XIV. ARTZAIN-TXAKURRA. ARDI-TXAKURRA

Esta página es una versión traducida de la página EL PERRO DE PASTOR. ARDI-TXAKURRA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu honen izenburuak “artzain-txakurrari” egiten dio erreferentzia, ez “ardi-txakurrari”, adiera zabalagoa emateko asmoz. Artzain-txakur artzainari baliagarria izan zaizkion txakur guztiak dira, hala ardiak nola azienda handiagoak zaintzeko erabiltzen direnak; ardi-txakurrarena, aldiz, adiera murritzagoko kontzeptua da, artaldeak zaintzeko eta biltzeko erabiltzen diren txakur arrazari edo arrazei egiten baitie erreferentzia.

Ardi azienda babesteko eta gidatzeko lanak artzainek berek egiten zituzten antzina, txakurren laguntza izaten hasi ziren arte. Hasieran, artaldeak ardiei kalte egin ziezaieketen animaliengandik, batez ere otsoengandik, babesteko erabili ziren txakurrak. Horregatik, txakur handiak eta basak behar izaten ziren, artzakurrak adibidez, ardiei kalte egin ziezaieketen animaliei aurre egiteko gauza zirelako. Txakurrak babesteko, burdinazko ezten zorrotzak zituen iduneko bat ezartzen zitzaien. XX. mendeko lehen hamarkadetan, otsoa, gizakiaren presentziaren ondorioz, gero eta leku gehiago galtzen hasi zenean, artzakurrek eta beste dobatxakur batzuek erabilgarritasuna galdu zuten; horren ondorioz, murriztu egin ziren, eta haiek utzitako lekua beste zeregin batzuk zituzten txakur txikiagoek hartu zuten. Azkeneko horiek, gaur egun “artzain-txakur” deritzenak, artaldea eramateko eta gidatzeko erabiltzen dira batez ere, eta gaur egun oso zabalduta daude. Horiek sartu zirenean, artzaintzako gune batzuetatik kanpora irten ziren artzain-mutilak, adin txikiko haurrak, haiek egiten zuten lana efikazia handiz egiten baitzuten txakurrek.

Laurogeita hamarreko hamarkadan otsoa agertu da berriro azken hamarkadetan ikusi ez den artzaintzako gune batzuetan, eta, aldi berean, artzakurra indartu da artaldeen babesle gisa.

Contenido de esta página

Artzakurra

Ikertutako lurraldeko artzakur arrazarik zabalduena, gure inkestetan jasotakoaren arabera, nafarra edo Pirinioetakoa izan da. Altuera handiko txakurra da, proportzio egokiak dituena, indartsua eta gihartsua. Txeratsua da, otzana eta noblea, eta aldi berean ausarta eta basa arrotzen aurrean. Buru handia du, indartsua eta luze samarra. Burezur zabala, indartsua, soslai subkonbexukoa. Begi txikiak, arbendol-itxurakoak, hurraren kolorekoak, gehienetan ilunak. Tamaina ertaineko belarri eroriak, triangeluarrak. Gorputz indartsu eta sendoa, baina malgua eta zalua. Buztan sendoa eta ile luze eta leun sarrikoa, motots ikusgarria osatuz. Ile sarria, lodia eta luze samarra. Kolore zuria nagusiki eta beti maskara ondo definituta. Kasu batzuetan, maskararen kolore bereko orbanak gorputzean modu irregularrean banatuta, baina ondo markatuta. Belarriak beti orbanduta. Gehien ageri diren koloreak honako hauek dira, maiztasunaren araberako ordenan, maizenik ageri denetik hasita: zuri garbia edo elurraren antzekoa gris ertaineko orbanekin, hori urrekara bizia, arrea, beltza, gris zilarkara, beix argia, harearena, jaspeztatua. Ez dira nahi izaten kolore gorriak orbanetan, ez eta zuri horiztatua atzealdean ere. Tamainari dagokionez, gutxieneko mugak dira 77 cm arrentzat eta 72 cm emeentzat, baina komenigarritzat jotzen da 81 eta 75 cm gainditzea hurrenez hurren[1].

Ardi-txakurraren sarrera

Herri askotan ardi-txakurraren sarrera nahiko berria da, mendearen lehen erdian gertatu baitzen, eta artzaintzako gune batzuetan mendearen erdialdean. Herri horietako artzainek beti kontatzen dute beren eskualdeetan ezin zela pentsatu ere egin ardien artean txakurra erabiltzea, beldurtu egingo zituela uste zelako, eta haien erabilgarritasuna egiaztatu arte ez zirela beste lurralde batzuetatik ekartzen hasi.

Artzain-txakur motak

Antzinako garaietan, ohikoa izan zen Ezkion (G) egiaztatutako egoera, hau da, ez ezagutzea arraza garbiko artzain-txakurrik; gehienak gurutzaketen emaitza ziren. Hala ere, emaitzak oso onak izaten ziren.

Denborak aurrera egin ahala, nahastutako txakurren ordez arrazako txakurrak erabiltzen hasi ziren, batez ere euskal ardi-txakurra deitutakoa (batzuek artzain-txakurra deitzen dutena). Bi mota ezagun ditu: iletsua eta Gorbeakoa. Lehena lurralde osoan hedatzen da modu uniformean eta haren ezaugarri dira geruzaren kolore horail eta horail iluna, bizkarreko zein aurreko hanketako ile luzea eta belarri eroriak. Bigarrena Gorbea inguruan lokalizatzen da, kolore gorrikoa da eta buru luzeagoa du[2].

Gaur egun, garrantzi handia bereganatu du “euskal artzain-txakurra” deritzonak; beste batzuk ere erabiltzen dira, baina gutxiengoa dira, hala nola Pirinioetako artzain txikia, gos d’atura catalá, border colliea, colliea, labrita, artzain alemana eta txakur mestizoak. Horien artean nahasketa handia dago[3].

Ardi-txakurraren erabilerak

Artzainen artean zabalduta dagoen iritziaren arabera, txakurra mendietan ez da haranetan bezain beharrezkoa izan udan, neguan ardiek jabe bat baino gehiagoren lursailetan bazkatu behar zutelako.

Artzainak txakurra artaldearen gidaritza lana egiteko prestatu duen kasuetan, eta horiek gehiengoa dira gaur egun, animaliari esker eguneroko lana modu nabarmenean murriztu zaio artzainari.

Baskoniako artzainek gogora dakarte labrit txakurraren entrenamendua sei hilabete dituenean hasten dela. Lehenengo lana da seinalea egindakoan zaunka egiten irakastea, ondoren artzainaren ondoan ibiltzen eta keinuen bidez adierazitakoan bueltak ematen irakasten zaio. Beharrezkotzat jotzen da bere izenez deitzea eta zuka egiten zaio, jabeak nahi ez duenean izan ezik, eta orduan hika egiten dio. Huts bat egiten baldin badu, belarrietatik tira egiten zaio baina ez da inoiz jotzen. Jabeak hitzez emandako aginduak obeditzen ikasi behar du[4].


  1. Pirinioetako artzakurraren estandar ofizialetik hartua.
  2. Mariano GÓMEZ. Euskal Herriko bertako arrazak. Katalogo etnologikoa. Razas autóctonas vascas. Catálogo etnológico. Vitoria-Gasteiz: 1997, 35. or.
  3. Mariano GÓMEZ. «Perros de pastor en Bizkaia» in Bizkaiko Gaiak-Temas Vizcaínos. 213. zenbakia (1992), 9. or.
  4. Jean PEILLEN. «Lehenagoko artzaiñen jakitatia: arresen altxatzia, minak, eritarzünak» in Bulletin du Musée Basque. 38 zenbakia (1967), 161. or.