XXIV. ERLEAK

Esta página es una versión traducida de la página LAS ABEJAS. ERLEA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Erleen hazkuntza

Erleak hazteko praktika oso zabalduta egon zen iraganean, hainbeste non informatzaile askok ezagutzen duten langintza hori. Hala ere, inoiz erlerik hazi ez duten pertsonek mesfidantza handia diete intsektu horiei, eta neurriz kanpoko arriskugarritasuna egozten diete.

Herri bakoitzean zenbait pertsonak zeuzkaten erlauntzak, baina ez ziren asko izaten. Horrela, argizariz eta eztiz hornitzen ziren. Pertsona gutxik zeuzkaten erlauntz handiak, eta are gutxiago ziren horiek ustiatuta mozkin ekonomikoak eskuratzen zituztenak.

Animalia horiekin lan egiteko hainbat modu dituzte gogoan informatzaileek; horien artean aldi arkaikoetakoak daude, hala nola harrapakintza, baita apizidioa bezalako praktikak ere, eta ekoizpen eta ustiapen prozesu berriagoak, aski sofistikatuak.

Gure gaur egungo inkestetan jasotako datuek eta bilbliografia bidez jasotakoek ahalbidetzen dute esatea, erleak bi prouktu eman arren, argizaria eta eztia, argizariaren ekoizpenak eztiarenak baino garrantzi handiagoa izan duela, etxeak mundu tradizionalean hildakoekiko izan dituen betebeharren ondorioz.

Deigarria gertatzen den datu bat da erlea eta erle-mulkoa izendatzeko modua, baita euskaran ematen zaion tratamendua ere. Hitzik ohikoena, erlea, intsektu bakoitza banaka izendatzeko erabiltzen bada ere, hitz horrekin izendatzen da, singularrean, erle nagusia ere, erregina, bai eta erle-mulkoko erleen multzoa ere, eta horrek argitzen du erlakumea (literaki erlearen kumea) deitzea erle-mulko berri baten eraketari. Litekeena da erabilera hori lotuta egotea recoger una abeja (erle bat jaso) bezalako esamoldeekin (Bernedo-A); horiek erle-mulko osoari egiten diote erreferentzia.

Errespetuzko plurala, zuek, erabiltzen duten euskarazko errezitazio eta formula asko daude erleei zuzenduta, animaliak izan arren. Gaztelania nagusi den lekuetan ere jaso da gente (jende) hitzaren erabilera «las abejas» («erleak») adierazteko (Apodaka, Aiara-A).

Abeltzaintzari eta artzaintzari eskainitako kapitulu batean erleak sartzeko arrazoiei dagokienez, ulertu behar da hau abeltzaintzako praktika bat gehiago dela. Beharbada ez dauka hala izateko itxurarik, zaila delako erleak etxeko beste animalia batzuk bezala kontrolatzea. Baina aintzat hartzen dena erlauntza bakoitza denean, bizitegi estatiko bat eta, horrenbestez, jabetza erregimen baten mende ezartzeko modukoa, eta are gehiago erlategia paretekin eta teilatuarekin itxitako esparrua denean, ulertzen da praktika hau ez dela beste animalia batzuen ukuiluko edo bordako hazkuntzaren oso bestelakoa. Horri gehitzen zaion beste ñabardura bat da inkestari erantzun dioten batzuek erlauntz batean dauden intsektuen multzoari, hain zuzen ere, ganado (ganadua) deitzen diotela. Gainera, gainerako etxeko animalia belarjaleekin parekatuta, loreen nektarra xurgatzeko jarduerari batzuek pacer (bazkatu) deitzen diote. Eta Bizkaiko Enkarterriko eremu zabal batean, bitxikeria moduan, catar (dastatu) hitza erabiltzen da erlauntzetatik eztia erauzteko jarduera eta behien zein ardien jeztea izendatzeko.

Beste animalia batzuen hazkuntzan lan egin dutenen kasuan ez bezala, ez da jaso erleez arduratzen direnak gaztelaniaz izendatzeko izen herrikoi bat. Horregatik, kapitulu honetan apicultores (erlezainak) aipatzen direnean, ulertu behar da hori ez dela izen herrikoia; abejero ere, gaur egun erdeinuzko samarra, ez da erabili izan.

Gaur egun, erlezaintzaren praktika murriztu egin da, baina, abeltzaintzako beste jarduera batzuetan gertatu den bezala, hartaz arduratzen direnak gutxiago izan arren, ustiategi bakoitzeko dauden erlauntzen kopuruak nabarmen egin du gora.

Erleei buruzko sinesmenak eta jakintzak

Iraganean zabalduta egon zen erleei etxeko jabe zen gizonaren zein andrearen heriotzaren berri emateko ohitura, eta, batzuetan, familiako edozein kiderena ere bai. Abisua emateko enkargua zeukan pertsona oinordekoa, alarguna edo ahaide bat izaten zen, are auzokide edo adiskide bat ere. Batez ere bi motibo nagusirengatik ematen zen abisu hori. Batzuen ustez, erlategiaren heriotza eragozten zen horrela; beste batzuen arabera, argizari gehiago egingo zuten familiaren hilobia argitzeko. Azken kasu horretan, abisua argizari ekoizpena handitzeko eskari bihurtzen zen. Jaso da, halaber, oinordekoak jabearen heriotzaren berri emateko ohitura, adieraziz aldi berean, aurrerantzean bera arduratuko zela haien zaintzaz.

Larraunen (N), familiako kide bat hiltzen zenean, erleei esaten zitzaien argizari gehiago ekoitzi behar zutela: «Alkoa il da ta egin zazu argezari geiago! Azkar, azkar!». Elizarako kandelaz hornitzeko beharraren ondorio zen hori.

Euskal Herri kontinentalean, etxeko jauna edo andrea hiltzen zenean, abisatu egin behar zitzaien.

Iraganean, errespetu sakona zitzaien intsektu hauei. Karrantzan (B), zalerik edadetuenek diote antzina errespetu hori hain zela handia, non, oso antzina, erle-mulko bat suntsitzen zuenari beso bat mozten zioten. Gaur egun horren aztarna ikus daiteke edade handiko pertsonen artean, inoiz ez baitute erlerik hiltzen. Apilaizen (A) esaten zen garai batean erlauntz bat dastatu edo ebasten zuenari eskuineko besoa mozten ziotela. Zuian (A) diote bekatu zela animalia txiki horiek hiltzea.

Erlezainak, babesik gabe lan egin arren sarritan, ziztadarik ez jasotzeko gertaera zabalduari buruz, Erriberagoitian (A) inkestari erantzundakoek diote hori dela erleek jabea ezagutzen dutelako, eta horregatik ez diotela erasotzen. Apodakan (A), bizitza osoan erlezain izan denak ez du ia inoiz erabiltzen aurpegi-babesa bere erlategian, ondo ezagutzen dutelako; dastatzean baino ez du hura erabiltzen.

Intsektu hauek egindako ziztadak direla-eta, jasotakoan egiten dena da réspere deritzona, eztena erauzi, larruazalean sartuta geratu baldin bada. Karrantzan, iraganean, lehen eragiketa horren ondoren, buztina edo lokatz bustia aplikatzen zen eragindako gunean, mina arintzeko eta hantura eragozteko. Denbora tarte labur bat pasatu eta gero, garbitu eta olioz bustitzen zen. Ziztada hiru belarren hostoekin igurztea ere gomendatzen zen; ez zuen axola zein ziren belar horiek, baldintza bakarra zen desberdinak izatea. Kea emanez ere arintzen zen. Azken urteetan larruazala amoniakoz bustitzeko ohitura zabaldu da.