VI. HAURTZAROA ETA PUBERTAROA

Esta página es una versión traducida de la página INFANCIA Y PUBERTAD. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Eskolaratzea

Iraganean, landa ikerketan jaso denez, eskolara hasteko adina sei eta zazpi urte bitartean zegoen. Derrigorrezko eskolak gutxi irauten zuen, hamabi urtera arte eskuarki, eta gehienez ere hamalau urtera arte luzatzen zen. Gaiak ere oinarrizko graduan ikasten ziren; irakurtzen, idazten, zenbatzen eta kristau-ikasbideaz landa ezer gutxi. Neska koxkorrei joskintza ere irakasten zitzaien. Herri txikietan, sakristian edo parrokiako lokaletan, apaizak edo maisuak zuzenduta, kristau-ikasbidea eta oinarrizko ezagutzak nahasten zituzten hasi-masiak irakasten ziren, lehen jaunartzea egitea ahalbidetzeko.

Eskolaratze berantiarra

Ganboan (A) baserrian lan konpromisoak zituzten haurrak eskolaratzen ziren beranduen, zazpi urterekin eta are hamarrekin ere. Amezaga Zuian (A), alderantziz gertatzen zen neurri batean; batzuetan, sei urteko haurrak bidaltzen ziren eskolara, gurasoen lana arintzeko.

Eskolaratze goiztiarra

Herri batzuetan, eskolaratzeko adina goiztiarragoa zen; zenbaitetan, erlijiosoen ikastetxeak ezarri izana izan zen horren arrazoia.

Eskola-absentismoa

Aurretik jada laburbilduta azaldu den moduan, antzina, batez ere landa guneetan, etxeko lanek estutzen zutenean, edo, bestela baserria urruti zegoelako edo eguraldi txarrarengatik, eskola-absentismo handia zegoen.

Lehen jaunartzea

Lehen jaunartzea garrantzi handiko gertaera da haur baten bizitzan, hala berarentzat indibidualki nola familia-inguruan. Gure inkestetan jasotako lekukotasunen arabera, mendearen hasieran, aurreko garaietatik jasotako tradizioari jarraituz, lehen jaunartzearen adina 12-14 urteen inguruan zegoen, adin horretan jaunartzaileak ekintza horretarako behar adinako ezaguera zuela iritzita.

Jaunartze pribatua eta jaunartze solemnea

Gure inkestetan, bi jaunartzeen tradizioa, pribatua eta solemnea, batez ere Gipuzkoako eta Baskonia kontinentaleko herri batzuetan jaso da. Hala ere, praktika horren lekukotasun batzuk jaso ditugu Nafarroan eta Bizkaian ere.

Lehen jaunartze bakarra

Araba, Bizkaia eta Nafarroako lurraldeetan, lehen jaunartze bakarra egiteko tradizioa jaso da nagusiki. Gure inkestetan egiaztatutako lekukotasun zaharrenetatik, lehen jaunartzea adin goiztiarrean jasotzen zen. Garai modernoagoetan, atzeratu egin da neurri batean, eta gaur egun 9 urteen inguruan egiten da.

Lehen jaunartzea ospatzeko datak

Lehen jaunartzeak ospatzen ziren, eta ospatzen dira gaur egun ere, gehienetan, igandez edo udaberriko jaiegun batez, maiatzean edo ekainean eskuarki, pazko garaian. Iraganean, lanegunetan ere egiten ziren jaunartzeak.

Antzina ohikoa izan zen ekitaldi horretarako jaiegun solemne batzuk gordetzea, hala nola Jaunaren Igokundea, Gorpuzti edo herrian seinalatua zen egunen bat.

Nerabezarora igarotzeko erritua

Leku askotan, batez ere lehen jaunartzea nahiko berantiarra zenetan, lehen jaunartzeak ez zuen konnotazio erlijiosoa soilik, haurra kristau heldua izatera igarotzeari zegokiona; horrez gain, haurtzarotik nerabezarorako igarotzea zen batez ere. Antzina, kasu askotan, 12 eta 14 urteen artean egindako jaunartze solemneak berarekin lotua zuen eskola uztea eta lan munduan bete-betean sartzea; igarotze-erritutzat jotzen zen, beraz.

Lehen jaunartzeko banketea

Lehen jaunartzeak badu benetako familia- eta gizarte-festa bati dagokion dimentsioa ere. Hasieran, egun horretako bazkaria egunerokoaren oso antzekoa izaten zen, azken burukoa indartuta akaso. Ohikoa izan zen txokolatada bat egitea edo zeremonia erlijiosoaren ondoren mokadu bat jatea ere.

50eko hamarkadan, etxean eguerdiko bazkariaren inguruko festa bat egiteko ohitura zabaldu zen, gonbidatu gutxirekin, horien artean haurraren pontekoak.

Lehen jaunartzeko opariak

Haurrari lehen jaunartzean opariak egiteko ohitura banketera etxetik kanpo bizi ziren familiako kideak eta lagunak gonbidatzeko ohiturarekin batera zabaldu zen.

Sendotza

Sendotza, gaztaroan sartzeko erritua

Antzinako garaietatik hirurogeita hamarreko hamarkadako urteak arte, sendotza zehaztu gabeko adinean jasotzen zen, eta ez zen, horrenbestez, igarotze-erritutzat jotzen. Hain zuzen ere, gotzainarengandik jaso beharreko sakramentua denez, hark herria bisitatzen zuenean ematen zuen, eta bisiten arteko denbora tarteak handiak izaten ziren.

Hirurogeiko hamarkadaren amaieratik aurrera, Vatikanoko II. Kontzilioak ezarritako aldaketen eraginez, beste izaera bat eman nahi izan zaio sendotzari, eta hura jasotzeko adin egoki gisa 16-18 urte artekoa ezarri da, aurretik katekesi-prestakuntza serio eta luzea jasotzeko eskakizuna bete eta gero.

Haurrek egindako etxeko lanak

Eskolaratzea deskribatzean, azaldu da landa eremuan landako lanen eskakizunek baldintzatu izan dutela askotan. Haurrek nekazaritzako, abeltzaintzako edo berez etxekoak ziren lanetan emandako laguntza eskola orduak baino lehenagoko eta batez ere eskola orduen ondorengo kontua izaten ziren, edo bestela oporraldietakoa. Dena den, herri batzuetan jaso da laguntza hori eskola orduetan ere ematen zutela haurrek; horrek absentismoa eragiten zuen, batez ere eguraldi oneko garaietan eta esku-lan asko eskatzen zuten lanak egin behar zirenean. Haur batzuei, inkestek diotenez, gustatu egiten zitzaizkien etxeko lan batzuk eta nahiago izaten zuten horietan aritu eskolara joan baino, eskolara joateak gogaitu egiten baitzituen, eta gurasoek jokabide hori onartu egiten zuten.

Mutil koxkorren eta neska koxkorren lan komunak

Herri askotan jaso da etxeko laguntzako hasierako lanak berdin egiten zituztela mutil koxkorrek, neska koxkorrek zein mutil eta neska koxkorrek batera, anaia-arreben kasuan, adibidez. Haurrak handitzen ziren heinean, mutil koxkorrak zeregin batzuetan espezializatzen ziren, zeregin gogorragoetan, ahalegin handia eskatzen zutenetan eta landan egin beharrekoetan eskuarki, eta neska koxkorrak etxean eta amari emandako lanetan zentratzen ziren gehiago.