VII. BELARRA ETA BESTE BAZKA BATZUK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Belarra kultura tradizionalean

Gizarte tradizionalean, etxe bakoitzak zeuzkan azienda-espezieak eta haietako bakoitzetik zeukan buruen kopurua askoz orekatuago zeuden etxe horrek bazkalekuetarako erabilgarri zeukan azalerarekin. Hau da, hobeto egokituta egoten zen gaur egun azienda-karga deritzona. Eta etxeko abere ia guztiek, belarjaleak zirenez, belarra kontsumitzen bazuten ere, behien eta ardien papera nabarmenduko dugu, haiek ugariagoak zirelako.

Kantauri itsasoaren ertzeko herrien urtarokotasuna, isurialde mediterraneokoa bezain markatua ez izanagatik ere, bazkaren ziklo begetatiboa mugatzeko gauza da.

Hazkunderik handiena udaberritik aurrera eta udaren hasieran izaten da, halako moldez non belardien ekoizpenak etxeko aziendaren kontsumo gaitasuna gainditzen duen, hala bertatik bertara jandakoari dagokiona nola segatu eta ganbelara garraiatutako belarrari dagokiona. Soberakin hori biltegiratu egiten da animaliei emateko, belarra ia hazten ez den edo oso gutxi hazten den urtearen sasoietan, hau da, udazkenaren amaieran eta neguan, batez ere eguraldiaren baldintzak okerrak direnean, eta neurri apalagoan udan ere bai, lehorte indartsu eta luzeko urteetan.

Aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadan siloratzearen teknika sartu zen arte, soberakina kontserbatzeko modu bakarra belarra ontzea izan zen, ekoizpenaren hazkunde handiena intsolazio handienen garaian izaten zela baliatuta. Garai horretan, gainera, belarra heldu eta gero ebakitzen zen segaz eta, ondorioz, lehortze lanei ekainetik aurrera eta batez ere uztailean ekiten zitzaien, oso hilabete beroa, lehortze-prozesua arriskuan jar zezaketen prezipitazio gutxikoa, bai eta gaueko ihintz gutxikoa ere.

Belar lehorra jasotzeko lanak denbora tarte nahiko luzea hartzen zuen iraganean, esne-azienden buruak ugaritu ziren garaiarekin bat eginda. Lan egunak oso nekagarriak izaten ziren, kasu askotan ordu asko hartzen zituztelako eta lanen zati handi bat eguzkitan egin behar zelako.

Horregatik, euria egiten zuen egunak, horrek lehortzen ari zen belarrari egin ziezaiokeen kaltea gorabehera, aringarriak ziren. Garrantzitsua zen etxean jende nahikoa izatea ere, eta laguntza jasotzea, batez ere herrira edo hirira bizitzera joan ziren eta udako oporraldia ahaideei laguntzeko baliatzen zuten familiako kideena.

1960ko hamarkadako eraldaketa

Hamarkada horren amaieran egin zen lursail-biltzeari esker, ordura arteko jabetza pribatuaren zatiketa handia, jarduerarentzat mugatzailea zena, murriztu egin zen, lurrak sail handiagoetan bilduta. Kontuan hartu behar da espezializazioa ari zela indartzen abeltzaintzan, eta horrek nekazaritza jarduera progresiboki alboratzea ekarri zuela, eta llosen barruan landak azalera txikikoak izateak haien kudeaketa zailtzen zuela parametro berrien arabera.

Kontzentrazioari esker, lursailen azalera handitzeaz gain, errepide berriak irekitzea lortu zen, nahiko zabalak, lur guztietara iritsi ahal izateko. Horrek guztiak makineria sartzea erraztu zuen, zehazki traktore atoidunak, eta horiek berehala alboratu zituzten gurdi tradizionalak.

Baina aldaketarik berritzaileena belarra kontserbatzeko beste modu bat izan zen: siloratzea. Horren bidez belar berdea biltegiratzea lortzen zen, haren ezaugarrietako askori eutsita eta eguzkiak berotzearen mende egon beharrik gabe; azkeneko hori abantaila handia zen, kontuan hartuta nolakoa den lekuko klima.

Aipatutako aldaketetako batzuetan, lursail-biltzea eta siloratzea, adibidez, bai eta Karrantzan abeltzaintzaren hazkundea eragiteko, funtsezkoa izan zen beste batean ere: pentsuaren kooperatiben sorrera, erabakigarria izan zen tokian tokiko apaizen parte-hartzea, haraneko parrokia ugarietako sakristietan egindako bileretan konbentzitze-lan handia egin baitzuten.