IV. LABORANTZAKO LURRAREN PRESTAKETA

Esta página es una versión traducida de la página PREPARACION DE LA TIERRA DE CULTIVO. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Lursail baten lehen luberritzea

Aurretik inoiz landu gabeko lursailen luberritzea lur berrien premia dagoen garaiekin lotuta dago; hori gerta daiteke krisi ekonomikoen ondorioz, horiek landatartze fenomenoak eragiten baitituzte, hau da, pertsonak landa-guneetara itzultzea eta dagoeneko horietan bizi direnek lur gehiago behar izatea; bai eta hazkunde demografikoen ondorioz ere, horietan lur gehiago luberritzea behar izaten baita, bete beharreko sabel kopuru gero eta handiagoa asetzeko; eta oparoaldietan ere bai, lur gehiagoren beharra irabaziak handitzera bideratzen denean.

Historikoki, basoari irabazitako lurrak saratzeko eta luberritzeko interesak gorakada handia izan zuen XVIII. mendean, biztanleriaren hazkundearekin lotuta, batez ere, Gipuzkoan eta Bizkaian, lur horiek laborantzarako egoki bihurtzeko, baina XX. mendean ere gertatu ziren prozesu horiek, ondorengo deskribapenetan egiaztatu ahal denez.

Basoberaren eta arboladia duen lurraren luberritzea

Era honetako luberritzeetan, lehendabiziko lana sastrakak moztea, arbolak botatzea eta horien epaitondoak erauztea izaten zen. Ohikoa zen hondakin begetalak erretzea eta errautsak sakabanatzea ongarri gisa.

Larreen luberritzea

Kasu batzuetan, ordura arte belarra ekoizteko erabilitako lursaila izaten zen luberritutakoa. Batzuetan, aurreko garai batean landuak izan ondoren, belardi bihurtzeko ereindako lurrak izaten ziren.

Laborantzako lurra

Laborantzako lurren prestaketa

Mota bateko eta besteko laboreak ereiteko edo landatzeko, hainbat zeregin daude; honako hauek, gaingiroki azalduta:

– Goldatu, irauli. Lurra eta sastrakak garbitu (uzkaldu Uhartehirin-NB), aurreko uztako hondakinak kentzeko, lur hori uztarriko behiek edo idiek tiratutako goldeak, goldiak, erabiliz zaharberritzeko; lursailik zailenetan, uztarriko behiek edo idiek zamariak eramaten zituzten aurretik, indargarri gisa, eta area, aria, laiak edo aitzurrak ere erabiltzen ziren, eta gaur egun traktoreak.

– Lurra xehatu edo lurrari barrenak atera, lehenik soka batez lotutako lahardi multzo soil batez, gero narra edo area erabilita (aria, ahia edo basarria, hortz okerrak eta ardatz birakariak dituena)[1], edo zurmailuekin edo alper-harriarekin (alperra), bai eta zurezko arrabolarekin ere (bonbila, bonbilla) lur altuetan, eta baxuetan ohola erabilita (horren ekintzari Fiteron-N tablear esaten diote), edo haga bilbatuak (hesija edo hesia), gainean harriak utzita haien ekintza pisuarekin hobetzeko, eta are arrabola konbinatuak ere, hala nola Gipuzkoan, eta garai modernoetan are birakariekin. Saran (L) zeregin horri harrotu esaten diote, eta haren ondorengoa lursaila berdintzea da (arratu, lurra txeakatzeko).

– Haziak hautatu eta desinfektatu (zerealaren kasuan). Lehenengorako, hazirik onena eta helduena hautatu eta bahe batetik pasarazten zen, ale hilak bereizteko. Bigarrengorako, gariaren kasuan, karez, sufrez edo uretan disolbatutako sulfatoz blaitzen zen, eta hazia iraultzen zen zurezko palekin[2].

– Erein, gereiñ, hazia besagainka boteaz zerealaren kasuan, edo aurretik seinalatutako lekuetan eskuz ezarrita (artoa, babarruna), edo markagailuekin, markak, horretarako irekitako ildoetan, bata bestetik distantzia aldakorrez bereiziak (zerealarentzat sei pauso); horrek eskatzen zuen reja edo goldaketa batzuk ematea lurrari ereiten hasi aurretik.

– Ongarritu. Animalien simaurra eta neguan pilatutako zaborra bildu eta metatu egiten ziren, harik eta maiatzaren hasieran artoa ereiteko lursailetan sakabanatzen ziren arte; horretarako, lau hortzeko sardea erabilita (fuxina Baskonia kontinentalean); zeregin horri Saran (L) ongarria eman esaten diote (zaborra botatzea lursailari).

– Jorra egin, jorratu, belar gaiztoak kentzeko, jorratzaileak erabilita, hala nola, jorraiak, eskoploak edo burdinazko kakoak, holgazanes deituak gaztelaniaz; horiek aho oker bat dute, kanpoaldean zorroztua eta kirtenari perpendikularra, makila motz batekin osatua.

– Ureztatu. Sail ureztatuetako laboreentzat beharrezkoa da, lan gehigarri gisa, hodiz eta ihinztagailuz osatutako egitura bat, landarearen hazkundea artean oso aurreratuta ez dagoenean ezarri beharrekoa, ekain inguruan, ureztatzea hasi ahal izateko.

– Uzta bildu, ondoriozko garbiketekin batera, kasuaren arabera aletzea, garraioa, bilketa eta abar.

Ongarritzea

Ongarritzea funtsezko zeregina da lurraren emankortasunari eusteko. Iraganean, ohikoa izan zen xede horretarako animalien simaurra erabiltzea[3]. Hamarkadek aurrera egin ahala, ongarri mineralek eta sintetikoek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten, haien erabilera guztiz zabaldua izateraino, eta azkenaldian muga bakarra da garestia dela.

Errautsaren erabilera

Baratzeetan eta laborantzako lurretan erabilitako errautsak bi jatorri izan ditu: batetik, etxeko sutik eratorritakoa dago, ontzi egokietan gordea eta gero lur gainera isuria; bestetik, laborantzako guneko hondakin begetalak metatu eta erre ondoren sakabanatzen dena dago.

Kareztatzea

Karea erruz erabili zen iraganean laborantzako lurrak hobetzeko eta azidotzeko joera konpentsatzeko; isuri atlantikoan eta berezko azidotasuna duten lursailetan, euri sarrien ondoriozko lixibiazioak azidotzeko joera handitzen du.

Hori egiaztatu da Saran (L), karea oso erabilia izan baitzen ongarri gisa landetan XIX. mendean zehar; baina XX. mendearen hasieraz geroztik ia ez da erabiltzen, eta karobiak, hain ugariak herri horretan, utzita eta hondatuta zeuden. Barandiaranek inkesta hori egin zuen garaian (1940-50 urteak) beren lurrak tarteka karez ongarritzen jarraitzen zuten biztanleek Ainhoako harrobi eta karobi batean eskuratzen zuten karea.

Kare hori gero erabiliko zutenek egiten zuten, edo gehienera jota horretan aritzen zen inguruko jendeak.

Karearen artisau-fabrikazioa baztertu egin zen eta gaur egun modu industrialean egiten da, errekuntzarako petrolioaren eratorriak erabilita; horrek asko errazten du ekoizpena. Garai batean nekazarientzat garrantzi handikoak izandako labeak utzita daude gaur egun, eta hondatuta eta sastrakaz josita egoten dira (Elgoibar-G).

  1. Narra azpialdean arantzak dituen zurezko plataforma soila da. Area metalezkoa zen eta nabartz batzuk zeuzkan.
  2. XVIII. mendean, Anesek Gipuzkoari buruz emandako informazioaren arabera, hazia karearekin nahastuta botatzen zen landara –intsektu gramineoengandik eta nekazaritzako mikrofaunako beste animalia txiki batzuengandik babesteko–, edo bestela ur irakinez bustita, ernamuintzea bizkortzeko. G. ANES. “Tradición rural y cambio en la España del siglo XVIII” in La economía española al final del Antiguo Régimen. I. Liburukia. Agricultura. Madril: 1982, XVII-XLV. or., José Carlos ENRÍQUEZek aipatua; Arantza GOGEASCOECHEA “Agricultura tradicional en la vertiente norte del País Vasco: prácticas productivas y organización ecológica familiar” in Lurralde: 18. zbkia. (1995) 245-256. or. Irakurgarri hemen: http://www.ingeba.org/lurralde/lurra-net/lur18/ enriq18/18enriq.htm. Sarrera: 2014/04/22.
  3. Ukuiluetako simaur-ekoizpenaren gaia Atlas Etnografikoaren beste liburuki atean landu zen: Ganadería y pastoreo en Vasconia. Bilbao: Etniker Euskalerria; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua, 230-233. or.