VII. JAUZI JOLASAK

Esta página es una versión traducida de la página JUEGOS DE SALTO. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Jauzi egitea oinarritzat duten jolasak bi multzo handitan banatzen dira. Lehendabizikoan, parte-hartzaile bat edo batzuk makurtu egiten dira, astoarena deritzon jarrera hartuta eskuarki, eta gainerakoek horien gainera jauzi egiten dute edo horien gainetik pasatzen dira. Batez ere mutil koxkorrek antolatutako jolasak dira, eta oso soilak izaten dira arauei dagokienez. Trebetasuna eta nahiko indar handia eskatzen dute.

Bigarren multzoa soka baten gainean jauzi egiten direnekoek osatzen dute. Neska koxkorrenak dira nagusiki eta gehienetan taldean praktikatzen dira; batzuetan bakarka ere bai. Azken hamarkadan, atalaren amaieran landuko den aldaera bat sartu da; horretan, hala jauzi egiteko modua nola jolaserako erabilitako elementua aldatu da, sokaren ordez goma elastikoa erabiltzen delako. Jarduera hauek trebetasun handia eskatzen diete parte-hartzaileei.

Azkenean, egikera aldetik oso uniformeak diren jolas batzuk tratatuko ditugu, jauzia osagai garrantzitsu bai baina elementu definitzaile ez dutenak. Lurrean marraztu eta laukitan banatutako figuren gainean garatzen dira, eta horietan jolasteko harria edo antzeko zerbait behar da, tamaina egokikoa. Jolas horien funtsa hanka bakarrean laukiz lauki jauzi egitea da, arau batzuei jarraituz eta hutsegiterik gabe.

Contenido de esta página

Asto gainera jauzi egiteko jolasak

«Saltar al burro» esaldiarekin («Asto gainera jauzi egitea»), jarduera ludiko bat izendatzen da; jarduera horretan, haur bat makurtuta dagoen beste baten gainean pasatzen da, eta horregatik makurtuta dagoenari burro edo astoa deritzo. Eskuarki, jauzia zangoak bata bestetik bereizita eta eskuak makurtuaren bizkarrean bermatuta egiten da.

Hori da jolasteko modurik soilena; hala ere, hainbat modutan konplika daiteke. Batzuetan, jauzi egiteko moduari zailtasunak gehituta, jarrera batzuk hartuta adibidez, edo astoarengandik gero eta urrutiago kokatzen den arraia baten atzetik jauzi eginda. Bai eta estrofak errezitatuz edo kantatuz ere, batzuetan besterik gabe eta beste batzuetan hitzek arau gisa ezartzen dutena irudikatuz.

Jolasa garatzeko modu horrek ez du eskatzen makurtutako parte-hartzaile bat baino gehiago, beste jolas batzuek eskatzen duten bezala, hala nola chorro-morro deritzonak, horretan elkarrekin kateatutako zenbait asto behar baitira. Bereizketa hori, arbitrario samarra bada ere, tarteko formak ere badirenez, baliagarria zaigu jolas hauek sailkatzeko.

Soka saltoko jolasak. Soka saltoka

Soka saltoko jolasaren oinarria jirarazitako soka batek zehaztutako elipsoidearen barruan jauzi egitea da. Sokaren muturrari jauzi egiten duen neska koxkor berak eutsi diezaioke edo beste bi parte-hartzailek. Lehen kasuan, jolasa indibiduala da eta bigarrenak gutxienez hiru neska koxkorren parte-hartzea eskatzen du. Batzuetan, askoz gehiago izaten dira.

Asto gaineko jauziak ez bezala, jolas hauek ia neska koxkorrentzako soilik dira. Auzo txikietan, beste jolas batzuen kasuan bezala, era berean hartzen dute parte bi sexuetako haurrek.

Jolas honen izenik komunenak hauek dira: «A la cuerda», «A la soga», «A la comba» eta «A la carde». Euskaraz, honako hauek: «Karneka» (Bermeo-B), «Kordetan» (Izpura-NB), «Saltasoka» (Beasain-G), «Soka-salto» (Garagartza-Arrasate, Elgoibar eta Zerain-G), «Soka-dantza» (Gorozika-B), «Soketan» (Zeanuri-B), «Sopletan» (Goizueta-N) eta «Jauzteka» (Uhartehiri-NB).

Kalean jolasten da eskuarki, baina, espazio askorik behar ez duenez, aterpean jolastu daiteke euria egiten duen egunetan.

Gomako jauzi jolasak

«Saltar a la goma» deritzona («Goma gainean jauzi egitea») da beharbada jauzikoen saileko jolasen artean berriena; hala ere, herrikoi bihurtu da denbora gutxian. Murchanten eta Garden (N), gogoan dute hirurogeiko hamarkadan jolasten hasi zela; Lezaunen (N), berrogeita hamarren inguruan; Aramaion (A) diote duela hamarkada batzuk hasi zirela; eta Allon (N) eta Portugaleten (B), gaur egun hogeita hamar urtetik gora duten emakumeek ez zuten ezagutu haurtzaroan. Beasaingo (G) neska koxkorrek «A la cuerda» jauziaren ordez «A las gomas» deritzona egiten dute. Herri batzuetan batez ere neska koxkorrek hartzen dute parte eta beste batzuetan neska koxkorrek soilik.

Praktikatzeko, hainbat metro luze den goma bat baino ez da behar, zabal samarra, oso elastikoa, neska koxkorrek dendetan metroko hainbat ordainduta erosi eta gero muturretatik korapilo batekin lotzen dutena. Bonbatxoen, galtzen, gonen eta abarren gerrian kokatzeko erabiltzen den bera da.

Gutxienez hiru jokalari behar dira, bi gomari eusteko eta beste bat jauzi egiten duena. Kopuru hori jotzen da egokientzat; baina ez dira beti hiru izaten jokalariak: Bilbon (B), bik gomari eusten diote eta bik jauzi egiten dute; Murchanten ere (N), multzo txikietan jolasten da; Elon (N), lau edo bost lagun aritzen dira; eta Zamudion (B) diote parte-hartzaileen kopuruak bitik gorakoa izan behar duela, baina ez zortzitik gorakoa.

Truquemé. Txintxirrika

Truquemé deritzona, gure azterketa eremutik kanpora «rayuela» eta «infernáculo» izenekin ezagunagoa, oso entretenimendu komuna da, zabalkunde geografiko handikoa. Labur azalduta, harri lau batekin edo teila puska batekin jolasten da, lurrean marraztutako lauki multzo baten gainean zango bakarraren gainean jauzi eginez.

Jolas honen funtsa eta jolasteko lurrean marrazten den eskema nahiko soilak dira. Hala ere, horren adierazpen zehatzetan barietate eta dibertsitate handia du[1].

Jolasteko erabilitako objektua tamaina txikiko harri laua edo teila puska leundua izaten da eskuarki, edo azuleju, lauza edo marmol puska bat. Ibai-zolako harri leunduak ere baliatzen dira horretarako.

Laukitan zatitutako figura baten gainean jolasten da. Ia beti lur gogorra izaten da nahiago. Harrizko lauzen gainean jolasten baldin bada, ez da beharrezkoa eremua mugatzea, lauza horien ertzek mugatzen baitute. Eremua marraztea ezinbestekoa denean, teila edo adreilu puska bat, edo kare haitz puska bat edo klariona erabiltzen da horretarako. Lur gainean jolasten baldin bada, makila baten laguntzaz marrazten da.


  1. Ezagutzen den diagramarik zaharrenetako bat Erromako foroko lurrean marraztutakoa da. Erromatar Inperioaren zabalkundearen garaian, Europako herri eta hiriak lotzeko baliatu ziren harrizko galtzadak azalera ideala izan ziren soldaduek Europako zati handi bateko haurrei irakatsi zieten jolas honetarako. Frederic V. GRUNFELD. Juegos de todo el mundo. Madril, 1978, 165. or.