I. ANIMALIEN HAZKUNTZA

Esta página es una versión traducida de la página CRIANZA DE ANIMALES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Animalien hazkuntza tradizionala eta aldaketa garaikideak

Inkesta egindako herri gehienetan hauteman da azienda espezie guztien hazkuntza edo ustiapena, edo, gutxienez, horien portzentaje altu batena. Herrian herriko aniztasuna ez dago lotuta eremu batzuetan azienda mota bat eta besteetan bestelakoak haztearekin, espezieek herri bakoitzeko aziendaren barruan duten garrantzi erlatiboarekin baizik. Hautematen da, hori bai, arrazen araberako bereizketa bat.

Mendean zehar ikusi da, gainera, eraldaketa handia animalien hazkuntzan. Antzina, ekonomia gehienak autarkikoak zirenean, etxe bakoitzean azienda mota guztiak hazten ahalegintzen ziren, etxeko biztanleen elikadura-premiak asetzeko.

Gero eta espezializazio handiagora jo izan da, eta joera hori laurogeiko hamarkadan indartu egin da Europako Batasunean sartzerakoan. Espezializazio horrek ez dio eragin aziendaren arraza-osaketari soilik, ekoizpen emankorreko arrazei sarbidea emanda; horrez gain, merkatuak ezarritako ekoizpen-kostuak murrizteko, abeltzainek azienda mota bakar baten ustiapenean zentratu eta abelburuak ugaritu beharra izan dute, mozkin-marjinen jaitsiera gero eta handiagoa leuntzeko.

Isurialde atlantikoa

Isurialde honetan behiak eta ardiak izan dira esne-ekoizle nagusiak, eta behiarena baliatu da batez ere etxean kontsumitzeko. Gurdi-abereei dagokienez, idiak izan dira erabilienak. Populatze sakabanatuak azienda baserrietako ukuiluetan haztea ahalbidetu du, etxearen parte izanda. Kliman eta landaredian dauden desberdintasunek baldintzatu dituzte abeltzaintzako eta artzaintzako jarduerak, halako moldez non isurialde honetan animaliak, mendian ez ezik mendi-hegaletako belazeetan eta haranen hondoetan ere bazkatu diren. Abeltzaintzak esne-ekoizpenaren aldeko bilakaera izan du, behi-esnearena batik bat, eta garrantzia izan du ardi-aziendak ere; ardien esnea gaztak egiteko baliatu izan da.

Bizkaia

Fruizen, behiak, zekorrak eta txahalak barne, txerriak, untxiak eta oiloak ustiatzen ziren baserrian, txakur eta katuez gain. Animalia batzuk, idiak eta astoak adibidez, ustiatu egiten ziren, baina hazi gabe; eskuarki, adinez nagusi zirela erosten ziren. Informatzaileek inoiz ez dute erlauntzik eduki, baina ezagutzen dituzte erlauntzak eduki dituzten auzoak. Ahuntz- eta ardi-azienda ere ez zen oso garrantzitsua izan; eskuarki, ikusten ziren artalde guztiak gipuzkoarrak ziren jatorriz, eta Fruizera neguan joaten ziren, herriko bazkalekuak baliatzeko.

Gipuzkoa

Debabarrena eskualdean, Elgoibarren, hogeiko hamarkadan, suitzar arrazako behiak hazten ziren, eta, landa-lanetarako erabiltzeaz gain, etxeko kontsumorako zein salmentarako esnea eskuratzeko baliatzen ziren. Garai hartan, baserri bakoitzak lau edo sei behi edukitzen zituen, idi pare bat, txahal batzuk, astoa eta mandoa. Baserri batzuek lurra lantzeko idiak zeuzkaten; mineralez betetako bagoiak mugitzeko ere erabili zituzten gaur egun desagertua dagoen fabrika batean. Gaur egun panorama oso aldatuta dago, eta, baserri batzuek behi gutxi izaten jarraitzen badute ere, esnerako nahiz haragitarako ustiatzen dituztenek nabarmen igo dute buruen kopurua.

Baskonia kontinentala

Saran (L), laborari-etxeetan espezie hauek guztiak edo hauetako batzuk ustiatzen ziren: behiak eta idiak, txerriak, ardiak, zaldiak eta behorrak, astoak, ahuntzak, untxiak, oiloak, ahateak eta antzarak.

Isurialde mediterraneoa

Isurialde mediterraneoan, batez ere eremu hegoaldekoenean, ahuntza izan da tradizionalki etxean kontsumitzeko esnea eman duen animalia, ardi-azienda, behi-azienda bezala, haragitarako hobea baitzen, eta gainera oso urria herri askotan. Gurdi-abere gisa, garrantzitsuenak zamariak izan dira. Populatze kontzentratuagoa izan denez, azienda herriaren kanpoaldean egindako eraikinetan bizi izan da eskuarki. Artzaintza mendian egin izan da batik bat, beheko lurrak zerealei eman baitzaizkie, uztondoak eta lugorriak ere baliatuta.

Araba

Urkabustaizen, zaharrek diote normalena «denetik pixka bana» egotea zela. Horrela, ardiak, ahuntzak, behorrak, behiak, oiloak, erleak, astoak, mandoak eta txerriak hazi dira, besteak beste. Ohikoa izan da txakur bat edukitzea ere, etxea babesteko, eta katuak, arratoien aurka borrokatzeko.

Haragitarako behiek mendian ematen dute urtearen zati handi bat. Apirilean botatzen dira, eta ukuilutik kanpo egoten dira lehen elurteak arte. Ohikoena terreña arrazako behia zen, idiak hazteko ere erabilia.

Nafarroa

Nafarroako Mendialdean, Larraunen, etxe bakoitzean ahuntz bat egon ohi zen, haren esnea aprobetxatzeko. Soka luze batekin lotu ohi zen belaze batean. Gaur egun, familia bakoitzak txerri bat edo bi dauzka bere kontsumorako. Baserri bakoitzean 18 bat oilo mantentzen dira, kaiolatuak eskuarki, arrautzez hornitzeko. Artoa ematen zaie jaten, baita baratzeko berdura ere; aske baldin badaude aza bat zintzilikatzen diete alanbre batetik, eskortan edo itxituran, mokokatzeko. Gaur egun, behiak esnea emateko eta txahalak edukitzeko hazten dira; txahalak saldu egiten dira, gizendu ondoren. Ugariak dira ardiak ere, Europako Batasunak ematen dituen diru-laguntzei esker errentagarriak direlako.