IV. ARIMAREN PATUARI BURUZKO SINESMENAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 09:36 1 jul 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian|Ritos_funerarios_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Heriotz Ohikuneak Euskal Herrian|Ritos_funerarios_en_vasconia/eu}}»)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Arimaren eta gorputzaren bereizketa

Heriotzaren ondoren arima gorputzetik bereizten delako sinesmena oso zabalduta dago, kultura kristauko eremu bati dagokion moduan. Oso zabalduta dago, baita ere, arimak, hilotza utzi ondoren, izan dezakeen patua zehaztearen inguruko kezka. Horretarako, heriotzatik beretik hautemandako zantzuak erabili izan dira, hala nola hildakoari geratu zaion begitartea edo izan duen heriotza mota; edo ingurutik atzemandakoak, hala nola, adibidez, haizea ibiltzea edo hil ondoren prezipitazioak izatea.

Hil eta gero, denbora jakin bat igaro arte arima gorputzetik ez dela bereizten dioen sinesmena honako herri hauetan egiaztatu da: Berganzo (A) eta Agoitz (N). Zabalduago dago bereizketa hori bizitza amaitzen den unean gertatzen dela dioen sinesmena. Ametzaga Zuian (A), pertsona batzuek diote arimak azken hasperenarekin edo hatsarekin batera abandonatzen duela gorputza; Apodakan (A), azken arnasa ematerakoan.

Salbazioko eta kondenako seinaleak

Hilotzaren begitartea

Agonia-prozesuaren goxotasuna edo gogortasuna eta hildakoari heriotzaren ondoren geratu zaion begitartea salbazioaren edo kondenaren zantzutzat hartu izan dira askotan.

Arrasaten (G) eta Beran (N)[1] esaten da goxo hiltzen direnak, begitartean goxotasun keinu bati eutsita, salbatu egiten direla; nekez .hiltzen direnei eta begitartea desitxuratuta geratzen zaienei buruz, aldiz, infernura doazela uste da. Orozkon (B), hildakoa goxotasunez hiltzen baldin bazen haren arima salbatu egin zelako seinale zen; baina oinaze handia erakutsiz hiltzen baldin bazen, uste zen kondenatuta zegoela[2].

Naturaren zeinuak

Sinesmenik zabalduenetako bat da euria ari duen egunetan hiltzea, edo heriotzaren ondoren euria egitea, arimaren salbazioa adierazten duen zeinua izanik hori.

Bidegoianen (G), uste da heriotza bat gertatu ondoren euri asko egiten baldin badu, hildakoaren arima zeruan dagoela. Telleriarten (Legazpi-G), ehorzketaren unean euria egiten baldin bazuen, hildakoaren arima zerura zihoala.

Hilkutxa etxetik ateratzeko zailtasunak

Antzinako sinesmen baten arabera, hildakoa, bizi zelarik, ez baldin bazen onbera izan eskaleekin, zaila izango zen haren gorpua hartzen zuen hilkutxa etxetik ateratzea. Kondena adierazten zuen seinalea izango litzateke, horrenbestez.

Orozkon (B), uste zuten hildakoak, bizi zelarik, etxera hurreratutako eskaleei leihotik ematen baldin bazien limosna, atetik eman beharrean, haren gorpuak ezin izango zuela atea zeharkatu, eta leihotik atera beharko zutela nahitaez. Herri horretan kontatzen zuten eskuzabaltasun gutxiko emakume batek eskaleei limosna eman zion aldi bakanetako batean sukaldeko leihotik eman ziola. Hil zenean, ezinezkoa izan zen haren gorpua etxeko atearen atalasetik zehar ateratzea, eta sukaldeko leihotik zehar atera behar izan zuten[3].

Gorpu usteldu gabeak

Hildakoaren arimaren salbazioa edo kondena interpretatzeko seinale ugarien artean, bada sinesmen bat, arimaren salbazioaren a posteriori egindako egiaztapen moduko bat dena. Horren funtsa da uste izatea gorpuek, denbora-tarte zentzuzko baten ondoren, lurpetik ateratzen direnean beste ehorzketa batzuei lekua egiteko, usteldu gabe irauten baldin badute, pertsona santuenak izan zirelako dela.

Hondarribian (G), esaten zuten urte batzuen buruan usteldu gabe irauten zuten gorpuak santuenak zirela[4].

Errigoitin ere (B) santutzat jotzen den gorpu usteldu gabea dago gordeta, Andra Mari eliza nagusiko sakristian, herritarrek gorputz santu[5] deitutakoa.

Salbazioa ziurtatzeko praktikak

Bada hil aurretik arimaren salbazioa ziurtatzeko aukerarik; horretarako, praktika erlijioso batzuk egin behar dira.

Hiltzeko unean Karmengo Ama Birjinaren domina bat lepoan daramana zuzenean zerura doala sinistu izan da, baina nahitaez bete beharreko baldintza da domina beti izatea lepoan, heriotzako unean jantzita izateko. Dominaren aurretik, ohikoa zen telazko eskapularioa eramatea.

Beste praktika bat izan da lehen bederatzi ostiraletan jarraian egitea aitortza. Praktika honek ez du besteak adinako herrikoitasunik eta zabalkunderik izan.

Ohikoa izan da heriotza ona izateko otoitz egitea ere. Arrosarioaren ondoren, aitagure bat errezatzen zitzaion San Joseri, «eskatzaileei heriotza ona emateko».


  1. Julio CARO BAROJA La vida rural en Vera de Bidasoa. Madril, 1944, 168. or.
  2. AEF, III (1923) 7. or.
  3. AEF, III (1923) 8. or.
  4. AEF, III (1923) 91. or.
  5. Iturrizak egin zuen dagoeneko horren aipamena, adieraziz elizaren berreraikuntzan aurkitu zutela 1550. urtearen inguruan.. Vide Juan Ramón de ITURRIZA. Bilbo, 1938, 420. or.