IX. FRUTA ARBOLEN LABORANTZA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 17:37 16 nov 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Fruta dietaren parte garrantzitsua izan zen, informatzaile nagusien artean behintzat. Horregatik, etxe gehienek fruta arbola ugari izaten zuten. Jarraitzen zen estrategia zen ahalik eta espezie gehien landatzea, eta haietako bakoitzaren barruan zenbait aldaera izatea, fruta nahikoa izatea bermatzeko, tenore desberdinetan loratzen eta heltzen zirenez, eta eskakizun desberdinak zituztenez, zaila zelako eguraldiaren baldintza kaltegarriek arbola guztiei eragitea.

Baratzeko ohiko espezieak ziren, eta hala dira gaur egun ere, madariondoak, pikondoak, uztapikondoak, irasagarrondoak eta andere-mahatsak. Intxaurrondoak etxetik gertu egon izan dira, baina ez beti baratzeetan, lur zati txikietan baino. Gereziondo batzuk ere landatu izan dira bi guneotan.

Pixka bat urrunago landatzen ziren sagarrondoak, campa[1] deritzenetan, llosa[2] deritzenen barruan, eta llosetatik harago kokatutako cierro[3] eta belardietan. Horrek ez zuen eragozten etxetik gertu sagarrondoren bat ere haztea. Ohikoa zen familia askok gutxienez sagasti bat edukitzea, hau da, “plantado a manzanos” (“sagarrondoka landatuta”) zegoen lursail edo belardi bat. Landen barruan, mugetan landatzen zen, eta belardietan, hondera deritzenetan, belardien zatirik beherenetan, eta regatada deritzenetan.

Sagastien antzeko banaketa izango zuten mahastiek; hala pentsarazten du mahastiekin lotutako toponimoak dituzten onibarren kokapenak, bai eta hamarkada batzuk geroago, filoxeraren ondoriozko desagerpen masiboaren ondoren, mahastiak ustiatzen jarraitu zuten informatzaileen oroitzapenek ere.

Auzorik garaienetan, mendietatik gertu, belardiak amaitu eta landu gabeko komunala hasten zen tokian, gaztainondoak hazten ziren. Arbola horiek, batez ere fruitua ematen zutenek, jabea zuten beti, nahiz eta jaberik gabeko lursailean hazi. Ez zen hori ezohiko egoera, kontuan hartuta komunalean hazitako zurgaietako askok jabea zutela. Txertatutako gaztainondoak, fruitu preziatua ematen zutenak, jabe bakoitzarenak sorta batean batuta hazi ohi ziren. Gereziondo asko ere lursail horietan hazten ziren, eta batez ere siebe deritzenetan; gehienak txertatu gabe, baina, montxinoak izan arren, aho sabairako atsegina zen fruitu batekin.

Informatzaileei fruta arbolen banaketa horren arrazoiaz galdetuta, garrantzi handiagoa ematen diete kontsumorako maiztasun handiz bildu beharreko fruituak dituzten espezieak gertu izateari, lapurretak eragozteko, zaintzari baino. Esaten dute lapurretak ez zirela ohikoak, auzotar gehienek fruta ugari zutelako eta praktika zabaldua zelako etxeen arteko trukea. Horrela, gainera, fruta galkorra hobeto aprobetxatzen zen, etxekoek soilik kontsumituz gero, zati handi bat usteldu egingo baitzen. Auzokide batek fruta pieza bat jasotzea, bidean kontsumitzeko, ez zen lapurretatzat jotzen; asko jota, jabeari baimena eskatzen zitzaion gertu baldin bazegoen, eta erantzuna baiezkoa izaten zen beti, “har ezazu nahi duzuna” edo tankera horretako zerbait.

Biltzaile-harrapakari jarduera, lapurretatzat hartua batzuetan, ume eta neska-mutil koxkorren kuadrillen kontua baino ez zen, eta haien frutarik maiteena gerezia zen, dudarik gabe.

Fruta arbolen laborantzak gorabehera asko izan ditu. Ikertutako lurraldeen artean, lursail-biltzea egin zenetan fruta arbolen kopurua asko murriztu zen; sailen mugetan landatu ohi zirenez, eta lursail handiagoak sortzeko asmoz onibarrak batu zirenean erdiko guneetan geratu zirenez, moztu egin baitzituzten.

Espezializazio gero eta handiagoak ere, isurialde atlantikoan abeltzaintzaren aldera eta isurialde mediterraneoan zerealaren aldera, eragina izan zuen murrizpen horretan.

Lehen esan dugun bezala, sagarrondoak sail batean kontzentratzen zirenean sagasti bat osatuz, han bazkatzeko ez zen sartzen ardia beste aziendarik. Belarra ere aprobetxa zitekeen berdean segatuz. Behiak ez ziren sartzen arbolek hostoa zuten aroan, haiei kalterik ez egiteko, eta are gutxiago sagarrez beteta zeudenean, haiek jaten eztarria trabatuta behiren bat edo beste hiltzeko arriskua baitzegoen. Sagastiak artean ere bazka baldin bazuen urrian eta arazoan, fruta bilduta eta hostoak erorita zeudenean, han bazkatzen uzten zitzaien, “ez dietelako kasurik egiten kimuei”.

Itotzeko arriskua handiagoa zen behiek sagarrak arbolatik jaten zituztenean, horrela, buruaren jarreraren ondorioz, errazago geratzen baitzen sagarra eztarrian trabatuta, lurretik hartutako sagarra jatean baino. Fruta gehiegi jaten baldin bazuten, haizeak jo eta gero zorua rustrido edo sagarrez betea zegoenean adibidez, beste arrisku bat zegoen: fruta, hausnarkari hauek duten digestio-mikrofloraren eraginez, gilborrean hartzitu eta, horren ondorioz, behia mozkortu zitekeen. Mozkorraldia besterik gabe pasatzen zitzaion behiari, baina gogoz kontrako konplikazio bat sortzen zuen, esne ekoizpenak beherakada nabarmena izaten baitzuen halakoetan. Behiei mendekotasuna sortzen die fruta horrek, eta, horregatik, sagar garaian beti ematen zitzaion arreta konplikazio horri[4].

Espezializazioak fruta arbolak zaintzeko denbora gutxiago izatea ere ekarri zuen, eta lursail-biltzearen eta behiak ugaritzearen ondoren mozketatik salbatu zirenak zahartu egin ziren pixkanaka, zaintza handirik jaso gabe, eta lehortzen zirenen ordez sagarrondo berriak lantzeaz arduratuko zuen inor izan gabe.

Kontu hauek komunak izan dira beste herri batzuetan ere. Fruta arbolen kopuruaren beherakada bultzatu zuen beste faktore bat izan zen nork bere burua frutaz hornitzeko premia gutxitu egin zela, merkatuan fruta eskaintza zabaldu zelako eta atzerriko laborantzako fruta berriak ere sartu zirelako.

Gaur egun egoerak erabateko aldaketa izan du, globalizazio gero eta handiagoak (gaur egun lantzen diren arbola batzuk, kiwia eta kakia adibidez, exotikoak dira) kontsumitzeko ohiturak aldatu dituelako; horren ondorioz, oso dibertsitate handia dago jaten diren frutetan, bai eta dauden klima-baldintzen barruko arbolen laborantzan ere.

Fruituak jaten dira fresko, eraldatuta (azken buruko gisa, sagar erreak edo konpota, adibidez), kontserban (almibarrean, marmeladak) edo zuku hartzitu gisa (sagardoa, ardoa eta eratorriak).

  1. Llosa baten barruan belardi izatera bideratutako lursaila, kasu gehienetan etxetik urrutien zegoen lekuan.
  2. Laborantzako lursail multzoa, belardi batzuk ere tartean direla, azalera murritzekoa eta auzo bateko biztanleen jabetza zena, itxierako perimetro komun batekin.
  3. Partikular batek udaletxeari ordaindutako kanon baten truke itxitako lursail komunala, kasu gehienetan belardi bihurtzeko.
  4. Laiak luzaz gorde ziren etxeetan lurra lantzeko erabiltzeari utzi eta gero ere, hain zuzen ere, eztarria trabatutako behiak salbatzeko. Abereari ahoa zabaltzea lortu eta gero, laiaren bi hortz sartzen zitzaizkion barruan, ahoa berriro ixtea eragozteko, eta horri esker esku txikiko eta beso meheko pertsona batek trabatutako sagarra mugitzeko aukera zeukan.