VII. BELARRIETAKO GAITZAK

Esta página es una versión traducida de la página ENFERMEDADES DE LOS OIDOS. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Belarriko mina

Otitis gaitza eta mina ematen duten belarriko arazoak izendatzeko, gaztelaniaz mal de oído edo mal de oídos (Agurain, Mendiola, Moreda-A; Lezaun, Obanos-N) edo dolor de oídos (Ametzaga Zuia, Mendiola-A) erabili izan dira nagusiki.

Euskaraz, belarriko mina (Bermeo, Durango, Gorozika, Lemoiz, Nabarniz, Orozko-B; Beasain, Berastegi, Bidegoian, Elgoibar, Hondarribia, Oñati, Telleriarte, Zerain-G; Lekunberri-N); belarrietako miñak (Goizueta-N); beharriko mina (Sara-L, Donoztiri-BN); bearritako miña (Arraioz-N); belarri-mina (Eugi-N, Ataun-G).

San Martin Unxen (N), informatzaile batek gogorarazten du nahiko ohikoak zirela otitis zornatuak, “reventones de oído” zeritzenak.

Kasurik gehienetan horien agerpenaren arrazoitzat hoztea jotzen da (Agurain, Bernedo, Mendiola, Moreda-A; Astigarraga-G; Itzalle, San Martin Unx-N). Ikuspegi horretatik begiratuta, hotz dagoenean uste izaten da komeni dela belarriak bufanda batez estaltzea (Muskiz-B).

Mendiolan (A) uste da infekzioen ondorio direla eta Astigarragan (G) barruko zuldar batek eragiten dituela.

Belarrien higieneari dagokionez, ohitura izan da ileko urkila batekin eta zapi batekin egitea (Allo-N), baina gaur egun ohitura horri ez jarraitzea aholkatzen da.

Ondoren, belarriko mina leuntzeko sendabide batzuk jasoko ditugu, berdin diolarik, tratamendu herrikoi gehienetan gertatzen den bezala, zein den haren etiologia. Berezitasun moduan, denak oso ezagunak izan dira eta, horregatik, zabalkunde geografiko handia izan dute.

Oliba olioa

Oso ohikoa izan da olio tanta batzuk, ahal bada olio epelekoak, isurtzea arazoa duen belarriaren gainean. Antzeko beste sendabide bat izan da arazoa duen belarrian oliotan bustitako kotoi zati bat sartzea.

Ohikoa izan da, halaber, kamamila lore-buru batzuk frijitzea oliotan eta gero olio hori aplikatzea belarrian. Arestian deskribatu den bezala, kotoia, olioa isuri ondoren entzumen hodia estaltzeko ez ezik, tanta kontagailu moduan ere erabili izan da, aurretik bustita.

Argizarizko tapoiak

Argizarizko tapoiek ez dute beti mina ematen, baina bai molestiak eta behin-behineko entzumen galerak. Sortzen dituzten arazoak sendabide oso ezagun eta zabaldu baten bidez konpontzeko ahaleginak egiten dira, aurreko atalean jasotakoa bezalakoa: belarri barruan olio epel tanta batzuk isuri metatutako argizaria desegiteko, behar den denboran.

Emakume esnea

Zabalkunde handiko praktika izan da eragindako belarrian esnealdian dagoen emakume baten esnearen tantak isurtzea. Eskuarki sendabide hau haurtxo txikiei aplikatu izan zaie eta haurtxoaren ama arduratu izan da esne tantatxoak isurtzeaz. Batzuetan, umea hazita zegoenez, haren ama ez zen eta esnealdian zegoen emakume batengana jo behar izaten zen.

Begetalekin egindako sendagaiak. Belarri-belarra

Belarriko mina leuntzeko erabili izan diren espezie begetalak hosto mamitsukoak izan dira, halako moldez non estutzerakoan aise jariatzen duten gaixo dagoen belarrian isuri beharreko likidoa.

Horietako bat Venusen zilborra (Umbilicus rupestris) izan da, paretetan hazten den ohiko espeziea, eta bestea teilatu zaharretan aurkitu ohi den betibizi bat (Sempervivum tectorum). Biak krasulazeoen familiakoak dira. Ohikoa den moduan, informatzaileek herri hizkerako hitz bakar bat erabiltzen dute bi espezieak izendatzeko, kasu honetan belarri-bedarra, eta horrekin haien erabilera deskribatzen dute zein espezietakoak diren zehaztu gabe. Horri gehitzen baldin bazaio jasotako landareen identifikazioak inkestatzaile batek baino gehiagok eginak direla, ulertzekoa da batzuetan ez izatea guztiz fidagarria.

Beroa aplikatzea eta beste sendabide batzuk

Herri batzuetan, gaixo dagoen belarriaren gainean beroa aplikatzeko ohitura jaso da mina kentzeko edo gutxienez leuntzeko sendabide moduan (Beasain, Zerain-G; Obanos-N).

Bernedon, Moredan (A) eta Itzallen (N) zapi beroak ezartzen ziren. Karrantzan (B) esne beroko zopekin egindako txaplata bat ezartzen zen, Lemoizen (B) somaz eta ardo egosiz egindako enplastu bat, buruan lotzen zena zapi batean bilduta.

Burrunbak edo txistuak, belarriko durundia

Nabarnizen (B) belarriko burrunbari belarriko durundia deritzo.

Mendiolan (A), belarrietan une batzuetan entzuten diren burrunbak edo txistuak motibo jakinik gabe ager daitezkeela uste da, baina altuera edo presio aldaketari lotzen zaizkio. Listua irentsiz, txiklea mastekatuz, sudur-deskongestionatzailea inhalatuz edo esku ahurrekin belarriak txandaka zapalduz egiten zaie aurre.