Sarrera

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 17:48 3 mar 2020 de FuzzyBot (discusión | contribuciones) (Actualizando para coincidir con nueva versión de la página fuente)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Español • ‎Euskera


Ritos del Nacimiento al Matrimonio en Vasconia (Euskal Herriko Ohikuneak Jaiotzatik Ezkontzara) liburu hau Euskal Herriko Atlas Etnografikoa osatuko duen obraren beste aleetako bat dugu. Berorren xede nagusia kultura tradizionala egituratzen duten gertaeren bilketa sistematikoa egitea da. Honen aurretik La Alimentacian Donthstica (Etxeko Elikadura) (1990) , Juegos Infantiles (Haur Jolasak) (1993) eta Ritos Funerarios (Heriotz Ohikuneak) (1995) kaleratu ditugu. Azken ale horrek eta oraingo beste honek Euskal Herriko bizilagunen bizitza osoko ohikuneen ikuspegi betea erakusten digute.

Orain arte argitaratutako aleen sarreretan Atlas Etnografikoaren planifikazioa agertu izan dugu, baita tokian tokiko ikerlanen eta, horren ondoren, bildutako materiala lantzeko prozesuan erabili dugun metodologiaren berri ere. Ale bakoitza unitate tematiko bereizia denez, euretan agertutako zenbait kontzeptu jasoko ditugu jarraian.

Atlas Etnografikoa egiteko proposamena

On Joxemiel Barandiaranek, hogeiaren hamarkadatik hasita euskal etnografia aztertzen lan egin zuen ikerlari handiak, Zaragozan 1968. urtean eratu zuten L Congreso de Artes y Costumbres delakoan Bosquejo de un Atlas Etnografico del Pueblo Vasco[1] izeneko komunikazioa aurkeztu zuen. Bertan, euskal arloan ordura arte egindako ikerlan etnografikoen zerrenda aipatu ondoren, iritzi kritikoa agertu zuen, arlo horretan izandako huts eta gabeziarik nagusienak zehaztuz.

Hurrengo urtean, 1969an, V. Jornadas de Estudios Folklaricos Aragoneses izenekoan beste ponentzia bat aurkeztu zuen, Criterios generales para una investigacian etnografica de los Pueblos Pirenaicos[2] titulua zuena. Ponentzia horrekin batera galdeketa etnografiko bat aurkeztu zuen, Europako Etnologiaren Nazioarteko Konferentziak 1965ean prestatutako plangintzaren arabera berreratua.

Hona hemen bi komunikazio horietan azaldu zituen puntu nagusiak:

1. Gure argitalpen etnografiko askotan, herri-tradizioak guganaino ekarri digun materiala baino ez dugu bildu. Baina gaur egun gure kultura ez da bakarrik gure herriaren prozesu historikoak orain arte izan dituen faseetako bizieren multzoa. Edozein aldetatik datozkigun eta gure galdeketak egin ohi ditugun euskal komunitateetan onartutako biziera berriek ere osatzen dute.
2. Guk egindako azterlan eta argitalpenetako asko gertaeren deskripzio estatiko eta ia morfologiko hutsak dira. Egileek material batzuk jaso zituzten kultur multzo nahasi horretatik eta datu garbi gisa erakutsi zituzten, dagozkien espezialitateko gertaerak zehatu eta deskribatzen dituen naturalisten jokaerari jarraituz. Azken gertaera horiek badute berezko nolabaiteko esangura, baina beste haiek —kultur gertaerak— behatzailearenak ez diren beste neutraltasun batzuetara bideratzen gaituzten seinaleak dira. Beraz, ez da bide zuzena gertaera horiek bakandu, sustantibatu eta manipulatzea naturalistak bere gertaerekin laborategian egingo lukeen antzera. Kultur gertaerak beraiei dagokien giza-kontestutik apartatzean eta objektibatzean beraien benetako izatetik aldendu baino ez ditugu egiten.
3. Ezin dugu kultura sinboloei bakarrik begiratuta gugan jaso, ezinbestekoa baitugu sinbolo horiek erreferentziatzen duten errealitatea bizi izatea, inguru horrekin eta beste gizaki batzuekin harremanak dituen jendearekin batera. Etnologiaren barruan ezin liteke ondo ulertu benetan bizi izan ez dena.
4. Objektuaren deskripzioa, beraz, ezin guztiz estatikoa izan. Gizarte batean, herri batean, elementu guztiek eragiten dute beren ezaugarri fisikoen bidez —dimentsioak, pisua, bolumena, kolorea— eta nolabaiteko esanahia dutelako, hau da, keinuak, jarrerak, bizi izateko moduak adierazten dituztelako, gizatiartuta daudelako eta esangura kulturala dutelako. Elementuok ikusteak berak keinuak eragiten ditu beraiek sortu edo erabili dituztenengan. Asmoen, nozioen eta gizakiek beren inguruan lantzen dituzten ideien munduaren bistako keinuak dira. Hau horrela izanik, azterketa etnologikoetan, historikoetan bezala, ezin dugu ikusten ez den hori guztia albo batera utzi interpretazioak egiteko orduan.
5. Gure argitalpenetan ondo zehaztu behar dugu bildutako materialaren bizitasun-indizea edo beraiek herriak zenbateraino onartzen dituen. Era berean, zehaztu egin behar dugu kulturako elementu horiek zein eremu edo gune hartzen duten herrialdearen barne edo herrialdetik kanpo.
6. Euskal Herrian hainbat dira etnografo batek inoiz ikertu gabeko guneak. Euretan, makinismoarekin duten kontaktuak galbiderantz daramatza biziera tradizionalak. Makinismoaren fenomenoak ere gure arreta beharko du baina baita prozesuaren aldez aurreko faseek ere.
7. Herritarrik petoenen eta eskualde bakoitzeko jakituriak modelatutako jendearen akulturizazio prozesua gutxitan deskribatu izan dugu. Herria hobeto ezagutzeko ondo ulertu behar dugu kulturaren osagaiak zergatik hobeto errotu izan diren osagai horiek modurik nabarmenenean agertzen dituzten norbanakoengan.
8. Esandako hori guztia kontuan izanda, ezinbestekotzat ikusi dugu ahalik eta arinen azterlan metodiko bati ekitea, horren ardura ikerketa etnografikoan ondo jantzita dauden taldeek izango dutelarik. Beraz, Euskal Herrian bilketa sistematikoak eratu behar ditugu, sondeo gisa, eskualde guztietako herrietan, harik eta beraietako bakoitzetik bertako bizilagunen kultur bizimoduaren oinarrizko gaiei buruzko monografia egin arte.

Etniker proiektua

Guztiok ohartu ginen Kultur Atlas hori egiteko zailtasun praktikoaz.

Halere, zenbait taldek proiektua begi onez ikusi zuten eta haren aldeko giroa sortu zen. Dena den, behar-beharrezkoa zen hainbat monografia etnografiko egitea Euskal Herriko eskualde guztietan. Horretarako lankide-taldea osatu beharra ikusi zen, Atlasak hartuko zuen eremuan hedatzeko.

Proiektu erraldoi hori gaur egun Etniker Proiektua izenarekin ezagutzen duguna da. Beraren xede nagusia da material etnografikoen bilketa sistematikoari ekitea. Tradizioz Euskal Herritzat ezagutu izan dugun eremuko bizimoduaren ezaugarri diren arauak, egiturak eta funtzioak aztertzea du helburu.

Asmo horri eutsi nahian, eremua benetan zabala eta anitza zela kontuan izanik —bai administrazio bai kultur aldetik—, herrialdeka antolatu behar izan zuten. Horretarako, Barandiaranen beraren ekintzapidez, lehenengo eta behin Nafarroako ikerlari-taldea eratu ostean, Etniker Taldeak eratu ziren, ikerketa etnografikoari ekiteko prest zeuden lantaldeak. Talde horiek lurralde bakoitzean jadanik bazeuden beste kultur erakunde batzuei atxikita zeuden. Esate baterako, Nafarroako taldea Nafarroako Unibertsitateko Arkeologia Departamentuari atxiki zitzaion (1969), Gipuzkoakoa Donostiako Aranzadi Zientzia Elkarteari (1972), Bizkaikoa Bilboko Labayru Ikastegiko Etnografia Sailari (1973), Arabakoa, gaur egun, Arabako Mintegi Etnografikoari atxikita dago (1974) eta Iparraldekoa —Frantziako Pirinio Atlantiarren departamentua hartzen duena— Baionako Lauburu Elkarteari. Lantalde horiek biltzen dituen taldea "Euskal Herriko Etniker Taldeak" elkartea da. Taldekide guztiek dute prestakuntza unibertsitarioa eta denek egin dute tokian tokiko ikerlanerako ikastaroren bat, metodologia etnografikoaren inguruan. Talde horietako bakoitzean zenbait lankide daude, lurraldeko arduradunak koordinatuta.

1976ko ekainaren 5ean, Etniker taldeen Akta Liburuan Barandiaranek hitz hauekin definitu zuen proiektua:

"Etniker es un término que significa 'investigación étnica'. En nuestro caso es el estudio de la cultura tradicional del pueblo vasco y del proceso de su evolución contemporánea. Aunque se trata de una tarea iniciada allá por el año 1921 en Vitoria, podemos decir que con el nombre actual y con nuevo método empezó el año 1964, como complemento de la cátedra de Etnología Vasca que funciona en la Universidad de Navarra gracias a la protección de la 'Institución Príncipe de Viana' "[3].

Estrategia etnografikoa

Etniker taldeek beren ikerketa etnografikoetarako zehaztutako estrategiaren oinarriak dira honako puntu hauek:

1. Ikerketari ekiteko herri bat aukeratu ondoren, herri horretan bertan jaiotako edo senitartekotasunagatik lotura handia duen lankideren bat izango da, lankide ikerlaria. Baldintza horri esker herrietako informanteekiko harremana estuagoa izan ohi da, beraiek izandako bizieren berri jasotzea errazagoa izanik.
2. Herri edo biztanlegune jakin bateko bizimoduaren berri jasotzea da xedea, bertako kultura osatzen duten alderdi guztiak hartuta, beti metodologia berari jarraituz eta galdeketa bera erabiliz.
3. Ikerlariak ondo ezagutzen ditu herriko hizkuntza eta bertan erabili ohi den euskalkia. Ezinbestekoa da hizkuntza ondo jakitea bai erabilitako terminologia bai kontatutakoa modu zuzen eta egokian interpretatu eta transkribatzeko.
4. Datuak biltzea ez da bakarrik objektu eta gertaera etnografikoen morfologia jasotzea; kontestu kulturalean duten betekizuna eta esanahia ere jaso behar dira.
5. Informanteek gogoratzen dutenerarteko datu etnografikoak bilduko dira, eta beraiei dagozkien bizitasun-indizearen edo gizartean duten onarpen-mailaren arabera zehaztuko dira. Horrela, aintzinakoen ordez indarrean jarri diren gertaera berrien lekukotasuna ere jasoko dute, gaur egun bizi dugun transizio kulturala eurok baitakarte.
6. Aukeratutako herrian egindako ikerlanak kontrastatu eta aztertu egingo dira aldian-aldian lurraldeko Etniker Taldeko beste lankideekin batera egindako bileretan, betiere egindako inkestari dagozkion gai espezifikoez.

Galdeketa etnografikoa

Gorago aipatu dugunez, Etniker Proiektuan parte hartzaile diren kide guztiek erabiltzen dute galdeketa bera gidaliburutzat tokian tokiko ikerlana egiteko. Beharrezkoa da hori modu horretara egitea, lana bateratua izan dadin. Galdeketa hori Barandiaranek berak prestatutakoa da. Behin eta berriz argitaratu izan da Guía para una encuesta etnográfica izenburupean. Guztira 850 galdera daude bertan, bederatzi atal nagusitan banatuta.

Hauek dira berak dakartzan atalak:

0. Udalerrien edo herrien datu geografikoak.
1. Etxeko gaien atala. Etxea. Elikadura. Janzkera. Familia. Senar-emazteen arteko harremanak.
2. Etxeko ohiturak: Altzariak. Atsedena eta garbitasuna. Helduen jokoak. Haur jokoak. Gaisotasunak eta sendagaiak. Bizikera erlijiosoa. Ohikuneak: jaiotza eta bataioa, senaremaztegaiak, ezkontza, heriotza.
3. Jarduerak: Abeltzaintza eta artzaintza.
4. Jarduerak: Itsasoa eta arrantza.
5. Jarduerak: Nekazaritza.
6. Jarduerak: Artisautza eta beste ogibide batzuk.
7. Ingurua: Auzoa eta herria. Herri-zuzenbidea eta konstituzioak.
8. Kulturizazioa: Etxea. Eskola. Erlijioa. Kultua. Jaiak. Herri-egutegia. Arteak. Sineskerak. Esaundak eta ipuinak.
9. Biografia etnografikoak: Datu pertsonalak. Prestakuntza. Bizimodu maila. Harreman sozialak. Biografiatuaren estatusa. Aldaketa kulturala. Bizitzako ohikuneak.

Ikerketen planifikazioa

Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko, 1976tik lankidetzan jardun zuten Etniker taldeek 1987an erabaki zuten lan-plangintza beste era batera antolatu eta zuzendaritzarako zituzten organoak aldatu egingo zituztela. Era berean, Idazkaritza teknikoa eratu zuten, tokian tokiko ikerlanak koordinatzeaz gain, ikertutako gaien berri idaztearen ardura izango zuena. Idazkaritza horren egoitza nagusia Labayru Ikastegiaren Etnografia Sailean dago, Derion (Bizkaia), gai etnografikoetan espezializatutako bibliotekaren laguntza duelarik egoitzan bertan.

Ikerketen planifikazioari zegokionez, aurrerantzean Etniker taldeek beren kanpo ikerketak sinkronizatu egingo zituztela ere erabaki zuten, urtero Galdeketa Nagusiko gai bat landuko zutelarik.

Lehenengo bost urteetako lanetan garatzeko gaietarako honako hurrenkera hau zehaztu zuten: 1988, Elikadura tradizionala etxean eta elikadurari buruzko erritoak; 1989, Haurren mundu ludikoa: jolasak eta abestiak; 1990 eta 1991, Bizitzako ohikuneak: jaiotza, haurtzaro, gaztaro, ezkontza eta heriotzari buruzko ohikuneak; 1992, Herri-sendabideak.

Ikerketa-egitarau hori bete ondoren, 1992. urtearen amaieran beste plangintza bati ekin zioten, jorratzeko gaiak honako hauek izanik:Janzkera; Abelazkuntza eta Artzaintza; Etxea, altzariak eta tresnak; Familia eta senitartekotasuna.

Orain arte egitaraututako ikerketak egin ondoren (1999. urterako), etxeko gaien eta ohituren atalari dagozkien inkestak oso-osorik ikertuta izango ditugu.

Etniker taldeen asmoz ikertuko dituzten hurrengo gaiak jarduerei dagozkienak izango dira: nekazaritza, arrantza eta itsasketa, artisautza, industria eta beste ogibide batzuk. Gai horien barruan, 1996an egin zen abeltzaintzari eta artzaintzari buruzko tokian tokiko ikerketa.

Euskal Herriko Atlas Etnografikorako planifikatu den ikerlana osatuko duten gaiak hauek izango dira:

1. Sarrera eta ohar orokorrak.
2. Etxea: tresnak eta altzariak. (Egindako tokian tokiko ikerlana: Etxea; ikertzen: altzariak).
3. Etxeko elikadura. (Argitaratuta, 1990).
4. Janzkera. (Tokian tokiko ikerlana eginda).
5. Familia eta senitartekotasuna.
6. Haur jolasak eta abestiak. (Argitaratuta, 1993).
7. Helduen jokoak.
8. Herri-sendabideak. (Kanpo ikerlana eginda).
9 Bizitzako ohikuneak. 2 bol.: Heriotz ohikuneak. (Argitaratuta, 1995).
 Jaiotzatik ezkontzara arteko ohikuneak. (Argitaratuta, 1998ko martxoa).
10. Abelazkuntza eta artzaintza. (Tokian tokiko ikerlana eginda).
11. Arrantza eta itsasoa.
12. Nekazaritza.
13. Ogibideak eta industria.
14. Herri-artisautza.
15. Herri-arteak.
16. Ingurua: auzoa eta herria.
17. Herri-zuzenbide eta konstituzioak.
18. Herri-erlijiotasuna.
19. Esaundak eta ipuinak.
20. Herri-egutegia.
21. Mitologia.
22. Garrantzizko biografia etnografikoak.
23. Kartografia. Bibliografia. Aurkibideak.
* * *
 

Tokian tokiko galdeketen banaketa

Atlasa egiteko erabilitako materialak, gehienbat, tokian tokiko galdeketa etnografikoetan oinarrituta daude. Zeregin zail eta neke horixe da izan ere obra honek bildutako berrikuntzarik nabariena.

Oraingo obra honetarako —Bizitzako ohikuneak: Jaiotzatik ezkontzara artekoak— tokian tokiko galdeketak Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Komunitateko eta Pirinio Atlantiarreko Departamentu Frantseseko zati batean dauden 69 herritan egin dira. Aukeratutako herri horien ezaugarri fisiko eta demografikoen berri jaso dugu "Datos geogrificos de las localidades encuestadas" atalean eta, bertan ikusten denez, herri horien ezaugarriak oso desberdinak dira. Beraietako asko herri txikiak dira, beste zenbait uriak edo handitu egin diren herriak. Bizilagunak gune bakar batean bilduta edo sakabanatuta bizi izanak eragin zuzena du herritar horien ohituretan, obra honetan sarri egiaztatu ahal izango dugunez.

Tradizioz Euskal Herria deitu izan dugun eremu zabal horretako gune guztien ordezkaritza egokia izaten saiatu gara. Hala ere, ez dugu beti lortu ahal izan, tokian tokiko ikerlanei ekiteak berez dakartzan zailtasunengatik.

Inkesten lurraldekako banaketa honako hauxe da:

Araba .................................................. 13
Bizkaia ................................................ 16
Gipuzkoa ............................................ 12
lparralde ............................................. 14
Baxenafarroa, Lapurdi eta Zuberoa .. 11

Baxenafarroan egindako inkestei dagokienez, Lartzabale, Donaixti-Ibarre eta Ibarla herrietan egindako galdeketa partzialak sartu dira —elkarren auzoko diren herriak—, eta Donibane-Garazikoa. Berdin egin izan da Ajuria-Muxika, Trapagaran eta Zeberio herrietan ere (B).

Gorago esan dugunez, Etniker taldeek egindako ikerketa adostu horren ezaugarri da Guia para una encuesta etnogrctfica izeneko lanean bildutako galdeketa etnografikoa eredutzat erabili izana, berori izan baita tokian tokiko ikerlan osoa bideratzeko gidaliburua. Bildutako datuak Etxeko ohiturak ataleko II. atalburuko 174-237 zenbakidun galderetatik jaso ditugu, hau da, bizitzako ohikuneei dagozkienetatik: Jaiotza eta bataioa; Haurtzaroa eta gaztaroa; Senar-emaztegaiak eta ezkontza.

Inkesta irekia

Lekuan lekuko ikerketetaren datuak jasotzeko orduan erabili dugun metodologiari buruz laburpen txiki bat egin nahi genuke jarraian. Hasteko, esan beharra daukagu oinarrizko galdeketa ez dugula bakarrik erabili zenbait gertaera benetan jazo izan diren ala ez jakiteko edo toki bakoitzean nola deitzen diren jakiteko.

Gorago esan dugu Guia para una encuesta etnogthfica horretako galderak azterlana bideratzeko direla, ikerlariak ondo jakin dezan zer behatu eta zertaz galde egin behar duen.

Tokian tokiko ikerketa egiten duena ez da, gure kasuan behintzat, inkestagile hutsa. Ikergai izango duen taldearen barruan bizi behar izango du, lekukoen bizimodua behatu, informanteekin harreman estua izan, datuak neurtu eta alderatu. Informazio horrekin guztiarekin, eta berak bizi izandako gertaerak lagungarri dituela, memoria etnografikoa prestatu behar du, galdeketan proposatutako galderei hurrenez hurren jarraituz.

Inkesta irekiko metodo horren bidez lortutako informazioa askoz aberatsagoa da. Galdetutakoaren zehaztasunetik harago doazen ñabarduraz betetzen da informazioa. Barandiaranek sarri esan izan zuen gizakiak bizi izandakoak ezin direla aldez aurretik zehaztutako galdeketetara mugatu. Gizakiaren errealitatea gure galderen gainetik dago.

Hala ere, modu horretan eskuratutako informazioa desberdina eta desordenatuagoa da. Hori oztopo handia dugu obra osatuko duten testuak ontzeko orduan. Izan ere, lanik neketsuenetakoak izan dira tokian tokiko ikerlanetako txostenetan bildutako datuen sailkapena eta datu horien geroko trataera.

Obrarako materialak

Obra honetarako testua gehienbat Etniker taldeek tokian tokian 1992an egindako galdeketetan bildutako materialetan oinarrituta dago. Galdeketa horiek egin zituzten ikerlarien eta herrien zerrendak obraren hasierako orrialdeetan daude.

On Joxemiel Barandiaranek Etniker proiektua eratzean ikerketei ekiteko bidea zehaztu eta bere galdeketa argitaratu ondoren 1970etik aurrera Etniker proiekturako ikerlan etnografiko puntual batzuk gauzatzen hasi ziren, geroago zenbait aldizkaritan kaleratu izan zirenak: Anuario de Eusko Folklore, Cuadernos de Etnologia y Etnografict de Navarra, Etniker-Bizkaia eta Ohitura, adibidez.

Etniker taldeetako zenbait kidek osatu egin zituzten galdeketak egindako herrietako monografia etnografikoak: Francisco Javier eta Jose. Angel Zubiaurrek 1980an argitaratu zuten San Martin Unxekoa (N); Luciano Lapuentek 1971-1979 urteetan egindako ikerketen berri jaso zuen Las Aniscoas (1990) izeneko obran; Jesits Ruiz de Larramendik Agurain uriari (A) buruzko azterlan etnografikoa kaleratu zuen 1994an.

Material etnografikoak eskuratzeko hasierako plangintza haren barruan 1983tik 1987ra bitartean Euskal Herriari zegokion eremuan beste ikerlan batzuk ere bideratu ziren Eusko Ikaskuntzak bultzatutako `Josē Miguel de Barandiarki" izeneko beken fruitu ziren lanak bildu.ta. Hauek dira haietako zenbait: Contribuci6n al Atlas Etnogrdfico de Euskalerria. Investigaciones en Bizkaia y Gipuzkoa (1987) eta Contribuci6n al Atlas Etnogrdfico de Vasconia. Investigaciones en Alava y Navarra (1990).

Hemengo ale hau idazteko, orain artekoetan bezala, kontuan izan ditugu Etniker proiektuaren barruan Barandiaranen galdeketari jarraituz egindako tokian tokiko ikerlan horiek guztiak.

Hemen landutako gaiei buruzko ikerlanak egin dituzten beste egile batzuk ere aipatu ditugu orri-oinetan, batez ere beraiengana sarri jo behar izan dugunean.

Iparraldeari dagokionez, Etniker proiektuaren barruan sartutako gaur egungo tokian tokiko galdeketez gain On Joxemiel Barandiaranek berak berrogei eta berrogei eta hamarreko hamarkadetan Sara (Lapurdi), Donoztiri, Uharte-Hiri (Nafarroa Beherea) eta Liginagan (Zuberoa) egindakoak ere kontuan izan ditugu. Ikerlan horiek Ikuska eta Anuario de Eusko Folklore aldizkarietan plazaratu ziren.

Oraindik argitaratu gabe dagoen dokumentazio etnografikoari dagokionez lehenengo eta behin Aita Jose Antonio Donostia aipatu beharko genuke. Berak jasotako datuak Nafarroako mendialdeko herrietakoak dira, hogei eta hogeita hamarreko hamarkadetan bildutakoak. Artxibo horiek Aita Donostiaren loba den Teresa Zulaika eta dagoeneko hil zaigun Jorge de Riezuri esker erabili ahal izan ditugu.

Madrileko Ateneoak, mende honen hasierako urteetan, Espainian inkesta bat egin zuen: Costumbres populares referentes al Nacimiento, Matrimonio y Muerte. Inkesta horretako emaitzen zati bat, jaiotzari dagokiona, 1990ean argitaratu zuen Museo del Pueblo Español deritzanak El ciclo vital en España izenburupean, bi bolumenetan banatuta. Material horretako bigarren zatia, Euskal Herriari dagokiona behintzat, oraindik argitaratu gabe dago[4]. Biltegi hori erabiltzeko aukera izan dugu Bartzelonako Consejo Superior de Investigaciones Cientificas erakundearen "Archivo de Etnografía y Folklore de Cataluña, Institución Milá y Fontanals" delakoan gordeta duten kopiari esker. Horretarako, Lluis Galvo eta Manuel Mandianes jaunen eskerroneko laguntza izan dugu. Mende hasieran baturiko material horiez baliatu ahal izanak aukera ezinhobea eman digu sasoi hartan bildutako datuetatik mendea bukatzear dugun honetan jasotakoetara jazotako transizioa neurtzeko.

Testuaren lagungarri argazkiak, geure ikerlariek eurek lortutakoak gehienak. Halere argazkirik zaharreneko batzuk artxibo publiko edo pribatuetakoak dira eta beste asko aldizkari grafikoetatik atera ditugu. Beti aipatu dugu jatorria.

Obraren edukia

Bizitzako ohikuneen azterketa da obra honen muina. Heriotz ohikuneei buruz kaleratutako azken alearekin batera, bizitzako ohikuneen ikuspegi osoa erakusten dute bien artean.

Lehenengo zatia, hasierako sei atalak hartzen dituena, jaiotza, bataioa eta haurtzaroari buruzkoa da: umea etxean erditu eta jaiotzaren inguruan zeuden ohiturak, jaioberriari eskaintzen zioten zaintza berezia eta edoskitzaroa. Bataiorako aintzinako eta gaur egungo ohikuneak eta aita-amabitxiak. Amaberrialdirako debekuak, ama elizara sartzeko errituala, amaberriari egiten zizkioten bisitaldiak eta egoera hori amaitzen zenerako ospakizunak. Haurra zaintzeko ohiturak, lehen jaunartzerako eta sendotzarako ohikuneak eta etxeko zereginetan haurrek zertan laguntzen zuten dira obra honen lehen zatiari amaiera emango dioten gaiak.

Atal horretan bildutako deskripzioak ez dira bakarrik ohikuneei buruzkoak, sineskerien berri ere jaso dugu eta: haurrek jaioberrien jatorriari buruz zituztenak edo helduek haurdunaldiari eta erditzeari buruz zituztenak.

Gaztaroari buruzko ohiturak dira bigarren zatian bildutakoak. Arabako eta Nafarroako sustrai sendoko mutil-elkarteen garrantzia, dantzaldiak, neskatan ibiltzea eta era horretako ohiturek senar-emaztegaien arora hurbilduko gaituzte. Geroagoko beste kapituluetan ezkontzako dirukontuak, arrioa —lehen garrantzi handia baitzuen—, ezkontzarako prestakuntzak elizako deiak egin bitartean, ezkongaien agurra, gonbidapenak eta ezkonberriei egindako opariak dira zati honetan aztertutako ohiturak.

Hamabigarrenetik hamabosgarrenera bitarteko kapituluetan ezkontza aztertu dugu. Ezteguetarako gonbidatuak, ezkontza bera, ezkonbazkaria eta bertako ohiturak, ezkontzaren ondorengo eskaintzak, arrioaren gurdia eta bizileku berrira sartzea dira aztergai nagusiak. Obraren amaieran mutilzahar eta neskazaharren bizimodua, zaharren eta alargunen arteko ezkontzak eta harreman bereiziekin lotutako usarioak jaso ditugu.

Ahal izan den neurrian behintzat, gertaeren sekuentzia kronologikoa eta gaien hurrenkera bateratzen saiatu gara. Horregatik, zenbait eranskin gehitu ditugu kapituluen amaieretan, edukiari buruzko etnotestuak eta azterlanak bilduz. Ohikune eta ohituretan mendeak aurrera egin ahal izandako aldaketen berri jasotzen saiatu gara, gaur egungo egoeraren berri ere askotan jaso izan dugularik.

Idazketa

Beste leku batean aipatu dugunez, obra honetarako irizpideak zehaztu edo testuak prestatzeko ardura lurraldeetako Etniker taldeetako partaide batzuena izan da, Idazketa Batzordea osatu dutenena hain zuzen ere.

Obra prestatzeko, idazketa eta ediziorako zeregin horretan aipatzekoa da benetan Labayru Ikastegiko Etnografia Saileko lankideen lana, Gurutzi Arregiren zuzendaritza eta koordinaziopean. Beraiei dagokie obra handi, zabal eta nahasi hau moldatzeko lan eskerga eta zaila. Ezinbestekoa izan dute kanpoan bildutako material guztia berriro sailkatzea, beharrezko bibliografian arakatzea, itzulpenak egitea, lexiko aldetiko egokitzapenak egitea, ilustrazioak aukeratzea eta ediziorako prestakuntzarekin zerikusia duen guztiaz arduratzea.

Euskara eta gaztelaniazko hitzak transkribatzeko irizpideak

Obra honen helburua ez da filologikoa edo linguistikoa. Beraz, euskara edo gaztelerazko tokian tokiko aldaeretan emandako hitzen idazkera irakurleak errazen ulertzeko modua kontuan izanik eman dugu.

Bildutako material etnografikoan euskarazko adierak jasotzeko irizpideak hain desberdinak izan direnez, hizkuntza horretara egindako transkripzioak ugariak izan litezke. Orokorrean, azken urteotan, inkestalariek ardura handia hartu izan dute hitzak jasotako lekuetan beraietan esaten dituzten modu-moduan biltzeko, ukitu fonetiko txikienak ere transkribatzeko ahalegina eginez, batez ere euskaraz erreferentzia estandarizaturik ez egotearren edo hizkuntza horretarako grafia bateratua ez ezagutzearren. Joera hori argi eta garbi azalduko da gure Atlas honetan, eta askotan kontraesanak ere izango dira, seguru.

Dena den, inkestetako eta iturri bibliografikoetako materiala ahalik eta gehien eguneratuz transkribatzen saiatu gara, nahiz eta inoiz ez dugun arriskuan jarri bidalitako memorietako datuen fidegarritasuna.

Kapitulu bakoitzeko atalen eta izenburuetarako euskarazko hitzak normalizatutako ortografiaren arauei jarraituz eman ditugu.

Elementu jakin bati deitzeko moduak zerrendatu izan ditugunean, aldaera linguistikoak bildu egin ditugu antzeko jatorrien arabera, ahoskeragatik izan litezkeen desberdintasunak kontuan izan gabe. Idazkera hori, herri bakoitzeko erreferentzia zehatza galdu egiten duen arren, gure ustez argiena da, bai euskarazko bai gaztelerazko aldaerak biltzean.

Amaitzeko, gogoan izan behar dugu egindako bilketa zehatzetara mugatu dugula gure lana, eta gauza edo gertaera bati deitzeko aldaera guzti-guztiak bildu ez baditugu horrek ez duela esan nahi guk baztertu egin ditugula, baizik eta gure informazio-iturrietan ez direla agertu izan.

Zenbait ohar irakurlearentzat

Herriez: Testuan herriren bat aipatu dugunean, izenarekin batera laburdura bat idatzi dugu zein lurraldetakoa den zehazteko. Iparraldeko lurraldeei dagozkien hizkiak hauek dira: (L) Lapurdi, (BN) Nafarroa Beherea eta (Z) Zuberoa. Hegoaldeko lurraldeei dagozkienak: (A) Araba, (B) Bizkaia, (G) Gipuzkoa eta (N) Nafarroa.

Inkesta egin dugun herrien kokagune geografikoa sarrerako atal honetan bertan jasotako mapan ikus liteke.

Datuen banaketa geografikoaz: Argitalpenaren taiva gogoan hartuta, bertan bildutako datuak inkestaren egiaztatu izan diren herrietakoak baino ez dira. Bistakoa da, interpretazio horiek ez direla bakarrik herri horretarako baliagarriak izango. Zilegi litzateke, beraz, herri horiek hartzen dituena baino eremu zabalagoari dagozkiola pentsatzea.

Kultur gertaeren datazioaz: Irakurlea irakurri ahala konturatuko da jaiotza, gaztaro edo ezkontzako ohikune hauetako batzuk oraindik indarrean daudela edo beraietako asko galdu egin direla. Ohartuko da, gainera, ohikune horiek izandako aldaketez ere. Horretarako "aspaldi", "beste sasoi batean", "gaur egun" eta antzeko esanguradun esapideak erabili izan ditugu erdal idazketan. Inoizkotan, hurbilkera kronologikoa egin dugu hamarkada zehaztuz edo berebiziko garrantzia izan zuten gertaerak aipatuz, 1936ko Gerrate Zibila esaterako, Hegoalderako, edo Munduko Gerra (1940-45), Iparralderako. Ez dugu uste hori datazioan huts egitea denik, kultur gertaera horien hasiera edo amaiera emango lukeen edozein data ez balitzateke guztiz zehatza izango.

Gure obra hau etnografikoa da, eta ez historikoa, nahiz eta bertan bildutako usadioak eta jokaerak mende honetakoak izan, gure informanteen muga bakarra gomuta da eta.

Eskerronak

Gaur aurkeztu dugun obra hau ezin izango genukeen kaleratu Eusko Jaurlaritzaren Iaguntza eta babesik gabe. Euskal Herriko Etniker taldeen izenean gure eskerrona adierazi nahi diegu kultur sailburu den M. Carmen Garmendiari, José María Agirre sailburuordeari eta sail bereko ondasun zuzendari den Eduardo Estraderi, proiektu honetarako beraien laguntza ematen jarraitu dutelako. Eskerrak adierazi nahi dizkiegu baita Nafarroako Gobernuko hezkuntza eta kultur sailburuari, Jesús Javier Marcotegui, eta kultur zuzendari nagusiari, Tomás Yerro, liburu honen ediziorako eskainitako laguntzagatik.

Urte asko dira On Joxemiel Barandiaranek Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egiteko asmoa agertu zuenetik. Geure burua haren ikasletzat dugunok barru-barruan daramagu proiektu honen garrantzia kulturala. Ziur gaude aurrerantzean ere hainbat instituzioren laguntza izango duguna, eta horri eta gure kemenari esker proiektu erraldoi hau gauzatu egingo dugu, maisu izan genuen Barandiaranek ikertzen emandako bizi luze eta oparoaren fruitu gisa: Euskal Herriko Atlas Etnografiko honek aukera emago digu "gure herriaren kultura tradizionala sakon ezagutzeko, gaur egun bizi dituen aldaketez ohartzeko eta euskal herritarren etnografia beste kultura batzuen ikusian alderatzeko".


6.0.1 Ritos del nacimiento al matrimonio en vasconia mapa.jpg
 
  1. Ikus: Jose Miguel de BARANDIARAN. OO.CC. VI. tomoa. Bilbao, 1974, 351-355 orr.
  2. Ibidem, 357-383. orr.
  3. Cfr. Euskalerriko Etniker Taldeen Akta Liburua. ADEL.
  4. Ikertzen ari garen eremuari dagokionez, inkesta hori Laguardia, Llodio, Bilbao, Gernika, Deba, Mendaro, Bergara, Oñati, Azpeitia, Iruriea, Sunbilla, Aoiz, Lizarra, Tafalla, Falces, Kaparroso eta Monteagudon egin zuten. Herri horiei buruzko erantzunen fitxak talde berean bilduta daude inkestako lurraldekako banaketan.