XXII. HORTZALDIAK. ENURESIA. HIZKETAKO ETA NERBIOETAKO ARAZOAK

Esta página es una versión traducida de la página DENTICIONES. ENURESIS. PROBLEMAS DEL HABLA Y DE LOS NERVIOS. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Hortzaldiak

Lehen hortzaldia, lehenengo txantxurrak

Beste garai batean hainbat prozedura erabili ziren haurren hortzen hazkundea estimulatzeko, hala nola barruan trikuen, basakatuen edo zaldien hortzak zeuzkaten zakutoak zintzilikatu lepotik (Laudio-A, Larrabetzu eta Bedia-B); xede berarekin erabili ziren basurdeen letaginekin edo hausnarkarien haginekin egindako zintzilikarioak ere[1]. Egiaztatu da Legazpin (G) satorren hortzak erabili zirela[2]. Azkuek praktika bori egiaztatu zuen Arratian, Markinan, Otxandion (B) eta Oletan ere (A). Egile berak dioenez, Txulapainen (N) satorren erpeak josten zituzten zakuto batean eta haurrari lepotik zintzilik jartzen zizkioten[3].

Euskal Herri kontinentalean, haur bati beheko hortzak goikoak baino lehenago irteten bazitzaizkion, esaten zen ez zela luzaz biziko[4].

Inkesta egindako herri gehienetan ohikoa izan zen haurrei hezurrak edo beste objektu gogor batzuk zintzilikatzea edo ematea hortzaldian. Xedea zen haiei hozka egitean arintzea hortzoien hanturak eragindako ezinegona, listua jariatu eta egoztea erraztea, eta are hortzoien zisura eragitea ere hortzen ernetzea bultzatzeko.

Badirudi ogiaren azalari hozka egiteko ohitura baino zaharragoa dela horretarako urdaiaren azala erabiltzekoa; XX. mendearen hasieratik dago horren berri Agoitzen (N). Egiaztatu da, halaber, urdaiaren azalaren erabilera Zeberion ere (B). Zangozan (N) ondo ondutako urdaiazpiko zati bat erabiltzen zen, “gatza zeukalako”.

Berrikiago, hirurogeiko hamarkadaz geroztik, gomazko edo plastikozko objektu gogorrak merkaturatu dira, batzuk uztai forma eta helduleku bat dutenak eta beste batzuk hezur formakoak, haurrek haiei hozka egiteko (Agurain, Berganzo, Bernedo-A; Durango-B; Agoitz, San Martin Unx-N). Horiei chupadores (Artaxoa-N), mordedores (Agoitz) edo masticadores (Obanos-N) deritze, eta horietako batzuek ura daukate barruan, halako moldez non hozkailuan sar daitezkeen, haurrak haiei hozka egitean hotzak eragozpenak arindu ditzan. Bermeon (B) esaten dute txilin bati lotutako hezur bat erosten zela eta xingola batekin haurraren lepotik zintzilikatzen, narritatuta sentitutakoan ahora eraman ahal izan zezan.

Enuresia

Haurrek txiza egiten sarritan jartzearen poderioz ikasten dute gernu egitea kontrolatzen beren bizitzako lehen etapan, harik eta nagusiei eskatzea lortzen duten arte. Baina batzuek normaltzat jotzen dena baino denbora gehiagoan jarraitzen dute ohean txiza egiten lo dauden bitartean.

Mendiolan (A) esaten dute haurrek beren oihalak bustitzea eragozteko erremediorik onena dela txiza egiten ohitzea, hala egunez nola gauez, txizontzian jarrita, batzuetan beharrik ez baldin badute ere. Gauean, beharrezkoa izanez gero, iratzarri eta jaikiarazi egiten dira, ohitura sortzeko (Agurain, Apodaka, Mendiola-A; Beasain-G).

Erriberagoitian (A) eta Gorozikan (B), sarritan txiza egiten jartzen ziren, harik eta beraiek eskatzen ohitu arte. Murchanten (N) ordu jakin batzuetan txiza egiteko ohitura harrarazten zitzaien, eta harrarazten zaie.

Erriberagoitian (A) gauez oihal bat ezartzen zitzaien, harik eta goizetan lehor jarraitzen zuela egiaztatzen zen arte. Orduan, oihala kendu eta txizontzi bat ezartzen zen gelan. Gogoa zeukanean, haurrak amari deitzen zion eta amak txizontzi hartan txiza egiten jartzen zuen haurra, ukuilura jaitsi beharrik gabe, nagusiek txiza egiten zuten eta libratzen ziren lekura.

Hizketako arazoak. Gorrak, mutuak

Erremedioak

Oso praktika gutxi jaso da arazo hauek konpontzeko, salbuespen gutxi batzuetatik landa: mihi-haria ebakitzea lehen adierazi den bezala, haur gorren arretarako zentro espezializatuetara jotzea hitz egiten ikas dezaten, eta totelak heztea nahastu gabe ahoskatzea lor dezaten. Sendatzeko erabili diren praktika bakarrak sinesmenean oinarrituak izan dira.

Abadiñon eta Durangon (B), haur bati hizketan ikastea asko kostatzen zitzaionean, “pobreen ogia” ematen zitzaion, hau da, eskaleek etxeetan eskatzen ibiltzen zirenean eramaten zuten ogitik. Arabako Mendialdean, haurra goiz has zedin hizketan, onuragarritzat jotzen zen eskale batek jasotako ogitik jaten ematea[5].

Karrantzan (B), eskeko bat haurrak zeuden etxera iristen zenean, ogia aldatzen zioten eta pobreak ekarritakoa haurrei ematen zieten, mingaina trabatu gabe eta jariakortasunez hitz egin zezaten[6].

Izurdiagan (N), haurrek hizketan ikas zezaten, ahoa ur bedeinkatuz busti ohi zitzaien Zapatu Santuan, etxe guztietan zeukaten ur bedeinkatuaren ontzitik.

Nerbio-espasmoak, tirtikinak

Konbultsioen aurkako erremedioak

Mendiolan (A), haurra hitzez, bainu epelekin edo lasaigarriekin lasaitzen saiatzen dira. Beste kasu batzuetan, besterik gabe, aurpegia bustitzen zaio uretan blaitutako oihal edo zapi batekin.

Moredan (A), batzuetan ez da ezer egiten, iragan arte itxaron baino ez. Beste batzuetan, bere onera itzul zedin ur pixka bat botatzen zitzaion. Ur hotzeko edo epeleko bainuak eta botikak ere erabili izan dira. Agoitzen (N), giroko tenperaturan dagoen uretan bainatzen da. Elosuan (G), zapi bat bustitzen zen ozpinetan eta bekokian ezartzen zitzaion. Vianan (N), haizea ematen zitzaion abaniko batekin.

Tebasen (N), amorrualdi bat zeukanean chapada bat ematen zitzaion, zaplada bat. Beste konponbide bat zen ur hotzetan murgilaraztea.

Abadiñon (B), haurrek noizean behin izaten dituzten haserrealdiei kasketa deritze. Uste da onena dela kasurik ez egitea, askotan haien asmoa nagusien arreta bereganatzea baita, eta konturatzen baldin badira haserrealdiarekin ez dutela hori lortzen, hura bertan behera uzten baitute.


  1. José Miguel de BARANDIARAN. “Creencias y cultos megalíticos” in El mundo en la mente popular vasca. I. liburukia. Donostia: 1960, 180-181. or.
  2. José Miguel de BARANDIARANek jasoa: LEF. (ADEL).
  3. Resurrección Mª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza, I. Madril: 1935-1947, 71. or.
  4. Juan THALAMAS LABANDIBAR. “Contribución al estudio etnográfico del País Vasco continental” in Anuario de Eusko-Folklore. XI. liburukia. Gasteiz: 1931, 26. or.
  5. Gerardo LÓPEZ DE GUEREÑU. “Folklore de la Montaña Alavesa” in Anuario de Eusko Folklore. XX. liburukia. Donostia. 1963-1964, 26. or.
  6. José Miguel de BARANDIARANek jasoa LEF. (ADEL).