XV. ASMATZEKO JOLASAK. IGARKIZUNAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 09:28 26 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Haur batek bere kideei proposatutako objektu, pertsona, lanbide... baten izena asmatzean oinarritzen diren jolas asko daude. Leku itxietan edo babestuetan praktikatzen dira eskuarki, eguraldi txarra dagoenean eta horrek haurrak aterpean egotera behartzen dituenean, edo, besterik gabe, haurrek zeregin hoberik ez dutenean. Bi sexuetako haurrek hartzen dute parte, baina eskuarki neska koxkorrak nabarmentzen dira, irudimena eta oso erreflexu azkarrak eskatzen dituzten jolasak direlako.

Asmatzeko jolas orokorrak

Ikusi-makusi.

Euskal Herri osoan ezaguna eta praktikatua. Jokalari batek denen bistan dagoen objektu bat pentsatzen du, eta besteek asmatu behar dute zer objektu den hori, arrasto gisa objektua izendatzen duen hitzaren lehen letra emanda, edo hitzaren lehen eta azken letrak bestela.

Quién te ha picado

Haurretako bat eserita dago, ama rolean; beste batek burua magalean makurtuta dauka eta eskuetako bat bizkar gainean. Haur horrek ez daki zein izen (fruta batena, animalia batena...) esleitu zaion distantzia batera dauden gainerako jokalarietako bakoitzari. Amak jokalari horietako bati deitzen dio ezkutuko izena erabilita, honela adibidez: «Que venga la fresa» («Datorrela marrubia»). Hura hurreratu egiten da, burua makurtuta duen eta, horrenbestez, bera ikusterik ez daukan haurrari atximur egiten dio eskuan, eta bere lekura itzultzen da. Atximurkada jaso duenak, zutik jarrita eta taldeari begiratuta, nor izan den asmatu behar du.

Jolasak orratzekin eta beste objektu batzuekin

Herri batzuetan «A alfileres» («Orratzetara») izen orokorra dute, eta beste batzuetan izen espezifikoak daude, jolasaren modalitatearen arabera.

Laburbilduz, aldaerak hiru izan daitezke, posizioa, unitateen kopurua edo dauden lekua asmatu behar den kontuan hartuta, hori guztia arau batzuetara egokituta eta kasu batzuetan formula jakin batzuetara jota.

Nabarmendu nahi dugu inkesta egin den Nafarroako herri batzuetan haurrek ez dituztela agujas (orratzak) eta alfileres (orratz burudunak) arteko bereizketarik egiten. Gauza bera gertatzen da euskaraz, gero eta pertsona gehiagok erabiltzen baitute orratzak hitza batzuei zein besteei erreferentzia egiteko.

Al florón. Al polvorón

Izen hauekin neska koxkor zein mutil koxkorrek parte har dezaketen jolasak definitzen dira, baina ohikoagoa da jolas hauek praktikatzen neska koxkorrak ikustea. Lurrean esertzen dira, korroa osatuz, eta objektu txiki bat ematen dio batak besteari, edo, bestela, eskuekin muturretan lotuta dagoen soka bati eusten diote, sokan zehar hura inguratzen duen eraztun bat mugitzen dela. Erdian, objektua edo eraztuna nork daukan asmatu behar duen jokalaria dago. Asmatzen baldin badu, hura zeukanari aldatuko dio lekua.

Hotz-beroka

Haur batek edozein objektu edo jantzi ezkutatzen du, eta gainerakoek hura aurkitu behar dute. Bila ari diren bitartean, «caliente» («bero») hitzarekin laguntzen zaie objektutik gertu baldin badaude, eta «frío» («hotz»), urrun baldin badaude. Leku batzuetan, Artaxoan (N) adibidez, «templado» («epel») hitza gehitzen da, adierazteko objektua bilatzeko hartutako norabidea egokia dela baina objektua oraindik ez dagoela gertu, edo «¡que te quemas!» («erre egingo zara!»), objektua ukitzear dagoenean. Objektua aurkitzen duen lehena izango da hura ezkutatuko duen hurrengoa.

Begiak estalita egiten diren jolasak

Jolas hauek oso zabalduta daude herrialde osoan askotariko modalitateetan, bertsio batzuk gaur egun oso gutxitan erabiltzen badira ere. Jolasean, gelditzea dagokion haurra gogaitaraziz eta hura okerreko arrastoekin nahastuz dibertitzen dira gainerako haurrak, baita jokalari guztien arteko lasterketak eta barreak eraginez ere.

ltsu-itsuka

Bilbon, Durangon, Galdamesen eta Zamudion (B), Allon, Arian eta Erronkaribarren (N) «A la gallinita ciega» («Itsu-itsuka») jolasten da: haur bati begiak estaltzen dizkiote, kantutxo bat kantatzen diote eta bueltak emanarazten dizkiote, eta haur horrek beste bat harrapatu behar du, eta asmatu, ukimenaren bidez, nor den. Gure informatzaileek diote mende hasieran ezaguna zela jada.

Igarkizunak, papaitak

Asmakizunak edo igarkizunak ebaztearena haurrek familia giroan zeudenean nagusiekin batera parte hartzen zuten buru-jolasa da. Asmakizun eta igarkizun horiek, asmatzeko beste jolas batzuk eta txisteak bezala, haurrek aisialdian edo norabait joaten ari direnean praktikatzen dituzten ahozko jolasen multzokoak dira.

Hemen aurkezten ditugun igarkizunak inkesta egin den herrietan jaso dira; gutxi batzuk Eusko Folklorearen Laborategitik (EFL) hartuak dira eta aurretik argitara eman gabeak. Euskarazko igarkizunen multzorik garrantzitsuena Azkuek[1] argitaratu zuena da, dudarik gabe. J.F. Cerquandek ere horietako asko bildu zituen joan den mendean Zuberoan[2]. Beste egile batzuek, hala nola Garraldak, Damaso lntzak, Aita Donostiak eta Irigarayk, igarkizunen formulak jaso zituzten euskal hiztunak nagusi ziren eskualdeetan. «La vida infantil en Alava» lanean («Haurren bizitza Araban»), berak lurralde horretan jasotako igarkizun bilduma handia argitaratu zuen Gerardo López de Guereñuk.


  1. Resurrección María de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. 111. liburukia. Madril, 1945, 375-411. or.
  2. F. CERQUAND. Ipar Euskal Herriko Legendak eta Ipuinak. Donostia, 1985, 102-105. or.