XVII. ELKARTZE LIBREAK ETA SEME-ALABA NATURALAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Elkartze libreak

Elizako ezkontzaren bidez formalizatu gabeko elkartzeak tabu izan ziren iragandako garaietan. Bekatuzkotzat jotzen ziren eta, dena delako egoeraren ondorioz, halakoak praktikan jartzen ausartu ziren bakanek presio sozial handia jasan behar izan zuten.

Hamarkadek aurrera egin ahala, gero eta gehiago izan ziren eta hobeto toleratu zituzten, gutxienez halakoak familiatik kanpo gertatzen zirenean. Gaur egun fenomeno zabaldua izaten hasita dago eta oro har onartuak dira, pertsona gazteen artean gutxienez.

Ama ezkongabeak

Iraganean, ezkondu gabe egonik haurdun geratzen zen neska mespretxatu egiten zuten auzokideek, bai eta familiak berak ere sarritan.

Landa eremuko gizartea nahiko gogorra zen ezkondu gabe ama egiten zen neska gaztearekin, borte bat izaten zuenarekin, Nafarroako Mendialdean esaten duten bezala. Horrek azaltzen du jaioberri abandonatuen kasuak nahiko ugariak izatea, Nafarroako Foru Orokorrak ohitura hori kondenatu arren. XIX. mendearen amaieran, artean ere ama ezkongabeari denboraldi batez elizara goizaldean kanpaiak jotzeko betebeharra ezartzen zitzaion herri batzuetan, bere lotsa gogorarazteko auzokideei[1].

Neska horri egokitu zekiokeen egoerarik okerrena zen aitaren etxetik egotzia izatea.

Batzuetan, haurdun zegoen neskak herritik alde egiten zuen edozein aitzakiarekin, haurdun zegoela igartzeko moduan egon aurretik, eta erditu eta gero itzultzen zen, umea umezurztegian edo ahaide baten etxean utzita. Horrela itxura gordetzen zuen eta auzokideen kritiketatik libre geratzen zen.

Haurdun zegoen neska haurdunaldiaren arduradunarekin ezkontzeko ahalegina egiten zen beti. Arestian deskribatutako egoera batetik pasatzera behartuta zegoen neska soilik arduradunak ezkontzeari uko egiten zionean edo, bestela, neskak ez zekienean seguru nor zen arduraduna edo hura identifikatu nahi ez zuenean. Batzuetan, ama ezkongabea izatea estigma bat izan arren, umearen aita ez zen beste gizon batekin ezkontzea lortzen zuen.

Ezkontzeko asmoa zuten bikoteen kasuan ezkontza baino lehenagoko harremanen ondorioz sortzen ziren haurdunaldiak ere kritikatzen ziren. Batzuetan arazoa leuntzeko saioa egin izan da ezkontza eguna aurreratua. Egoera horri "penaltiz ezkontzea" esan izan zaio.

Ezkontzatik bederatzi hilabete igaro aurretik izandako jaiotza aurreratuak ere arazotsuak izan ziren emakumearentzat, beti baitzeuden haurdun zegoela ezkondu zela uste zuten emakume mesfidatiak.

Seme-alaba naturalak

Bataioa

Seme-alaba naturalei amaren abizenak ematen zitzaizkion, haur ez aitortuak zirenez. Jaiotza-agirian, aitaren izena jarri beharreko lekuan "aita ezezaguna" idazten zen. Aipagarria da ama ez baldin bazen haurraren aitarekin ezkontzen hori zela aitak ez zuelako haurra berea zenik aitortzen, eta horregatik inoiz ez zen gertatzen gaur egun nahiko ohikoa den egoera bat: haurrak aitaren eta amaren abizenak izatea nahiz eta biak ez egon ezkonduta.

Haurren bizitokia

Oro har, haur naturalen bizitokia inklusa zen edo, kasurik onenean, ama bizi zen herritik urruti bizi ziren ahaide batzuen etxea.

Caro Barojak jaso zuenez, emakume ezkongabe edo alargun batek amodio klandestinoen ondorioz haur bat baldin bazuen, borte bat, Nafarroako Mendialdeko herri batzuetan (Bertizarana, Baztan, Doneztebe eta Basaburua Txikia) jaioberria gauez hartu eta beste herri batera eramaten zuten isilpean, ez oso urruti eta ez oso gertu, eta etxe bateko atarian utzi, deitu eta esaten zuten: "Emen dagona artzue" ("Hemen dagoena har ezazue"). Ezusteko zama hori bereganatzen zuen familiak gertaera salatu zezakeen, halako moldez non haurra Iruñeko inklusara eramango zuten, baina jendeak haurra etxean hartu eta hezi egin ohi zuen[2].

Batzuetan haur naturalak onartu egiten zituzten etxean eta inolako desberdintasunik gabe hazten ziren.

Banantzea eta dibortzioa

Herri batzuetan aitortzen duten bezala, banantzeak ez ziren ohikoak iragandako garaietan.

Elkarbizitzako arazo agerikoak zeudenean eta banantzea saihesten zenean, askotan emaztea zen egoera horren kalteturik handiena[3].

Emazteak iragandako hamarkadetan senarrarekiko izan duen mendekotasun ekonomikoak banantze kasu asko frenatu ditu. Banantzeak urriagoak izan dira landa eremuetan, biztanleria urriaren ondorioz presio soziala handiagoa zelako. Herrietan eta ingurune urbanoetan fenomeno hori maiztasun handiagoz agertu da.

Duela gutxi arte ez da izan dibortziorik, figura hori ez zelako existitzen, zehazki 1978ra arte. Errepublikaren garai laburrean, dibortzioaren lege bat indarrean zenez, izan ziren kasuak, gehiago beharbada meatzaritza eta industria eremuetan. Hala gogoratzen dute Bizkaiko Muskiz herriko informatzaileek. 1936tik aurrera eta 1978ra arte senar-emazteen banantzea zen aukera bakarra.

Pentsamolde eta tradizio kristauek bultzatu dute dibortzioen kopurua oso txikia izatera. Ezkontzaren banaezintasunaren ideia indartsua izan da eta ezkondu eta gero bikoteek elkarrekin jarraitzen zuten elkarbizitza arazoak izan arren.


  1. Julio CARO BAROJA. Los Vascos. Donostia: 1949, 321-322. or.
  2. Julio CARO BAROJA. La vida rural en Vera de Bidasoa. Madril: 1944, 146. or..
  3. Uhartehirin (NB), aitzitik, senar-emazteen arteko eztabaiden ondorioz emaztea senarra jotzera iristen zenean, herriko gazteek astolasterketa antolatzen zuten. Haietako talde bat, modu barregarrian jantzita, plazara joaten zen, batzuk oinez eta besteak zaldiz. Segizioaren erdian bi gaztek gaizki moldatzen ziren senar-emazteen antzezpena egiten zuten. Atzean astoa zihoan. Plazara iristean, klarinetearekin, txirularekin, turuta pistoidunarekin eta danborrarekin jotako doinuen erritmoan dantza egiten zuten guztiek, eta ondoren senar-emazteak antzezteko izendatutakoek eztabaidatu eta elkar jotzen zuten. Koplariek, koblariek, bertso batzuk inprobisatzen zituzten gertaera ospatzeko. Azkenik, astoa mahai baten gainera igo eta alde guztietatik ziztatzen zuten bertaratutakoen barre algarak eragiten zituzten jarrera irrigarriak hartzera behartuz. José Miguel de BARANDIARAN. "Matériaux pour une étude du peuple Basque: A Uhart-Mixe" in lkuska. 6-7 zenbakia (1947) 173. or.