XIV. HIZKUNTZA JOLASAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 06:26 23 jul 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Hitzezko jolasak betidanik izan dira euri eta hotz egunetarako baliabide, kalean egoterik ez zegoenean. Landa-eremuko gure gizarte tradizionalean, telebistarik ez zegoelarik, jolas hauek «denbora-pasarako» ere izan dira, beste ezer egiterik ez zegoenean.

Mota honetako denbora-pasak eskoletako edo elizako atarietan praktikatzen ziren, etxeen ezkaratzetan eta sukaldeetan, batzuetan nagusiek ere parte hartuz, edo beste edozein lekutan, eguraldi txarretik babestuta.

Gaur egun, eskolak eta batez ere gurasoek beraiek sustatutako jolasak dira, baketsuagoak eta sedentarioagoak direlako, eta, aldi berean, ahoskera hobetzen eta haurren hala hiztegia nola buruargitasuna aberasten laguntzen dutelako. Jolas mistoak izan ohi dira, baina neska koxkorren parte-hartze handiagoa izaten dute, hobeto moldatzen direlako.

Denbora-pasa hauen artean sartzen dira aurreko hitzaren azken silabarekin hasitako hitzak kateatzea, burugabekeriak eta errima barregarriak esatea, baita aho-korapiloak eta nahi ez diren mintzaideak nahasteko hizkera kriptikoak ere.

Hizkuntza trebetasuneko taldekako jolasak

A bellacos

Bizkaian, Araban eta gutxiago Nafarroan jolasten den jolas bati deritzo horrela. Oro har, parte-hartzaile bakoitzari zenbaki bat esleitzen zaio, jolasa zuzentzen duenari salbu, zeinari abuela (Salcedo-A), amo del gato (Mendiola-A), ama del gato (Bilbo-B) edo padre cura (Allo-N) deritzon. Korroan bilduta, amak hasten du jolasa, herriaren araberako leloa kantatuz. Formula batek honako hau dio:

En el convento de Santa Clara
había un gato ni muy gordo ni muy flaco
que lo comió el X bellaco.
(Santa Klarako komentuan / ez lodi eta ez mehe zen katua zegoen / eta X maltzurrak jan zuen).

Aipatuak erantzuten du: «Mientes bellaco» («Gezurra diozu, maltzurra»), eta hari amak galdetzen dio: «¿Quién se lo comió?» («Nork jan zuen?»), galderak eta salaketak gero eta bizkorrago errepikatuz, harik eta despistatuta dagoen jokalari bat, aipatua dela ez konturatzeagatik, eliminatuta geratzen den arte. Aktibo geratzen diren bellaco edo maltzurrek ez dituzte eliminatutako zenbakiak esan behar, bestela haiek ere kanporatuta geratuko baitira.

A los disparates

Jolas hau eta hurrengoa, «Al teléfono» deritzona, garatzeko ere haur talde bat behar da, baina, aurrekoetan ez bezala, ez dira lehiako jolasak, edo, behintzat, kanpoko pizgarri bat egon ezean, haur jolasetan ia beti gertatzen den bezala, lehiarako grina nahiko motelduta egoten da.

Jolas honi «A los disparates» deritzo («Zentzugabekerietan») jaso den herri gehienetan. Hondarribian (G) «A preguntas y respuestas» deritzo («Galde-erantzunetan»). Jolas mistoa da, eta jokalariak, haien kopurua aldagarria izanik, korroan biltzen dira. Jokalari batek hasten du txanda, eskuinean daukanari ahots apalean galdera bat eginez, eta hark modu berean erantzuten dio. Ondoren, erantzun duen jokalari horrek bere eskuinean daukanari galdetzen dio, eta horrela jarraitzen da itzuli bat osatu arte. Bakoitzak berari egin dioten galdera eta berak egindako galderari eman dioten erantzuna gogoratu behar ditu.

Txanda amaitutakoan, jokalari bakoitzak ozen errepikatu behar du zer galdetu dioten eta nola erantzun dioten. Adibidez: «Fulanito me ha preguntado que para que sirven los calzoncillos y menganito me responde que para ver mejor» («Urliak galdetu dit zertarako balio duten galtzontzilloek eta berendiak erantzun dit hobeto ikusteko direla»).

Al teléfono

Oro har, jolas honetan jokalariak korroan edo ilaran jartzen dira, halako moldez non batek mezua eman ahal izango dion eskuineko lagunari ahots apalean, eta hark aldamenekoari eta horrela hurrenez hurren azkenarenganaino eta jolasa hasi zuenarenganaino iritsi arte. Mezua hitz bat edo esaldi labur bat da eskuarki, eta hartzaileari ulertzea zaila egiten zaion moduan transmititzen zaio. Hasierako bertsioa azkenekoarekin alderatzeak barre eginarazi ohi du, eskuarki ez baita batere antzik izaten bien artean.

Hizkuntza trebetasuneko bakarkako jolasak: aho-korapiloak

Aho-korapiloek leku berezia izateko berezko eskubidea dute, hain erabilera zabalekoak baitira, non zaila gertatzen den ezagutzen ez diren leku bat aurkitzea. Haurrik trebeenei barregura eragiten die gainerakoak nola trabatzen eta nahasten diren ikusteak.

Hizkuntza kriptikoak

Haur guztiei gustatzen zaie solas sekretuak izatea eta besteen aurrean garrantzitsu agertzea, ulertuak izan gabe hitz eginez. Euskaraz zein gaztelaniaz, bietan da praktika zabaldua, eta, batetik besterako aldaketa txikiekin, inkesta egin den leku guztietan aurkitzen da.

Modalitaterik zabalduena da «ti», «pi», «te» edo «pe» esatea transmititu nahi den mezuaren silaba bakoitzaren aurretik. Abiadurak handitu egiten du hizkuntza ulergaitz batean aritzeko sentsazioa.

Ohikoa da bokal bakarrez hitz egitea ere: «Canda Farnanda Saptama bataba palatán», adibidez, «Cuando Fernando séptimo botaba pelotón» esan beharrean.