XVII. FAMILIA ETA AHAIDETASUNA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 20:03 7 dic 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Familia. Ahaidetasuna. Ahaideak

Euskara hizkuntza nagusi den herrietan familiarekin eta ahaideekin lotutako zenbait hitz nagusi jaso dira: etxekoak, familia/sendia, eta senitartekoak/ahaideak. Gaztelania hizkuntza nagusi den herrietan, familia, parentesco eta parentela hitzei egokituta jaso diren hitzak deskribatzen dira.

Bi kasuetan, hitzak polisemikoak dira, eta, horregatik, askotan zer testuingurutan erabiltzen diren ikusi behar da, haien esanahi zehatza ulertzeko.

Familia-komunitatearen zabalkundea

Barandiaranek berak Ataun herriko (G) San Gregorio auzoan jasotako datuetatik eratorritako gogoeta batzuk idatzi zituen, oro har XX. mendearen hasierako Euskal Herriko landa-eremuari aplikatzeko modukoak. Barandiaranek dio landa-eremuko etxe ia guztietan familia bikoitza edo ezkontza-elkartea zegoela, hau da, gurasoak eta oinordekoa haren ezkontidearekin eta seme-alabekin. Unitate ekonomikoa, unitate soziala eta entitate erlijiosoa osatzen zuten. Elkarrekin jaten, elkarrekin otoitz egiten eta elkarrekin lan egiten zuten familiako kideek[1].

Iraganean ohikoa izan da etxe berean familia bereko hiru belaunaldi batera bizitzea: gurasoak etxean geratutako semearekin edo alabarekin eta bilobak. Gurasoen anaia ezkongabe bat ere egon zitekeen eta egon ohi zen, oinordekoaren neba-arreba ezkongabeak ere bai, eta, batzuetan, morroia edo neskamea.

Familia-izenak

Familia-izena edo abizena

Barandiaranek dio abizena edo familiaren izena bat datorrela, kasu askotan, familia jatorrian bizi izan zen etxearen izenarekin.

Gure inkestetan jasotako datuen arabera, herri askotan abizenak jatorriz eta kasurik gehienetan oikonimikoak izan dira; beste batzuetan, aitzitik, patronimikoak. Leku gehienetan, haien jatorriaren kontzientzia galdu egin da eta abizenak gurasoengandik seme-alabengana transmititzen dira, aitarena eta amarena txandakatuz. Caro Barojak dio nekazarien oinarrizko euskal familia ia inoiz ez dela izendatzen aitaren abizenarekin, Europako leku askotan bezala, bizi den “etxearen izenarekin” baizik, zeina askotan oso antzinatik datorren[2].

Ponte-izen ohikoenak

Antzina ohikoa izan zen haurrari jaio zen eguneko santuaren izena jartzea, eguneko izena, santuen izendegi kristautik hartua, edo baita aita pontekoaren edo ama pontekoaren izena ere[3].

Herri tradizioetan, santutegi baten gertutasunagatik, herriko patroi santuengatik edo debozio partikularrengatik errotutako izenak kontserbatu dira. Oso zabalduta egon da neskei Mariaren izena emateko ohitura, edo, bestela, ama birjina batena, haren aurretik Mariaren izena jarrita.

Hirurogeita hamarreko hamarkadako urteetatik aurrera, oro har, euskarazko izenak jartzeko ohitura dagoela jaso da.

Nola izendatzen diren pertsonak

Euskara hizkuntza nagusi den landa-eremuetan, baina ez horietan soilik, gauza bera egiaztatu baita beste gune batzuetako landa eremuetan ere, pertsona bat izendatzeko ohiko modua da etxea eta izen propioa aipatzea, eta, batzuetan, etxea besterik ez.

Beste herri batzuetan, jaso da pertsonak izenez deitzen direla, edo izen-abizenez herria handia baldin bada, baina baztertu gabe, batzuetan, etxearen izena, posible denean. Lekukotasun askoren arabera, familiako buruaren lanbideari edo enpleguari ere egiten diote erreferentzia.

Ezkondutako emakumearen abizena

Euskal Herri penintsularrean ohikoa da emakume ezkonduak bere abizena gordetzea eta abizen hori seme-alabei bigarren abizen moduan transmititzea. Euskal Herri kontinentalean, ezkondutako emakumeak ez du ezkongabe zela zeukan abizena gordetzen; senarrarena hartzen du. Barandiaranek Saran (L) jaso zuenez, emazteak senarraren abizena hartzea XX. mendean bereganatutako ohitura da. Antzina, emakume ezkonduek aitaren abizena edo jatorrizko etxearen izena erabiltzen zuten bizitza osoan. Obanosen (N) egiaztatu da emakumeak abizena gordetzen duela, baina jatorri duen aitaren etxearen izenarekin identifikatzen jarraitzen dela, gisa honetan: “la M.ª Carmen la de Rebolé” (“Mari Karmen Rebolekoa”).

Ahaideen arteko izenak eta formulak

Gaur egun zabaldutako iritzia da harremanetan gero eta gutxiago erabiltzen dela gaztelaniazko usted, eta haren ordez erabiltzera jotzen dela. Herri batzuetan adierazi da eta usted nahastu egiten direla solasaldietan eta tratamenduetan, eta erabilera familien araberakoa dela. Euskaraz hainbat tratamendu egon dira, eta mantendu egin dira neurri batean: berori(ka), usted; zu(ka), usted-tú; eta hika, ; baina zu(ka)-k beste biak ia erabat baztertu ditu.

Informatzaile batzuek adierazi dute antzina usted tratamenduarekin solaskideari errespetua adierazi nahi izaten zitzaiola, eta gaur egun tratamenduarekin konfiantza eta gertutasuna adierazi nahi izaten dela.


  1. José Miguel de BARANDIARAN. “Aspectos de la transición contemporánea en la cultura del pueblo vasco” in Etnología y tradiciones populares. Zaragoza: 1974, 12. or.
  2. Julio CARO BAROJA. “Sobre la familia vasca” in Baile, familia, trabajo. Donostia: 1977, 123-124 or.
  3. ETNIKER EUSKALERRIA. Ritos del nacimiento al matrimonio. Bilbo: 1998, 182-185. or.