VII. ATEAK ETA LEIHOAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Etxearen hutsuneen orientazioa

Hutsuneen banaketa etxearen kokapenaren eta lekuaren baldintza klimatikoaren araberakoa izaten zen. Oro har, gehienak eguzkiak gehien jotako fatxadaren aldera zabaltzen ziren, hau da, hegoaldearen eta ekialdearen arteko puntu batera. Iparraldeko horman ez ziren leihoak zabaltzen edo, bestela, txikiak izaten ziren.

Hala ere, herri batzuetan egiaztatu da sukaldea etxearen alde horretan baldin bazegoen leihoari atxikitako tranpadura bat izaten zela, orientazio horrekin kokatua, elikagaiak hobeto kontserbatzeko.

Hutsuneen banaketa fatxadan

Fatxadako hutsuneen banaketa oso aldakorra izan daiteke, ez bakarrik herri batetik bestera, bai eta herri bereko etxe batetik bestera ere. Dena den, arau orokor batzuk ikusten dira eta eskuarki harmonia bat bilatzen da, irekiduren banaketa simetrikoen bidez kasu askotan.

Eskuarki ate nagusia beheko solairuan irekitzen da, eta solairu horrek leiho txiki bat ere eduki ohi du. Lehen solairuak, etxebizitzarena eskuarki, leiho handiagoak izaten ditu eta batzuetan balkoi bat fatxadaren erdialdean. Hirugarren solairuak hutsune txikiagoak izaten ditu, izatekotan, eta batzuetan balkoi txikiagoa ere bai.

Hutsuneak

Ate nagusia. Ateak, albateak

Etxerako sarbidea ate batetik edo bi atetatik izan daiteke. Sarrera bikoitza denean, ateetako bat, nagusia, pertsonek erabiltzen dute, eta bestea animalientzat da. Sarrera bakarra denean, ate hori jabeek eta haien aziendek partekatzen dute. Ukuiluarekin komunikatutakoa handia izan da eskuarki, gurdiari lotutako idi parea handik pasatu ahal izateko. Hura eraikitzeko materiala, antzina, zura izan zen beti. Beste ezaugarri nagusi bat da zulo bat duela, zirkularra askotan, gatera deitua eskuarki, katuak pasatzeko delako, oiloez gain, eta kasu batzuetan giltza han uzteko bizilagunek etxea denbora tarte batez uzten dutenean. Ateak eskuarki barrurantz irekitzen dira eta hutsunea mugatzen duten hormek alaka bat daukate, halako moldez non barnealdetik zabalagoak diren.

Tamaina handikoak baldin badira, bertikalki kokatutako haritzezko oholez eraikiak izaten dira eskuarki, eta molduraren bat baldin badute kanporantz orientatuta geratzen da, barnealdetik horizontalki kokatutako material bereko enbor lodietara buru handiko forja-iltzez lotuta eta batzuetan apainduta.

Sartzeko eta horren kontrakorako, etxea ixteko, balio izateaz gain, ate nagusiak beste balio batzuk ere izan ditu, eta ez bere izaera artistiko edo arkitektonikoari dagozkionak soilik, ezpada etxearen aurkezpenari dagozkionak ere, balio sinbolikoaz gain. Erritual batzuk atean egiten ziren eta haren gainean etxearen eta etxeko bizilagunen babeserako elementuak zintzilikatu izan dira eta zintzilikatzen dira.

Leihoak, leihatilak

Leihoek iraganean zuten berezitasunik interesgarriena da, konparazioan, gutxi eta txikiak zirela. Baina urritasun eta txikitasun horiek ez ziren, besterik gabe, klimaren ondorio, ezpada argiak eta aireak jokatutako papera ulertzeko bestelako modu baten ondorio.

Higienearen arloko aurrerapenek eta higienearen hedapenak gero eta aldaketa handiagoak eragin dituzte hutsuneen dimentsioetan eta haien kopuruan. Faktore horri gehitu behar zaio beste garai batzuetan kristalak lortzeko zegoen zailtasuna. Itxitura zurezko xafla batekin edo birekin egiten zen, haietan kristalik gabeko leihatila bat edo bi irekitzen zirela. Hori izan zen, antza denez, leihoen hutsunea ixteko modu nagusia iraganean, gero kristalek ordezkatu zutena.

Ixteko sistema eskasa zen hura, leihoa itxita zegoenean oso argi gutxi sartzen zelako, eta leihatilarik ez baldin bazegoen ezer ere ez, eta, alderantziz, irekita baldin bazegoen, hotza sartzen zelako; horregatik, ez da harritzekoa hutsuneak murrizteko joera izatea, hala tamainari nola kopuruari dagokionez. Kristalen erabilera hedatu zenean, leihoak handiagoak izateko aukera zabaldu zen.

Leihoen kopurua eta haien tamaina aldatu egiten ziren solairuaren arabera ere; ukuiluan eta ganbaran, gutxi eta txikiak ziren, ugariagoak eta handiagoak bizilagunek erabilitako geletan. Bestalde, leihoak handiagoak izan ohi dira fatxada nagusietan eta txikiagoak aldameneko hormetan.

Badirudi, oro har, zenbat eta zaharragoa izan etxea, txikiagoak direla haren leiho guztiak. Etxeek izan dituzten berriztatzeetan, etxebizitzarako erabilitako solairuko edo solairuetako leihoak handitu direnez gero, ganbarakoak hutsune horiek iragan garaietan izaten zuten tamaina txikiaren lekuko gisa geratu dira, solairu hori ere etxebizitzarako egokitu ez den kasuetan.

Zurezko kontraleihoak oso zabalduta egon dira aztertutako lurraldean, eta erabili izan dira hala gelak iluntzeko nola iluntzerakoan barruan argia pizten zenean intimitatea babesteko. Antza denez, barrutik ixten direnak kanpokoak baino zaharragoak dira; barrutik ixten direnen abantaila da zura eguraldi txarrak eragindako kalteetatik babesten dutela.

Leihoak eskuarki gelaren barnealdera irekitzen dira eta hegalek alaka bat daukate, halako moldez non hutsunea handiagoa den barneko horman kanpokoan baino.

Balkoiak

Balkoia alderdirik heze eta hodeitsuenean agertzen da, lehortegi lana eginez. Zeregin bakar, argiztatzeaz eta egurasteaz gain, kanpora irteteko aukera ematea duen balkoia, horretarako zorua aurreratuta, hau da, “balkoi begiratokia” deitutakoa, ez zen zabaldu harik eta etxeak kaleak osatzen hasi ziren arte.

“Balkoi lehortegia” eguzkitan dagoen espazio irtena da, haizetik eta prezipitazioetatik ahal bezain babestua, eta hartan uztako produktuak eta etxebizitzako bizilagunen arropak jartzen dira lehortzen.

Erabilitako materialei dagokienez, balkoietan ohikoena zura da, eta burdina barandetarako.