XI. SUTONDOKO ETA SUKALDEKO ALTZARIEN MULTZOA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 22:08 6 ene 2020 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Sutondoko tresneria

Beheko suan erabiltzen ziren tresnak antzekoak dira herri guztietan, kasu batzuetan izenak aldatzen badira ere. Horietako asko, beheko suak bezala, desagertu egin dira; salbuespenak oroitzapen edo elementu apaingarri gisa gordetakoak dira.

Sukaldeko altzariak

Zizeilua eta beste eserleku batzuk

Herri askotan ohikoa izan da beheko suaren ondoan zurezko zizeilu bat eta kalamuzko edo zurezko jarlekua zuten aulkiak egotea. Bizkarraren altura normalean, altura handian, mahaiaren euskarriak biratzen direneko oinarriak finkatzen dira, eta mahaiari maratila batekin eusten zaio posizio bertikalean.

Armairuak, arasak eta apalak

Inkesta egindako herrietan diote, oro har, iraganean sukaldean altzari gutxi egoten zela. Adibidez, Pipaónen (A) diote sukaldeko altzariak direla zizeilua eta ogiaren mahaia, xukadera, estalkia eta koilara-ontzia. Etxe batzuek armairu txikiak zeuzkaten buztinezko eltzeak, oliontzia, gatzontzia eta motrailua gordetzeko.

Portugaleten (B) diote janariak eta tresnak gordetzeko armairua zegoela, eta altura bat edo biko apal irekiak. Erriberagoitian (A), zurezko armairuak bi ate zeuzkan goian eta beste bi behean, landuak, eta zurak egiten zuen marrazkiari panales zeritzon.

Hondarribian (G) harraskaren gainean xukadera zegoen, zurezkoa eta etxe batzuetan zuriz pintatua, eta, horrez gain, botilak eta janariak gordetzen ziren armairu bat, mahai bat eta aulki bat. Bai eta irrati handi bat ere, eta paper lekedatuzko euli-harrapatzailea sabaitik zintzilik.

Ondoren izen desberdinez deskribatzen diren armairuak oso antzekoak ziren eta haien arteko alde bakarrak ziren apal gehiago edo gutxiago izatea, ate bat edo bi beheko partean eta gisa horretakoak. Gainera, batzuetan, sukaldean egon beharrean, han lanabes gutxi edukitzen baitzen, altzaria sukaldearen ondoko gelan edo espazioan egon zitekeen.

Hoztegia eta haren bilakaera

Tranpadura zurezko kutxa bat zen, etxeko leku fresko batean leiho baten ondoan kokatua edo zintzilikatua, etxearen iparraldean ahal izanez gero, sare-begi batek, metalezko sare batek edo errezelek aurretik babestua halako moldez non airearen zirkulazioa ahalbidetzen zen eta euliei zein bestelako intsektuei elikagaiak ukitzea eragozten zitzaien. Kutxa horretan esnea eta beste produktu galkor batzuk gordetzen ziren. Gela fresko bat ere tranpaduratzat jo zitekeen edo etxeko bodegan kokatuta egon.

Sukaldeko hatuak

Hatuen deskribapenak

Ondoren zenbait herritako eta garai bat baino gehiagotako hornidurak deskribatuko dira, ikertutako gunearen adierazgarriak. Lehenik sukalde bateko hornidurako piezen berri ematen da Gipuzkoako Beasain herrian jaso diren moduan:

1. Eltzea edo lapikoa. Buztinezko eltzea eguneroko egoskaria egiteko erabiltzen zena, gero metalezko eltze portzelanatuek ordezkatu zutena.

2. Lurrontzia. Buztinezko kazola, gisatuak eta saltsak egiteko erabilia.

3. Pertza. Metalezko pertza 35 zentimetro inguruko diametroan eta 22 zentimetro ingurukoa alturan, zubi formako helduleku eraisgarriarekin. Gehienak burdina forjatuzkoak ziren eta zaharrenak zerriei emateko arbiak eta erremolatxak egosteko erabiltzen ziren, onenak behiei jetzitako esnea egosteko. Kobrezkorik ere izaten zen, azken burukoak egiteko, adibidez arroz-esnea eta abar.

4. Errada. Kono-enbor formako zurezko suila, iturritik baserrira eramateko erabiltzen zena. Oinarria 30 zentimetro ingurukoa zuen eta ahoa 20 ingurukoa, eta hiruzpalau kobrezko uztairekin lotutako zurezko listoiz eginda zegoen. Bi helduleku txiki ditu alboetan baina, zintzilik eramateko heldulekurik ez zuenez, buru gainean garraiatzen zen.

5. Zartagia. Metalezko zartagin biribila, kirten luzekoa, frijitzeko erabilia.

6. Txokolate-ontzia. Kobrezko ontzi biribila, oinarri esferikoa duena, hiru hanka eta zurezko heldulekua, txokolatea egiteko erabiltzen dena.

7. Burruntzalia. Esferaerdi formako ontzia, dena metalez egina, zopak eta lekaleak zerbitzatzeko erabilia.

8. Pitxarra edo txarroa. Zeramikazko suila mahaian edariak zerbitzatzeko erabilia, ura, sagardoa, ardoa. Haurrek iturritik ura ekartzeko ere erabiltzen zen.

9. Antoisina. Banakako ontzia, metalezkoa eta portzelanatua, heldulekuarekin, likidoak edateko erabilia. Ez zen pertsona bakoitzeko bana izaten, eta hiruzpalaurekin denak konpontzen ziren. Ontzi honen erabilera, izen berarekin, egiaztatu da Deba-Mutriku, Itziar, Elosua eta Zeraingo (G) landa eremuan.

10. Katilua. Gopor zeramiko handia, esne-taloak hartzeko baino ez zena erabiltzen ia, hala gosaltzeko nola afaltzeko.

11. Erretilua edo plater handia. Azpil biribila, 35 zentimetro ingurukoa, egoskaria mahaian zerbitzatzeko erabiltzen zena, mahai-lagun bakoitzak bere koilararekin janaria handik hartuta, harik eta berrogeiko hamarkadako urteetan banakako plateretan jaten hasi zen arte.

12. Platera. Bakarkako plater zeramikoa.

13. Gatzontzia. Gatza edukitzeko zurezko ontzia, eskuarki forma kubikokoa eta estalki batekin hornitua, 22 zentimetro ingurukoa alboetan, sukalderako behar zen gatza gordetzeko erabilia.

14. Kafe-errota. Kafea ehotzeko erabiltzen zen zurezko kutxa kubikoa, 15 edo 18 zentimetro ingurukoa alboetan; barruan zeukan mekanismoaren bidez, kafe aleak ehotzen zituen kanpoko palanka baten bidez birarazita. Kafea aletan sartzen zen goiko ahotik eta kafe ehoa jasotzen zen behean zeukan tiradera txiki batean.

15. Lisakina edo plantxa. Burdina urtuzko lisaburdina, ontziarekin, estalkiarekin eta tximiniarekin. Barruan suaren txingarrak sartzen zitzaizkion arropa lisatu bitartean beroari eusteko.

16. Erratza. Hiru erratz mota zeuden eskobatzeko; txilar adarrezkoa zurezko kirtenarekin, ezkaratza eskobatzeko; beste bat, fina, sukalderako, ihi-sorta batez egina, iek, kirtenik gabe; eta hirugarrena, logeletan erabiltzen zena, makila luze bati lotutako menda-belar adarrez eginda zegoen, eta eskobatzerakoan eguratsa desinfektatu eta usain atsegina uzten zuen.