I. LEHEN ADINERAKO JOLASAK ETA KANTAK
Gurasoek eta senitartekoek etxeko haur txikiarekin duten harremana tonu ludikoan garatzen da eskuarki; egiten zaizkion laztanak, haren aurrean egiten diren bakarrizketak eta imintzioak, hura kulunkatzeko egiten diren mugimenduak eta hura harritzeko egiten diren txantxa txikiak, denak ere jolas txikiak dira, haren arreta kitzikatzeko, hura lehen hitzak esatera bultzatzeko, hari eskuak eta oinak mugiarazteko eta, batez ere, hari pozik barre eginarazteko. Nagusiak haurrarentzat egindako ekintza horietako gehienak formulaz edo kantu txikiz lagunduta daude.
Kantek eta tonuerdiko errezitazioek garrantzi handiagoa hartzen dute amak edo haurra zaintzen ari den nagusiak harekin praktikatutako jolasetan: horrelakoak dira txikiaren atzamarrekin eta eskuekin egindako jolasak; txalo jotzeko zein kulunkatzeko jolasak, edo zamari baten trosta imitatzen dutenak.
Tratamendu berezia merezi izan dute amak bere haurtxoa urrumatzeko erabiltzen dituen sehaska kantek, lo-kantak deritzenek. Horiek atal honen amaieran ageri dira, guztia lehen adineko jolasei eta kantei eskainia.
Orrialde honetako edukia
Hasierako jolasak
Kuku-kuku, kukuka
Lehen jolasetako bat amak besoetan daukan haurrarekin egiten dena da. Aitak edo anaiak burua erakusten du amaren sorbaldetako baten atzetik eta haur etzanari kantatu egiten dio: «Kuku-kuku», kukua imitatzen. Gero ezkutatu egiten da. Haurra kantatu duena bilatzen saiatzen da begiradarekin. Kantatu duena bestaldeko sorbaldatik ageri da, eta «kuku» errepikatu eta berehala ezkutatzen da berriro. Hainbat saioren ondoren, haurrak identifikatzea lortzen du eta horrek poz handia ematen dio; beso txikiak luzatuko ditu eta jostalariaren besoetara pasatuko da.
Jolas beraren beste forma batean, nagusiak burua ezkutatu eta erakutsi egiten du txandaka «ku-ku» esanez. Haurra hura lokalizatzen saiatzen da ahotsa datorkion lekura begiratuta.
Haurrekin jolas bera egiten da nagusiak bere aurpegia eskuekin edo zapi batekin ezkutatuta «ku-ku» esaten duen bitartean. Gero txikiak keinua errepikatuko du ikusi duena imitatuz edo, bestela, aurpegia estaltzen zaio leunki eskuarekin edo oihal batekin «ku-ku» esaten zaion bitartean. Mota horretako jolasak, euskaraz «kukuka» deritzenak, inkesta egindako herri guztietan egiten dira.
Atzamarrekin egiten diren jolasak. Eriñoekin
Atal honetan eskaintzen diren jolasak nagusiak haurraren atzamarrekin egindako antzezpenetan oinarritzen dira, haiek banan-banan izendatuta eta haietako bakoitzari zeregin bana egotzita, edo haurrari kanta amaitzerakoan atzamarra kentzen irakatsita.
Eskuekin egiten diren jolasak. Eskutxoekin
Kanta eta doinu asko dira nagusiek haurraren atzamarrei eginarazitako lehen mugimenduen lagungarri, haurrak ikas dezan atzamarrak mugitzen eta birarazten, atzamarrak bata bestetik bereizten edo atzamarrekin bere burutxoa jotzen.
Txalo jotzeko jolasak. Txalotxoak egiteko
Haurrek lehenik ikasitako trebetasunetako bat da txaloak jotzea, txalotxoak egin. Horretarako, nagusiak txaloak jotzen ditu haurraren aurrean, haurrak imita dezan, edo bestela bere eskuekin haurrarenak jotzen ditu doinu batzuen erritmoan. Batzuetan, txandakatu egiten du txaloak jotzea haurrari bere masailak edo kantatzen ari den pertsonarenak joaraztearekin.
Kulunkatzeko jolasak. Kulunka
Haientzat egindako mugimendu kulunkari eta konpasatuek poza eta atsegina ematen diete haurrei. Haiek zaintzen dituzten nagusiek txikien ezinegon egoerak baretzeko zein haiek entretenitzeko eta pozteko erabiltzen dituzte jolas horiek. Horretarako, kulunkatu edo zabukatu egiten dituzte, besoetan hartuta, belaunen gainean jarrita, edo zango baten gainean bestela. Azken modalitate horretarako, nagusiak, eserita, zangoak gurutzatzen ditu eta umea oinbularraren gainean ezartzen du, airean utzita; gero eskuetatik heltzen dio eror ez dadin eta kantaren erritmoan kulunkatzen du.
Trosta imitatzen duten jolasak. Arre-arreka
Inkesta egindako esparruan, trostako jolasak laguntzeko doinurik erabilienak «Arre borriquito» eta euskarazko haren baliokide «Arre, arre mandako» dira. Bi kanta horietako hitzek nagusiak haurrarentzat imitatzen duen zamariari egiten diote erreferentzia. Jolas hau jolasteko modu bat baino gehiago dago.
Horien arteko zabalduenean, familiako emakumeek eta gizonek berdin egina, haurra beren belaunen gainean kokatzen dute nagusiek, eserita edo zutik, eta batzuetan zangalatrau izter gainean. Oin-puntak lurrean bermatuta dituztela, orpoak igo eta jaisten dituzte erritmikoki, trostaren antzeko mugimendu batez.
Herri batzuetan jolasa da, hain zuzen ere, zamariaren martxak bereiztea. Horretarako, horien izenak errepikatzen dira egiten diren bitartean: «Al paso, al paso, lal paso» («Pausoan, pausoan, lpausoan», mugimendu mantsoak); «Al trote, al trote, lal trote» («Trostan, trostan, trostan», mugimendu indartsuak); «Al galope, al galope, lal galope» («Lauhazkan, lauhazkan, llauhazkan», mugimendu azkarrak).
Hala jaso da herri hauetan: Apilaiz (A), Allo, Agoitz, Elo, Obanos, Viana eta Lezaun (N). Azken herri horretan, laugarren mugimendu bat eransten diote, bizkorragoa, hitz hauekin: «A cuatro suelas, a cuatro suelas...» («Lau zolatara, lau zolatara...»).
Jolasteko beste modu bat da nagusia lau hankatan jartzea, belauniko eta eskuak lurrean bermatuta; txikia, haren bizkar gainean eserita, «Arre, arre...» egiten hasten da, nagusiak garraiatzen duen bitartean.
Sehaska kantak. Lo-kantak
Sehaska kantak, lo-kantak, oparotasunez jasota daude dagoen bibliografian. Horien biltzaile garrantzitsuenen artean, hala euskarazkoenak nola gaztelaniazkoenak, Baskoniako eremuan, honako egile hauek daude, besteak beste: Azkue, Aita Donostia, Julen Yurre, Arellano eta López de Guereñu.
Eskaintzen diren kantuen errepertorioan, batzuetan aipatutako egile horiengana jo izan da, haien lanetatik batzuk hartzeko. Hautaketarako irizpide nagusia izan da kantu argitaragabeen edo gure landa-inkestetan jasotakoen ekarpena egitea.
Horien sailkapena egitean, kontuan hartu da kantak garatzen duen gai nagusia. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar amak, edo haren ordezkoak, era guztietako kantak kantatzen dizkiola haurrari, hitzak egokituz, berezko sehaska kantak ez baldin badira, sehaska kanten tonura eta doinura.