XXVII. ARTZAINEN JOLASAK
Artzainen taldea gizonez eta mutil gaztez osatua egonik, arrazoizkoa da pentsatzea ezagutzen diren jolasen errepertorioa osatzen dutenak gizarte tradizionalean «mutilenak» diren jarduera ludikoen luzapena zirela, batetik, eta, bestetik, are euren lanaren berezko jarduera batzuk baliatuz ere, haien malgutasuna, indarra edo balioa proban jartzen zuten lehien multzo bat.
Artzainen jarduera ludikoak, batez ere bakarkakoak eta bitarteko askorik zein espazio irekirik behar ez dutenak (mahai-jolasak eta abar), intenporalak izan dira. Hala ere, beste mota bateko taldekako eta lehiako jolasen praktiketarako ardi-moztearen ondorengo aldia aipatu ohi da, egokiena dela esanez, lasaiagoa delako, artzainak ez baititu ardiak jetzi behar. Egun horiek baliatzen dira botu luzea, urdanka eta antzeko jolasak praktikatzeko.
Peñalarga udalerriko (A) Toloño mendi komuneroan, artzainak «el mayo» («maiatza») altxatzeko biltzen ziren Gurutze Santuaren egunean, eta irailaren 24an berriro, hura kentzeko. Bi egun horietan, artzainen arteko bolo-joko lehiaketak egiten ziren anaitasun bazkari baten ondoren.
Gorbeako saroietan (B), artzainen artean mutil gazte asko egoten ziren; lanak amaitutakoan elkarrekin biltzen ziren ondo pasatzeko eta hainbat jolas praktikatzeko, artzain-makilaren jaurtiketa, adibidez.
Aralarren, Gipuzkoako aldean, artzainak egunero bildu ohi ziren (asteazkenetan izan ezik, feriaren eguna), goizez, ordu pare batez. Hori ere aukera egokia zen lehiako jolas bat edo beste praktikatzeko.
Zuberoan, mugaz bi aldeetako artzainen aldizkako bilera bereziak egiten ziren, jünta zeritzenak. Une egokia ziren oturuntzak egiteko eta artzainen arteko lehietarako.
Contenido de esta página
Jolasak praktikatzen diren lekuak
Jolasetako askok ez zuten lokal edo esparru berezirik behar. Artzainen txabolan praktikatzen ziren, haien inguruetan, edo landaren erdian, une hartan zeuden lekuan. Baina jolas batzuk, batez ere hainbat artzainen edo artzain talderen artekoak, horretarako beren-beregi prestatutako edo aukeratutako lekuetan egiten ziren. Gure egunetara iritsi da, adibidez, pilota lehiak egiten ziren leku batzuen berri, pilotalekuak deitutakoak, informatzaileen arbasoek jokatutako partiden kontaketekin, baina, antza denez, urte askoan erabili gabe daude. Gaur egun erreferentzia toponimiko hutsak dira.
Leku batzuetan harri bereziei buruzko datuak ere jaso dira (iruinarrien hondarrak edo gaur egun kondairazko kontaketekin lotzen diren harkaitzak), lekukotasunen arabera aparteko indarra edo malgutasuna neurtzeko probetarako erabiliak (Probarri edo Saltarri Aralarren), baina aspaldian erabili gabekoak. Badira, halaber, Palankaleku eta antzeko beste toponimo batzuk ere, palanka edo barra jaurtiketako probak egiteko leku bat egon zitekeela adierazten dutenak.
Pilota jokoak
Pilota jokoa
Aralar mendilerroko datu askok[1] artzainek antolatutako pilota jokoa deskribatzen dute. Antzina, antza denez, pelotalekuak zeritzen esparru berezietan jokatzen zen, hau da, belarra zuten leku lauetako saroietan, ordekak, zeinetan ardiek belarra ondo moztuta uzten zuten eta errazago zen pilotarekin jolastea.
Jokorako erabiltzen zuten pilota artzainek beraiek egiten zuten goma puska batekin, hura labanaz biribilduz, eta gainean jantzi zaharren baten artilea kiribilduz. Modu horretan, nahi zuten tamaina ematen zioten (frontoian eskuz jokatzeko pilotena baino pixka bat handiagoa). Joko eremua zedarritzen zuten aitzurrarekin esparru angeluzuzena trazatuz, erdian ildo bat zuela, bi aldeak bereizteko.
Oinarrizko tenis moduko bat zen, eskuz jokatua, erremintarik gabe. 16 tantorako partidak jokatzen ziren, eta galtzaileak janari pixka bat edo ardoa ordaintzen zuen.
Artzain bakoitza, edo artzain bikote bakoitza, esparruaren bere aldean kokatzen zen, eta pilota aurkariaren aldera jaurti behar zuen, botea han eman zezan. Batzuetan, hori ezinezkoa zen belarrarengatik; horregatik, pilotari ahalik eta denborarik gehienean airean eusten saiatzen ziren.
Jaurtiketa jokoak
Makilak zeharkatzea
Artzainek bereizgarritzat zeukaten tresna, haien makulua edo artzain-makila, jolaserako tresna gisa ere erabil zitekeen artzaina bere lana egiten ari zen edozein lekutan.
Aralarren, Gipuzkoako aldean deskribatutako jolasetako bat makilak zeharkatzea zeritzotena da. Bi artzainen arteko lehia zen: bata bestearen ondoan kokatzen ziren; batek bere makila ahalik eta urrutien jaurtitzen zuen une hartan zegoen larrean. Ondoren, bigarrenak berea jaurtitzen zuen, aurrekoaren gainean zeharka gurutzatuta uzten saiatuz. Hori zen jolasaren xedea; artzainek behin eta berriz jaurtitzen zuten nork bere makila aurrera, oinez bazihoazen, edo noranzko batean edo bestean, ez baldin bazuten aurrera joan nahi. Horrela jolasten ziren, harik eta makilak gurutzatzea lortu arte edo jolasa amaitutzat eman arte.
Indar jokoak
Jakinekoa da artzainak, olgetarako uneetan, tamaina handiko harriak jasotzen lehiatzen zirela, horren ondorioz proba-harriak deritzenak.
Aralarren, Gipuzkoako aldean, Alotza deritzon gunean, batzuk altxatzen ausartzen ziren lau arrobako harri bat zegoen (50 kg inguru). Probaren muina zen harria bi eskuekin hartu eta sorbaldaraino altxatzea, gorputzaren gainean bermatu gabe inongo unetan. Aipatua da beste bat ere, Goroskintxon, 11 arroba ingurukoa (ia 150 kg); hura ere altxatu egin behar zen, sorbalda gainean pausatzeko.
- ↑ José ZUFIAURRE. «Sierra de Aralar» in Pyrenaica. 110. zenbakia (1978) 12-13. or.