnologikoetan zein historikoetan, ez da galdu behar ikusezinaren nagusitasuna interpretazio irizpide gisa.
5. Ikerketen argitalpenek jasotako materialaren bizitasun indizea edo herrian duen onarpen maila jaso behar dute idatziz, eta kultura elementuek herrialdean edo harago betetzen duten aplikazio esparrua adierazi behar dute.
6. Euskal Herrian ikerketa behar duten gune asko dago oraindik. Teknologia berriak bizimodu tradizionalak deuseztatzen ari dira. Horiek ahaztu gabe, aurreko faseak zaindu egin behar dira.
7. Herri baten jakintza osatzeko, ulertu behar da norbere kulturaren elementuek nola moldatu dituzten jokaera dela-eta nabarmendutako pertsonak.
8. Ondorio gisa, Barandiaranen iritziz, premiazkoa zen ikerketa etnografikoan prestakuntza zuten taldeek datuak bilatzeko lan metodikoa egitea. Lana eskualde guztietako udalerrietan egin behar da, bakoitzean herritarren bizitza kulturalaren oinarrizko ezaugarriak biltzen dituen monografia ulergarria lortu arte.

Etniker proiektua

Atlas etnografikoaren proiektua abian jartzeak, hasteko, Baskonia edo Euskal Herri osoan zehar sakabanatutako pertsona talde bat sortzea eskatzen zuen. Hain esparru zabala hartzeko, lurraldeen eskualde-egitura edukitzea komenigarria zela erabaki zen. Barandiaran bera Nafarroatik hasi zen; izan ere, bertako unibertsitatean Euskal Etnologiaren katedraren ardura zuen. Era horretan, 1969an Etniker Navarra taldea sortu zen, aipatutako unibertsitateko Arkeologia Sailari lotuta. Etniker José Miguelek sortutako terminoa da, eta “ikerketa etnografikoa” adierazten du. Taldeak adostu zuen komenigarria zela hainbat lurraldetan finkatutako erakundeei atxikitzea.

Lehen talde horretatik sortu ziren gainerakoak. 1972an, Etniker Gipuzkoa jaio zen, Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteari atxikia. Urtebete geroago, 1973an, Etniker Bizkaia sortu zen, Labayru Fundazioko Etnografia Arloaren babesean. Urte berean, Etniker Araba ere sortu zen; hasieran, Gasteizko Iradier Sozietatearen inguruan, eta, geroago, Arabako Etnografia Seminarioaren inguruan. Baionako Association Lauburu elkarteari lotuta, Etniker Iparralde sortu zen 1986an; Pirinio Atlantikoetako departamendu frantziarreko euskal lurraldea hartzen du.

Taldeak landa-ikerketarako prestakuntza metodologikoa duten pertsonaz (gehienak unibertsitate ikasketadunak) osatuta daude. Talde bakoitzeko ikertzaileak eskualdeko arduradun batek koordinatzen ditu.

Barandiaranek Etniker proiektuaren nondik norakoak azaldu zituen, 1976an Etniker taldeek Aralarko santutegian (N) elkarrekin egin zuten bilera orokorrean. Euskal gizartearen kultura tradizionalaren eta horren bilakaeraren ikerketa zen. Lana XX. mendeko bigarren hamarkadan hasi zen, baina 1964an ekin zioten berriro gaur egungo izenarekin eta metodologia berriarekin, Nafarroako Unibertsitateko Euskal Etnologia katedraren osagarri gisa, Vianako Printzearen Erakundearen babesean.

Estrategia etnografikoa

Etniker taldeek ikerketa etnografikoetan erabilitako estrategiak honako eskema honi jarraitzen dio:

1. Lana udalerrian jaio edo bertan bizi den ikertzaile batek egiten du. Horrek ikerketa errazten du, izan ere, jasotako esperientzia asko ikertzaileak berak bizi izan ditu, eta badaki zeintzuk diren galderak eta horiek nola egin.
2. Ikertzaile guztiak metodologia eta galdera-sorta berera atxikitzen dira.
3. Udalerriko hizkuntza eta euskalkia ezagutzeak lekukoengana hurbiltzea eta jasotako datuak zuzen interpretatzea errazten du; izan ere, materiala biltzeaz gain, horien esangura kulturala bilatzea eta interpretatzea ere beharrezkoa da.
4. Jasotako datuak informatzaileen memoria heltzen den arte iristen dira; beraz, datuok lekuko nagusienen aurreko bi belaunaldietara egiten dute atzera. Era berean, duela gutxi jazotako trantsizio eta aldaketak edota landa-ikerketa egiteko orduan gertatutakoak jasotzen dira idatziz.
5. Eskualdeko taldeen bileretan, datuak bateratu egiten dira, horiek egiaztatzeko eta ikuspuntua egokia den ziurtatzeko.

Galdera-sorta etnografikoa

Etniker proiektuko ikerketaren ezaugarri garrantzitsuetako bat honako hau da: proiektuan dihardutenek galdera-sorta eredu bera erabiltzen dute inkestatutako pertsona guztiekin.

Galdera-sortaren izenburua ondokoa da: Guía para una encuesta etnográfica. Barandiaranek egin zuen, eta Etniker proiektuko beste hainbat ikertzailek ere erabili izan dute beste lurralde batzuetan.

850 galdera biltzen ditu, bederatzi kapitulu nagusitan banatuta:

0. Udalerri edo herrien datu geografikoak.
1. Etxeko taldea: Etxea. Etxeko elikadura. Jantziak. Familia. Senar-emazteen arteko harremanak.
2. Etxeko taldearen erabilerak: Altzariak. Atsedena eta garbiketa. Helduen jolasak eta haurren jolasak. Gaixotasunak eta botikak. Bizitza erlijiosoa. Igarobide-errituak: jaiotza eta bataioa, ezkongaiharremana, ezkontza eta ezteiak, heriotza.
3, 4, 5 eta 6. Ekintza taldeak: Abeltzaintza eta artzaintza; Nabigazioa eta arrantza; Nekazaritza-ustiapena; Artisautza eta askotariko lanbideak, hurrenez hurren.
7. Lurralde eremua: Auzokoak eta herria. Zuzenbidea eta konstituzio herrikoiak.
8. Kulturizazioa: Etxea. Eskola. Erlijioa. Gurtza. Jaiak. Egutegi herrikoia. Arteak. Sineskeriak. Kondairak eta ipuinak.
8. Biografia etnografikoak: Datu pertsonalak. Prestakuntza. Bizi-maila. Harreman sozialak. Inkestatutakoaren estatusa. Aldaketa kulturala.

Ikerketen plangintza

Etniker Euskalerria taldeak 1976an hasi ziren era koordinatuan lanean, eta, 1987an, lan-plana birformulatu zuten eta berrantolatu egin ziren. Horretarako, Idazkaritza Tekniko bat sortu zuten. Idazkaritza Teknikoa landa-ikerketak koordinatzeko eta liburukiak idazteko arduraduna da. Idazkaritzaren ardura Labayru Fundazioko Etnografia Arloak dauka. Egoitza Derion (Bizkaia) dago, eta lana egiteko langile prestatuak ditu. Lagungarri gisa, euskal gaien inguruko liburutegi orokor handia dauka, 66000 liburu ingurukoa, eta beste liburutegi bat, 3500 liburu ingurukoa, antropologian eta etnografian espezializatua.

Etniker taldeek batzar orokorra egiten dute urtero. Besteak beste, jarraituko duten ikerketaplana finkatzen dute, eta hori bat dator aurretik aipatutako galdeketa orokorreko gai batekin.

Ikerketa-plana unean-unean bete izan da: 1988an, etxeko elikadura landu zen; 1989an, haur jolasak eta abestiak; 1990 eta 1993 bitartean, igarobide-errituak, bi atal handitan banatuta: bizitzako errituak, jaiotzetik ezkontzara, eta hileta-errituak. 1994an herri-medikuntza landu zen.

Zazpi urteko proiektu hori bukatu ostean, lantzeke zeuden gaien planifikazio berria adostu zen, eta honako programazioaren arabera egituratu zen: 1995ean, jantziak landu ziren; 1996an eta 1997an, abeltzaintza eta artzaintza; 1998an, etxea; 1999an, etxeko altzariak eta arreoa; 2000n eta 2001ean, familia eta ahaidetasuna; 2002an eta 2003an, nekazaritza-bizimodua eta, 2004an, nabigazioa eta arrantza.

2004an eta 2005ean, landa-ikerketak egin ziren artisautzaren eta beste lanbide batzuen esparruan; 2006an eta 2007an, auzokoen esparrua landu zen; 2008an, zuzenbidea eta konstituzio herrikoiak, eta, 2009an, kulturizazioa. 2010ean eta 2011n, tradiziozko egutegi herrikoia landu zen, ohitura eta tradizio erlijioso eta zibilen atalaren barruan.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osatuko duen lanaren plan orokorra honako hau da:

1. Etxea eta altzariak. Familia eta ahaidetza (2011n argitaratua).
2. Etxeko elikadura. (1990ean argitaratua, eta 1999an zuzendua, osatua eta berrargitaratua).
3. Jantziak.
4. Herri-medikuntza (1994an argitaratua).
5. Haur jolas eta abestiak (1993an argitaratua, 2005ean berrargitaratua).
6. Abeltzaintza eta artzaintza (2001ean argitaratua).
7. Jaiotzatik ezkontzara bitarteko errituak (1998an argitaratua).
8. Hileta-errituak (1995ean argitaratua).
9. Nekazaritza (2016an editatua).
10. Herri-albaitaritza.
11. Lanbideak eta artisautza.
12. Auzokoak, herria, zuzenbidea eta ohiturazko erakundeak.
13. Herri-erlijioa eta jai egutegi tradizionala.
14. Kondairak, ipuinak eta mitologia.
15. Kartografia. Glosarioak. Askotariko aurkibideak.

Landa-inkestak eta lanaren edukia

Atlas etnografikoa osatzen duten lanak eduki bakoitza aztertzen ari diren hirurogei bat herrietan egindako landa-inkesten emaitza dira funtsean. Ekarpen horrek ematen dio originaltasuna argitalpenari.

Liburuki hau XX. mendean aztergai dugun lurraldean jorratutako nekazaritza tradizionalari buruzkoa da, albo batera utzi gabe 1960. urtetik aurrera sartutako lur- eta uzta-mekanizazioak eta azken garaian nekazaritzan aplikatutako teknika berritzaileak, batez ere Mediterraneoko isurialdean, nekazaritza-lurralde guztietan nabarmenena baita.

Batez ere esperientziari esker belaunaldiz belaunaldi transmititu diren ezagutza ugari jasotzen dira lan honetan. Urteotan egindako gainerako ikerketa-lanetan bezala, liburuki honetan bereizketa egiten da Atlantikoko eta Mediterraneoko isurialdeen artean. Atlantikoko isurialdean, joera handiagoa dago abeltzaintzarako belarra eta bazka ereiteko, baita barazki zehatzak ereiteko ere; Mediterraneoko isurialdean, berriz, zereala ereiten da, eta, neurri handian, mahatsondoak eta olibondoak lantzen dira, eta, gaur egun, ureztatze-sistemei esker, ontziratu eta banatu egiten dira hainbat produktu.

Agricultura en Vasconia izeneko lan honek lurralde osoko 56 herritan jasotako informazioa biltzen du. Herri horietako 14 Araban daude; 13, Bizkaian; 7, Gipuzkoan; 16, Nafarroan, eta 6, Euskal Herri kontinentalean.

Euskal Herriko lurralde guztiak ordezkatuta daude, eta, era berean, lurralde bakoitzean eskualdeetako berezitasunei arreta emateko saiakera egin da: mendia, lautada, kostaldea. Bigarren kapituluan, Euskal Herriko nekazaritza-paisaien osoko ikuspegia eskaintzen da, eta, hurrengoan, laborantzarako dauden lur-moten inguruko informazioa.

Giza eta natura ingurunea lantzen duen atalak landa-lana egin den lekuetako geografia fisikoa eta giza geografia ere jasotzen ditu. Osagarri gisa, azken atalaren jarraian, Datos geográficos de las localidades encuestadas (Inkesta egin den herrien datu geografikoak) izeneko atala gaineratu da. Sarrerako atal honetan, landa-ikerketak egin diren herriak jasotzen dituen mapa dago.

Ikerketak Guía para una encuesta etnográfica gidaliburuan deskribatutako inkesta-ereduari jarraitu dio. Liburuki hau egiteko, honako galdera hauen erantzunetan jasotako datuak erabili dira: Nekazaritza Ustiapenari (bosgarren atala) buruzko galderak (1etik 35era). Gidaliburuan bertan, lana egiteko Barandiaranek egindako eskakizunei erantzuten zaie. Zentzu horretan, bizimodu hori herri-ekonomiaren gainerako elementuei lotuta garatzen da, baita bitarteko teknikoei, ezagutza geologiko eta botanikoei, nekazarien asmoei, euren bizi-planari eta munduaren eta gizakiaren inguruan duten ikusmoldeari lotuta ere.

Galdera-sortak jarraitu beharreko pausoak adierazten ditu, baina inkestatzaileak galderen enuntziatutik harago joan behar du. Herriko bizimodua behatu behar du, berriemaileekin harremanetan egon behar du, eta jasotako datuak aztertu eta egiaztatu behar ditu. Datu horiek eta bere esperientzia erabilita, memoria etnografikoa idatzi behar du. Lana idatziko dutenek ahalik eta ondoen erabili dezaten, komenigarria da inkestako galderen ordenari jarraitzea. Barandiaranek behin eta berriro errepikatu zuen gertakizunak ezin direla aldez aurretik ezarritako galdera-sorten menpe egon; izan ere, giza errealitateak gure interpelazioek baino dimentsio handiagoa dauka.

Ordain gisa, era horretan lortutako informazioak lana osatzen duten testuak idaztea zailtzen du, baina, bestalde, edukia aberastu egiten du, ikuspegia zabaltzen duten ekarpen pertsonalen bitartez.

Ikertutako edukia eta egindako aldaketak

Gure ikerketak nekazaritza tradizionalean eta XX. mendeko azken hamarkadetan mekanizazio sakona eragin duten eraldaketetan du oinarria. Liburuki hau (2016) abeltzaintzari eta artzaintzari buruzko beste liburuki baten (2001) osagarri da, neurri batean, baita etxeari eta familiari buruz berriki argitaratutakoaren (2011) osagarri ere. Izan ere, hiru liburukiek antzinako gizartearen bizimoduaren eta bertan bizitako eraldaketa sakonen ikuspegia eskaintzen dute.

Lan honetan, nekazaritzaren esparruko bizimoduan izandako aldaketen berri ematen da, eta 17. atalak, bereziki, nekazaritzaren mekanizazio-prozesua du gai nagusi.

XX. mendearen hasieratik landa-etxea neurri handi batean bere burua hornitzen zuen unitate ekoizlearen izaera galduz joan zen. Gerra Zibilaren (1936-1939) ondoko urteetan, elikagaien urritasuna dela-eta, berpiztu egin zen nekazaritzaren eta abeltzaintzaren bidez lortutako ekoizpenaren arrakasta. Berrogeita hamarreko hamarkadatik laurogeiko hamarkadara, murriztu egin zen landainguruan bizitzen eta lan egiten geratu ziren pertsonen kopurua. Produktuen salmenta ziurtatuta zegoen, inguruko hiriguneetako eta gune industrialetako eskaria zela-eta.

Espainiako estatua Europako Ekonomia Erkidegoan (1958an sortu zen) sartu zen 1986. urtean, eta 1993. urtean Europar Batasuna izena hartu zuen. Aipatutako erkidegoan sartzeak dagoeneko sumatzen ziren hainbat aldaketa eragin zituen landa esparruan, eta horiek areagotu egin dira merkatuen prozesu globalizatzailearekin. Ekoizpen txikiko unitate gehienak desagertuz joan dira pixkanaka-pixkanaka, horien lan-modua ez baita errentagarria eta ekoizpena ez baita interesgarria egungo merkataritza motentzat. Fenomeno hau ohikoa izan da Europan.

Zailtasunak gainditu dituztenek espezializaziora jo behar izan dute eta esportazioen neurria handitu behar izan dute. Kasu batean zein bestean, etxeak dagoeneko ez du antzinako funtzioa betetzen; lehenengo kasuan, bizilagunek ez dutelako nekazaritzan jarduten; bigarrenean, etxetik animaliak eta lanerako bestelako elementuak atera behar izan dituztelako eta pabiloi handiagoak eraiki behar izan dituztelako.

XX. mendeko lehen hamarkadetan, Theodore Lefèbvre geografo frantsesa modu honetan mintzatzen zen gurean izandako bi nekazaritza-iraultzei buruz:

“Si l’époque moderne a eu sa révolution agricole, causée par l’apparition du maïs, l’epoque contemporaine, elle-aussi, connaît, en ce moment la sienne. Cette seconde révolution, qui commença avant la fin de l’epoque moderne elle-même, est issue de l’importance de premier ordre que les prés ont acquise et accroissent chaque jour dans l’ensemble du territoire cultivé, au point que c’est à eux que le mode de vie agricole doit d’être actuellement en progression, malgré le recul des céréales et de la vigne.
Cette deuxième révolution agricole apparaît plus profonde encore quand on constate que toute l’étendue des terres labourables, qui a pourtant généralment diminué, est loin d’être destinée entièrement aux cultures alimentaires: une portion importante en est maintenant réservée aux prairies artificielles et aux plantes fourragères, c’est-a-dire aux besoins du bétail” [3].

Gure landa-ikerketetatik eta goian jasotako lan horretatik ondoriozta daitezkeenez, hirugarren nekazaritza-iraultza bizi dugu gaur egun, honako faktoreen ondorioz: erabilitako makineriaren eraldaketa sakona, lurrak ongarritu eta ureztatzeko metodoak, merkatuen globalizazioa eta belaunaldi berriek nekazaritza-bizimodua albo batera uztearen eraginez landa-herri txikiek izan duten despopulazioa.

Europar Batasunean sartu izana ere gehitu behar zaio aipatutako zerrenda horri; izan ere, jarraitu beharreko nekazaritza-politika zehazten du, estatuen gainetik, eta aldundiekin eta eskualdegobernuekin ezarritako lan burokratikoa areagotu eta zaildu du.

Lanak 20 atal ditu. Sarrerako atalean, Euskal Herriko nekazaritzari buruzko ohar orokorrak jasotzen dira. Jarraian, hainbat gai deskribatzen dira: lurraldeetan dauden nekazaritza-paisaiak; laborantzarako lurren kalitatea eta horien kokapena etxeei dagokienez; nekazaritza-egutegia; lurra laborantzarako prestatzeko modua; ereitea eta giza nahiz animalia kontsumorako laborantzek behar dituzten zaintzak. Belarraren eta bestelako bazken eta horien kontserbazioaren inguruko kultura, batez ere Atlantikoko isurialdean, non abeltzaintzak zeregin nagusia bete duen; fruta-arbolak; Mediterraneoko isurialdean oso garrantzitsuak diren olibondoa eta mahatsondoa erein eta ekoiztea. Atal bat lihoaren eta kalamuaren antzinako laborantzei buruzkoa da. Lurra lantzeko, uzta jasotzeko eta gainerako nekazaritza-jardueretarako tresnen inguruko informazioak kapitulu luze bat hartzen du. Lanak honako beste gai hauek ere jorratzen ditu: neurketa-unitateak, gizakiek eta animaliek egindako lana, gurdia eta garraiorako beste sistema batzuk, mekanizazioa, berezko aprobetxamendua eta nekazaritza-merkataritza, jabetza erregimena eta nekazaritzari lotutako sinesmenak eta errituak.

Lana egiteko behar diren materialak

2002. eta 2003. urteetan egin ziren landa-ikerketetan jasotako materialek egin diote ekarpenik handiena lanari. Nekazaritzako bizimoduari dagozkio, eta, adierazi dugun bezala, nekazaritza-ustiapenari buruzko bosgarren ataleko galderekin bat datoz.

Ikerketa, beraz, giza jarduerari buruzkoa da, eta baliabide materialekin egituratua dago. Horrek guztiak kultura sortu du, eta, gure ustez, garrantzitsua zen berau jasotzea, galdu baino lehen edo gauzatu den testuingurutik kanpo geratu baino lehen. Informatzaileak izan dira baliorik preziatuena, eta, ondoren, eskura zegoen bibliografiarekin osatu dugu, baina, Euskal Herriko nekazaritzari dagokionez, hori nahiko urria da.

Etniker proiektuaren ikerketa partzialak lurralde guztietan argitaratu ziren, Atlaseko liburuki bakoitza argitaratu aurretik. Proiektuak aldizkari hauetan argitaratu ziren: Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra, Anuario de Eusko Folklore, Etniker Bizkaia, Ohitura eta Bulletin de Musée Basque de Bayonne.

Ikertzaileetako batzuek inkestatutako herrietako monografia etnografiko osoak argitaratu dituzte. 1980an, Francisco Javier eta José Ángel Zubiaur anaiek San Martín de Unxi buruzko (N) monografia argitaratu zuten, eta, 2007an, berrargitaratu egin zuten; Luciano Lapuenteren Las Améscoas lana 1990ean argitaratu zen; Jesús Ruiz de Larramendiren Aguraingo (A) ikerketa etnografikoa 1994an argitaratu zen; 1998an, José Zufiaurreren Beasaingo (G) ikerketa argitaratu zen; eta 2002an eta 2003an, Anton Erkorekaren Bermeoko (B) ikerketa argitaratu zen.

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko material etnografikoak biltzeko hasierako planean, Etniker taldeek ikerketak egin zituzten 1983. eta 1987. urteen artean. Ikerketok Eusko Ikaskuntzaren José Miguel de Barandiaran bekak lortu zituzten. Argitalpen hauengatik jaso zituzten bekak: Contribución al Atlas Etnográfico de Euskalerria. Investigaciones en Bizkaia y Gipuzkoa (1987), Contribución al Atlas Etnográfico de Vasconia. Investigaciones en Álava y Navarra (1990) eta Contribution à l étude ethnographique de la mort en Pays Basque Nord (1997).

Liburuki hau zein aurrekoak idazteko, Etniker proiektuan egindako landa-lanetako ekarpenak hartu dira kontuan. Lan horiek Barandiaranen galdera-sorta etnografikoari jarraitu diote.

Argitalpen hau osatzeko Etniker proiektutik kanpo kontsultatu eta erabili diren beste material etnografikoak orri-oinetako oharretan daude jasota, eta bibliografian ere agertzen dira.

Euskal Herri kontinentalerako, landa-inkestez gain, Barandiaranek 1940ko eta 1950eko hamarkadetan egindakoak ere erabili ditugu. Inkestak Saran (Lapurdi), Donoztirin, Heletan, Uhartehirin (Nafarroa Beherea) eta Liginagan (Zuberoa) egin zituen. Ikerketa hauek Ikuska eta Anuario de Eusko Folklore aldizkarietan argitaratu ziren. 2000. urtean, Barandiaran Fundazioak Bosquejo etnográfico de Sara monografía argitaratu zuen.

Lurraldearen inguruko ikerketa geografiko ugari daude, baina, aipatutakoaz gain, lan etnografiko sistematiko gutxi dago nekazaritzari buruz, hala Euskal Herri penintsularrean nola kontinentalean. Hala ere, Barandiaranen galdera-sortari jarraitu dioten edo gure metodologiaren antzekoa erabili duten eta hainbat aldizkaritan argitaratu diren lanak aipatu nahi ditugu; izan ere, kontuan hartu ditugu liburuki hau idazteko orduan.

Era horretan, Telesforo de Aranzadik ekarpen ugari egin zituen nekazaritzako lanabesen inguruan, hala 1930ean Bergaran antolatutako Eusko Ikaskuntzen bosgarren Kongresuan (Euskal arte herrikoiari buruzkoa), nola Folklore y costumbres de España lanaren I. liburukian eta Geografía General del País Vasco-Navarro argitalpenean (F. Carreras y Candik zuzendu zituen biak). Aipamen berezia merezi du euskal uztarriaren ezagutzarako egin zuen ekarpenak, beste lurraldeetakoek izandakoaren aldean.

Iñigo Agirreren Eusko Lurra lanak informazio orokorra ematen du Atlantikoko nahiz Mediterraneoko isurialdeetako nekazaritza-azaleraren banaketari, teknikei eta laborantzei buruz.

Julio Caro Barojak, Barandianaren La vida rural vasca en Vera de Bidasoa (Navarra) galdera-sortari jarraiki, hainbat eduki argitaratu zituen 1944an, eta, gerora, horietako batzuk osatu eta zabaldu ditu. Era berean, Euskal Herriko landa-nekazaritzaren ikertaren inguruko hainbat lan argitaratu ditu zenbait aldizkari eta lan independientetan.

Juan Arin Dorronsorok La labranza y otras labores complementarias en Ataun lana argitaratu zuen Eusko Folklore urtekariko (1957-1960) 17. zenbakian.

Fermín Leizaolak ekarpena egin zion nekazaritzari Euskaldunak izeneko obra kolektiboan, José Miguel de Barandiaranen zuzendaritzapean.

José Cruchaga y Purroyk nekazaritzari buruzko informazioa ematen du La vida en el Valle de Orba lanean.

Ricardo Ros Galbetek lan bat argitaratu zuen Nafarroako Allo herriko nekazaritza-lanei buruz, Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra (CEEN) argitalpenean.

Joseba Agirreazkuenagak koordinatutako Historia de Mendaro liburuak hainbat datu ematen ditu Gipuzkoako herri horretako nekazaritza-jardunari buruz. Beste horrenbeste gertatzen da Pedro M.ª Araneguik ida tzitako Gatzaga: una aproximación a la vida de Salinas de Leniz a comienzos del siglo XX liburuan.

Juan Garmendia Larrañagak euskal artisautzari buruzko hainbat argitalpen egin ditu.

* * *
 

Testua laguntzen duten irudi gehienak ikertzaileek eurek gehitu dituzte. Batzuk Felipe Manterola funtsetik eta Labayru Fundazioko Argazki Artxibotik datoz, eta beste gutxi batzuk zenbait erakunderi eskatu zaizkie edo argitalpenetatik berreskuratu dira.

Idazketa

Lan honen plan orokorraren formulazioa Idazketa Taldearen esku egon da. Talde horren kideak eskualdeko Etniker taldeetako kideak dira, eta haien izenak liburukiaren hasierako orrietan agertzen dira.

Idazketa Talde horretan, bereziki aipatzekoa da Etniker Bizkaia taldeko (Labayru Fundazioko Etnografia Arloa) Luis Manuel Peña, Segundo Oar-Arteta, Gurutzi Arregi eta Ander Manterola kideen parte-hartze aditua. Beraiek hartu dute lan hau egituratzeko ardura zaila. Horretarako, jasotako materiala sailkatu, berrikusi eta, zenbaitetan, berridatzi behar izan dute. Horrez gain, beste hainbat lan ere egin behar izan dituzte: zegokion bibliografian sakondu, lexiko-doiketak egin, irudiak aukeratu eta argitalpenaren prestaketarekin lotutako guztia betearazi. Mahatsondoaren eta olibondoaren Mediterraneoko laborantzen inguruko idazketan, parte-hartze nabarmena izan dute Etniker Nafarroako (Nafarroako Unibertsitatea) Francisco Javier Zubiaurrek eta Etniker Arabako (Arabako Etnografia Seminarioa) José Ángel Chascok. Etniker Arabako Juan José Galdosek laborantzako egungo mekanizazioari eta teknikei buruzko informazioa eman du.

Argitalpenaren edizioari dagokionez, Gurutzi Arregiren zuzendaritzapean Labayru Fundazioko beste laguntzaile batzuek egindako etengabeko ekarpenak aipatu behar ditugu. Eli Zallok, Akaitze Kamiruagak, Igone Etxebarriak eta Jabier Kalzakortak lexikoa eta euskarazko testuak homologatu dituzte; Izaskun Agirrek testuen informatizazioaren eta tratamenduaren ardura izan du; José Ignacio García Muñozek udalerri bakoitzeko deskribapen geografikoak eta demografia idatzi eta gaurkotu ditu, eta Jon Elorriagak bilaketen eta liburu-maileguen ardura izan du.

Euskarazko terminoak transkribatzeko irizpideak

Lan honek ez dauka helburu filologiko edo linguistikorik. Hori dela eta, euskarazko esamoldeak edo gaztelaniazko aldaera desberdineko termino herrikoiak aipatzeko orduan, erdi-mailako irakurleek ulertzeko moduko lexikoa erabili da.

Euskarazko terminoen transkripzioari dagokionez, lan osoan irizpide komuna aplikatzen saiatu gara. Inkestatzaileek ez dituztenez atal honetan antzeko irizpideak erabiltzen, lana egiteko erabilitako materialak oso desberdinak dira. Aurkezteko modua homogeneizatzen saiatu gara, jasotako informazioa ahalik eta gehien errespetatuz. Horren harira, era idatzi estandarretik ahalik eta gertuen dagoen adiera eman diegu terminoei, hitzak banatuz eta grafia normalizatua erabiliz. Hala eta guztiz ere, jasotako aldaerak eman ditugu, batez ere ahozko laburdurei eta tokiko ezaugarri morfologiko eta sintaktikoei dagokienez.

Dena dela, inkesten eta iturri bibliografikoen materiala antolatzen saiatu gara, ahal zen neurrian hori gaurkotuta, nahiz eta ez garen arriskatu memorien benetako datuak faltsutzen.

Azkenik, esan beharra dago landa-material zehatzen emaitzetara mugatu garela; testuan praktika baten aipamen guztiak ez agertzeak ez du esan nahi baztertu egin direnik, gure informazio-materialen artean jaso ez direla baizik.

Irakurleentzako oharrak

Testuan herri bat aipatzen den bakoitzean, lurraldearen laburdura gehitzen zaio: (A) Araba, (B) Bizkaia, (G) Gipuzkoa, (N) Nafarroa, (BN) Nafarroa Beherea, (L) Lapurdi eta (Z) Zuberoa. Kasuren batean, (Ip) Iparralde erabili dugu, Euskal Herri kontinentalari erreferentzia egiteko. Herriak kokatzeko, sarrerako atal honetan, inkestatutako herriak geografikoki kokatzen dituen mapa dago.

Datuak egiaztatu diren herrietan jaso dira, baina, jakina, erreferentziak izaera adierazlea dauka, ezartze-esparrua askoz zabalagoa baita.

Argitalpenean, jasotako informazio eta ohituren iraunaldia eta erabilerarik eza adierazten da. Batzuetan, hurbilketa kronologikoa egiten da, baina, jakina denez, gertakari eta prozesu kulturalen hasierak edo desagerpenak ez daukate data zehatzik.

Lan honek izaera etnografikoa du, ez historikoa, eta nekazaritza-bizimoduari, nekazaritzari berari, erabilitako tresna eta lanabesei eta ohitura eta sineskerei buruzko datuak XX. mendekoak eta XXI. mendeko lehen hamarkadakoak dira. Iraganeko gertakizunak jaso dira lanean, kontuan hartuta jazotako eraldaketa garrantzitsuenak eta oraindik jazotzen ari direnak, nahiz eta iraupen zehatza zein izango den ez jakin.

Esker onak

Lan honek Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eta babesa izan du.

Etniker Euskalerria taldeen izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu honako hauei: Bingen Zupiria jaunari, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari; José Ángel Muñoz jaunari, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari, eta Imanol Agote jaunari, Sail bereko Kultura Ondarearen zuzendariari. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu Ana Herrera andreari, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gazteria kontseilariari, eta Fernando Pérez Gómez jaunari, Viana Printzea Erakundeko Kulturako zuzendari nagusiari.

Esker on berezia eman nahi diogu Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara eta Kulturako foru diputatuari, Lorea Bilbao andreari, proiektu honi eman dion babes irmoagatik, baita Kultura zuzendari nagusi Gonzalo Olabarria jaunari ere. Halaber, eskerrik asko BBK Fundazioari, hain zuzen ere, Gorka Martínez jaunari, eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzari, bereziki, Bittor Oroz sailburuorde jaunari, liburuki hau argitaratzeko Labayru Fundazioari egindako ekarpen ekonomikoengatik. Azkenik, ezin dugu utzi behar aipatu gabe gure laguntzaile bihotzekoa den Kepa Rekakoetxea, liburu hau argitara emateko egin duen ahaleginagatik.

Urte asko igaro dira José Miguel de Barandiaranek Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egitea proposatu zuenetik. Haren ikasle eta jarraitzaileek argi ikusten dugu proiektu honen garrantzi kulturala.

Orain arte erakundeen aldetik izan dugun babesa izaten jarraitzen badugu, proiektuari gure gogoa eta ardura gehituta, Etniker Euskalerria taldeak gure maisuaren asmo handiko proiektua, ikertzaile gisa izandako bizitza luze eta oparoaren ondarea, egia bihurtuko dugu: Euskal Herriko Atlas Etnografikoa; «horri esker, gure gizartearen kultura tradizionala eta bertan jazotzen ari diren iragaiteak sakon ezagutu ahal izango ditugu, eta, aldi berean, euskal herritarren etnografia kulturen ikerketa konparatiboan sartzeko ikuspuntua izango da».

Ander Manterola
Derio, 2016ko abendua

8.0.1 Agricultura en vasconia mapa.jpg
  1. José Miguel de BARANDIARAN. “Bosquejo de un atlas etnográfico del pueblo vasco. Trabajos preliminares” in Etnología y Tradiciones Populares. I Congreso Nacional de Artes y Costumbres Populares. Zaragoza: 1969, 53.-57. or.
  2. Idem, Actas de V Jornadas de Estudios Folklóricos Aragoneses. Zaragoza: 1969.
  3. Th. LEFÈBVRE. Les modes de vie dans les Pyrénées Atlantiques Orientales. Paris: Librairie Armand Colin, 1933, 393.-394. or.