Haur-jokoak direla eta

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 16:30 2 mar 2020 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Español • ‎Euskera
Le jeu de l'enfant représente la source fondamentale qui jaillit des nappes souterraines les plus sacrées et d oú procédent toute culture, toute grande force créatrice.

PROBENIUS 

Gizakiak jokoa du lagun jaio eta gehiago, munduan dirauen artean; hala ere, ez da gauza bera jokoa, haurrentzako eta sasoikoentzako. Nagusiek euren bizimodua guztiz daukate arauturik, aldez aurretik, euren betebeharren arauera eta, horregaitik bada, euren olgetak, edo lanean bota ez dituzten izerdiak botatzeko, edo gogoko dituzten ariketekin lanaren nekeak eten eta arintzeko izan ohi dira.

Haurrak, ordea, jokoa denbora beteko ekintza du, berezkoena gainera. Honetara azaltzen du umeen olgeta gure esaera batek: haurrak, haurlan.

Haurraren begietan jokoa, beraz, ez da denbora-emangarri hutsa; gehiago oraindik ere, egun osoko ihardunaldia du; tokiak eta denborak bat egiten duten ekintza.

Haurren gizataldea

Egokiera duten guztian, haurrek haurretara egin ohi dute; nagusiak baztertu egiten dituzten haur-gizataldeak osatzen dituzte. Hala ere badituzte egitura herarkikoak, mailetan edo bereizten dira; mutikorik sendoena edota neskarik abilena egin ohi dute talde-buru. Sendoak ez direnak, txikienak edota taldean sarturik ez daudenak bigarren mailakoak dira. Neska-mutikoek olgetetan dauzkaten harremanak haurren munduaz gain dauden legeek zuzentzen dituzte, baina ez dira horregaitik gutxietsi behar.

Haurren arauak eta jarrerak ez dira badaezpadakoak; finkoak izan ohi dira eta haurretan belaunaldiz belaunaldi batzuetatik besteetara igaro izan dira.

Haurren gizataldeotan arauak ikasi eta irakatsi egiten dira, era askotako jokoetan, zotzetan egitean hautapen eta baztertze arauetan, formula edo lelo eta kantuetan, eta erabiltzen diren keinu eta ohikuneen esanguran.

Haurrek beste haurrengandik ikasiriko jokootan gauzarik garrantzitsuena ekintza bera zen[1]. Jostailurik gabeko jokoak gehien bat, eta halakorik egotekotan behin-behinekoenak beti: makila bat, soka bat, harri puska batzuk edo sakak. Olgeta indarra eta arintasuna, zaulitasuna edo abilezia erakusteko abadagunea zen. Jokoa norgehiagoka hutsa zen.

Sarritan haurrek nagusien keinu eta itxurak egiten zituzten eta horretarako horien ekintzen antzezpena egiten zuten, ogibideetara jolastuz: «Dendetara», «Ugazabandraka», «Medikutara», «Prozesioetara» ( «Jangoiko artzaileak» ),... Nagusien mundua haurren olgetetan isladatzen da, haren ispilua balitz bezala.

Sexu-desberdintasuna jokoetan

Gizonezkoek eta emakumezkoek guztiz betekizun eta jarrera desberdinak zeuzkaten gizarte zaharrean, desberdintasun horiek neska eta mutikoen jolasetan euretan ere nabari-nabariak izan dira.

Ohizko gizartean, indarra eskatzen zuten jokoak mutikoenak bakarrik ziren, baita zelan edo halako bortxa beharrezko zutenak ere: lasterketetako dendaketak, jauziak, jaurtiketak, borroken itxurak egitea, animalia txikien ehiza, eta abar. Horren parean neskek olgeta geldiak egiten zituzten batipat, imitaziozkoak eta antzezpenekoak, panpinetara eta sukaldetara esaterako; abileziazko jokoak ere, sakak edo tortoloxak, eskuz hariekin, diaboloak eta antzeko jostailuekin; jauzi erritmikoak, sokan, eta abar. Neskak izan dira batez ere jokoak kantuen laguntasunarekin egin izan dituztenak.

Hirurogeigarren hamarkadan, Lehenengo Jaunartzearen ostean, zazpi bat urtekin edo, berez berez ezartzen zen sexuen banaketa haur jokorik gehienetan. Neska batek mutikoentzako jokoetan parte hartzen zuenean mari-mutil esaten zitzaion euskaraz, eta chicazo, mari-chico, mari-muete edo mari-macho erdaraz. Mutiko batek nesken jokoak egiten bazituen, ordea, maritxu esaten zitzaion euskaraz eta mari-chica, mariquita eta antzekoak erdaraz. Gure inkestak bildu izan diren tokiren batzuetako kantuek derrigorrezko banaketa honen berri ematen dute. Obanosen (N), esaterako, eta San Román de San Millanen (A) , banaketa-legea hausten zenean hauxe kantatzen zen mehatxu gisa: «Chicos con chicas, van a pecar. El Diablo se ríe, Dios va a llorar». Modu beretsuan Durangon (B) ohi zenez: «Chicos con chicas, van al infierno. La Virgen llorando y el Demonio riendo».

Joko askotan desberdintasun hauek baziren ere, horietariko batzuetan beharrezkoa zen neska-mutilak batera ihardutea. Sexuen arteko banaketa hori indarra galtzen joan da baita haur gutxiko herrietan. Zenbat eta neska-mutilak gutxiago, orduan eta derrigorrezkoago batzuk eta besteak elkarrekin olgatzea.

Sexu-banaketak gaur egunean ere badirau jokoetan baina orain ez da hain markatua eta ez dago ezta lehen bezalako arriskua. Egoera berri honetarako lagungarri izan dira eskola mixtoko sistemak, nesken eta mutikoen arteko harreman ohizkoago eta normalagoa ekarri dutenak. Hala ere bada joera bat neskek nesketara eta mutilek mutiletara egiteko.

Jokoak eta urte-aroak

Jokoetariko asko urteko edozein arotan egin daitezke; hala ere horietarik batzuk aro batekiko eraspen edo atxikimendu berezia dute. Hauetarik markatzekoak dira naturean egiten zirenak. Arrazoizko denez, animalia, landare eta fruituekin egiten zirenak hauen bizietara moldatu beharra zuten.

Kanpoan egiten zirenak eguraldi onarekin egin behar ziren, baina egurats zakarrarekin haurrek, sarri askotan nagusiekin kinkan, eleizpeak, atarteak edo beste aterpe batzuk hartzen zituzten jolastoki.

Ohizko gizartean, gainera, jokoak aroka agertu ohi izan dira. Bazen txontekin edo kukubolan aritzeko aroa, beste bat botiletako txapekin, intxaur eta gaztainekin (udazkenean) edo sakak edo tortoloxekin (udaberrian) aritzekoa. Neska zein mutiko-taldeek aroan aroko olgetetan iharduten zuten.

Gaur egun jokoen arokotasuna ez da hain agerikoa. Hala ere jokoen arokotasuna zelan edo halan zuzentzen duen beste gai bat ere bada tartean: komunikabideetako iragarkiak eta batez ere telebistakoak. Hauek umeek jostailu jakin batekin jolastu daitezen lor dezakete, eta behin hau zaharkiturik geldituz gero, baztertu eta indarrean dagoen besteren bat erabiltzera behartu.

Unibersaltasuna eta zahartasuna

Beste garai batzutara edota beste kultura-giro batzutara joz gero, gure herri eta hirietako neska-mutilek egin izan dituzten olgeten antz haundiko beste batzuk agertzen dira, harrigarria bada ere. Eta gure artean bertokoentzat ditugun horiek dira izan ere unibersalenak.

Txontan, kastorka edo potxoloka, txirringolan, gorgoinetan edo zibo-ziboetan kulunkatu, gorabeheretan, asto-astoka eta itsu-itsuka Europan ere aintzina-aintzinatik egin izan da. Guzti hauek eta beste asko ere Parisen 1657.ean argitara eman zen Les jeux et plaisirs de l'enfance izeneko berrogeita hamar bat jokoren bilduman bertan azaltzen dira. Obra honek Jacques Stellaren, Frantziako erregearen pintore izan zenaren, irudi txito ederrak dakartza, eta derrigorrezko berri-iturri dugu berau gure haur jokoen jatorrira heltzeko[2].

Arlo honetan antzerako informazioa jaso liteke Vienako Kunsthistorisches Museumean dagoen Pieter Brueghel Zaharraren Haur-jokoak izeneko koadroaren azterketatik. Pintura honetatik jaso litekeenez, 1560.ekoa dela kontutan hartuta, Flandriako haurrek garai haretan txirringolan, izkutaketan, kaniketan, ogibideen itxurak, prozesioetara, panpinetara, dendetara, zapiarekin, zankoetara, txorro-morrora, eta abar, eta abar egiten zuten. Pintore flandiarrak azaltzen dituen larogeita lau jokootatik asko eta asko oraintsura arte gurean erabili izan dituztenen antz handikoak dira.

On Joxemiel Barandiarangoak esan zuenez «haur olgeta askotan igarotako belaunaldien oroimena eta aintzinako siniskeren aztarrenak zaindu dira muinean...». Guzti hau argitzeko zera azaltzen zuen: «Konzalo izeneko jokoan, Ataunen (Gipuzkoa) zabal-zabal dabilena, galtzen duenak hormaren kontra jarri behar du makurturik eta garailea eutsiz (bere bizkar gainean jezarrita dagoena), eta sorbaldan jartzen dizkion atzamarren kopurua igartzen ez badu, bien bitartean zera esanik: anda, manda, zenbat beatz. A Coruñako De codín, de codín, eta Sevillan Recotín recotín, eta erromatarren Bucca, bucca quot sunt hic? joko berbera ditugu»[3].

Iraupen handiko beste joko batek Euskal Herriko toki askotan «Artzain jokua» hartzen du izena, erdaraz «Tres en raya». Ovidio olerkari latindarrak, joko berberau azaldu zuen orain bi mila bat urte bere Ars amandi obran (III, 365,366), honako lerro hauetan[4]:

Parva tabella capit ternos utrinque lapillos In qua vicisse est continuasse saos.
Beste taulatxo batek jokalari bien hiruna harritxo biltzen ditu / eta honetan, irabaztea norberarenak (harria) hurrenez hurren egon daitezen lortzea da.

Txintxirikaren antzeko beste joko batzuk, gure artean Infernakuluari deitzeko era, sakak edo kumak hedadura haundikoak izan dira Europatik kanpo ere[5].

Jokoetarako erabiltzen diren formula eta kantuek sarri askotan, urteak joan eta urteak etorri, erdi-galduriko sineskera edo gertakizun edo pertsonaia ospetsuen berri ematen dute. Jokalariak hautatzeko erabiltzen zen formuletariko batek gogora dakarkigu gaur egun sorginei egozten zaien hitz-jokoa:

Txirristi mirristi
aurrena plata
olio-sopa
kikili-saltsa
urrun, perro, klik.

Baina batez ere soka-saltuan edo joku erritmikoetan erabiltzen diren kantuak dira, balada edo erromantze azaleraz, lehenagoko gertakizunen berri gordetzen dutenak. Esaterako, Juan Carlos Guerrak Mondragoen 1915.ean jaso zuen joko-kanta hau:

Errege Don Felipen
zaldunak garade.
Oneitxek gaztetxuok
zer gura ete dabe?[6]
Somos los caballeros / del rey Don Felipe. / Estos jovencitos / ¿qué es lo que desean?

Jazoera hau gutxienik XVIII. mendean kokatu behar da, Nafarroan eta Espainian ere izen hori zuen azken erregea 1746.ean hil zen eta.

Ohizko jokoen krisia

Ohizko jokoen krisiaren arrazoian, sarritan hemengo hauek azaltzen dira: olgetako tokirik eza eta telebistak umeengan duen eragin handia. Hauek guztiz baztertu barik, krisia gure ustez beste arrazoi konplexuen ondorio ere bada.

Ohizko gizartean bizimodua eta lana bera ere etxaldearen inguruan egiten zen eta gehienez ere gizarte-gune horren ingururik hurbilenera hedatzen zen. Haurrak orduan nagusiekiko harreman jarraikoa zeukan, eta adin bateraz gero, nagusien lanak betetzen hasten zen. Harreman honetan belaunez belaun igarotzen ziren lanetako trebetasunak eta teknikak, ezagutzak, sineskerak, sineste moralak, sinboloak eta beren esanahiak.

Eskolako eginbeharrak bigarren mailakoak ziren eta haurrik gehienek irakurtzen ikasi, idazten eta kontuak egitearekin nahikoa zuten.

Herriko edo auzoko eskola-ume guztiak biltzen zituen eskola hura horrezaz gainera adin askotako haurren bilgune zen.

Baina nagusien gizartearen antzera ere haurrenean aldaketa izugarriak izan dira. Lehenengo eta behin, teknika aldeko konplexutasun handiagoa dago lanean; honekin haurraren lanerako prestakuntza baloratu egin da, egoera berri honi aurre egiteko. Eskolak garrantzi handiagoa du bere bizimoduan: eskolaldia luzatu eta gogortu egin da. Lehenegoko jolasaldi luze hura «errekreo» hutsetara murriztu da, eta asteburuetara.

Jolas-tresnak ere aldatu egin dira. Lanabasek eskuz egiten zituen gizartean artisau-teknikak sarri egiten ziren nabarmen ziren jostailuak egiterakoan. Gizarte industrialak, ordea, seriean eginiko jostailuak eskeintzen ditu, osagai mekaniko edo elektrikoekin eta jaioberri den gizarte konputerizatuak haurrei jostailu automatizatuak eskeintzen dizkie gaurregun.

Laburbilduz, nagusien munduan egon diren aldaketek zuzeneko islada dute haurren munduan. Ezin ahantz liteke gainera, aldaketa horiek ohizko joko askoren oinarrian dauden sineskera, sineste eta ohikuneen atzetik daudela; horretariko askok esanahia hutsa izango dute, batzuk galduz joango dira, baina beste batzuk iraun egingo dute eta egoera berrira moldatu.

  1. Carmen BRAVO VILLASANTE. «Estudio preliminar», P. Santos Hernandezen Juegos de los niños en las escuelas y colegios lanari eginikoa. Palma de Mallorca, 1986, IX-X or.
  2. José J. Olañeta editoreak berak zuzentzen duen «Los jóvenes bibliófilos» deritzan sortan (16. alea) lan honen gaztelerazko argitarapena eman du berriki: Juegos y pasatiempos de la infancia. Palma de Mallorca, 1989. Jacques Stellaren irudietarik batzuetara joko dugu guk bilduriko joko baten edo besteren azalgarri gisa.
  3. José Miguel de BARANDIARAN. «Contribución al estudio paletnológico del pueblo vasco. El magismo» in OO.CC. Tomo V. Bilbao, 1974, 2. oharra, 230-231. or.
  4. Cfr. Rodrigo CARO. Días geniales o lúdricos. Madrid, Espasa Calpe, 1978, 163. or.
  5. F.V. GRUNFELD. Juegos de todo el mundo. Unicef. Madrid, Edilán, 1978.
  6. Juan Carlos de GUERRA. «Fruslerías vascas. Un juego infantil» in Euskalerriaren Alde, V (1915), 16. or.