V. TEILATUA

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Estalkia eraikinaren zati funtsezkoa da, faktore klimatikoen eragin handiena duena eta eraikitzeko zailena. Jatorrian, etxearen lehen egitura da, paretak, zimenduak eta gainerako eraikuntza-osagaiak baino lehenagokoa, halako moldez non teilatua baita, suarekin batera, etxea definitzen eta neurri batean laburbiltzen duena eguneroko hizketan; horrela, “teilatupean egon” esaera erabiltzen da, edo babesteko lekurik ez dutenak “teilaturik gabe” daudela esaten da.

Fatxadaren eta teilatuaren arteko harremana

Teilatuak, etxegainak (Aria, Aurizperri-N) edo hegatzak (Liginaga-Z) bi isuriko egitura izan ohi du. Oso hedatuta dagoen eredu horren barruan, bi aldaera daude: teilatu-gailurra fatxadarekiko perpendikularrean duena eta teilatu-gailurra fatxadarekiko paraleloan duena. Teilatu-gailur perpendikularra duen estalkia klimaren eskakizunei emandako erantzun argia da. Mota honetako etxebizitza ia guztiak eguzkiak ordu gehien jotzen duen aldera orientatuta daude, eta eguzkiari berotzeko fatxada-zati handiagoa eskaintzeko abantaila dute. Eskualde euritsuetan, aldiz, eguzkiaren premia hain handia delarik, fatxada hormapikoetako batean mantentzen da, ganbaran gordetako materien lehortegi gisa erabiltzeko.

Teilatu motak

Inklinazio-gradua

Teilatu baten inklinazioak erlazio zuzena du etxebizitza dagoen eremuko baldintza klimatikoekin, batez ere euri- eta elur-erregimenarekin. Beste baldintza garrantzitsu bat estalkia egiteko erabilitako materiala da; teila den edo ez, zer teila mota den, losa den, zurezkoa den edo beste material batekoa, konpromiso bati eutsi behar zaio teilatua inklinatzeko beharraren eta material horiek irristatu gabe finko mantentzeko beharraren artean.

Isurien forma eta kopurua

Teilatu baten isurien edo etxesuren kopurua, eta horrenbestez haren forma, hainbat faktoreren araberakoa izan da, hala nola baldintza klimatikoak, etxeen multzokatze maila, aldamenean beste eraikinik dagoen edo ez, eta eraikinaren beraren forma; eraiki zuen familiaren estatusaren isla ere bada; zentzu berean, herri bakoitzeko eraikin komunitarioek etxe apalenetatik bereizten dituzten teilatuak izan ohi dituzte.

Estalkiaren materialak

Zurezko euskarria

Zura izan da material nagusia, bakarra ez bada, teilatuen armazoia eraikitzeko. Hormigoia sartzen joan ahala baino ez du galdu bere lekua, haren alde.

Teila

Teila izan da teilatuak estaltzeko bitarteko nagusia, bai behintzat XX. mendean zehar.

Antzina, herrietan fabrikatzen zen, eta itxura uniformea zuen. Gaur egun merkatuan erosten da eta aniztasun handia dago.

Zurezko estalkia: oholak

Atal hau teilari buruzkoekin hasi arren, gehien erabilitako materiala delako, antzina, aztertutako lurraldearen zati batean behintzat, beste batzuk erabili ziren, hala nola zura eta harria, horiek ere inguruko materialak, aise eskuratzeko modukoak. Kontuan hartu behar da oholak Pirinioetan erabili zirela, pagoak ugari diren lekuetan, horixe zelako egiteko baliatzen zen materiala.

Seguru asko, oholez egindako teilatuak dira, losez egindakoekin batera, zaharrenak. Material horien ordez teila erabiltzen hasi zen, eta oholak eta losak aziendarentzat egindako etxola edo eraikinetarako utzi ziren.

Harrizko estalkia: harri-losak

Antzina, etxeen teilatuak estaltzeko beste material garrantzitsu bat izan zen harria. Hamarkadek aurrera egin ahala, eraikin erantsietarako eta garrantzi gutxiagoko eraikinetarako utzi zen.

Material berriak

Azken hamarkadetan asko zabaldu dira beste material batzuk, maufakturatuak eta eraikinak egiten diren lekutik kanpokoak. Gaur egun, alternatiba ugari dago aukeran, tokian tokiko baliabideetatik apartekoak, eta horri esker askoz ere aniztasun handiagoa dago teilatuetan, sarritan harmonia tradizionalaren kaltetan.

Material horietako asko duela hamarkada asko sartu ziren, fibrozementua adibidez, uralita izen komertzialarekin ezagunagoa. Goraldi-garai baten ondoren, horren erabilera garrantzi gutxiko eraikinetara murriztuta gelditu da.

Teilatuaren egitura

Gailurra, kapirioak, latak

Teilaturik tradizionalena eta zabalduena zurezkoa da. Teilatu horren kanpoaldea kapirioek osatzen dute: horien gainean kalitate gutxiko ohol mehea finkatzen da, teila bermatzeko.

Zutabeek eutsitako egiturak

Hau da teilatuak eraikitzeko modurik ohikoena. Oro har, etxeetako solairuak zabalegiak dira teilatuaren egitura osoa karga-hormen gainean soilik bermatzeko. Horregatik, zutabeak behar izaten dira, beheko solairuaren zorutik etxe-bizkarreraino altxatuak, teilatuaren armazoiari eusteko.

=== Egitura guraizedunak

Teilatuak eraikitzeko guraizeak erabiltzeak teilatuaren zama karga-hormen gainean bermatzeko aukera ematen du, eta, aldi berean, solairu-azalera handia lortzekoa zutaberik erabili gabe. Ez da askotan erabili izan.

Keretak eta igeltsuzko gangak

Aurreko deskribapen gehienak Baskoniako alderik iparraldekoenari dagozkio, eta horien ezaugarria da teilazko euskarria kapirioen gainean bermatutako oholek osatzen dutela. Baina erdialdeko eremuan eta batik bat Nafarroako hegoaldean bestelako prozeduretara jo izan da, zuraren ordez beste material batzuk erabilita, batez ere keretak eta igeltsuzko gangak.

Teilaturako irteera. Tximinia

Teilatura irteteko egitura ezagun bat txapitula da. Beste modu bat, berrikiago erabilia, sabaileihoa da.

Tximiniari dagokionez, duela urte gutxi arte, ezinbesteko elementua izan da, eta, aldi berean, landa-etxe eredu tipologikoen identifikatzailea. Landa-etxe askotan beheko suarekin edo ekonomikarekin hornitutako sukaldeak kendu izanak tximinia batzuen desagerpena eragin du, eta beste batzuen kontserbazio-egoera kaskarra. Tximiniak eraikitzeko materiala adreilua izan da, kasurik gehienetan.