X. TREBETASUN JOLASAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:42 26 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Haur Jolasak Euskal Herrian|Juegos_infantiles_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Haur Jolasak Euskal Herrian|Juegos_infantiles_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Trebetasuna aldez edo moldez jolas guztietan presente dagoen ezaugarri bat da. Gaitasuna eta maina behar da jolasetan, eta maltzurkeria eta pikardia ere beharrezkoak dira horietako batzuen praktikan. Kapitulu honetan, ezaugarri nabarmenena eskuen trebetasuna dutenak batu ditugu.

Horietako batzuk, tortolosena adibidez, neska koxkorrenak dira soilik, eta hori jolas enblematikoa izan da mende honetako hamarkada askotan. Horren ondoan, harriekin egindako jolasak deskribatu ditugu, bostarrika, tortolosenarekiko harremana eta antza dutelako; horrek pentsarazi dio egile bati baino gehiagori litekeena dela haien aurrekari izatea.

Kromoekin egindako jolasak mutil koxkorrek zein neska koxkorrek jolastu dituzte, baina batzuek eta besteek modalitate eta modu desberdinetan egin izan dute. Jostorratzekin eta txotxekin egindako jolasak, gaur egun ia batere praktikatzen ez baldin badira ere, oso sustraituta egon ziren mendearen hasieran.

Ziba eta kinkina mutil koxkorrenak baino ez dira izan ia, eta zibaren jolasak garrantzi handia izan du. Kapitulua hainbat trebetasun jolasekin amaitzen da, jostailu batzuk aipatuz; horien artean, orain dela gutxi arte behintzat izan duten garrantziarengatik nabarmentzekoak dira uztaien jolasa mutil koxkorren artean eta diaboloarena neska koxkorren artean.

Tortolosak. Sakak

Inkesta egindako hainbat herritan jaso denez, «tortolosetan» jolastea batez ere neska koxkorrek praktikatutako jolasa da. Adin handieneko informatzaileek oroitzen dute mendearen hasieran jolasten zela. Antza denez, beste garai batzuetan arauak eta jolasteko moduak konplexuagoak izan ziren eta gero sinplifikatu egin ziren.

Espazioan zein denboran zabalkunde handia duen jolasa da eta komuna kultura askotan. Telesforo de Aranzadik dio: «Tortolosek oso paper garrantzitsua dute Europako etnografian historiaurreko garaietatik. Horien antzinatasuna europarren bizibidea ehiza zen garairaino iristen da, eta Santimamiñeko haitzuloan (Basondo-Kortezubi) tamaina guztietakoak aurkitu ditugu, 17 eta 87 milimetro artekoak, hau da, gaur egun ohikoenak direnen 2/3 direnetatik horien halako hiru direnetaraino. Ezin da irudikatu handienekin txikienekin bezala jolastu ahal izango zenik; baina baliagarriak izan zitezkeen aztikerietarako eta horien garrantzi magiko-erlijiosoaren froga bat bi helduleku dituen brontzezko tortolosa da, Apolo Didimeori boto-oparia, ukalondo bat luze ia, Daríok Susara eramana Mileto hartu eta tenplua arpilatu eta gero K.a. VI. mendearen amaieran.»[1].

«Tortolosetara» modu askotan jolastu izan da. Dibertsitate hori agerian dago jolasaren elementuetan, haren arauetan eta laguntzen zuten kantatxoetan.

Jolasak kromoekin. Kromoka

Jolasaren osagaiak

Alde batetik soilik inprimatutako kromoak erabiltzen dira, kolore eta gai askotakoak, marchantera batzuei, saltzaile ibiltari batzuei, edo dendetan erosiak. Batzuetan, gurasoek edo aitona-amonek jaietan edo ferietan alabei eta bilobei egindako opariak izaten ziren. Tamaina desberdinetan saltzen dira, orrialdetan edo pleguetan, marrazki monografikoekin edo zenbait figurarekin: loreak, animaliak, panpinak, etxetxoak, aingeruak, lore-otzaratxoak, haur ipuinetako pertsonaiak eta abar. Kromo batzuek, neska koxkorren kromotzat jotzen direnek, hegal parpailadunak dituzte eta brillantinazkoak edo purpurinazkoak dira. Mutil koxkorrenak autoenak, hegazkinenak, zaldienak, motorrenak, futbolarienak, txirrindularienak eta abarrenak dira.

Ziba. Tronpaka

Zibaren jolas ezaguna denbora-pasa tradizionala izan da Baskoniako haurren dibertsio moduen artean XX. mendeko hamarkada askoan, eta hala izaten jarraitzen du gaur egun ere.

Jolaserako tresna ziba da, tornuan landutako zurezko pieza bat, gorputz sabeldua duena eta gero eta sekzio estuagokoa punta dagoen muturrera hurreratu ahala. Ziba hiru zatitan banatuta dago: burugaina edo koroa, zibaren goialdean dagoen irtengune bat; gorputza, gune astuna; eta punta, burdinazkoa eta zurezko gorputzean sartua. Burdinazko punta horri Murgian eta Gasteizen (A) rejón deritzo; Mendiolan (A), pico; eta Zeanurin (B), untzia.

Pagoaren, artearen, akaziaren, lizarraren, haritzaren edo ezpelaren zurez eginak izaten ziren zibak. Haur bakoitzak berea zuen, Errege eguneko opari gisa jasoa edo etxean eskuz egin ziotelako, artisau erara. Horrela, Apodakan (A), ziba etxean edo zurginaren laguntzaz egiten zen, eta haurrari Eguberrietan emandako saria izaten zen. Amonak ematen zuen soka opari. Portugaleten (B), tailerra moila zaharrean zeukan tornulari batek egiten zituen.

Ziba dantzarazteko, haren inguruan metro eta erdi inguruko soka bat biribilkatzen da. Hasieran, soka horrekin burugainari eusten zaio, erpuruaren mamiaz bermatuta, gero soka burdinazko puntara eramaten da, eta bata bestearen ondoan dauden espiralak osatzen dira zibaren erdialderaino. Batzuetan, zulatutako txapa zati edo txanpon bat kokatzen zen koroan, eta hari soka pasatzen zitzaion, korapilo bat eginez ez irteteko, horrela sokak finkatze lan ona egiteko.

Dantza egin dezan, ziba eskuarekin jaurtitzen da, atzamarren artean sobera den sokari eutsita. Ziba airean jiratzen hasten da eta halaxe jarraituko du lurrean ere, jaurtitzailearen trebetasuna jokoan jarriz.

Kinkina. Kinkika

Mutil koxkorrek baino praktikatzen ez duten jolasa da, eta haren oinarria da muturrean punta duen tresna bat lokatzezko lur bigunaren gainera jaurtitzea. Tresna hori makila zorroztu bat izan daiteke, labana bat, aizto bat, iltze bat edo are bihurkin bat ere, eta normalean hinque deritzo. Baina herri batzuetan beste izen bat du gaztelaniaz, edo euskarazko izena bestela, kinkina batez ere.

Jolasten hasi aurretik, eta ikusteko zein den parte-hartze ordena, arraia bat egiten zen lurrean, eta denek jaurtitzen zuten kinkina. Kinkina arraiatik gertuen sartzea lortzen zuena hasten zen.

Kinkinean, zibarekin gertatzen zen bezala, modu askotan jolas daiteke; sinpleenetako bat da aurretik lurrean zirkulu bat marraztu eta kinkina zirkulutik ahalik eta gertuen sartzen saiatzea; beste bat, kinkina jaurti eta ahalik eta urrutien sartzen saiatzea, «Makillakin» Zerainen (G); beste modu batzuk konplikatuagoak dira.


  1. Telesforo de ARANZADI. «Tabas y perinolas en el País Vasco» in RIEV, XIV (1923) 676-679. or.