V. LASTERKETA JOLASAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:42 26 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Haur Jolasak Euskal Herrian|Juegos_infantiles_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Haur Jolasak Euskal Herrian|Juegos_infantiles_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Jolas mordo batek lasterketa du, modu batean edo bestean, bere osagaien artean. Lehen sailkapen batean, bereiz daitezke, batetik, xedetzat lasterketa bera duten jolasak, eta, bestetik, lasterketa beste batzuen arteko osagaietako bat dutenak. Nolanahi ere, komeni da esatea berez lasterketa diren jolasek ere, askotan, beren lehiakortasun zentzua galdu eta denbora-pasa ludiko huts bihurtuko direla.

Berez lasterketa diren jolasak. Lasterketak

Abiadurako lasterketa jolas komuna da inkesta egindako herri ia guztietan. Eskuarki haurrak dira praktikatzen dutenak, nahiz eta ez izan haien kontua soilik. Oro har, antolatzen dira ikusteko nor iristen den lehenago, lasterka, irteera puntu batetik abiatuta aurretik ezarritako helmuga batera; helmuga hori izan daiteke kale bat, etxe bat, horma bateko harri jakin bat, arbola bat...

Hala ere, modalitate batzuetan zailtasun batzuk gehitzen dira, lasterketa ikusgarriagoa eta dibertigarriagoa izan dadin.

Oso ohikoak dira a la pata coja lasterketak ere, zango bakar bat gainean laster eginez aurretik ezarritako helmuga batera iristean oinarrituak; eskuarki, beste zangoarekin lurra ukitzen duen jokalaria deskalifikatu egiten da. Mutil koxkorrek zein neska koxkorrek praktikatzen dute.

Ezagunak dira «carretilla» edo «eskorgen» lasterketak ere; horietan, jokalari batek orkatiletatik eusten dio besteari, eta beste hori, ahuspez, eskuen gainean bermatzen da. Horrela osatutako bikoteek helmuga baterantz laster egiten dute. Ondoren, batzuetan, paperak trukatzen dituzte, eta eskorgarena egin duenak gidariarena egiten du, eta alderantziz. Bikotekako lasterketako bi modalitate horiek ohikoak izan dira herrietako jaien ospakizunetako jolasen artean. Era honetako jolasei eskainitako kapituluan xehetasun handiagoz lantzen dira.

Kasu askotan lasterketak objektu baten bidez zailtzen dira, eta objektu hori guztiz sinplea izan daiteke, pote bat adibidez. Hori da «Carrera de botes» («Poto lasterketa») deitutakoaren kasua, berrogeita hamarreko hamarkadara arte iraun zuena, antza denez. Mutil koxkorrek eta neska koxkorrek jolastu ohi ziren, eta metalezko bi pote behar izaten ziren, oinarrietan zulatuak, zulo horietatik 50 cm luze zen soka bana pasatzeko. Oinak poteen gainean kokatu eta eskuekin eusten zitzaien soken muturretatik helduta.

Arraia bat egiten zen irteera puntua adierazteko, eta jokalariak haren ondoan kokatzen ziren. «Bat, bi eta hiru» esan ondoren lasterketa hasten zen. Korrikalari bat lurrera eroriz gero, deskalifikatuta geratzen zen.

Jolas honen praktika inkesta egindako herri askotan egiaztatu da, baina izen desberdin askorekin. Nolanahi ere, ikusten da nagusitzen diren izenak «zancos» («akuilu-makuiluak»), «botes» («potoak») eta «latas» («latak») direla, horietatik eratorritakoez gain.

Lasterketako jolas original bat «Zapatos en montón» («Zapatak piloan») deritzona da. Lehiakide asko izan daitezke eta sexu desberdinetakoak, eta denek oinutsik gelditu eta oinetakoak pilo batean nahastuta uzten dituzte. Distantzia bat utzi eta seinale bat egin ondoren, bakoitza bere oinetakoen bila doa, jantzi egiten ditu eta irteerako puntura itzultzen da. Hori egiten duen lehena da irabazlea.

Osagaien artean lasterketa duten jolasak. Lasterketa jolasak

Hemen jaso diren jolasetan lasterka egitea da elementurik esanguratsuena, baina horren materializazioa desberdina da batzuetan eta besteetan, bakoitzaren deskribapen xehean ikusiko den bezala. Batzuetan, beste lehiakideak ikusteko laster egiten da; askotan, hori ez da nahikoa izango eta jolaskideak ukitu edo harrapatu beharko ditu, eta kasu batzuetan lehiakideek abiadura handia hartu beharko dute ukituak ez izateko.

Harrapaketak. La tusa

Lehiakide guztien arteko zozketa batean hautatuko da zein izango den gainerakoen atzetik laster egingo duena beste bat harrapatu eta horrela aske gelditzeko. Jolas horretan mutil koxkorrak zein neska koxkorrak aritzen dira, eta inkesta egindako herri guztietan egiten da.

A guardias y ladrones. A lapur y mikelete

Artziniegan (A) «A policías y ladrones» deritzo («Polizia eta lapurretara»). Besterik gabe, poliziarena egiten dutenek, eskutik helduta gutxienez bikoteka, puntu jakin batetik abiatzen dira lapurrarena egiten dutenen bila, eta haiek ukitu egin behar dituzte. Harrapatutakoan, hiruko taldetan biltzen dira, beste bat ukitu arte, eta une horretan hirukotea hautsi egiten da bi bikote osatzeko, elkarrekin lotuta bik errazago egiten baitute laster hiruk edo gehiagok baino.

Une horretan banatuta geratzen ziren, parte-hartzaile bakoitza bando batean. Horrela leloa errepikatzen zen denak banatuta geratu arte.

A la cadeneta. Katean

Mutil koxkorrek eta neska koxkorrek jolasten dute. Itsu denak laster egiten duen beste bat harrapatzen saiatu behar du. Lortzen baldin badu, biek elkarri eskua ematen diote eta beste bat harrapatzeko laster egiteari ekiten diote, eta horrela hurrenez hurren, harik eta denak harrapatuak izan arte eta, horrenbestez, denek eskuak lotuta izan arte.

A las cuatro esquinitas. Kantoi-kantoika. Txokoketan

Oso jolas herrikoia eta inkesta egindako herri askotan jasoa da «A las cuatro esquinitas» deritzona («Lau izkinatxoetara»). Mutil koxkorrek zein neska koxkorrek praktikatzen dute.

Lau parte-hartzailek nork bere izkina hartzen dute eta bosgarrena, pagatzen duena (itsu geratzen dena), horietako bat hartzen saiatzen da besteek beren postuak trukatzen dituztenean. Jokalari gehiagok ere parte har dezakete, baina izkinen kopuruak parte-hartzaileen kopuruak baino unitate bat txikiagoa izan behar du beti.

Al pañuelito por detrás. Zapi zuria atzetik

Jolasaren izenak parte-hartzaileek erabiltzen duten objektuan du jatorria. Neska koxkorrak lurrean esertzen dira, korroa eginez. Horietako bat ama da, eta taldearen atzealdean paseatzen da, neurri batean jolasa zuzentzeko balio duen kanta bat kantatuz, eta ezkutaturik daraman jantzi bat korroko neska koxkorretako baten atzean uzten du. Neska koxkor hori, atzealdean jantzia duela jabetuta, hura jaso eta lasterka hasten da amaren atzetik. Jantziarekin ama jotzea lortzen baldin badu, irabazi egiten du eta bere eserlekura itzuliko da; ama leku horretara lehenago iristen baldin bada ukitua izan gabe, aldiz, pagatu egin beharko du.