III. BIATIKOA ETA OLIADURA. AZKEN SAKRAMENTUAK

Atlas Etnográfico de Vasconia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Beste hizkuntzak:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Heriotzaren igarobideko erritu kristauak

Heriotzaren aurreko uneek garrantzi berezia hartzen dute. Kultura tradizionalean, heriotza bizimodu baten amaiera da, eta beste baten hasiera; horrenbestez, igarobide bat da, trantsitu bat, eta, horregatik, ardura partikularrak eta fideltasunez praktikatu beharreko errituak ditu[1].

Heriotzaren aurretiko errituen artean, Eukaristiaren eta Oliaduraren sakramentuak nabarmentzen dira; Penitentziarekin batera, eliza katolikoak horiek agintzen dizkie larriki gaixo dauden kristau guztiei.

Hilzorian dagoenari emandako Eukaristiari «Biatikoa» edo «biderakoa» deitzen zaio; izen horren jatorrizko esanahia «biderako elikadura» da. Hori hartzeak hildakoak heriotzaz haraindi dagoen bizitzara iristeko ibili beharreko bideari egiten dio erreferentzia.

Izenak

Gaixoari bi sakramentuak batera ematen zitzaizkionean Últimos Sacramentos deitzen zieten gaztelaniaz, eta Derniers Sacrements frantsesez.

Euskaraz, horiek izendatzeko hitzik erabiliena Eleizakoak, Elizakoak da, euskaraz mintzo den penintsulako eremu ia osoan jasoa.

Euskal Herri kontinentalean zabalduago dago «Sakramenduak» hitza (Azken Sakramentuak, Erien Sakramendua edo Hilen Sakramendua), (Lekunberri-NB, Beskoitze, Sara-L, Urdiñarbe-Z). Ostia Saindua formula ere jaso da (Lekunberri-BN), «Sakramentu» hitzaren metonimia gisa.

Eleizakoak, Elizakoak

Ohikoa zen apaizak aurretik bisitatzea gaixoa, sakramentu hauetarako prestatzeko eta haren bekatuen aitormena entzuteko. Bisita horretan, gaixoarekin eta haren familiako kideekin adosten zuen Biatikoaren eta Oliaduraren eguna eta ordua. Eskuarki, «Azken Sakramentuak» deitutakoak bere ahalmenak ondo erabiltzeko gauza zenean jasotzen zituen gaixoak. Kasu batzuetan, gaixoak berak eskatzen zuen apaiza berarengana etortzea, hark Jainkoarekin adiskidetu zezan eta azken laguntza espiritualak eman ziezazkion.

Abisuak apaizari eta medikuari

Pertsona bat larriki gaixo zegoenean, medikuari deitzen zitzaion, gaitz horren aurka artatzeko, eta apaizari, laguntza espiritualak emateko.

Abisu horiek medikuari eta apaizari mezulari baten bidez helarazteko praktika indarrean egon zen landa-eremuko bideak oso kaxkarrak zirenean eta herrigune edo hirigune batera iristeko biderik azkarrena ibiltari arin batek ibilitako bidezidorrak zirenean. Mende honen bigarren erdian ugaritu egin ziren ibilgailu motordunentzat egokitutako errepide asfaltatuak, eta hirurogeita hamarreko hamarkadako urteetatik aurrera telefonoaren erabilera zabaldu zen.

Gaixoaren gelaren egokitzea

Inkesta egindako herri guztietan egiaztatu da antzina Biatikoa solemnitate osoz ematen zela. Apaiza apainduta joaten zen, eta akolitoek edo sakristauak lagunduta Elizatik irteterakoan, Biatikoa parrokia osoari iragartzen zion kanpaia jotzen zen. Populaketa kontzentratuko herri eta hiribilduetan, auzokideen segizioa osatzen zen, eta segizioko kideek kandelak eskuetan hartuta laguntzen zioten aldareko Sakramentuari, gaixoaren etxeraino.

Horrez gain, etxea apaintzen zen, eta bereziki gaixoaren gela, aldare txiki bat jarrita. Populaketa sakabanatuko herrixka eta herrietan, auzokideak hilzorian zegoenaren etxera joaten ziren, han kandelak piztuta egiteko harrera Jaunartze sakratua zekarren apaizari.

Biatikoa

Gaixoei Biatikoa solemnitatez emateko praktikak mendearen erdialdean hasi ziren beheraka egiten, Izurdiagako (N) eta Izpurako (NB) inkestek adierazten dutenez. Herri gehienetan zenbait urte gehiago iran zuen, harik eta, hirurogeita hamarreko urteetan, Baskoniako lurralde osoan galdu zen arte.

Hala ere, antzinako ohiturari lotutako ekintzek arrasto sakona utzi dute informatzaileen oroitzapenetan. Inkesta egindako herrietan puntu honi buruz jaso diren ekarpenek pentsarazten dute gaixo bati Biatikoa ematen zitzaionekoa gertakari garrantzitsua zela herriko bizitzan.

Populaketa kontzentratuko herrietan, «herri osoak» parte hartzen zuen segizio horretan.

Populaketa horiek prozesio-eredu bat eskaintzen dute Biatikoarekin, jarraibide hauei jarraituz: herria elizara deitua da kanpaiak jota. Elizatik, Biatikoaren prozesioa abiatzen da; parte-hartzaileek kandelak eramaten dituzte eskuetan; kasu batzuetan, herriko kofradiek parte hartzen dute, beren zutoihalekin; gaixoaren etxera iritsitakoan, segizioa kanpoan geratzen da, apaiza, familiako kideak eta pertsonarik hurrekoenak gaixoaren gelara sartzen diren bitartean; gaixoari Biatikoa eman ondoren, prozesioa elizara itzultzen da.

Bestelako eredu bat ageri da populaketa sakabanatuko herrixka eta herrietan. Horietan, garrantzi berezia du gaixoaren etxean Biatikoari egiten zaion harrerak. Familiako burua, gizon zein emakume, eskuetan kandela piztuak dituela, etxeko atera irteten da, Gure Jauna deritzan aldareko Sakramentua dakarren apaizari harrera egitera; gero gaixoaren gelara eramaten du.

Oliadura

Oliadurak Biatikorik gabe ematen zirenean jende gutxiago biltzen zen, familiako kideak eta emakumezko auzokide batzuk besterik ez.

Ezpeize-Ündüreinen (Z) familiako kideak eta auzokideren bat besterik ez ziren presente egoten; umeak gelatik urrunarazten zituzten. Azkainen (L), batez ere emakumezkoak egoten ziren: familiakoak eta auzokideak.

Antzina, Oliadura ematen zen bitartean, esanahi berezia hartzen zuen gaixoari oinak biluzteko ekintzak, apaizak igurzteko. Ekintza horretaz etxeko ahaide bat arduratzen zen, gehienetan emakumezkoa.


  1. José Miguel de BARANDIARAN. Estelas Funerarias del País Vasco. Donostia, 1970, 9. or.