V. ANIMALIAK HAZTEKO UKUILUAK ETA BARRUTIAK

Esta página es una versión traducida de la página ESTABLOS Y RECINTOS PARA LA CRIA DE ANIMALES. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Ohikoa izan da ukuiluetan hazitako animalien artean behiak izatea, esnea ekoizteko, eta txahalak, gizentzeko. Txerria ezinbestekoa izan da etxe guztietan, eta abeletxe gehienetan izan dira hegaztiak, hala nola oiloak eta oilaskoak, haien okela eta arrautzak baliatzeko, baita untxiak ere. Aipatutako aziendez gain, gurdi-abereak ere hazi izan dira, idiak, astoak, mandoak eta zaldiak, adibidez, nekazaritzako lanetan eta tresnak, bazka eta uztak garraiatzen laguntzeko. Txakurrek eta katuek ere ukuilua eta etxea partekatu dute.

Contenido de esta página

Ukuilu tradizionala

Baserri barruko abeletxeak: ukuilua

Ukuiluaren neurria eta ukuiluak etxearen gainerako zatiekin duen harremana nekazari-etxe motaren araberakoa da.

Jasotako datuek diote ohikoa izan dela ukuilua etxe barruan kokatzea, beheko solairuan. Ukuilua leku horretan kokatuta, familiak, justu gaineko solairuan bizi zenez, etxe abereek ekoitzitako beroa baliatzen zuen, berogailu gisa.

Etxetik kanpoko abeletxeak

Agurainen (A), ukuiluaz gain (gaztelaniaz establo, hitz horrekin izendatzen baitzen etxe azpian zegoenean) beste eraikuntza batzuk egoten ziren etxetik kanpo, teilape batekin, etxeari itsatsiak kasu batzuetan, urrunago beste batzuetan. Hilabete epeletan lur komunaletan bazkatzen ziren animaliak babesteko baliatzen ziren batez ere; ardi eta ahuntzentzat erabiltzen ziren gehienbat. Laurogeita hamarreko hamarkadan, debekatu egin zen herri barruko etxeetako ukuiluetan azienda edukitzea.

Askak

Lehenengo askak zurez eta oholez eginak ziren, baita harriz ere, edo bi materialak nahastuta. Denborak aurrera egin ahala, hormigoia erabiltzen hasi zen; hasieran, zurarekin batera erabiltzen zen, baina gero askak eraikitzeko material nagusia izatera iritsi zen.

Simaurra

Ukuiluetako zorua zapaldutako lurrezkoa izaten zen, eta garoz, lastoz edo belar idorrez estaltzen zen eskuarki. Prozesu horri azpiak egin deitzen zioten Beasainen (G), Aiurian eta Ajangizen (B) azpigarria bota, eta Apodakan eta Urkabustaizen (A) cambiar la cama edo echar la cama; prozesu horrek lehor mantentzen zuen azienda zegoen zorua, eta simaurra metatzea eta jasotzea errazten zuen, baita gorotzak eta gernuak hartzitzea ere. Larraunen (N) kamaiña deitzen diote ohe horri.

Abeletxe modernoak. Egindako aldaketak

XX. mendearen azken hamarkadetan soilik, ustiaketa intentsiboak hala eskatzen zuelako seguru asko, nabe handiagoak eta hobeto hornituak eraikitzen hasi ziren, etxeetatik urrun kokatuak gainera.

Araian (A) abeletxea eraikin modernoa da gaur egun, zabala, higienikoa, baserritik edo etxebizitzatik urrundua, oso desberdina abeltzain berberek mendearen erdialdean zituztenekin alderatuta.

Etxe abereak hazteko barrutiak

Txerrikortak

Ameskoan (N) txerrikorta haritzezko oholez eraikitako barrutia zen. Ateko hutsunea taka deitzen zioten ohol lodi batekin ixten zen. Txerrikortatik gertu, zoruaren gainean, pentsuarentzako gamella zegoen. Gainerako askak bezala, pago edo haritz enbor bat zen, aizkoraz eta opaitzurrez hustua.

Oilategiak

Oiloak oilategietan hazi dira, edo bestela etxeetako ukuiluetan, gainerako animaliekin espazioa partekatuta, azienda larriarekin nahiz beste mota bateko animaliekin, hala nola untxiak eta ahateak.

Aske egon izan dira, egunez kalera edo larrainera irteteko eta gauean ukuiluan babesteko aukerarekin (Agurain, Bernedo, Moreda, Erriberagoitia, Trebiñu, Urkabustaiz-A; Karrantza, Orozko, Urduliz, Zeanuri-B; Astigarraga-G; Itzalle-N). Elosuan (G), udan aire librean uzten ziren, eta neguan oilategian.

Untxitegiak

Inkesta egindako herri askotan, adierazi dute untxiak oholez egindako kaioletan hazten zirela, aurrealdea alanbre-sarez itxia zuten tiradera moduko batzuetan, eta alanbre horri untxien alanbrea deitzen ziotela; kaiola etxeko horma baten kontra, ukuiluan edo aparteko teilape batean jartzen zen.

Urdulizen (B), ukuiluan edo teilapean edukitzen ziren, konejerak deitutako zurezko kutxa batzuen barruan. Labearen txabola erabiltzen ez zen sasoian, han gordetzen ziren. Untxitegia 70x70 cm inguruko zurezko kutxa bat zen. Luzeagoak izanez gero, bi sailetan banatzen ziren, eta arra eta emea bereizten ziren. Kutxaren aurrealdea zurezkoa edo alanbrezkoa izan zitekeen. Batzuetan oinarria ere material berekoa zen. Kutxaren zorua belar lehorrez estaltzen zen, eta belar lehorra sarri aldatzen zen, gernuekin, gorozkiekin eta janari-hondakinekin asko zikintzen baitzen.

Usategiak

Usategiak ganbaretan egoten ziren askotan. Allon (N), etxe batzuek usategi txiki bat zuten etxearen goialdeko aletegi batean. Hegazti hauen hazkuntza inoiz ez zen izan ohikoa herrian, baina beti izan ziren usoak hazi zituzten familiak. Usategiak kanpoalderako leiho bat izaten zuen beti, alanbre-sarez itxita egon zitekeena, edo guztiz irekita, hegaztiei irteten uzteko. Kasu horretan, portzelanazko pitxer zahar bat edo aluminiozko marmita bat jartzen zen makila batetik zintzilik, erreferentzia gisa balia zezaten[1].


  1. Hala ere, sasoi batzuetan usoei ez zieten irteten uzten, 1917ko udal-ordenantzetako artikulu batek gogorarazten digunez: «Los dueños de palomares han de tenerlos cerrados durante los meses de Octubre y Noviembre, y desde el 15 de Junio hasta el 15 de Agosto, para evitar los daños que pudieran causar en la sementera. Los infractores sufrirán la multa que proceda conforme á las disposiciones vigentes» («Usategi-jabeek usategiak itxita izan beharko dituzte urrian eta azaroan, baita ekainaren 15etik abuztuaren 15era arte ere, usoek kalterik eragin ez dezaten hazitokietan»).