Heriotza Ezkion (Gipuzkoa)

II. 238. ZEIN(TZU) HERIOTZA. SUSMO EZAGUTZEN DIRA? HILTZORIARI NOLA DEITZEN ZAIO? HILTZORIALDIAN ZEIN(TZU) OHITURA BETETZEN DIRA? JASANGARRIAGOA GERTA DADIN ZER EGITEN DA?

Gaur egun ez da ematen honelako sinismenik, baina aurreko garaietan jendearen artean horrelako susmoak ba omen zeuden.

Ezkion, Iribarren-Txiki baserriko Casilda Gurrutxaga Mendiak eta bere alabak, Arantza Aranburu Gurrubmgak, aipatu zidatenez, Santa Lutzi auzoan bizi izandako Maria Gorosabelek aitatzen omen zien gabean, etxeko leihoan zegoen bitartean, nola entzuten zuen baserri batetako oilarraren kukurrukua, oilarraren ezorduko kukurruku horrek norbaiten heriotzea adierazten zuelarik.

Horregatik, oilarraren ezorduko kukurrukua heriotza susmo legez zeukaten.

Beste joera bat zegoen heriotza gerta ondoren, jendearen artean beste sinismen mota batzuk agertzen zirelarik. Norbaiten heriotza gertatu ondoren haize zakarra irten ezkero orduan jendeak gaizto baten heriotza gertatu zela aipatzen zuen. Alderantziz, momentu horretan euria hasi ezkero pertsona on baten heriotza zela adieraziko zuten.

Gaizto baten heriotzaz oharterazteko bazegoen beste ezaugarri bat: ekaitza eta trumoiak hasi ezkero gaiztoaren arimaren gaitzespena litzateke. Honi buruz honako esaldia jaso izan dut: «... Trumoiak jo zun ta demonioak eamango zun bere arima» (Arantza Aranzadi Urkiola, Agerregoiko baserria, Ezkio).

Hiltzen ari denaren larrialdiari «agonia» deitzen diote, eta aipaturiko egoera jasatzeari «agonin dago» deitzen diote.

Gaur egun nolabaiteko lagungarri izaten da ere hiltzorialdian dagoenak ahidekoengandik jasotzen duen laguntza.

Halere, aurreko garaietan erkidetasun hori nabariagoa genuen, bai ahaideengandik baita auzokoengandik. Bestearen beharra eguneko zenbait egoera ezberdinetan nabaritzen zuten; ez da harritzekoa, berez, auzoko jendea larrialdian zegoenari laguntzeko prest egotea.

Aipaturiko erkidetasuna norbait gaixo jartzen zenean ere nabaritu zitekeen, zeren, auzoko jendea gaixoarengana abiatzen zen bere presentzia gaixoarentzat lagungarri izan zedin. Egoera honetan, gaixoaren gelan elkarturik, errezatzen hasten ziran (normalean gaba guztian errosarioa errezatzen zuten).

Puntu honetan ikusi beharko genuke gaixoaren larrialdia zein egoeratan kokatzen den. Honen larrialdia mingarria izan ezkero, bai apaizari baita «praktikanteari» (sendagilearen ordezkoa) deitzen zitzaien. «Praktikantearen» lana gaixoaren mina nolabait otzantzea litzateke eta apaizaren presentzia hiltzorialdian dagoen gaixoarentzat lagungarri bihurtzen omen da (Inazio Munduate Zeberio, gaur egun Ezkioko apaiza).

Gaixoaren egoera jasangarriagoa bihur zedin, ongarria zirudien baita, berari hitza ematea, egoera latz horretan lasaitzeko. Era berdinean, gaixoak eduki zezakeen mina nolabait arintzea mesedegarri zitekeen.

Kasu batzutan, aurreko garaietan behintzat, auzoko jendeak dirua ematen zion gaixoaren etxeko familiako baten bati.

Hiltzorialdian zegoenari «Santo Kristoa» (gurutzea) ematen zitzaion eskura. Egoera honetan zegoen gaixoaren agonia luzatu ezkero, honek irauntzen zuen bitartean, apaiza egunero agertuko zitzaion etxera ikustaldia eginez.


II. 239. APEZARI ETA SENDAGILEARI NORK DEITZEN DIE? ELIZAKOAK ERAMATEN NORK LAGUNDU BEHAR DU? AZKEN IGURTZIA EMATERAKOAN ERIAREN OINAK NORK AGERRARAZTEN DITU? ERITASUNALDIAN SENIDE ETA AUZOTARREN ALDETIK, GAIXOAK, ZEIN LAGUNTZA JASOTZEN DU?

Normalean abisua ematerakoan gaixoaren etxeko norbait joaten zitzaien. Eginkizun horretarako gazte bizkorren bat aukeratzen zutelarik.

Halere, aipatu zidaten kasu batzutan auzoko norbait izan zitekeela aukeratua betebehar horretarako, hauen artetik lehendabizi «ondoko-etxekoa» hautatua izanik. Kontutan eduki behar da ere norekin zituzten erlazio herstuenak.

Baieztatu zidatenez beste aldietan sendagileari etxekoek ohartarazten zioten, apaizari «ondoko-eboekoak» abisatzen zioten bitartean.

Pertsona bat hiltzorian zegoenean, sendagileari eta apezari deitu ondoren, herriko norbait arduratzen zen «agoni-kanpaia» jo ahal izateko. Zehazki ez didate bereiztu «agoni-kanpaia»ren deialdia zertan datzan. Hori bai, gizonezko eta emakumezkoaren arteko deialdia ongi bereizten zuten, emakumeari zegokionak, kanpai-deialdi gutxiago zituelako.

Aipaturiko «agoni-kanpaia», herriko abadea bere elizmutilarekin elizatik abiatzen ziren orduko joten zuten.

Orain dela urte batzuk, kargu hau zeraman pertsona Barrene baserriko Atanasio Idiakez omen zuten. Ezkioko jendeak ziurtatu didanez elizkanpaiak jotzeko gisa «apartekoa» eta «nabaria» omen zuen. Honen ondoren, elizako sakristaua legez egondako Ramon Aranburu (Arantza-Txiki baserrikoa) arduratu zitzaigun kanpai deialdiez. Zumarragara bizitzera aldegin zuenetik honen ardura bertako abadeak darama: Inazio Munduate Zeberiok.

Elizakoak eramaterakoan abadeari bere elizmutilak laguntzen zion, lehen aipatu dugun bezala. Kasu honetan, elizmutilak janzkera berezia eramaten zuen: gona gorria eta jaka zuria soinean zeramazkienez.

Apaizak bere eskuetan jauna zeraman bitartean, elizmutilak txilina joaz laguntzen zion bide guztian. Txilinaz aparte beste eskuan piztuta zeukan kandela bat eramaten zuen.

Jendeak arreta handia jartzen zuen txilina entzuterakoan eta apaiza elizakoekin bere ondotik pasatzen zenean honen aurrean belauniko jartzen ziran.

»..Jendeak oitura andia zeukan jauna paren pasatzen zanen belauneko jartzeko... kanpantxila zaitutakoan» (Joxe Antonio Aranzadi, Agerregoiko, Ezkio).

Gaur egun elizakoak eramaterakoan, Ezkioko abadeak aipatu zidanez (Inazio Munduate Zeberio) bakarrik joaten omen da, inoren laguntasunarik gabe.

Hauetatik aparte auzoko jendea ere elkartu zitekeen «segizio» honetan, normalean bailarakoak izaten zirelarik. Hauek, pizturik zeuzkaten kandelak eramaten zituzten eskuetan.

Azken igurtzia ematerakoan abadea gaixoaren aurrean egoten zen, bertako estalgarriak nork kentzen zituen zai. Normalean etxeko norbaitek hartzen zuen erabaki hori, gehienetan etxeko emakume bat izanik.

Lehenbizi, etxean gordeta zegoen errarnu eta ur bedeinkatuarekin eriaren oinak garbitzen ziran. Aipaturiko ur bedeinkatua etxe gehienetan aurkitzeko posibilita.tea zegoen, horretarako Bazkoako bigarren igandean Elizara abiatzen omen ziran botila huts batekin. Bedeinkapen honen ondoren, etxean urte osorako ur bedeinkatua izaten omen zuten.

Eginkizun horretatik aparte, aipaturiko ur bedeinkatua, etxeko baratzean botatzeko ere erabiltzen zuten, bertan zeuden landareak zortearekin haz zitezen. Abadeak, gaixoari azken igurtzia ematerakoan, olioarekin pertsonak dituen zentzu guztietan igurtzen zion. Aipa ditzagun:

  • Kopetan: eduki dituen pentsamendu txarrak barkatuak gelditzekotan.
  • Begietan: ikusi dituen gauza txarrengatik barkatuta gelditzekotan.
  • Ezpainetan: esan behar ez zituen gauzeengatik barkatuta geldi dadin.
  • Belarrietan: entzun dituen hitz txarrengatik barkatuta geldi dadin.
  • Eskuetan: egindako ekintza txar guztiengatik barkatuta geldi dadin
  • Hanketan: bere oinek bizitzan eraman izan duten okerreko lekuetatik, barkatuta geldi dadin.

Azken igurtzia era honetan eman ondoren etsaiak ez zeukan gaixo horrengan lan egiteko posibilitaterik.

Normalki azken igurtzia eriari hil aurretik ematen zitzaion, baina ez litzateke harritzekoa hil ondoren ere ematea. Adibidez, norbait ezbeharrez hil ezkero eta apaiza handik ordu batzuetara agertu arren, gorputz horrek azken igurtzia orduantxe jasoko du. Honen zergatia aipatu zidatenez honetan datza: gorputza hilda egon arren, arimak bere barnean jarraitzen du eta aipaturiko azken igurtzia jaso dezake (fisikoki) hilda ordu dezente eraman arren.

Era ezberdinetako laguntasuna eman zitekeen, auzokoengandik eskupekoa hartuaz (dirulaguntza) edota senideengandik beraien ardura eta arreta jasoaz, jasatzen ari den eritasunaldia eramangarriagoa eginez.

Honelako egoeran auzoko jendea prest zegoen gaixoaren familiarrei laguntzeko, hauek etxeko eginbehar guztietara iristen ez baziran. Adibidez, baserriko zenbait eginkizun auzotarrek egiten zituzten, gehienbat etxetik kanpoko lanak; ganaduarentzat jana ekartzea («gana-jana»), belarra moztu, e. a.

Gaixotasuna larria izan ezkero, gehienetan auzoko norbait abiatzen zen sendagileari ohartarazteko.


II. 240. HERIOTZA ZERGATIK DATORRELA DIOTE? ARIMA ERREZ IKUSTEKO MODUAN IRTETZEN DELA DION SINISMENIK BA AL DAGO? ZEIN EGITEKIN EDO IDURITAN? HILDAKOA NON IPINTZEN DA?

Denetarik entzun dugu, baina argi gelditu dena, zera da, bizitza ez dagoela gure baitan.

»...Ordue etorri zaio».
»...Betiko ez gea». (Inazio Munduate Zeberio).
»...Etorri behar zen gauza bat zelako» (Arantza Aranburu Gurrutxaga, Ezkio).

Batzuentzat arima ikusezina da, doktrinak horrela irakatsi zien; halere beste ikuspegi bat jasotzeko era izan dugu.

Pertsona bat hiltzen denean arima gorputz horretatik banandu egiten omen da. Aldentze horrek ez dakar arirnaren desagerketa, alderantziz gorpua gela horretatik kendu bitartean, arirna gorpua kokaturik dagoen parean eta bere goikaldean finkatuta egoten omen da (Arantza Aranzadi Urkiola, Agerregoiko, Ezkio). Norbaiten gorputza haragiz hilda egon arren, arima aipaturiko gorputz horretan berriro sar omen daiteke hori bera birpiztuz. Baina, arimak ez omen du sartu nahi izaten gorputz horretan berriro.

Halere, arima iheskorra izan arren aipatzen zidaten nolabaiteko usaina nabaria zela bide batzutan.

Casilda Gurrutxaga Mendiak (86 urte, Ezkio) aipatzen zidanez bere senarrarekin (Manuel Aranburu Zizurkil) orain dela urte dezente -60 bat urte- Matxinbentatik Santalutziraino goizero etortzen zenean, senarrak aipatzen omen zion bide izkina batetikan pasatzerakoan:

«A!, purgatorioko animan usaie!».

Usai horrek, Casildak baieztatzen zidanez «olio usaina»- ren tankera omen zuen.

Orain, irakurlea ohartarazi nahi dut hemen aipaturiko argibide batetaz. Esan dugu bidean «olio usaina» askatzen duten arimak, Purgatorioko arimak direla eta ez beste edonongoak. Bakea aurkitu ez duten arimak zitezkeen.

Usain hori etxe barruan ez omen zuten sekulan nabaritzen «olio usaina»-ren nabarmentasuna bidean zihoaztenean usnatzen zuten bakarrik.

Beraientzat arima ikusezina da eta egoera honek ez die posibilitatzen bere egitea nolakoa den jakiterik (puntu hau ez zidaten inolaz ere argitu).

Denek baieztatu zidatenez arima iheskorra da eta fenomenu hotTek zailtasunak sortzen dizkie bere egitea nolakoa den jakin nahi izan ezkero.

Gaur egun, hildakoa agudo eramatera etortzen diren bezala, lehen horrelakorik ez zuten egingo.

Hildakoa ohe gainean lagatzen zuten eta gorpua bero zegoen bitartean bere arropa hoberenakin janzten zuten: alkandora zuria, traje hoberena (iluna izan ezkero hobeki) eta zapatak ta galtzerdiak ere beltzak ipintzen zizkioten. Ordungo jendearen artean ohitura zegoen hildakoa elizako habitoekin janzteko, gizonezkoentzat Frantziskotarren habitoa aukeratzen zutelarik (erosia) eta emakumezkoentzat «Ama Doloretakoa», bakaitzari zegokion kutunarekin (eskapularioa).

Gorpuaren azpian ohazal zuria jartzen zuten, honen gaienan, hildakoa jantzi ondoren lagaz.

Zerraldoa ekartzen zutenean gorpua ohetik hilkutxara aldatzen zuten eta zerraldoan sartu ondoren etxeko atarira eramaten zuten, bertan prestatuta zegoen mahai batetan lagatzeko. Mahai honen alboan piztutako bi kandela egoten ziran, zerraldoak elizarako bidea hartzen zuen bitartean.

Hildakoa etxetikan ateratzerakoan ankaz aurre ateratzen zuten (begiratu 251. galderari).

Esan beharra dago gorpuak maindirearekin edo izararekin estaltzea, ohitura berria dela, zeren, ziurtatu zidatenez lehen behintzat horrelakorik ez zuten egiten. Casilda Gurrutxaga Mendiak baieztatu zidanez ohitura hau orain dela 20 bat urte hasi omen zen usario moduan.

Gorpua bero zegoen bitartean ere eskuak gurutzatzen zizkioten eta hauen artean gora begira gurutze bat ezartzen zioten. Hildakoaren ahoa irekita egon ezkero, buruan zehar ezarritako lokarri baten bidez bere egoera normalera ekartzen zuten. Baina, horretarako gorpuak oraindikan bero egon behar zuen.


II. 241. HERIOTZA BAT GERTATU DEN ETXEAN, ZEIN(TZU) DOLU EZAUGARRI ONARTZEN DIRA? LEIHOAK IXTEN AL DIRA? ISPILURIK ESTALTZEN AL DA? ARMARRIRIK? ERLATEGIRIK ESTALTZEN AL DA?

Hildakoaren gorpua etxean zegoen bitartean, bere gelan, gaba eta egun jendea zebilen erretiratu gabe. Gela honetan bi kandela piztuta zeuden eta egunean zehar norbait zegoen gorpua zainduz, horretarako bi edo hiru pertsonako taldeak txandatzen zirelarik. Hildakoaren zaindaritzapeak etengabekoa izan behar zuen, inolaz hautsi gabe.

Gaur egun ez da ematen horrelako zaindaritzaperik.

Gorpua etxean zegoen bitartean etxekoek ez ziran inora ere aterako. Hildakoari lurra eman arte ebcekoak bertan sartuta egongo ziran, atariraino irtengo dira baina erosketak edo kanpoko lanak egiteko auzoko norbait prestatuko zitzaien gustora. Gainera, garai haietan txarto ikusia legoke horrelako ohitura bat apurtzea. Etxe barruko lanak egiteko ez zegoen oztoporik. Garai haietan hiletako elizkizunetara ere etxekoak agertzeak oso arraroa zirudien. Adibidez, hildako gizonaren alarguna hiletako elizkizunetara agertzea ez zen ohizkoa.

Ez dute ezagutu horrelakorik nere berriemaileen artean. Bakarrikan Inazio Munduate Zeberiok (Ezkioko abadeak) aipatu zidan etxeko leihoak ez zirela ixten, alderantziz leihoak ireki egiten zirela kasu horretan.

Nere berriemaileen artean horrelako ekintzarik ezagutzen zuen pertsona bakarra Casilda Gurrutxaga Mendia genuen (Itsaso Errota baserrikoa, Matxinbenta, 86 urte). Bere ume garaietan, Matxinbentako auzoan ispiluak estaltzea ezagutu omen zuen. Bere alabak, alderantziz (Arantza Aranburu Gurrutxaga) Ezkion horrelakorik ez du ezagutu.

Honelako ekintzarik ere ez dute ezagutu. Gainera kontutan eduki beharko genuke Ezkioko herrian 3 baserri izan direla bakarrik armarriak eduki dituztenak:

  • Etxeberri Anduaga (egun eroria 1971'an sutea izan ondoren).
  • Miranda (Santalutziko auzoan kokatuta, zutik dago).
  • Osinalde (armarria ez dago bertan, Donostiako etxe partikular batetara aspaldidanik eramana dute).

Erleez ere gauza garbirik ez zekiten, berriemaile gehienak egoera ezezaguna zutelako.


II. 241. bis. GORPUA ETXEAN DAGOEN BITARTEAN ETXEKO LANEN ZUZENDARITZA NORK BEREGANATZEN DU? AUZOTARREK? ZEINTZUK ONARTZEN DIRA HORIEK BEZALA? ONDOKOENEKO ETXEKOEK ETA LEHENAUZOAK? ETXE BEREKO ALBOKO ETXEBIZITZAKOAK? HILDAKOAREN ETXERA PARROKIKO GURUTZEA NORTZUEK ERAMATEN DUTE?

Gorpua lurperatu arte etxekoak gauza batzuk betetzera baldintzatuta zeuden. Hauen artean, etxetik kanpoko eginkizunak betetzea debekatuta zeukaten, horretarako auzoko jendea zegoen prest laguntzeko.

Orduan, bereiz dezagun. Etxe barruko lanak betetzeko ez zegoen inolako oztoporik, gorpua etxean egon arren bertako norbait arduratzen zen lana aurrera ateratzeko (normalki etxekoandrea izango genuen). Batzutan, etxe bereko albokoaren etxekoandrearen laguntasuna jasotzea ere ez zitekeen harritzekoa.

Baina, baserrian suertatzen diren kanpoko zenbait lan eta eginkizun burutzeko, etxekoak laguntza auzokoengandik jasoko zuten. Bai ganaduarentzat janaria ekarriaz (gana-janak), belarra moztuaz, arbi-jorran eta abar.

Honen baietza eman dugu, hori bai, auzotarren eginkizunak ekintza batzuetara mugaturik zeuden.

Berriemaileek diotenez «gertuenekonak» dira auzotar legez onartzen direnak. Hauek nortzuk lirateke? Ba, etxe bereko albokoa edo baserritik elizarako bidean zegoen hurrengo baserria.

Eginkizun batzuetarako, adibidez, hildako etxekoaren garbitasuna edo janaria prestatzeko, alboko etxekoandrea joaten zitzaien laguntzera.

Apaizak hiltzorian zegoenari elizkizunak ematerakoan ez zuen Parrokiko gurutzea elizatik ateratzen.

Parrokiko gurutzea norbait hiltzen zenean ateratzen zuten eta bera eramateko normalki apaizari laguntzen zion elizmutila izaten genuen. Era honetan abiatuko ziren hildakoaren etxera, Atanasio Idiakezek (garai batetako kanpanjolea) hil-kanpaiaren deiadarra jotzen zuen bitartean.

Egun apaiza bakarrik joaten da eta ez du eramaten Parrokiko gurutzea.


II. 242. PERTSONA BATEN HERIOTZA NORTZUEI ETA NOLA IRAGARTZEN ZAIE? HORRETAZ NOR ARDURATZEN DA? ETXEKO ANIMALIEI IRAGARTZEN AL ZAIE? NOLA? NORK?

Lehen behintzat herrixka hauetan pertsona baten heriotzaren berri laister zabaltzen zutenjendearen artean. Baina, berri hori zabaltzeko joera onena Elizako kanpaiak jotzea zitekeen. Halere, guzti hau 246. galderan hobeki adieraziko dugu.

Normalki heriotza horren adierazpena lehenbizi herriko apaizari ematen zioten, honek kanpanjolea oharterazten zuelarik elizkanpalak jotzeko. Egun, elizkanpaiak bertako abadeak jotzen ditu, eginkizun horretarako herrian ez dagoelako prest inor ere ez.

Apaizari bezain azkar sendagileari ere deitzen tzaion egoera hura ziurtatu zezan.

Norbaiten heriotza jendeari iragartzeko esalditxo hau erabiltzen zuten: «...alakoa... Jainkoak eraman duela eta alako ordutan izango dala ileta» (Inazio Munduate Zeberio).

Etxekoen ahaidekoeri ere oharterazten zitzaien, hauek urruti bizi izan ezkero, orduan etxeko gazteenak eta indartsuenak bidaltzen ziran baserri ezberdinetara. Kontutan izan behar dugu aipatzen dizkidaten garaietan herrixka hauetan ez zirela aurkitzen ibiltzeko moduko bide egokiak eta honelako abisuak adierazteak orduak eraman zitzakeela.

Gaur egun horrelakorik ez da gertatzen. Egungo aurrerapenekin, telefonoz segundu batzutan abisua eman dezakegu, hartzailea urruti egon arren. Beste era bat, egunkarien eta irratien bidez adierazteko modua izan liteke. Gainera, egoera honetaz luze hitzegin dezakegu, kontutan izanik aipaturiko komunikabide hauek gaur egun duten garrantzia pertsona baten heriotza adierazterakoan. Hauek adierazten dituzten abisuei «eskelak» deitzen dizkiegu. Ikus ditzagun ondoren horietako batzuk.

Aurreko galderan ongi adierazita gelditu da; halere, gehitu dezakegu «auzoko gertukoena» joaten zela abadeari oharterazteko (Arantza Aranburu Gurrutxaga)

Etxeko animaliei iragartzeari buruz berriemaileek horrelako ekintzarik ez zuten ezagutzen eta zeharo ezezaguna egiten zitzaien. Hala ere, aipatu zidaten txakurrak antzematen zuela etxeko norbait hil ezkero.


II. 243. HILDAKOAREN GELAN BELARRIK ERRETZEN AL DA?

Ez dute ezagutu horrelakorik, behintzat ez dute gogoratzen hildakoaren gelan edozein motatako belarrik erretzen zenik.

Beste kasu batzutarako belarrak erabili izan dituzte, baina ekintza honetarako dirudienez ez dituzte erabili.


II. 244. HILOTZA NOLA JANZTEN DA? NORK GARBITZEN ETA HILJANZTEN DU? ZEREZ GARBITZEN DA?

Galdekizun honi 240. galderan eman diogu nolabaiteko erantzuna. Baiezta dezakegu hiru era ezberdin egon direla hilotza janzterakoan.

Horietako bat, hilotza elizjantziekin prestatzen zutenean: gizonezkoa Frantziskotarren «habitoarekin» eta emakumezkoa Doloretako Amaren jantziarekin. Umetxoa jantzi zuriarekin prestatzen zuten, bere zintzotasuna eta inozentzia adierazteko.

Ondoren, hildakoa bizitzan soinean erabili izandako jantziekin hilobiratzen zuten; hori bai janzki hoberenekin (ezkontza egunean erabili izandako janzkiarekin edo...).

Eta orain dela 20-25 bat urte hildakoa izaren artean biltzeko ohitura gainditzen hasi da jendearen artean.

Hori, egoera nolakoa den kontutan izanik etxeko norbaitek egingo zuen (normalki emakumeak) edota, zeregin hori betetzeko auzoko baten bat etorriko zitzaien etxekoei laguntzeko.

Kasu hauetarako etKe gehienetan Bazkoetako bigarrengo igandean bedeinkatutako ura zeukaten. Uraz aparte Erramu bedeinkatua ere edukitzen zuten.

Erramu-adarra ur bedeinkatuan bustiaz hildakoaren gorpua ureztatzen zuten, baina ondoren gorpua garbitzeko ura eta xaboia erabiltzen zutela baieztatu didate.


II. 245. HILJANTZIAN, HILOTZAREN ESKUETAN, HILKUTXAN EDO HILOBIAN GAUZAREN BAT IPINTZEN AL DA? ARGI BEREZIREN BAT JARTZEN AL DA HILOTZAREN ONDOAN?

Lehen aipatu ditugun hiljantzietatik aparte, hildakoari zegokion kongregazioko domina lepotikan zintzilik ezartzen zitzaion. Casilda Gurrutxaga Mendia eta Arantza Aranburu Gurrutxagak aipatu zidatenez garai haretan zeuden kongregazioak honako hauek ziran:

  • Mariaren alabak.
  • Luistarrak (hauek oraindik ezkondu gabe zeu.denentzako)
  • «Apostolado de la Oración» deituriko kongregazioa, bai gizon eta emakume ezkonduentzako.

Aipaturiko azken kongregazio honetako domina bat ikusteko posibilitatea eduki nuen, Casilda Gurrutxagak erakutsita, bertan aukera honako esaera irakurtzen genuelarik:

Venga a nos el tu reino
100 dias de indulgencia a los
asociados llevándolo puesto al pecho.
(No IX, 14 de Julio 1877).

Gauza hauetatik aparte gurutzatutako eskuetan, gurutze bat ezartzen zitzaion, honen irudiak hildakoaren aurpegira begiratzen zuelarik. Baita hildakoaren belaun eta anka tartean Buldak kokatzen ziran; horretarako bulda horiek erosi beharra zegoen. Ez genuen lortu hauen prezioa jakiterik.

Hilkutxan ez dute gogoratzen ezertxo ere jartzen zutenik, gaur egun gehienak koroiak eraman arren hilobiraino.

Egun ohitura dago lorak ezartzeko hilobi gainean, ohitura hori Azaroaren l'ean nabarmenduaz, «Santu Guzti Eguna».

Zerraldoa edo hilkutxa normalean heriotza gertatu den gelan kokatzen zuten. Horretarako aurretik gela hustu egiten zuten, ondoren mahai bat bertan jartzeko eta honen gainean zerraldoa ezartzeko. Beharrezkoa izaten omen zen ere zerraldoaren alboan bedeinkatutako bi kandela ipintzea. Kandela horiek bertan piztuta edukitzen zituzten gorpua gelatik atera arte. Apaiza elizakoekin etorri aurretik, kandelak hildakoaren gelan piztuta egoten omen ziren ordurako.

Hilkutxa gelatik ateratzen zutenean hurrengo pausua zerraldoa baserriko atarira eramatea litzateke. Hildakoa etxeko sarrera nagusitik atera beharko zuten, zeren, debekatuta zegoen etxeak zituen beste sarrera guztiak (ganbarako sarrera, ikuilua, gortako atea eta abar) kasu horretarako erabiltzea. Atarian mahaia prestatuta edukitzen zuten eta kasu honetan ere pizturik zeuden bi kandela jartzen zituzten zerraldoaren alboan. Mahai gainean (hilkutxaren ondoan) ur bedeinkatua eta erramu bedeinkatua ere jartzen zituzten. Abadea etorri ondoren eta zerraldoarekin elizara abiatu aurretik, gorpua garoztatu egiten zuten ur bedeinkatuarekin, horretarako erramua erabiltzen zutelarik. Bitartean «Pater Noster» bat errezatzen zuten.


II. 246. HILOTZA GAUBEILATZEN AL DA? NORTZUEK GAUBEILATZEN DUTE ETA HOLAKOTAN ZER EGITEN DA?

Aipatu zidatenez lehen behintzat hilotza gaubeilatzen omen zuten. Egun horrelakorik ez da ematen. Kontutan eduki behar dugu egungo heriotzak osasunegoitza eta egoteixetan ematen direla, etxean bertan gertatutako heriotzeak gaur egun gutxienak izanik.

Elizkizun aurreko gaban hilotza gaubeilatzen zuten. Aurreko garaietan hildakoaren aldeko elizkizunak eta hilobiratzea eguerdi inguruan egiten ziran. Denborarekin joera hori aldatu egin zen, elizkizunak eta ondorengo hilobiratzea arratsaldera pasatuz.

Gaubeila horretan etxekoak, hildakoaren hurbileko ahaideak eta auzoko jendea elkartuko ziran. Gorpua gaba guztian gaubeilatuko zuten, jendea txandatuz ibiltzen zelarik. Momentu horietan etengabeko errosarioa errezatzen egoten ziran. Bitarte horretan lehen aipaturiko kandelak denbora guztian piztuta edukitzen zituzten.

Halere, atsedenaldiak hartzen omen zituzten eta unetxo horiek berriketarako aproposak ziran. Etxekoek, hara joandako jendeari, kafea, pattarra eta gailetak eskeintzen omen zizkieten; pattarrak (alkohola) goizerako batzuengan bere eragina egiten zuelarik:

«Izketan eon ta segun... baita, izaten zan kafea eta pattarra ean ta goizeako txispau eiten ziela ta...» (Arantza Aranburu Gurrutxaga, Ezkio).

Ezkioko herrian, gaba hilotza zaintzen egoteari gaubela deitzen diote.

Baieztatu zidatenez, aipaturiko edariak eta janariak ez omen ziran sekulan hildakoaren gelan hartzen, horretarako sukaldera edo beste gela batetara joaten zirelarik.


II. 246. bis. HILDAKOAREN BAT DAGOENEAN ELIZKANPAIRIK JOTZEN AL DA? ELIZKANPAIA EDO BERE HOTSA NOLAKOA DA? NOLA DEITZEN ZAIO? HILETAN ETA LURREMATERAKOAN HILKANPAIRIK JOTZEN AL DA?

Ezkion agoni-kanpaia eta ilkanpaia jotzen zituzten. Agoni-kanpaia gaixoak azken igurtzia hartu behar zuenean, eta ilkanpaia gaixoa hil ondoren jotzen zuten.

Agoni-kanpaia 239. galderan ongi adierazia gelditu da eta ilkanpaia heriotza baten abisua emateko jotzen zuten. Gizonezkoa izan ezkero, bost alditan 33 aldiko joaldiak izango ziran, alderantziz emakumezkoa bazen, zeren orduan 33 aldiko lau saioaldi egiten zituzten. Haurrarentzat aingeru kanpaia deituriko deialdia zegoen; hau da, Ezkioko Elizan kanpai andie eta kanpai txikie daude, orduan haur baten heriotza adierazteko «kanpai txiki»arekin egiten zuten deiadarra, honi aingeru kanpaia deitzen ziotelarik.

Kontutan eduki behar dugu Ezkioko herrian bi Parroki daudela: bata goiko auzoan dagoena, Migel Donekoaren Parrokia eta bestea Santalutzi deituriko auzoan izen bereko baseliza.

Hildakoa auzo honetakoa izan ezkero (bailara guztia hartzen du) orduan hilkanpaiak Migel Doneko Parrokian eta bertako Elizan jotzen dira; baina hildakoa Igartu-Beiti deituriko baserritik gorako bailarari badagokio, orduan hilkanpaiak goiko parrokian (Migel Donekoan) joten dira bakarrik.

Hori dela eta, hildakoaren elizfuntzioak Migel Donekoa deituriko Parrokian bakarrik egin izan dira eta egiten dira oraindaino. Baina ez hori bakarrikan, zeren, hildakoaren urtebetetzearen meza-ospakizuna ere, aipaturiko Migel Donekoaren Parrokian egiten zuten eta egiten dute gaur egun ere.

Aipatu zizkidaten elizkizunak betetzerakoan baserri bakoitzari zein Parrokia zegokion. Banaketa honako hau liteke:

SANTALUTZIRA:

  • Ane.
  • Agerrezabal.
  • Sagastizabal Errota.
  • Mendizabal.
  • Olazarren (bi bizitza).
  • Aratxabaleta (3 bizitza).
  • Ojarte.
  • Andaundi (bi bizitza).
  • Agerrebengoa.

MIGEL DONEKO PARROKIRA

  • Igartza.
  • Berroeta.
  • Agerreaundi (bi bizitza).
  • Zalete.
  • Artea.
  • Etxezarreta.
  • Barretxe.
  • Aeta (Aata).
  • Zelaia (Zelaa).
  • Olazabal Goikoa.
  • Olazabal Behekoa.
  • Igartu Beiti.
  • Garaion Goikoa.
  • Garaion Behekoa.

Orain, lehen aipatu dudan bezala hiletako elizfuntzioak denentzat Migel Doneko Parrokian egiten dira.

Lehen bereiztu ditugu: gizonezkoarentzat beti bat gehiago jotzen zuten (bost saioaldiko 33 deiadar, hau da Jesukristo hil zen adina) eta emakumearentzat lau aldiko saioaldia. Umearentzat deiadar hura askoz alaiagoa genuen eta kanpai txikiarekin jotzen zuten.

Helduena, alderantziz, kanpai handie eta kanpai txikie tartekatuz jotzen ziran. Lehenbizi kanpai handie jotzen zuten (soinu nagusia) eta honen doinua amaitzearren orduan kanpai txikiaren deiadarrarekin hasten ziran.

Haurrei ez zitzaien elizkizuna (azken igurtzia) eramaten.

Orain arte adierazi dudana goiko Elizari (Migel Donekoari) dagokio, bertan bi kanpai daudenez; Santa Lutzi deituriko Elizan kanpai bakarra dago.

Agoni garaian jo izan ezkero agoni-kanpaia deitzen zaio, eta hildakoaren bat dagoenean hil-kanpaia.

Elizkizunak egiten ari ziran bitartean ez zuten hilkanpairik jotzen, isilean zeuden.

Halere, Ezkion bazegoen beste ohitura bat. Gorpua bere segizioarekin, «Anbuko zelaia» deituriko inguruan agertzen zenean (hau da herrira iritsi aurretik Eliza ingurutik ikus daitekeen bide zatia) orduantxe hilkanpaia jotzen hasten ziran, gorpua Elizako atariraino iritsi arte. Ohitura honek berdintsu jarraitzen du, aldaketa da, gorpua Elizan sartzen dutela, lehen atarian uzten zuten bezelaxe.

Aipatu dugun bezala elizkizunak ematen ari diren bitartean ez da hil-kanpairik jotzen, hauek amaitzen direnean eta «segizioa»k hildakoarekin hilobirako bidea hartzen duenean, hilkanpaiak berriro bere doinuarekin hasten dira.

Gorpua hilobiratzerakoan bertako Santa Marina baselizaren kanpaiak jo omen izan dituzte; baina joera hau bertako lurperatzailearen esku omen zegoen (Nikolas Etxaniz Bergara).

Berriemaileek Ezkion ezagutu dituzten lurperatzaileak honako hauek izan dira:

  • Etxezarretako Juan Aperribay.
  • Beitiko Jose Mendiguren.
  • Etxezarretako Mariano Aperribay.
  • Zumarragako Nikolas Etxaniz Bergara (gaur egun funtzio hori betetzen duena).


II. 247. HILOTZA HILKUTXAN ALA ANDAN IPINTZEN DA? BI HAUEK ZER KOLORETAKOAK ETA FORMATAKOAK DIRA? APAINGARRI BEREZIRIK ERAMATEN AL DUTE?

Gaur egun gorpuak hilkutxetan sartzen dituzte baina lehenagoko garaietan, gorpuarekin aipaturiko bide trakets horietan ibili behar zenean, gorpuak garraiatzeko andak erabiltzen omen zituzten.

Nere berriemaileek ez dute horrelakorik ezagutu, baina Arantza Aranburu Gurrutxagak esan zidanez, bere aurrekoeri entzunda omen zegoen horrelako gauzaren bat. Anda honek eskailera baten tankera zuen eta gorpua bertan loturik garraiatzen zuten jasotzaileek.

Itsasoko Elizan oraindikan andak bertan gordetzen omen dituzte eta ez hori bakarrik, zeren, gorpua hilerrira eramateko aipaturiko andak erabiltzen dituzte. Hilerriko azken bideunea oso traketsa denez andaren bidez errezago garraiatzen dute gorpua.

Ezkion andak beste ekintza batzuetarako ere erabili dituzte, Martin Telleria Bastarrikak baieztatu zidanez. Horietako bat, mugitu ezin ziran gaixoak (eta gainera urruti bizi izan ezkero) garraiatzeko.

Umeentzako erabiltzen zituzten hilkutxak zuriak izaten ziran (egun berdinak erabiltzen dituzte). Helduentzako marroiak edo beltzak erabili izan dituzte. Hilkutxak egiteko erabiltzen zuten egurra pinua genuen. Franzisko Etxeberria Aranburuk (Ezkio) aipatu zidanez, lehen Oru baserriko Jose M.ª Gorrotxategik egiten omen zituen hildakoentzako zerraldoak. Aipaturiko pertsona arotza genuen. Lehen hilkutxen ertzetan edo kantoietan zinta beltzak ezartzen omen zituzten.

Gaur egun era askotako egurra erabiltzen dute zerraldoak egiteko orduan -pinua, intxaurrondoa, gaztainondoa, e.a.- eta aukera prezioaren arabera doa. Egun Ezkioko herrian eta inguruko herrixketan hildakoentzat behar diren zerraldoen ardura, Zumarragako ‹<Uribesalgo» aroztegiak darama. Zerraldoaren gainean gurutze bat dihoa.


II. 248. HILOTZAK HARTZEN DUEN ITXURAK ZER ESAN NAHI DUELA DIOTE?

Honetaz argitasun zehatzik ez didate eman.


II. 249. HILOTZAK ETXEAN IRAUTEN DUEN DENBORAN, HILDAKOAREN GURASOAK ZERBAIT BEREZIRIK EGITERA EDO EZ EGITERA BEHARTUAK AL DAUDE?

Honetaz ere oso gutxi zekiten. Beraien ustez gurasoak ez zeuden ezertara behartuta.


II. 250. HILOTZAREN ONDOAN BIZIGARRIRIK EDO JANEDANIK HARTZEN AL DA?

246. galderan adierazi dut honetaz ze joera ematen zen hildakoa gaubeilatzen zutenean.

Bere ondoan ez zuten inolako bizigarririk hartzen. Horrelako zerbait egitekotan sukaldera edo beste gela batetara aldegiten zuten.

Hildakoaren gelan errespetu handiarekin errosarioa errezatzen egoten ziran bakarrik.


II. 251. HILOTZA ELIZARA ERAMATEN AL DA? ETXETIKATERATZERAKOAN ZEINTZU OHITURA BETETZEN DIRA? SUKALDEKO SUA KANPORATZEN AL DA? NORK KANPORATZEN DU SU HORI?

Bai, eramaten da.

245. galderan adierazi dut nola hilkutxa gelatik ateratzerakoan baserriko atarira eramaten zuten. Atarian mahai bat prestaturik zeukaten hilkutxa hori jasotzeko, zerraldoaren alboetan piztutako bi kandela ere jartzen zituztelarik. Mahai horretan erramu eta ur bedeinkatuak ere ez ziren faltatzen.

Abadea etorri ondoren zerraldoaren aurrean «Pater Noster» errezatzen zuten, ur bedeinkatuan bustitako erramuarekin gorpua garostatzen zuten bitartean. Hori egin ondoren jasotzaileek hilkutxa bizkarrean hartu az elizara abiatuko ziran. Egun, horrelakorik ez da ematen eta jendea hiletako elizkizunetara bere aldetikan joaten da.

Hildakoa etxetik ankaz aurrera atera behar da eta etxeak duen sarrera garrantzitsuenetik, etxean sartu eta irtetzeko egunero erabiltzen dena. Gorpua ezin zitekeen atera baserriak duen beste edozein atetik: ganbaratik, ikuiluko atetik,...

Ziurta dezakegu gaur egun horrelakorik ez dela ematen eta gehienetan hildako gorpuaz ehorztetxea arduratzen dela, kasu honetan (Ezkion) Zumarragako «Uribesalgo» aroztegia.

Sukaldeko suari buruz oso gutti esan didate. Beraientzat honako ohitura zeharo ezezaguna zuten.


II. 252. HILKUTXA ELIZARA NOLA ETA NORTZUEK ERAMATEN DUTE? ZEIN ORIENTABIDEREKIN ERAMATEN DUTE?

Lehen gorpua bizkar gainean bideetan zehar eraman behar zenean, eginkizun horretarako herriko seme gazteak prest zeuden. Hauek Ezkion jasotzaileak deitzen zituzten, eta nere berriemaileen artean hiru behintzat eginkizun hori beteta daude:

  • Martin. Telleria Bastarrika (Ane baserrikoa).
  • Franzisko Etxeberria Aran buru (Iribarren Txiki baserria).
  • Joxe Antonio Aranzadi Urkiola (Agerregoiko baserria).

Denek baieztatu zidaten, aipaturiko betebehar hura oso gogorra izaten zela, bide txar eta herstuetatik ibili behar zutelako, hildakoa bizkar gainean eramanez.

Horregatik jasotzaileak normalean zortzi izaten ziran, horrela bidean txandatuaz joateko posibilitatea zegoen. Halere, txandaketak leku bereizgarri batzuetan bakarrik egiten zituzten.

Egun, gorpuak ehorztetxeek berebilez eramaten dituzte.

Aipatu dugu hildakoa etxetik ankaz aurrera ateratzen zutela eta bide guztian zehar era horretan eramaten zuten.

Hilkutxa elizara sartzen hasi zirenean, gorpua hankaz aurrera ezartzen zuten (bere aurpegia aldarera begira zegoen).


II. 253. HILOTZA ERAMATEKO BIDE JAKINIK BA AL DAGO? ETXE BAKOITZAK BEREA AL DAUKA? NOLA. DEITZEN ZAIO? HILOTZA BESTE BATEN LURRALDETIK ERAMATEAK MENPETASUNIK SORTZEN AL DU? ETA GURUTZEA ETA AZKENIGURTZIA BESTE BATEN LURRALDETIK ERAMATEAK? HOLAKO EGITEEK MENPETASUNEN BAT SOR EZ DIEZAION LURRALDE HORREN JABEAK ZEINTZU BIDE DAUZKA?

Gaur egun, aipaturiko bide horiez inongo aztarnarik ez gelditu arren, berriemaile guztiek orain dela urte dezente ezagutu zituzten.

Orain dela 50 bat urteraino hilotzak eramateko bide jakinak zeuden. Ezkion gorpuzbideak deitzen zizkioten. Hitzak aipatzen digu zertarako erabiltzen ziran. Bide hauek nahiko traketsak ziran, kontutan izanik garai hartan ez zegoela aurrerapenik eta bide horiek bertako jendeak eskuz irekitakoak zirela.

Baserri bakoitzak berea edukitzen zuen, kontutan izanik baserrikoek irekitakoa zela, baina bide pribatu hori beste baserri batetako bidearekin gurutzatzerakoan eta bide bakar batetan sartzen zirenean bide hori denena izaten genuen, hau da herribide bihurtzen zen.

Nere ustetan, denboraren poderioz jendeak nahastu egin ditu bi terminu horiek. Gaur egun, eta berriemaileekin ohartu naiz, kasu gehienetan herribide deitzen diotela lehen, garai batetan gorpuzbide deitu izan denari. Suposatzen dut hasiera baten gorpuzbidea zeini deitzen zitzaion ongi bereiztuta egongo zela: baserri bakoitzak bertako gorpuak herriko elizaraino eramateko erabiltzen zuen bideari. Baina denborarekin bide horien jabego pribatua galtzen joan zen bitartean, jendea beste terminu berri bat erabiltzen hasi zen: herribide (kontutan izanik herrikoa zela eta gainera herrira zeraman bidea genuela). Neronek, nere berriemaile artean gehienbat jaso izan dudan terminua herribidea izan da, gorpuzbidea oraindikan ezagutu eta erabili arren.

Bide hauek nondik nora zihoazten aipatu didate.

Horietako gorpuzbide batzuk hauek genituen:

Santalutzi auzoan, Iribarren Txiki baserri ondotik pasatzen den bidetik, Alexain deituriko baserriraino, hemendik Milasororaino (hemen gurutzbidea dugu) eta hemendikan aldapan gora jarraituz Ezkioko herriraino (Elizaraino). Bide honi oraindikan Kurutzebidea deitzen diote.

Beste gorpuzbide bat Saizabal errotatik pasatzen zen eta hemendikan zelai batzuk zeharkatuz Igartu Beiti baserriraino iristen zen eta hemendik parrokiraino zuzenean joaten ziran.

Beste bat ere aipatu zidaten, Agerregoiko baserritik Agerreazpi baserriraino eta hemen zegoen errekaren behe aldetik «Zuatzea.» deituriko erriora, handikan Arantza Txikiko errekara eta hemen bide zaharra hartu ondoren gorakaldera egin behar zuten eta hemendikan Ezkioko Elizaraino iritsiko ziran.

Baina Ezkioko herrian horrelako gorpuzbideak ugari izan dira eta denak aipatzea ere ez dugu posible.

Esan dugu hasiera batetan etxe bakoitzak berea daukala, gero denborarekin jabego pribatua galdu egin zuten.

Neronek bi terminu jaso izan ditut gorpuzbidea eta herribidea.

Menpekotasunari dagokionez ez zekiten gauza argirik. Joxe Antonio Aranzadik bakarrik aipatu zidan bere aurrekoei entzunda zegoela horrelako egoera batek menpekotasuna sortzen zuela.

Gauza argirik ez zekiten, baina Joxe Antonio Aranzadik aipatuta, bere aurrekoei entzunda ere, baserri bakoitzeko gorpuzbideak (hau da, jabego pribatua duen bideak) batzutan guardasola eta makila zeraman gizona onartzen omen zuen bakarrik.


II. 254. HILOTZA JAIOTETXERA EDO UGAZABAREN ETXERA ERAMATEKO OHITURARIK BA AL DAGO, GERO HERRIKO APEZARIAK HANDIK HAR DEZAN?

Honetaz ere ez zeukaten bide argirik.


II. 255. HILETAKO LAGUNT.ALDEA NORTZUEK OSATZEN DUTE? ZEIN ORDENATAN ERATZEN DIRA? NOLA JANZTEN DIRA? ZER EGITEN DUTE? TOKI JAKINETAN GELDIALDIRIK EGITEN AL DA? ZERTARAKO?

Apaiza bere elizmutilekin, etxeko ahaideak, hildakoaren etxe bereko albokoak, ahaideak, auzotarrak, azken finean herria. Gaur egun ez dago horrelakorik.

Aurretik apaiza bere elizmutilekin (hauek gurutzea eta argia -kandelak- zeramatzatelarik). Ondoren hilkutxa jasotzaileen bizkarrean eta ondoren hildakoaren gertueneko ahaideak (Gabirin -Ezkio alboan dagoen beste herrixka bat- etxe bereko alboko etxekoandrea joaten zen kasu honetan) eta ahaideen atzetik herri guztia joaten zen.

Lehen behintzat beltzez janzten ziren eta norbaitek ez bazuen kolore honetako janzkirik, orduan, besoan zinta beltza ezartzen zuen. Mantila beltza ere janzten zuten, bai hildakoaren etxe bereko etxekoandreek baita aldameneko etxekoandreek.

Gaur egun norbaitek beltza kolorea mantentzen du, baina normalean jendeak nahi duen erara janzten du.

Geldialdiak egiten zituzten, aipatu dizkidatenak, Santalutziko auzotik Ezkorainoko bidean:

  • Lehenbizikoa: Igartu Beitin.
  • Ondorengoa: Karrotxabolan.

Normalean bi gauza egiten zituzten. Geldialdia etortzen zenean errespontsoa errezatzen zuten: «Pater Noster» bat eta baita gorpua zeramaten jasotzaileak aldatu egiten ziran ere.


II. 256. HERIOTZA BAT GERTATU DEN OHEKO LASTAIRA ERRETZEKO OHITURARIK BA AL DAGO? NORK ERRETZEN DU? NON, NOIZ ETA NOLA? HONEK ZEIN ESANAHI DUELA DIOTE?

Honetaz ere ez didate aipatu gauza garbirik. Bakarrik, gaixotasun txar bat izan ezkero orduan erretzen omen zuten, baina garbitasunagatik.


II. 257. HILOHORE EDO HILETA DENBORAN HILOTZA NON UZTEN DA?

Lehen Elizako atarian lagatzen omen zuten, elizfuntzioak irauten zuen bitartean.

Gaur egun hilotza Elizaraino sartzen dute. Egoera hau orain dela 35 bat urte aldatu zela baieztatu didate.


II. 258. ZEIN MOETAKO HILETA EGITEN DA? ZEINTZU OTOITZ BEREZIAK ESATEN DIRA?

Denek baieztatu didate lau moetatako hiletak egiten zirela:

  • Tercera.
  • Segunda.
  • Primera.
  • Primerisima.

Hitzak edo terminuak honela aipatu dizkidate. Orain hileta bakoitzaren bereiztasuna ez didate ongi bereiztu, zeren, beraientzat hileta guztien artean ez zegoen horrelako ezberdintasunik, beraiek gogoratzen dutenez behintzat.

Ezkion Migel Doneko Elizan 5 altare zeuden. Altare nagusia genuena eta erdian dagoena eta baita beste lau altare txiki ere (alboetan gelditzen direnak). Elizfuntzioa hasten zenean aipaturiko altare txikietan apaiz bana jartzen zen eta altare nagusian hiru apaiz egoten ziren. Altare txikietan zeuden apaizek meza batera ematen zuten (bakoitza bere altarean kokaturik), meza hauei atiempoko mezak edo meza txikiik deitzen zizkieten. Une berean, altare nagusian zeuden apaizak latinez abesten egoten omen ziren. Hauen abestiei Oturnook deitzen zizkietelarik.

Alboko altareetan ematen ari ziren mezak bukatu ondoren (atienpoko mezak), apaiz hauek sakristiara abiatzen ziren (altare nagusikoak bertan jarraitzen zutelarik) eta leku honetara kafea eta gailetak eramaten zizkieten.

Apaiz hauek, altare nagusian zeuden apaizekin ez omen ziran nahasten meza nagusia emateko orduan.

Hiletak ospatu ondoren, hurrengo igandean ondrak egiten ziren. Hau zertan datza?

  • Meza bat ospatzea.
  • Eta hildakoaren etxean bazkaria ematen zuten (mezatara joandako jendearentzat).

Hildakoaren arimarengatik mezak ateratzen zituzten eta honetarako bakoitzak diru kopuru bat eskaintzen zuen.

Gaur egun diru emate honek berdintsu jarraitzen du leku gehienetan.

Bederatziurrena deituriko ospakizuna ere betetzen zen. Zertan datza?

Ba, hileta egin ondoren bederatzi egun jarraiean hildakoaren arimarengatik mezak ematean.

Hiletako elizfuntzioan apaizak meza latinez ematen zuen eta altarari begira denbora guztian; meza ez zuten sekula ematen jendearengana begira.


II. 259. HILDAKOARI EROSTARIEK LAGUNTZEN AL DIOTE? NOLA DEITZEN ZAIE? ZER EGITEN DUTE?

Horrelakorik ere ez dute ezertxo ere ezagutu. Beraientzat kanpoko joera bat litzateke.


II. 260. ELIZAKO JARLEKUAN ARGIRIK PIZTEKO OHITURARIK BA AL DAGO?

Bai, bazegoen. Horretarako sepultura bakoitzean etxe bakoitzeko etxekoandreak argizaiola jartzen zuen piztuta.

Hileta ospatzen zenean, beste etxeetako etxekoandreak, bere argizaiola piztu ondoren, hildako etxekoaren sepulturaraino hori bera eramateko eta sepultura haretan lagatzeko ohitura zegoen.

Gaur egun ez da horrelakorik egiten, lehenbizi sepulturarik ez dagoelako, orain dela 20-25 bat urte Eliza berritu egin zutenez, eta ondoren argizaiolak ere desagertu edo puskatu egin zirelako.

Neronek aurkitu nituen, ikerketa hau egiterakoan, 21 argizaiola (hondaturik zeudenak) Elizako txoko batean.


II. 261. JARLEKU HORI ARGITZERAKOAN NORTZUEK ETA ZENBAT ARGIZARIZ EGITEN DUTE?

Lehen aipatu dut honetaz zertxobait.


II. 262. HILETAKOAN ZEINTZU OPARI EGITEN DIRA? ANIMALIA BIZIRIK ESKAINTZEN AL DA? ELIZKIZUNETAKOAN OPARIAK NON IPINTZEN DIRA? HAUETAZ NOR ARDURATZEN DA? HAUEKIN GERO ZER EGITEN DA? HILDAKOEN ARIMEK HEIN BATETAN SUNTSITZEN DITUZTELA DION SINISMENIK BA AL DAGO?

Lehenbizi hemen aipatu nahi dut, Ezkion aurkitu edo jakin izan dudan gauza bibeigarri bat.

Hiletak egiterakoan hildakoaren arimarengatik otoitz egiteko eta ondoren mezak ateratzeko ere, Elizako koruan saltzen ziren makila batzuk erosteko ohitura omen zegoen (hau, nere berriemaile guztiek ezagutu dute). Makila hauei zirioak deitzen zizkieten eta hildakoaren etxekoek ezik beste edonork erosi zitzazkeen. Hauek erostekotan beti pareka izan behar ziran eta aipatu dugun bezala Elizako korura joaten ziren zirio hauek erostera. Erosketa egiten zutenak emakumeak izaten ziran, eginkizun horretara gizonek ez ziren joaten sekulan. Aipatu zidatenez zirio parearen prezioak denboran zehar honako hauek izan ziren: bi errealbi, sei errealbi, baita pezta bat ere.

Zirioak erosten zituen etxekoandreak hildakoaren sepulturaraino eramaten zituen aurretik serorak sepultura hori prestatuta edukiko zuen egoera horretarako. Zirioak, zuloz beterik zegoen egur mardul batetan zutikan sartzen joaten ziren eta zirioak sartzeko zuloak amaitzen zirenean orduan sepultura gainean, alboan eta ahal zuten moduan makila hoiek lagatzen zituzten. Zirioak serorak saltzen zituen, kasu horretan Goetxeko etxekoadreak egon omen ziran luzaroan funtzio hori betetzen.

Bestela opila (kasu horretarako egiten zen ogi berezia) eta argizaria oparitzen zuten.

Ez dute ezagutu animalia bizirik eskaintzerik.

Normalki sepultura gainean jartzen ziran. Opila saski txiki batean (otartxoa) edukitzen zuten eta otarra tela beltz batez orniturik zegoen. Eskaintza honi ofrenda deitzen zioten eta apaiza meza bukatu ondoren elizaren erdiraino etortzen zitzaien, han sepulturak garostatzen zituen hisopoaren bidez eta jendeak, apaizak zeraman estolari muina eman ondoren, sakristauak zeraman sakutxo batetara botatzen zuen dirua.

Meza hauetan jasotzen zen ogia apaizak eramaten zuen, honek hurrengo egunetan nolabaiteko banaketa egiten zuen jendearen artean, bera ogi batzuekin gelditu ondoren.

Honetaz, kasu gehienetan sakristaua arduratzen zan.

Hildakoen arimek hein batetan suntsitzen dituztela dion sinismenik ez dago.


II. 263. HILETA NORK ETA ZENBATEKIN ORDAINTZEN DA? HILOTOITZIK EGITEN AL DA JARLEKUAN? ELIZKIZUNAK EDO ALDI JAKINETAN OPARIAK ETA ARGIA JARLEKURA ERAMATEAK ZENBAT DENBORA IRAUTEN DU? HOLAKOTAN ETXEKO ORDEZKARIA NOR DA?

Normalki etxekoek ordaintzen dute.

Lehen bai egiten zituzten, baina gaur egun horrelakorik ez da ikusten.

Berriemaileek aipatu zidatenez, egoera horrek urtebete gutxienez irauten omen zuen.

Normalki hildakoaren etxeko emakume batek izan behar zuen ordezkaria eta hori posible ez balitz familiar gertukoren batek joan beharko zuen, hori bai, emakumezkoa. Hau argizariarekin eta opilarekin bidaliko zuten ere. Elizkizun hoietara joatea beharrezkoa zen, ezin zuten igande bat ere elizara joan gabe utzi.


II. 264 HILERRIKO HILOBIAK NOLAKO EGITEA DAUKA? ETA JARLEKUAK EDO ELIZAN LEHEN ZEGOEN ANTZINAKO HILOBIAK? HILOBI HAUEK ETXETARRENAK AL DIRA EDO ETA, ETXEAREN LUZAPENENTZAT ETA ETXETIK BEREIZEZINTZAT HARTZEN AL DIRA? ELIZA EDO HILERRIA. EDO ETXE BATEN INGURUAN GAUAZ HIRU BIRA EZIN EMAN DAITEZKENAREN SINISMENIK BA AL DAGO?

Elizako hildakoen liburuetatik atera ditugun datuen arabera, Ezkion lehenbiziko hildakoaren izenburua 1653. urtean ezarri zuten aipaturiko liburuan (hildakoaren izena ezin da irakurri zeren orria izorratuta dago).

Hilerriko hilobiak lauki zuzenaren egitea dute, denak jarraipen berdina dutelarik ezarrita dauden lerroetan. Ezkioko hilobia orain dela hiru urte berritu egin dute osorik.

Egun ez daude Migel Doneko Elizan honelako jarlekuak. Eliza berritu zenetik desagertu zirelako. Santa Marina deituriko baselizan oraindikan mantentzen dira aintzinako jarlekuak.

Eliza, hilerria edo etxe baten inguruan hiru bira emateari buruz ez didate ezertxo ere aipatu.

Ezkioko herrian honako hilarriak daude:

- Lehenbizikoa «Erretore-baso» barrutian dago eta Josefa Ignacia Calparsororen oroimenez eraikita dago. Bera, tximista batek hil omen zuen bide honetan etxera zihoan bitartean.

- Bigarrena, Pagoeta eta Barrene deituriko baserritik beherago dago.


II. 265. ETXE BATEKO HILOBIAN LURPERATZEKO ESKUBIDEA NORTZUEK DAUKATE?

Etxekoek, aipatu didatenez. Baina kontutan izan behar dugu jarlekuak ez zirela erabiltzen aspaldidaniko mendeetan.


II. 266. LURREMATERA NORTZUK JOATEN DIRA? BERTAKO GUZTIEK PARTE HARTZEN AL DUTE? NOLA?

Normalki elizfuntzioetara joan diren gehienak. Apaiza, elizmutilak, ahaideak eta auzotarrak.

Nolabait, baietz esan dezakegu, guztiek parte hartzen dutela. Bakoitzak zerraldoa hilobiratzerakoan bertako lur apurtxo bat zerraldoaren gainera botatzen du.


II. 268. ETXEJAUNAREN JARLEKUA ETA HILOBIA BERAREN MAIZTERREK ERE ERABILTZEN AL DUTE?

Honetaz ere ez zidaten gauza garbirik aipatu.


II. 269. HILETA ONDOREN NORTZUK ETA ZEIN ORDENATAN BERRITZULTZEN DIRA HILETXERA?

Lehengo joeraz ez zekiten askorik. Gaur egun bakoitza bere aldetik berritzultzen da.


II. 270. HILETXEAN SARTU AURRETIK ARGI EDO SU BATEN AURREAN OTOITZIK EGITEN AL DUTE?

Ez, horrelakorik ere ez dute ezagutu.


II. 271. HILETXEAN DIRELARIK JANALDIREN BAT EGITEN AL DUTE? NOLA DEITZEN ZAIO? ZEIN JAKI MOETA EMATEN DA? M_AHAIKIDEAK NORTZUK IZAN OHI DIRA?

Bai, egiten zuten. Baina nere berriemaileek diotenez janaldi hau Ezkioko Argandegi tabernan ematen omen zuten.

Ohitura mantentzen dute oraindikan, elizfuntzioa amaitzerakoan aipaturiko edaritegian ardo goxoa eta gailetak ematen dituztelarik hildako etxekoen kontura.

Lehen ohitura genuen ere jasotzaileeri gosaria emateko edaritegi honetan hilkutxa Elizako atarira eraman ondoren.

Hauek ez ziren gelditzen sekulan elizfuntziorako, bere eginkizuna bete ondoren gosaltzera abiatzen zirelako.

Janaldi honi hilbazkarie deitzen zaio.

Normalki bi plater. Lehenbizikoa: zopea, paella edo garbantzuak eta ondoren bakalaua edo zerradak piparrarekin... Haragia jaten zuten kasu hauetan.

Etxekoak, ahaideak eta etxeko gertuenekoak joaten ziren.


II. 272. ETXEAN ETA ETXETARREK ZEINTZUK DOLU ADIERAZGARRI ETA EZAUGARRI ERAMATEN DITUZTE? ZENBAT DENBORAN? ELIZAKO JARLEKUAN ARGIZARIA ERRETZEN DEN DENBORAN?

Lehen batzuk aipatu ditugu. Normalki lehen behintzat beltzez jantzita ibiltzen ziren epe batean.

Gaur egun ohitura hauei ez zaie horrenbesteko jaramonik egiten.

Normalki urtea bete arte izaten zen, baina kasu gehienetan emakumeak beltzez jantzita joaten ziren bere bizitza guztian, beti norbaiten dolua adierazi beharra zegoelako. Batzuetan ez zuten izaten jantzi beltza kentzeko denborarik ere.

Normalean urtebete edukitzen zen jarlekuan argizaria erretzen.


ONDORIOAK

Gure ikerketa amaitu ondoren eta jasotako datari paperean nolabait egite berezia eman nahiean, ohartu nahiz heriotzaren fenomenoari bi mundu zeharo ezberdinak dagozkiola.

Bata litzateke nere gurasoek bizi izan duten fenomenoa (orain dela 60-40 bat urte) eta bestea egungo sozietateak eskaintzen diguna.

Gurasoena aspaldidaniko sinesmen, ohitura eta erritoetan oinarriturik zegoen, errito horiek azaldu nahiean ibili gara hasieratik, garrantzi handiena beraiek zutelako.

Lehen, heriotza jende artean, jendez inguraturik gertatzen zen bitartean (horrelako egoeratan zegoen pertsonak, inguruan zuen jendearengandik ahal izan ezkero laguntza guztiajasotzen zuen) gaur egun heriotza banandu, partikularizatu egin dute. Heriotzak ehorztecoetan edo osasun egoitzetan ematen dira jendearengandik bananduta eta hil orduko hilobiratzeko prestakizunak aurreratzen hasten dira, lehen gaubeila egiteko zegoen ohitura hura zeharo galduaz.

Egun, hildakoarekin ez dira man tentzen lotura hain herstuak, alderantziz, posible bada bere oroimena ahanztera goaz.


Ioseba Zendoia Aranzadik eginiko txostena