II. HILTAMUA ETA HERIOTZA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Hiltamua

Gaixotasun batean heriotzaren aurretik izaten den egoera da hiltamua; agonia ere deitzen zaio, jatorriz borroka esan nahi duen hitza. Bizitzaren eta heriotzaren arteko trantsizioko aldi hau funtsezkotzat jotzen da, pertsonaren estatus-aldaketaren azken erritua baita, zendu kategoria ematen diona. Praktika eta ardura asko daude hiltamuan, hain zuzen ere hilzorian dagoenak zoria lagun duela ekin diezaion azken bidaiari.

Ataka horretan dagoen pertsonak zainketa eta ardura bereziak jasotzen ditu. Haren ohearen ondoan biltzen dira familiako kideak, eta egoera arintzeko behar duen laguntza ematen diote; ahaide eta hurrekoen bisitak ere jasotzen ditu. Ohikoa izan da horrelako egoeretan apaiz baten laguntza izatea, harengandik Biatikoa eta Oliadura (azken sakramentuak) jasotzeko. Laguntza espiritual horiek beste otoitz batzuekin osatzen dira, hala nola Arimaren Gomendioa eta Bedeinkapen Apostolikoa; azken horrek barkamen osoa ematen zion gaixoari.

Hiltamuan sartzen denaren adierazle fisikoak

Larri dagoen gaixo baten egoerak okerrera egiten duenean, haren ezaugarri fisiko batzuei eta jokabidearen alderdi batzuei erreparatzen zaie, hilzoriaren eta, horrenbestez, heriotzaren gertutasunaren adierazle gisa.

Gaixoa agonian dagoela adierazten duen sintomarik ohikoenetako bat arnasaren erritmoaren aldaketa da: hilzorian dagoenak arnasa etena du, arnas motxa (Elosua-G), nekeza eta makala, arnasestua (Elosua-G, Goizueta-N) eta hatsankakoa. Batzuetan, zurrungak duenaren antzeko zarata egiten du, Durruma Donemiliagan (A) ronquijo deitzen diotena. Zerainen (G) petxuen edo bularran karkalarea atera esaera erabiltzen dute.

Hiltamuko kanpaia, agonia-kanpaia

Gaixo bat agonian sartzen zenean, ohikoa zen herri batzuetan kanpaiak okasiorako din-dan berezi batez jotzea, hiltamukoa edota agoniakoa deitua. Ohitura hori galdu egin da eta informatzaile askorentzat ezezaguna da.

Hiltamuan dagoenari laguntzea

Gaixoak agonia familiakoek lagunduta igarotzen du, eta haiek behar duen laguntza guztia ematen diote. Auzokideak bisitatzera joaten dira, eta opariak ematen dizkiote, eta egoera larritzean familiari laguntzen diote gauez beila egiten.

Hiltamuko otoitzak

Heriotzeko orduan ohikoa izan da familiako kideak eta auzokideak biltzea elkarrekin otoitz egiteko hilzorian dagoen gaixoaren ondoan. Herri batzuetan, gaixoak Biatikoa jaso zuen gau berean egiten zuten hori.

Eskuarki, gaixoa artatzera joan den apaiza da egoera honi dagozkion erritualeko otoitzak esaten dituena, eta familiako kideek eta gainerakoek erantzun egiten diote. Baina apaiza ez baldin badago, hilzoria bat-batean agertu delako edo asko luzatu delako, orduan gaixoaren hurreko pertsona bat arduratzen da zeregin horretaz.

Beste praktika erlijioso batzuk

Gaixoari emandako arreta erlijiosoen artean, otoitzak nagusitzen dira, baina ez dira horrelakoetan egiten diren praktika erlijioso bakarrak; ohikoa da kandelak piztea ere, eta aldare txiki bat prestatzea Biatikoa jasotzeko; herri batzuetan, ur bedeinkatuz ihinztatzen da gaixoa.

Oiartzunen (G) Kandelario egunez bedeinkatutako kandela bat pizten zen, edo Aste Santuan monumentua argiztatu zutenetako bat[1].

Hiltamua luzatzearen kausak

Antzina, sinesmen zabaldua zen hiltamua luzatzea naturaz gaindiko arrazoien ondorioa zela. Etsaitutako pertsonek, edo beste bati kalte egindakoek, hilzori luzeak izaten zituzten, harik eta laidotuaren barkamena jaso arte. Jeinu txiki pertsonal batzuk izateak, izen bat baino gehiagokoak, eragin bera izaten zuen haien jabeengan, harik eta haietaz askatzea lortzen zuten arte.

Heriotza

Izenak

Hiltzea izendatzeko euskarazko hitzik zabalduenak hauek dira: heriotza (Bedia, Berriz, Meñaka, Orozko, Zeanuri, Ziortza-B; Aduna, Altza, Ataun, Bidania, Deba, Elgoibar, Elosua, Ezkio, Hondarribia, Oiartzun, Zegama, Zerain-G; Arano, Ziga-Baztan-N; Lekunberri­ NB; Sara-L); herioa (Lekunberri-NB); azkena (Bidania-G). Heriotzara iristeko ekintza izendatzeko euskarazko hitzik zabalduena hil da. Ataunen (G) kastau ere erabiltzen dute.

Euskaraz hainbat hitz erabiltzen dira hiltzea adierazteko, desberdinak pertsonei edo animaliei aplikatzen zaien kontuan hartuta; animalien artean ere aldeak daude kategoriaren arabera.

Heriotzaren kausa fisikoak

Informatzaileek, oro har, heriotzaren hiru kausa nagusi bereizten dituzte: zahartzea, gaixotasuna eta istripuak edo bestelako gertakari bortitzak.

Kultura tradizionalean, adin handi batera iritsi diren pertsonen heriotza gertakari naturaltzat hartzen da. Horrela, oso ohikoa da, hildako pertsona zaharra baldin bada, haren heriotza «bizitzaren legea» dela esatea, eta ez zaio ezer bereziri egozten, zahartzeari soilik (Moreda-A); baita «ordua heldu da» esatea ere (Apodaka­A, Muskiz-B, Elgoibar-G).

Heriotzaren kausa miragarriak

Mende honen lehen erdian egindako inkestetan, heriotza, kasu jakin batzuetan, askotariko kausei, madarikazioei eta begizkoei, besteak beste, egozten zioten herri-sinesmenak jaso ziren. Bestalde, heriotza, jasotako zenbait esaldik erakusten dutenez, bizitza galtzea eragiten zuen jeinutzat jotzen zen. Ondorengo atalean, orduan jasotako gertakariak eta narrazioak transkribatzen ditugu, modu oinarrizkoan. Guk egindako inkestetan, gai hau oso gutxitan agertzen da.

Heriotzaren ordezkapena

Zabalkunde handi samarra izan du, baita ere, larri dagoen gaixo batek, harengandik gertu beste baten heriotza gertatzen denean, osasuna berreskuratzen duela dioen sinesmenak.

Bermeoko (B) Alboniga landa-eremuko auzoko informatzaile batek dio hogeita hamarreko hamarkadan, bere neba bat nahiko larri gaixo egonik, behietako bat hil zitzaiela. Bere amak esan zion orduan gertakari hura seinale ona zela, behiak haren lekua hartua zuenez, mutil gaztea ez zelako hilko.


  1. AEF, III (1923) 76 or.