IV. JOLASEN AURREKO HAUTAKETA PROZEDURAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Jolas bakoitza hasi aurreko hautaketa prozedura bat edo birekin lotzen da normalean; prozedura horiek aldaketarik gabe erabiltzen dira.

Eskuarki liderrek erabakitzen dute zertan jolastu. Lehiatzen diren taldeak aurretik ezarrita baldin badaude, erabaki behar da zein taldek hasiko duen jolasa. Bestela, aurretik egin behar dira taldeak. Bi kasuetan, hautaketa sistemak oso zehaztuta eta erritualizatuta daude.

Hautaketa modurik ohikoena da formula bat errezitatzea eta, aldi berean, parte-hartzaileak seinalatzea.

Garrantziari eta maiztasunari erreparatuz sailkapen bat eginez gero, horren ondoren «A pies» eta «A cara o cruz» leudeke.

Batzuetan ez da hautaketarik egiten, eta parte-hartze ordena jolastuko direnek txanda eskatzen agertzen duten bizkortasunaren araberakoa da. Artziniegan (A) haur batek esaten du: «yo me pido primer» («ni lehen»), beste batek: «yo segun» («ni bigarren»), «yo tercer» («ni hirugarren») eta horrela hurrenez hurren. Prozedura hori beste herri batzuetan ere praktikatu izan da, askotan soka saltoan hasi aurretik.

Objektu baten beharra duten prozedurak

Atal honetan deskribatutako metodoek objektu txiki bat erabiltzen dute, eskuarki harri txiki bat edo txanpon bat.

Kurutx ala pil. Idor ala busti?

Txanpon bat airera botatzen da, besterik gabe, lehiakideek aurretik bi aukera bakarren arteko hautua eginda dutela: «cara o cruz» («kurutx ala pil»). Txanpona lurrera erortzen utz daiteke, edo, bestela, jaurti duenak ahurrean har dezake. Gora begira geratzen den alderdia aukeratu duena da irabazlea.

Objektu bat zer eskutan ezkutatzen den asmatzea

Izenik gabeko prozedura da baina zenbait herritan erabilitakoa; ume batek harria ezkutatzen du bere eskuetako batean, eta beste batek asmatu behar du, edo bestela, modu berezkoagoan, saihestu behar du asmatzea, zer eskutan dagoen harria.

Makilatxorik laburrena ateratzea. Txotxetara

Zerainen (G) "txotxetan" zeritzon. Tamaina desberdinetako makilatxoak erabiltzen zituzten, jokalari bakoitzeko bana. Aurretik adosten zuten garailea luzeena ateratzen zuena zen ala laburrena ateratzen zuena.

Beste hautaketa metodo batzuk

Portugaleten eta Zeanurin (B), bi talde lehiatzekoak diren jolas bati ekitean, kuadrilletako buruek makilatxo bat erabiltzen dute hautatzen lehenak izateko pribilegioa nork duen erabakitzeko. Bi lehiakideek behealdetik eusten diote makilari, eskua haren inguruan itxita. Gero eskuek gora egiten dute txandaka, beti elkar ukitzen dutela. Goialdera iritsitakoan, eusteko makilarik gabe gelditzen den jokalariak hautatzen bigarrena izan beharko du.

Portugaleten (B), horrez gain, «deshojan la margarita» («bitxilorea hostogabetzen dute»), bi aukerari erantzun bat esleitzeko zeregin ondo ezagunarekin gainera, zehazteko nork se la queda (nor den itsu) eta nork hautatzen duen. Txandaka kentzen zaizkio petaloak loreari eta azkenekoa kentzen duena aske gelditzen da edo hautatzeaz arduratzen da.

Beste metodo batean, nork se la queda (nor den itsu) zehazteko piztutako pospolo bat erabiltzen da. Jolasean parte hartu behar duten haurrek zirkulu bat osatzen dute eta elkarri pasatzen diote pospoloa, harik eta bati itzali egiten zaion arte edo harik eta batek bota egin behar duen arte, erre egiten duelako. Haur batzuek behar baino denbora gehiagoz eusten diote eskuetan pospoloari, aurretik pentsatutako norbait izan dadin galtzailea edo pospoloak itzuli oso bat ez osatzeko eta horri esker berriro eskuetan hartu beharrik ez izateko.

Objektu batez baliatzen ez diren prozedurak

A pares o nones

San Martin Unxen (N), "A pares o nones" erabakitzeko, jokalariek zirkulu bat osatzen zuten eskuak atzean ezkutatuta. ¡Ya! oihukatutakoan, eskuak erakusten zituzten nahi adina atzamar luzatuta zituztela. Luzatutako atzamarren batuketa egiten zen gero, eta irteten zen kopurua zozketatu egiten zen, ea nori egokitzen zitzaion: adibidez, hamabi baldin bazen kopurua, zenbaki hori egokitzen zitzaion hura aske gelditzen zen.

A hacer pies. Hankak egin

Haur biren artean tarte bat utzita kokatzen dira, eta elkarrengana hurreratzen dira txandaka pausoak emanez, halako moldez non, pauso bakoitzean, aurrera egiten duen oinaren orpoak geldi geratzen den oinaren punta ukitzen duen. Ohikoa da aurrera egin ahala batek «oro» eta «plata» esatea. Bien arteko tartea, itxuraz, txanda egokitzen zaionaren oina baino laburragoa denean, txanda dagokion horrek bermatzeko daukan oinaren punta eta lehiakidearena zapaltzen ditu bere oinarekin, «monta» dioen bitartean. Ondoren, bien artean sartzen du perpendikularki oina, esanez: «y cabe». Bi baldintzak betetzen baldin badira, haur horrek hautatzen lehena izateko eskubidea du. Saioak huts egiten baldin badu, berriro bereizten dira elkarrengandik eta «monta y cabe» esan duenak hasten du hurbilketa.

Formula bidezko zozketa prozedurak

Hautaketa metodo hau praktikatzeko ere ez da inongo objekturik behar. Jolasean parte hartzen dutenak korro batean biltzen dira eta haietako batek estrofak edo zenbakiak errezitatzen ditu. Zozketari ekin aurretik, haurrak eskua astindu ohi du airean eta gero parte-hartzaileak seinalatzen ditu txandaka, bera ere barne, jokalari bakoitzari silaba bat edo hitz bat egokituta. Batzuetan bularra ukitzen du edo, bestela, besterik gabe atzamarrarekin seinalatzen ditu. Azken hitza egokitzen zaion haurra aske gelditzen da edo, bestela, berari dagokio itsu izatea, aurretik hitzartutakoaren arabera. Adibidez, zozketa azkar bat egin nahi izanez gero, estrofako azken silaba egokitzen zaionari dagokio itsu izatea. Bestela, aske geratzen da eta zozketak aurrera jarraitzen du, harik eta bat izan ezik denak eliminatzen diren arte.