VIII. GAUBEILA

Esta página es una versión traducida de la página EL VELATORIO. GAUBELA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Gaubeila

Hileta-protokolo tradizionalaren arabera, hildakoa haren gorpua etxean zegoen bitartean beilatu behar zen. Ohiturazko agindu hori argi nabarmendu dute inkesta egindako herri askotan.

Hila beilatzen dutenak etenik gabe txandakatzen dira gorpua meztituta ohe gainean ezartzen denetik elizara eramateko hilkutxan sartzen den arte.

Gorpua etenik gabe gau eta egun beilatzeko ardura horrek, auzokideen eta ahaideen parte-hartze garrantzitsuarekin, hirurogeita hamarreko hamarkadako urteetara arte iraun zuen.

Arrosarioa errezatzea iluntzean

Herri askotan, batez ere Baskonia penintsularrean, hilaren etxean ekintza erlijioso seinalatuagoa egiten zen iluntzean, arrosarioa errezatzen zen parte-hartzaileen artean hilaren ahaideak, auzokide guztiak eta familiatik gertuko pertsonak zeudela. Praktika hori oso errotua eta zabaldua egon zen, eta horrek pentsarazten du etxeko hileta-zeremonia multzoaren partetzat jotzen zela.

Hain zuzen ere, hilbeilaren erritu zentrala zen eta eskuarki parte-hartzaile ugari izaten zituen, eta etxeko gela guztiak betetzen ziren haiekin. Gipuzkoako inkestetan adierazten da antzina ekintza horretan hamabost misterioko arrosario osoa errezatzen zela.

Hilaren gela

Gorpua meztitu eta gero, hura uzten zen etxeko gela izaera erlijioso nabarmeneko gune bihurtzen zen. Hartan, zamau batekin estalitako mahai bat atontzen zen aldare gisa, sinesmen kristauekin lotutako elementuak ezarrita: gurutze bat, ur bedeinkatuz betetako ontzi bat ereinotz adar batekin bisitariek hildakoa ihinztatu ahal izateko eta olio-lanpara bat edo kandela bat, beti piztuta izaten zena gorpua etxean zen artean.

Gorpua atontzea

Gorpua hilaren etxean dagoen bitartean atontzeko modua ez da beti berbera izan. Modurik antzinakoena bere ohean ezartzea izan zen. Aurreragoko ohitura hilkutxaren barruan sartzea izan zen, hildakoaren gelan berean. Denboran aurrerago eginda, Baskonia penintsularrean hilkutxa etxeko gelarik nobleenean uzten zen, eta Baskonia kontinentalean gauza bera egiten zen horretarako beren-beregi etxeko ezkaratzean egokitutako hil-ganbera batean.

Hilkutxa

Mendeko lehen hamarkadetan, errotuta zegoen dagoeneko zurezko hilkutxetan ehorzteko ohitura. Hasieran etxean eginak izaten ziren, baina gehienetan herriko edo auzoko arotzek egindakoak erabili izan dira. Aurrerago, hileta-agentziei erostera jo zen; askotariko motak, kalitateak eta azken ukituak eskaintzen dituzte.

Andak eta kolportak

Dokumentazio historikoak angarilen edo anden erabilera maiz aipatzen badu ere, informatzaileen erantzunek —ikerketa egin den leku gehienetan— diote horiek erabiltzeari aspaldi utzi zitzaiola edo, gehienera ere, zeregin berezietarako baino ez zirela erabiltzen. Batzuek ez dute inoiz horietaz ezer entzun. Beste kasu batzuetan, fabrikazio modernokoak dira eta hilkutxa elizaraino edo hilerriraino erosoago eramateko erabili izan dira.

Lastaira erretzea

Mende honetako lehen hamarkadetan, Baskoniako lurraldean, oso zabalduta egon zen pertsona bat hil zeneko lastaira erretzeko ohitura.

Lastaira erretzea auzokideei zegokien zeregina zen. Barandiaranek iradokitzen du objektuak erretzea hileta-eskaintza edo hileta-erritua izan daitekeela, antzinako sakrifizioen sinbolo[1]. Erreketa hori erritualizatuta zegoen eta hilaren etxetik gertuen zegoen bidegurutzean egin behar zen. Batzuetan elizarako bidean egiten zen, eleizbidea, baina beti heriotza gertatu zen etxetik gertu. Erreketa egitean, auzokideek aitagure bat edo beste otoitz batzuk errezatzen zituzten. Herri batzuetan sua ihinztatzen zen ur bedeinkatuz. Erreketaren lekuan geratzen ziren errautsek gogora ekartzen zuten inguruan norbait hil zela eta handik pasatzen ziren oinezkoek hildakoaren arimaren alde erregutzen zuten[2].

Gaur egungo informatzaile batzuek diote higiene arrazoiengatik egiten zela, edo infekzio kutsakorrak eragozteko, baina herri sinesmenaren arabera sorgin batek bidaliak izan zitezkeen eta koltxoiaren artazorroen hondarren artean geratutako gaitzak suntsitzeko balio zuen. Malgukiak zituzten lastairak erabiltzen hasi zirenean, praktika hori desagertu egin zen. Dena den, herri batzuetan, batez ere Euskal Herri kontinentalean, denbora batez, hilaren etxe aurrean lasto azao bat erretzen jarraitu zen hileta-segizioa hara itzultzen ari zenean hileta-banketearen ondoren.


  1. José Miguel de BARANDIARAN. Estelas funerarias del País Vasco. Donostia, 1970, 25 or.
  2. Bonifacio de Echegarayk zioen ohitura hori azaltzeko esaten zutela haren xedea zela oinezkoek errautsei esker jakitea norbait hil zela inguruan eta haren arimaren alde erregutzea, eta eransten zuen ez zela hori motibo nagusia, espiritu gaiztoak suntsitzea baizik. «Es este un caso más en que hábitos supersticiosos se justifican por una aplicación cristianamente piadosa». «Kasu honetan, beste batzuetan bezala, sineskeriazko ohitura bat zuritzen da kristautasunaren ikuspegitik elizkoia den aplikazio bati esker». Vide «La vecindad. Relaciones que engendra en el País Vasco» in RIEV, XXIII (1932) 25. or.