III. LABOREEN BANAKETA ETA TXANDAKATZEA. NEKAZARITZAKO EGUTEGIA

Esta página es una versión traducida de la página DISTRIBUCION Y ROTACION DE CULTIVOS. CALENDARIO AGRICOLA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Oro har kontuan hartu beharrekoak

Lehen atal honetan laboreekin lotura duten jakite orokor batzuen berri ematen da, zehazki ereiteko edo landatzeko tenore egokiei buruzkoak eta ilargiaren faseei egotzitako eraginari buruzkoak. Gai horiekin lotura duten esaerak eranskinean jasota daude. Laborantza lanak egiteko tenore egokienei buruzko lehen atala zabalago landuko da geroagoko puntu batean, nekazaritzako egutegiari buruzkoan.

Ilargiaren eragina

Iraganean uste zen laboreekin lotura duten lanetako asko ilargiaren zikloak errespetatuz egin behar direla, eta gaur egun ere bai. Uste da ilbehera dela egokiena ereintzarik gehienetarako. Letxugak, porruak eta beste barazki batzuk lortzeko, ilbeheran egin behar dira hazitegiak, aldatu eta gero landareak igo ez daitezen, hau da, lora ez daitezen eta elikagai gisa erabiltzeko ezinduta gera ez daitezen. Merkatuan igotzen diren landareak erosten direnean, hazitegiak prestatu zituztenei “ilargi txarrean” egin zutela leporatzen zaie.

Landareak lortu eta gero, beren behin betiko lekura ere ilbeheran aldatu behar dira, arestian azaldutako arrazoi berberarengatik.

Laboreen banaketa lursail moten arabera

Ohikoa izan da labore motak lur moten arabera banatzea. Hala, azalera handiena duten eta etxetik edo herritik urrutien dauden lursailetan aziendaren kontsumorako espezieak landu izan dira, edo salmentarakoak bestela, nekazaritzarekin estuen lotutako herrietan; etxeko biztanleen dietaren zati garrantzitsu diren barazkiak, aldiz, etxetik gertuago, ahal bada etxe ondoan, dauden baratzeetan hazi dira, eta baratze horiek txikiagoak izan dira eskuarki.

Laboreen txandakatzea

Laboreen txandakatzea ohiko praktika izan zen iraganean, lurraren emankortasunari eusteko edo gutxienez lurra nekazaritzako espezieen laborantza arriskuan jartzeko punturaino ez agortzeko.

Oinarri nagusia zen lursail berean labore bera ez errepikatzea, agortzea eragozteko, bereziki nutrizio-eskakizun handiko espezieen kasuan. Zenbat eta emankortasun gutxiagokoa izan lurra, eta zenbat eta aukera gutxiago izan emankortasuna berreskuratzeko abereengandik eratorritako ongarria erabiltzeko, orduan eta handiagoa zen kezka hori.

Nekazaritzako egutegia

Argi dago hilabeteen euskarazko izenek nekazaritzako lan nagusiei egiten dietela erreferentzia: ereintza, jorraketa eta bilketa. Hainbat egilek landu dute gai hori. Adibideren bat aipatuko dugu.

Euskal egutegiak nekazaritzako hainbat lanen oihartzuna dakar, Barandiaranek eta Caro Barojak azaltzen dutenez[1]:

Azaroa, azilla, azaroa, ereintzaren hila, edo gorotzilla (L), ongarriaren edo simaurraren hila.

Lotazilla, ernatzearen hila, abendua, edo neguaren hil berezkoena, negilla. Txerri-hiltzearen hila. Urtarrilaren eta otsailarekin batera, lihoaren landarea lantzeko hila zen (birrindu, ibairatu, eskuaretu eta irun).

Ilbeltza hil beltza da, urtarrila; edo urtearena, urtarrilla; edo izotzarena, izotzilla.

Otsailla, otsaila, otsoaren hila da.

Epailla martxoa da, mahastien eta, oro har, landareen inaustearen hila (ebaki).

Jorrailla, apirila, garia, garagarra eta gisako laboreen jorraketaren hila da, bai eta artatxikia ereitekoa ere.

Orrilla, ostoilla, maiatza, hostoen hila da.

Garagarrilla (gipuzkera eta goi-nafarrera), garagarraren hila da, eta bagilla (B), baben hila, ekaina.

Garrilla, uztaila, gariaren hila da, edo uztarena oro har, uztailla, uzta. Artoa jorratzeko eta negurako belarra mozteko tenorea.

Agorrilla, abuztua, lehortearen sasoia da. Amaieran artoa ereiten zen.

Garoilla edo irailla, iraila, garoaren hila da, edo buruarena, buruilla, leku batzuetan urtea hartatik hasita kontatzen baitzen. Apirileko artatxikia jasotzen zen.

Bildilla, urria, artoa uzta eta frutak (sagarrak, gaztainak) jasotzeko hila da, urrilla ere deitua hurrak jasotzen direlako; edo lastailla, lastoaren hila. Golde-lanak hasten dira uzta jaso eta gero.

Haziak

Kezka bakarra ez zen hazien aukeraketa; horrez gain, garrantzitsua zen hazia modu egokian gordetzea, ernamuintzeko ahalmena ez galtzeko. Eta ez bakarrik urte batetik bestera, ahal izanez gero denbora tarte luzeagoan ere bai, badaezpada ere labore bakoitzaren behar baino hazi gehiago gordetzen baitira. Horrela, urte horretan labore horrek huts egin eta hazia gordetzeko behar adinako ekoizpenik ez baldin bada lortzen, edo hazi hori akastuna baldin bada, gordetako erreserbak hurrengo urteko ereintza bermatzen du. Gerta zitekeen, halaber, ereintzak huts egitea eta berriro egin behar izatea, eta horretarako hazi nahikoa eduki behar zen.

Haziak ereintzarako prestatzea

Gariaren hazia ereintza baino lehen prestatzen zen galbekoa deritzon onddo-gaitza eragozteko. Prestaketa horri kareztatzea zeritzon.

Gaur egun, haziak aleen handizkako saltzaile-hornitzaileei erosi ohi zaizkie, dagoeneko prestatuta eta ereintzarako egoki. Haiek garbitzen, desinfektatzen eta kareztatzen dituzte haziak salmentako biltegian. Baina duela mende erdi nekazariak arduratzen ziren beren etxeetako aletegietan, batez ere garia kareztatzeaz, eta, horretarako, kobre sulfatoa erabili ohi zuten (kolore urdinekoa), harri forman erosi eta zurmailuarekin birrindua. Mahastia mildiuaren aurka tratatzeko erabiltzen zen kobre sulfato bera zen. Sulfatoaren hautsa uretan disolbatu eta gero berotu egiten zen. Produktu horrekin garia gainetik bustitzen zen, bueltak ematen zitzaizkion bitartean. Praktika hori gariarekin baino ez zen egiten eskuarki, eta bezpera gauean egin ohi zen, eta are goizaldean ere, landara ereitera joan aurretik.

Hazitegien eta ereindako lurren prestaketa

Landare batzuk zuzenean ezartzen dira beren bizitza-zikloa osorik egingo duten lurrean; beste batzuk, aldiz, hazitegian erein behar dira, aldeko baldintzetan eta kontrolatuta, ernamuintzea ahalbidetzeko, halako moldez non lortutako landaretxoak diren beren behin betiko lekura aldatuko direnak.

  1. José Miguel de BARANDIARAN. Curso monográfico de Etnología Vasca. Argitalpena M.ª Amor BEGUIRISTAIN. Ataun (Gipuzkoa): 2000, 50. or. Testuak 1973-1974 ikasturtean diktatuak dira.