VIII. AMODIOZKO HARREMANAREN HASIERA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 11:34 28 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara|Ritos_del_nacimiento_al_matrimonio_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara|Ritos_del_nacimiento_al_matrimonio_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Topaketarako lekuak eta abaguneak

Iraganean, gaur egun baino zailagoa zen mutil eta neska gazteek beren artean kontaktua izatea. Lanaren banaketa nabarmenarengatik, emakumea etxe barruan edo haren inguruetan itxita geratu ohi zen. Gainera, laneguna oso luzea zen, halako moldez non ez batzuek eta ez besteek izaten zuten denbora librerik.

Elkarrekin kontaktatzeko zuten aukera bakarra igandeetako eta jaiegunetako dantzaldia zen. Ekintza erlijiosoetako irteera ere topaketarako abagunea izaten zen, bai eta paseoa ere, batez ere garizuman, dantza debekatuta zegoen garaian.

Urtaroen araberako lan garrantzitsuen amaiera, gari-jotzea adibidez, bi sexuetako gazteak etxe giroko dantzaldi batean biltzen zituen festarako motiboa izaten zen. Zeregin kolektibo batzuek ere, artoa hostogabetzeak adibidez, mutilen eta nesken arteko elkartzea errazten zuten.

Mendearen erdialdean, egoera horiek aldatu egin ziren eta topaketarako aukerak ugaritu. Dantzaldiak topaketarako lekurik ohikoena izaten jarraitu zuen baina, denbora libre gehiago izaten zutenez, elkarteak sortzen eta aisialdietan jarduera komunak garatzen hasi ziren. Adibidez, mendirako txangoak eta igoerak, "mendira joatea, gazteen arteko topaketarako abagune garrantzitsuak izan dira, batez ere gune urbanoetan.

Gaur egun tabernak eta diskotekak dira gazteak elkartzeko leku nagusiak. Aldaketa bat gertatu da, gainera, gazteak etxetik irteteko duten ordutegian: iraganeko arrats-gauetik gaur egungo gau-egunsentira iragan da. Batzuetan festa goizalde osoan luzatu eta ez dira etxera itzultzen hurrengo eguna ondo argitu arte, gaupasa deitutakoa eginda.

Dantza

Dantza gazteen arteko topaketa puntu garrantzitsuenetako bat izan dela esaten da sexuen arteko harremana erraztu duelako eta dantzaldia lekurik egokiena izan delako gorteatzeko; horregatik, mutilak zein neskak dantzara dotore jantzita joaten ahalegindu dira beti. Dantzaren garrantziaren berri ematen dute egindako inkesta ia guztiek.

Neska laguntzea

Dantzaldiko topaketaz gain, ohikoa izan da mutilak neska etxera laguntzea. Kanpoko zeinu hori beste pauso bat zen, ezkongai harreman bat hasi zutela adierazten baitzuen.

Bikotea bilatzeko jolasak

Iraganean, garizumak irauten zuen bitartean, haur jolas inozo batzuk misto bihurtzen zituzten gazteek, eta horrek beste sexu bateko kideekin parte hartzeko aukera ematen zien. Horietan, gorteatzea baino gehiago agertzen zen maltzurkeria. Jolas horiek garizuman egin ohi ziren aldi horretan dantza debekatuta zegoelako.

Senargaia aurkitzeko oihuak eta erreguak

Herri askotan izan da ohiko praktika senargaia eskatzen duenari aurkitzen laguntzen dioten santuei erregutzea. Ama Birjinari arrosarioa ere errezatzen zitzaion helburu hori lortzeko.

Erroskoak egitea. Piperopilak

Erroskoak egitea emakumeen zeregina zen, eta haren bidez esker ona agertzen zuten; neurri batean neskek egindako gorteatze bat zela esan daiteke.

Harremanak hasteko garai egokia

Antzina uste zen uda zela garai egokiena harremanak hasteko, ugariak zirelako zaindarien jaiak. Erromeriak abagune egokia ziren jende berria ezagutzeko, batzuetan jaietara inguruko herrietako pertsonak etortzen zirelako eta beste batzuetan lekuko gazteak inguruko herrietako ospakizunetara joaten zirelako.

Harremanak hasteko garairik onena uda izan da; hala ere, herri batzuetan negua ere garai egokitzat jotzen zen, landan udan baino lan gutxiago zegoelako. Neguan zehar topaketak etxeetan izaten ziren.

Ekimena harremanetan

Oro har, ikusten da mutila dela neskari harremana hasteko proposamena egiten diona, baina aurretik beste urrats batzuk egin dira, hala nola paseoak eta dantzaldiak, bai eta begirada ugari, amodio jolasak eta elkarrenganako interesa adierazten duten zeinuak ere.