X. OLIBONDOAREN ETA MAHATSONDOAREN LABORANTZA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 17:17 16 nov 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Olibondoa

Oliba-eremuak

Olibondoa (Olea europaea) duela bi mila urte baino gehiagotik[1] Ebro ibaiaren haranaren historian eta paisaian presente dagoen arbola mediterraneoa da, erromatarrek eta arabiarrek babestu zutena, Iberiar Penintsulan aurretik, greziarren, feniziarren eta kartagotarren ekarpenei esker, zeuden ekoizpen teknikak hobetuta.

Gaur egungo oliba-eremuen garaiera Nafarroako eremu behereetako 350 metroetatik laboreak hartzen dituen Arabako leku batzuetako 700 metroen artekoa da. Mediterraneorako distantzia 300 km baino pixka bat gehiagokoa denez, olibondoaren laborantza egiten den trantsizio kontinentaleko klimaren ezaugarrien artean daude kontraste termikoak, plubiometria urria (500-700 mm urteko), intsolazio handia, Ebroaldeko ipar haizearen eragina (ipar ipar-mendebaldeko haize lehor eta hotza) eta izozterik gabeko tarteen laburtasuna. Horiek guztiek espezie honen laborantza baldintzatzen dute, eta salbuespen gisa baino ez da agertzen alegiazko lerro batetik iparrera dauden mikroklimen mendeko eremu jakin batzuetan.

Eremu osoan izan dira gorabeherak, historian zehar, labore honen presentziari dagokionez, eta gorabehera horietan garrantzi handia izan dute: lursail-biltzeek, nekazaritzako jabetzak eta haien erabilera berrordenatzea eragin zutelako; olioaren eta produktua biltzeko esku-lanaren prezioen gorabeherek; eta, gaur egun, Europar Batasunak oliba-eremuen zabalerari buruz emandako aginduek, landutako lurraren azalera gorakada moderatuan baitago, landatze berrien ondorioz, sor-marken babespean; bai eta dieta mediterraneoaren ospe on gero eta handiagoak ere, eta erakundeek emandako babesak, oliba-olioa gaur egun merkatuan lehiatzeko moduko produktua, baita are nazioartean ere.

Olibondoaren laborantzari gaur egun aitortzen zaion beste alderdi garrantzitsu bat paisaia, fauna basatia. eta ingurumena osorik oro har. mantentzearekin lotuta dago. Oliba-eremuak ingurune naturalaren kontserbazioan lagundu du mende askoan zehar, gizakiaren esku-hartze minimo batekin, eta nekazaritzako lurrari eusten lagundu du, higadurak eragindako kalteak eragotzita.

Mahatsondoa

Aurrekari historikoak

Mahatsondoa, Ekialde Hurbilekoa jatorriz, Antzinaroan zabaldu zuten Mediterraneoan feniziarrek, greziarrek eta erromatarrek, eta Hispanian ezarri. Erromanizazioan zehar, mahastizaintza Ebro ibaiaren haranaren goialdean eta erdialde osoan zabaldu zen, kontserbatutako hilarrietan, mosaikoetan eta zeramika lanetan ageri diren mahatsondoaren hainbat irudikapenek egiaztatzen dutenez, bai eta ardoa antzinatik existitzen dela frogatzen duten anforen aztarna arkeologiko ugariek ere.

Moredan, Arabako lurraldearen hegoaldeko mahastizaintzaren eta ardogintzaren gune nagusian, kontserbatzen diren erromatarren garaiko zenbait nekazaritza ustiategitan, mahatsondoa landu eta ardoa egiten zen, eta biztanleek edari hori Donemiliaga Kukulako monasteriora eramaten zuten sari gisa X. mendean. Erdi Arokoak dira Arabako Errioxako haitzuloetako dolare batzuk, Bastida, Guardia, Moreda, Villabuena, Leza... herrietan, Errioxa Garaiarekin kontaktuan dagoen eremuan; Errioxa Garaian ere ugariak dira halakoak, Ábalosen, San Vicente de la Sonsierran, Rivas de Tereson eta abarretan, eta horiek lurralde horrek duela mende askotatik hona mahatsa lantzeko eta ardoa ekoizteko izan duen bokazioa baieztatzen dute[2]. Mahastien laborantza monasterioen, musulmanen menderakuntzaren ondorengo birpopulaketaren eta Donejakue bidearen erritmo berean zabaldu zen, eta azken horrek Nafarroarekiko, Frantziarekiko eta Europako gainerako herrialdeekiko kontaktua erraztu zuen, bai eta Gaztelarekikoa ere.

Nafarroaren kasuan, Kristo aurreko I. mendean, La Custodia herrixka protohistorikoan, beroien antzinako Vareian, Viana udalerrian, dokumentatuta dago ardoaren kontsumoa simposiumaren erritoan. Herrixka horretan, ardo-anforak, zeramikazko edalontziak eta brontzezko burruntzaliak agertu dira. Ardogintza dokumentatuta dago erromatarren garaian, Ledea, Funes, Faltzes eta Arellanoko (Musen Herria) upategietako aurkikuntza arkeologikoek baieztatzen dutenez; ardo-merkataritza bat izan zela eta Ebro ibaiaren bidez ardoa esportatzen zela frogatzen dute horiek.

Mahastiek 1840 eta 1890 artean izan zuten zabalkunderik handiena, Frantziatik iritsitako ardo eskaeraren ondorioz, Frantziako mahastiak asko murriztu baitziren oidioaren eraginez, baina hortik aurrera behera egin zuen ardogintzari eskainitako espazioak, hainbat gaitz agertu zirelako, hala nola, oidioa bera, gure herrira geroago iritsia, mildiua eta, batez ere, filoxera; Nafarroako mahastien azalera osoa 50.000 ha izatetik 700 ha izatera iragan zen horien ondorioz, eta mahastiek galdutako azalera zerealek hartu zuten gero, eta, neurri apalagoan, azukre-erremolatxak. XX. mendean, Nafarroako Foru Aldundiaren jarduera prebentiboak, landako aurrezki kutxen agerpenak eta kooperatibismoaren bultzadak mahatsondoaren laborantza berriro suspertzea eragin zuten: lagungarri izan ziren merkatuen liberalizazioaren inguruko neurriak ere, bai eta Espainia Europako Ekonomia Erkidegoan sartzetik eratorritako produktuen eskaintza eta eskaera batu beharra ere; horrek Nafarroako upategien modernizazioa ekarri zuen, partikularrena zein kooperatiboena (azken horietan egiten da Nafarroako ardoaren % 80).

  1. Olibazaintzaren laburpen historiko bat eskaintzen da, aztertutako esparruaren barruan, hemen: David ALEGRÍA. “Molinos de aceite y trujales antiguos en Navarra y Álava” in Auñamendi Eusko Entziklopedia. (Bernardo Estornés Lasa Funtsa). Eskuragarri hemen: http://www.euskomedia.org/aunamendi/153889/142192.
  2. Rosa Aurora LUEZAS. “Testimonios arqueológicos en torno a la vid y el vino en La Rioja: épocas romana y medieval” in Berceo. 138 zenbakia (2000) 7-37 or. Haitzuloetako dolareek morfologia soila dute: arbendol itxurako bi hutsune zirkular edo bi hutsune laukizuzen, torco deitutakoak (Erdi Aroko monasterioetako dokumentazioan dolareei deitzeko erabiltzen den torculario hitza dakar gogora izen horrek); beste bat, handiagoa eta sakontasun gutxikoa (pileta, pocillo), mahatsak bertan sartu eta zapaltzeko; eta beste bat, txikia baina sakonagoa, bilketako kanal txiki baten bidez piletako zapalketatik isuritako muztioa biltzeko, seguru asko azaoa osatuz bildutako aihen sorta batez hornitua, urradurak, mahats-azalak eta pipitak iragazteko. Batzuetan, horien ondoan hondeatutako zuloak ageri dira, prentsak (habe baten zuraz eginak edo tronukoak) ahokatzeko erabiliak beharbada.