Hitzaurrea
Etniker Euskalerria Taldeek egindako Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren helburua da Euskal Herria ardaztu duten kultur adierazpen, bizimodu, mentalitate, ohitura eta sinesmen guztiak jasotzea. Etniker Euskalerria Taldeen egoitza soziala Labayru Fundazioaren Etnografia Arloan dago.
Liburuki honek gure nekazaritza tradizionalaren bilketa zehatza egiten du, bai lurra lantzeari dagokionez, bere luberritze eta ongarriekin, bai eta batez ere etxeko elikadurara bideratutako laborantzen aukeraketari dagokionez ere.
Alabaina, gure lurraldearen zati handi batean mende luzez garatu den nekazaritza horrek oso eraldaketa handia izan du azken hamarkadetan. Aldaketa horren ezaugarririk esanguratsuena da bizimodu hura, zeinetan familia osoko kideek hartzen baitzuten parte, oso nekazaritza teknifikatua izatera igaro dela, neurri handi batean merkataritzara bideratutakoa. Horrek erabateko aldaketa ekarri die laborantzarako erabiltzen ziren tresna tradizionalei; izan ere, horien ordez, baratzea modu orokorrean mekanizatu da, eta orain arte ezezagunak ziren labore berriak sartu dira, bai eta barietate produktiboagoak ere.
Horren ondorioz, labore horien inguruan hainbat belaunalditan gorde izan diran ezagutzak apurka-apurka galdu dira. Obra honetan, ezagutza horiek zehaztasunez daude jasota, eta, aldi berean, azken berrogeita hamar urteotan gertatutako mutazio horrek Euskal Herriari ekarri dion bilakaeraren berri ematen da.
Agricultura en Vasconia (Nekazaritza Euskal Herrian) obra egiteko, gure lurraldeko eskualde guztietako herrietan zuzenean jasotako testigantzak izan dira oinarri nagusia. Horretarako, bere garaian Jose Migel Barandiaranek diseinatutako metodo etnografikoa erabili da; izan ere, metodo horrek argi erakusten du zeinen zehatzak diren Etniker ikerketak.
Bittor Oroz
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordea