XXIII. GANADU FERIAK ETA AZIENDAREN SALEROSKETA

Revisión del 09:21 25 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Ganadu feriak

Antzina, ganadu feria garrantzitsuak urtean behin edo bitan egiten ziren, baina eskualdeko feria batzuk sarriago; azokek, berriz, maiztasun handiagoa zeukaten eta daukate, hamabostean behinekoa, asterokoa eta, kasu batzuetan, astean hainbat egunetan ere egiten dira, herriaren garrantziaren arabera.

Azokak, jatorrian behintzat, ez dira feriak bezain garrantzitsuak izan. Herri batzuetan egiten ziren, eta, kasu batzuetan, egiten dira oraindik ere, herriko bizilagunentzat edo eskualdekoentzat. Bada azoka espezializatuagorik ere, behi aziendarenak, ardi aziendarenak, zaldi aziendarenak eta abar, eta horietara leku urrunagoetatik joaten da jendea. Beste batzuk, batez ere gaur egun, erakustaldi edo erakusketa izaera dute, eta horietan lehiaketak egiten dira.

Leku batzuetan, nahiz eta sarri samar egin feriak, aparteko batzuk ere egiten dituzte. Beste herri batzuetako feria eta azoketara, berriz, mugan daudenez, aldameneko herrietako biztanleak joaten dira (hala, Moredakoak Logroñora doaz...). Azkenik, badira aparteko feriak ere, hala nola Torrelavegakoa, Mirandakoa eta Logroñokoa; horietara oso esparru zabaleko jendea joaten da.

Antzina, herrietako eta eskualdeetako feriak garrantzi handikoak izan ziren behi aziendaren edo ardi aziendaren salerosketarako, baita beste animalia eta produktu batzuen salerosketarako ere. Tratulariek bitartekari lana egin dute, ferietan zein etxeetan ganadua erosiz eta salduz. Agintariek azienda garraiatzeko eta saltzeko gero eta burokratizazio handiagoa eta izapide gehiago eskatzeak, gaitzak kutsatzeko beldurrarekin batera, feriek eta ganaduaren salmentek garapen handirik ez izatea eragiten ari dira, eta ohituretan aldaketak izatea. Gaur egun nabari da, horrez gain, trantsizioa ganaduaren salmentan, jabeek beraiek ere bazkide diren kooperatiba-elkarteei saltzen baitiete azienda. Ganaduaren salmentaren beherakada nabarmena egiaztatu da herrietako ferietan.

Aralarren, Gipuzkoako aldean, Igaratza belardian, izen bereko trikuharrien ondoan, Perileku deritzon parajea dago, feriarako lekua. Berrogeiko hamarkadara arte, artzainen arteko gizarte ekitaldi bat egiten zen han, feria baten modukoa. Ospakizuna data finko batean izaten zen beti, San Joan egunaren bezpera-aurrean, ekainaren 22an. Batzen ziren artzainek hiru helburu izaten zituzten: ardien salerosketa, ahuntzen trukea saldoak hobetzeko eta biziberritzeko, eta azken arkumeak saltzea haiek erostera igotzen ziren harakinei.

Herri batzuetako informatzaileek diote feria askotan gehiegizko balioa ematen zitzaiola aberearen kanpoko itxurari, haren edertasunari lehentasuna emanez, eta batzuetan ez zela kontuan hartzen ona izango ote zen emango zitzaion lanerako. Horregatik, ganaduzale batzuek apaindu egiten zituzten beren abereak feriara eramateko (Urkabustaiz-A). Feriara eramaten ziren behiak eta txahalak apaintzeko ohitura oso zabalduta egon da. Txilinak zituzten lepokoak zintzilikatzen zizkieten, eskuilatu egiten zituzten eta buztaneko ileak mozten zizkieten, azken zatia salbuetsita (Urduliz-B).

Urkabustaizen jaso da ferietara zekor bakarra zeukaten ganaduzaleak joaten zirela, eta ohitura hori inguruko beste arabar herri batzuetan ere praktikatu zen. Feriako bi salerosle egoera horretan zeudenean, zotz egin eta bietako bat bi abereen jabe egiten zen, aldez aurretik adostutako diru kopuru bat ordaindu eta gero. Bikoteak osatzeko erabiltzen zen sistema hori.

Salerosketa tratularien bidez eta ganaduzaleen artean

Ganaduzaleek, ferietara ganadu salerosketa zuzenak egitera joateaz gain, jarduera horretan modu profesionalean aritzen zirenen bitartekaritza eskatzen zuten, tratulari edo tratante zeritzenena. Normalean herri bereko edo gertuko herrietako jendea izaten zen; bere ekimenez edo ganaduzalearen eskariz, tratulariak ganaduzalea bisitatzen zuen eta haren etxeko ukuilura joaten zen, ganaduaren salneurria doitzeko hala erosketarako nola salmentarako. Beste batzuetan, bitartekari lana egiten zuten ferietan.

Brusa beltza jantzi ohi zuten, bereizgarri gisa, eta makila luzea izaten zuten (Aiara, Pipaón, Urkabustaiz-A). Billete-zorroa gomekin lotuta izaten zuten aldean sarritan, edo «diru-zorro handi bat dirua sartzeko» (Aiara). Tratulari ijitoek, aipatutako arropaz gain, zapi bat izaten zuten samaren bueltan, eta buru gainean kapela (Pipaón-A).

Erosketa akordioa

Abelburuen ikuskaritza

Lehenik, ferietan saltzen zen azienda zorrotz ikuskatzen zuen erosleak, batzuetan hirugarren baten laguntzarekin, erosteko erabakia hartu aurretik.

Zangozan (N), lanerako abereak edo behiak erosten zirenean, batez ere ferietan, lehenik aberearen hortzeriari begiratzen zitzaion, jakiteko gaztea edo zaharra zen; loditasuna edo argaltasuna aintzat hartzen zen, eta, zaldi aziendaren kasuan, lasterka eginarazten zitzaien herrenik bazuten edo ez hautemateko, eta, batzuetan, gurdi bat ere eransten zitzaien jakiteko hartatik tira egiten edo zama garraiatzen ohituta zeuden edo ez. «Muturrari eta ileari begiratuta, bazekiten zein egoeratan zegoen aberea» –diote informatzaileek–. Begira tinko begiratu eta hura ixten ez baldin bazuen, horrek esan nahi zuen begibakarra zela. Aberearen hainbat zati ikuskatzeko ohitura, hala nola hortzak, adarrak, apatxak... aski zabalduta egon da, eta hala jaso da Agoitzen eta Ultzaman ere (N).

Abeltzaintzaren garrantzia familia-ekonomian

Jaso da, lurralde osoan zabaldutako ezaugarri moduan, iraganean aziendak garrantzi handia izan zuela familia-ekonomian, eta azienda asko edo gutxi edukitzeak adierazten zuela etxearen kategoria (Agurain-A)[1]. Azienda larria nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan ere erabiltzen zen, hazitarako ez ezik, baita okela eta beste produktu batzuk eskuratzeko ere, eta etxeko gizonak arduratzen ziren hartaz. Azienda xeheaz (txerria, oiloak, untxiak) etxekoandrea arduratzen zen. Zamabereen eta gurdi-abereen erabilgarritasuna eta haiei buruzko interesa nabarmen gutxitu dira azkenaldian, makineriak ordezkatu dituelako.

Abeltzaintzak etxeetako ekonomian izan duen esanahia eta garrantzia handiagoa izan da herri altuetan lautadan kokatutako herrietan baino; horietan nekazaritza izan da nagusi eta abeltzaintza nekazaritzaren osagarri.


  1. Gaztelaniazko «rico» hitzaren euskarazko ordaina aberatsa da, literalki «abelburu askoren jabea», animalia larriak izendatzeko abere hitza erabiltzen baita, latinez gertatzen den bezala, pecus, «ganadua», pecunia, «dirua» eta peculium, «ondasuna».