Bizkaiko Ajangizen 1993.ean egin ziran ezkontza-eztegu batzuren barri

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 06:34 10 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar

1993ko urriaren 30ean, zapatuan, ezkondu ziran Ajangizen Maria Oar-Arteta Undabeitia (27 urtekoa) eta Iñigo Valencia Alacano (30 urtekoa). Egun hau andragaiaren urtebetetze-eguna zalako aukeratu eben ezkontzarako. Ajangiz Bizkaiko udala da, Busturialdean Arratzu, Mendata, Muxika eta Gernikaren ondoan dagoana. 360 bat biztanle izango ditu guztira.

Maria, Uriarte-Aurrekoa baserrian jaioa zan, eta hantxe bizi zana, eta Gernikako auzoa zan Iñigo. Mariaren aita bera be Ajangizkoa zan eta ama, Auzokoa baserrikoa, Ajurietakoa (Muxika). Iñigoren aita Ojangoiti baserrikoa (Gautegiz-Arteaga) eta ama Zallobietatxu etxekoa (Lumo).

Andragaiaren ama, Bitori, goizeko seiretan jagi zan. Lehenengo-lehenengo kortako beharrak egin zituan: txarriei jaten emon eta behiak eratsi, bere seme Jesusen laguntzarekin. Armozau be egin barik, zazpi t'erdietan pelukeriara joan zan. Ordubete edo egingo eban. Bederatzirak inguruan etxera etorri zan barriro. Ezkontzen zan alabarekin batera, mahaiak jarri zituen atartean, auzokoei hamaiketakoa emoteko.

Maria, andragaia, zazpi t'erdietan jagi zan. Amari mahaiak jartzen lagunduta gero, bera be pelukeriara joan zan Gernikara. Bere neba bikotxa Jesusek eroan eban. Gernikako kafeteria baten armozau eta beste nebea, Ismael, joan jakon bila. Ia ordu bi emon zituan pelukerian. Hamar t'erdietan edo bueltatu zan etxera.

Hamabiak inguruan hasi zan andragaia jazten. Bere izeko batek, lehengusina batek eta koinetakiak lagundu eutsen.

Amak, bezperan, hamahiru sagar ederrenak eroan zituan Santa Klarako komentura, eta esan eutsan tornoko monjari: "Alabie ezkontzen jat eta denpora ona eittie gure neuke. Bodarako errezeu eizue". Erantzun eutsen eurek errezatuko ebela, baina euren gainetik beste bat egoala eta, eurak errezauagaitik, egin zeikeala euria be. Arrautzakin gogaituta egongo zirala eta horregaitik sagarrak eroaten ebazala esan eutsen amak. Hau ez ei da ohitura zaharra, baina bere ahiztak esanda edo, Fruizko bere lobak egin ebela-ta, berak be egin eban. Egia esan urte horretan urrian, hile osoan, egun guztietan egin eban euria eta asko, zapatu-domeka horreetan izan ezik.

Egun horretarako, baserrian, zurituta eukazan amak be ezkaratza, atartea eta oilatoki-aurrea.

Hamaiketan hasi ziran auzoak Aurrekoa baserrira etorten. Hamabost edo hogei lagun batuko ziran. Preferentzia dauke auzokoek ze besteek konbidadutzea dauke. Goizeko armozua, auzoen konbidadutzea, hauxe: gaztaia, menbrilloa, jamon york, azeitunak, atuna, patata prijiduak, gaileta surtidoak, pernila, antxoilak,... Ardao baltza, zuria, gorria, mostoa eta vermuta. Jaten egon ziranak ordu bi t'erdietara arte egon ziran.

Eguerdiko hamabietan argazkilaria, fotografoa, joan jakon gora andragaiari erretratuak egiten. Horregaitik hasi zan berau aurretiaz jazten. Osaba-izekoak, lehengusu-lehengusinak eta konbidaduak hamabie tan hasi ziran etorten baserrira. Txaloka hartu eben andragaia behera etorri zanean.

Ezkontza, bodea, ordu batetan izan zan. Lumoko lorategikoek jantzi eban ermitea: klabelinak eta gladioloak batez be, zuriak. Ezkondu, mezea emon eta sermoia Txomin Artetxe, Ibarruriko parrokiakoak eta senitartekoa zanak, egin eban. Ezkontzako presta kuntza Gernikako ospitala zanean egin eben ezkongaiek, José Luis Iza Gernikako abadea arduradun zata. Txomin Artetxek berak be egun batzuk aurretiaz be preparatu zituan alkarrizketa bategaz.

Senargaia hamaiketan altzau zan. Jantzi eta amagaz eta aitagaz batera etorri zan andragaiaren baserrira. Bere ama aurretiaz joan zan pasteleriara, pastelak eta botila-txanpanak ondo aginduko zirala ziurtatzeko eskilarako auzokoei, ezkontza-ezteguetara etorterik ez euken urrineko senitartekoei eta hurreko lagun batzuei. Kalekoek be, senargaiaren etxekoek, eurenean hamaiketakoa emon eben, ze ezkongaiaren familiako hurkoak etxetik igaroteko ohitura dauke, osaba-izekoek eta lehengusu-lehengusinek.

Ordu batetan dana prest egoan baserrian, eta talde osoak oinez urten eban, ezkontzara ko izendatu eben San Juan ermita berrehun metrora dago-eta. Senargaiak urten eban lehenengo, amagaz batera, amabitxia. Beste guztiak, bikoteka, eta azkenean andragaia eta aitabitxia. Emaztegaia umezurtza zan ezkero, lehengusua hartu eben betekizun honetarako, aita ebanaren lehengusu karnala zalako, tratu handikoa, eta gainera tronkala.

Ermitara heltzerakoan, txistua eta tanbolinaren soinuan, atean itxaron eben konbidadu guztiek. Senargaia eta amabitxia altarean itxaroteko sartu ziran lehenengo, eta andragaia eta aitabitxiaren ostean sartu ziran beste guztiak be gero, ermita bete arte. Honetara jarri ziran: ezkontideak bata bestearen ondoan, andragaia mutilaren eskumatara, andregaiaren ondoan aitabitxia eta mutilaren ondoan amabitxia. Lau jarleku berezi euki zituen. Auzoko batek jo eban altarekoa. Txistularia nobiaren lehengusu bat izan zan, Aitzol Undabeitia, bere kabuz joten joatea erabagi ebana. Meza erdian be jo eban txistua.

Meza osoa euskeraz izan zan, herri-kantuen laguntasunarekin. Eleizakoa amaituta gero, konbidaduek urten eben lehenengo eta barruan gelditu ziran ezkonbarriak eta lekukoak, paperak sinatzeko eta erretratuak egiteko. Bikoteak urten ebanean arroza bota eutsen eta bolanderak bota zituen ezkontzara etorritako mutilaren lagunek. Ermita aurrean erretratuak egin ebezan senitartekoek eta lagunek ezkonbarriekin eta, bide batez, zorionak opatu konbidaduek bikoteari. Erretratuak nobioaren arrebeak eta koinatuak, argazkilari profesionalak, egin zituen.

Ermitatik baserrira oinez etorri ziran barriro. Auzokoak ez ziran ermitara joan, hamaiketakoarekin jarraitu eben, mahainguruan. Eleizako funtzinoa amaitu zanean batzuk ermitaraino joan ziran urteera ikusteko, batez be andrazkoak eta umeak. Gizonak ezkongaia ren etxean gelditu ziran.

Ezkonbarriak Gernikako Europa parkera (Juntetxearen ondoan) joan ziran erretratuak egiteko. Beste guztiak, familiakoak eta konbidaduak, euron kotxeetan joan ziran Ereñora, hurreko herri batera, Arita-berri jatetxera. Argazkiak egin ostean jatetxera bidean andragizonak bide batez, Ajangizko kanposantura joan ziran eta andra ezkonbarriak bere lora erramua etxekoen panteoiaren gainean itxi eban. Gaur egun era horretako jatetxeetara doa jendea ezteguak egiteko, bertan kotxea ixteko gura beste leku dagoalako eta umeentzako parke txiki bat, eta abar dagozalako.

Bazkaria hasteko ezkonbarriak etorri arte itxaron behar izan zan. Hiru t'erdiak inguruan hasi zan. Abadeak egin eban bazkalaurreko bedeinkazinoa. Mahai nagusia aparte jarrita egon zan eta gero hiru mahai luze beronen aurrean. Konbidaduak, guztira, 140 izan ziran. Talderik handiena ezkonbarrien lagunak eta euren bikoteak. Mahai nagusian jarri ziranak, aurretik ikusita, ezkerretik eskumara: abadea, senargaiaren aita, aitabitxi, andragaia, senargaia, senargaiaren ama (amabitxia), andragaiaren ama (alarguna) eta bizi eben amaina, Angela.

Bazkaria hemengo hau: entremesak klase guztietakoak (hotzak eta beroak), lebatza, solomiloa eta ezkon-tarta eta ardaoak. Postree tara heldu ziranean andra-gizonak ezkon-tartaren zati bat ebagi eben eta mahai nagusian egoan amama Angelari opatu. Tartagaz batera kamareruek txanpana serbitu eben, ezkontideek brindisa egin eben, eta mahai nagusiko kide guztiek be alkarregaz egin eben topa. Momentu honetan konbidadu gazteek, lagunek batez be, "¡Vivan los novios!" eta "¡Que se besen!" esaten hasi ziran. Ezkonbarriek alkarreri mosua emon eutsen hango guztien pozerako.

Ostean puroak (Cohibak, Cubatik ekarrita) banandu zituen senar-emazte barriek gizonezkoentzat, eta andrentzako eta neskentzako otxaratxo bat, mimenezkoa, lora sikuekin eta umeentzako gozokiak, plastikotxoetan sartuta.

Bazkaria amaitu eta gero dantzan egin zan jantokian bertan, kontratatutako orkestinatxo batekin. Ezkontide barriak hasi ziran lehenengo dantzarekin. Bederatzirak arte egin eben konbidaduek dantzan. Ezkontideak, ostean, euren etxe barrira joan ziran, Gautegizera, erropak aldatzeko. Momentu honetan gauza bitxi bat: andragaiaren neba Jesusek, bikotxa danak, negarrari emon eutsan, ikusirik arrabea etxetik bajoiala. Arrabea, hau ikustean be, negarrez hasi zan.

Erropak aldatuta gero Gernikan euren lagunekin alkartu ziran senar-emazte barriak eta tabernetan eta kafeterietan ibili ziran goizaldeko bostak arte. Gero euren etxe barrira joan ziran, Gautegizera. Hurrengo astelehenean urten eben hamabost egun egiteko, eztegu-bidaian. Aspaldion modan dagoan ezkero, Errepublika Dominikarreko Santo Domingora joan ziran.