X. GORPUA ELIZARA ERAMATEA

Esta página es una versión traducida de la página LA CONDUCCION DEL CADAVER A LA IGLESIA. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Contenido de esta página

Andariak. Hil-ohezaleak

Andariak hildakoa etxetik elizara eta hilerrira eramateko angarilak edo andak garraiatzen zituzten pertsonak ziren. Hedaduraz, mundu modernoagoan, izen hori ematen zaie hilkutxa edo katabuta, antzinako garraio moduaren ordezkoa, eramaten dutenei.

Antzina, inkesta egindako herrietan jaso denez, hilaren etxeko etxekonekoek zuten andak eramateko edo hilkutxa garraiatzeko ardura. Kofradiak sustraituta egon ziren herrietan, hila haietako bateko kide baldin bazen, kofradia horretako kideek eramaten zituzten andak. Hila etxe bat baino gehiagoren jabe zen kasuetan, ohikoa izan zen maizterrak arduratzea gorpua eramateaz.

Araban, tradizioaren arabera, hilaren auzoko edo herriko mutil gazteak ziren andariak. Haiek arduratzen ziren “karitatea” prestatzeaz eta banatzeaz ere. Bizkaian jaso denez, antzina zabalduta egon zen hilkutxa eramaten zutenak auzokide ezkondu edo ezkongabeak izatea hilaren egoera zibilaren arabera. Euskal Herri kontinentalean ere[1], hilkutxa eramaten zutenak, hilketariak, hilaren etxeko etxekonekoak izaten ziren. Eskuarki lehen auzokideak, lehenauzoa zeritzonak, aukeratzen zituen, eta zeregin horretan kontu handiz ibili behar izaten zuen parte hartzea zegokion inor ez uzteko kanpoan.

Denborak aurrera egin ahala, hilkutxa eramaten zutenak etxekonekoak izateko ohitura galdu ez arren, gero eta gehiagotan hilaren ahaideak eta lagunak izan dira gorpua eramateko ardura hartu dutenak.

Lan hori gizonek edo mutil gazteek egin dute beti, inoiz ez emakumeek. Arau orokor horren salbuespena hila haurra zenean gertatzen zen, kasu horretan Baskonia kontinentalean andariak gorpuaren sexu berekoak izaten baitziren. Beste herri batzuetan ere jaso da neska koxkorrek parte hartzen zutela emakume adingabe baten gorpuaren garraioan.

Zantzu batzuen arabera, aurreko mendean leku batzuetan gorpua eramateko ardura profesional batzuek izaten zuten, eta familiak, zerga-eskubideekin ordaintzen zien. Berrikiago, herri batzuetan egiaztatu da hilkutxa garraiatzea lanbide zuten pertsonak zeudela.

Landa inguruneetan ere izan zen hilkutxa garraiatzen zutenak beti gutxi gorabehera jende bera izateko tradizioa. Ordaintzeko, modu batean edo bestean ordaintzen zitzaien zerbitzuengatik, ahamen bat emateaz gain.

Arau komuna da gorpua oinak aurrean dituela garraiatzea. Ia beti modu berean kokatzen da elizan. Apaizen kasuan, gorpua garraiatzen den bitartean burua aurrean dutela eramaten dira eta elizan aldarera begira geratzen dira.

Gorpuaren garraioak bi fase izan ohi zituen. Lehena hilaren etxetik zuzenean hilerrira edo antzina gorpua hileta egiten zen bitartean uzten zen eliz atarira artekoa zen, edo, bestela, gaur egun, eliza barrura, hileta gorpua bertan dela egiten baita. Bigarrena elizatik edo eliz ataritik hilerrira artekoa da.

Antzina garraioak oinez egiten ziren. Andariek andetan eramaten zituzten angarilak edo hilkutxa. Iristeko zailtasunak zituzten leku batzuetatik gurdian edo organ egiten zen garraioa. Antzinatik ezagutu izan ziren andetan eramaten ziren kaxak edo hilkutxak, heldulekuetatik eutsita besoak luzatuta edo modurik ohikoenean, hau da, sorbalden gainean.

Elizateetan edo populatutako beste gune batzuetan biztanleria kontzentratua zuten herrietan eta auzoetan, 50eko hamarkadako urteetatik aurrera ohitura bihurtu zen hileta-agentziak arduratzea ehorzketarekin zerikusia zuten betebeharrez. Horien arduren artean dago garraioak egitea hileta-furgoiarekin. Landa inguruneetan ohitura horiek geroago errotu dira eta leku batzuetan duela gutxi errotu dira, laurogeiko hamarkadako urteetan.

Gaur egun, horrenbestez, ehorztetxea da egin beharreko garraio guztiak egiten dituena, hileta-autoa erabilita. Oinez, etxetik furgoirako tarte laburra eta hilerrian hobira bitartekoa baino ez dira egiten. Kasu horietan ahaideek, lagunek edo auzokideek eramaten dute kaxa bizkar gainean. Salbuespen badira ere, oraindik ere herri batzuetan etxetik elizarako eta hilerrirako bidea oinez egiteko tradizioari eusten zaio.

Eskuarki, eramaileak lau izaten ziren. Aurkako gorabehera batzuk egokitzen baziren, hala nola egin beharreko ibilbidea luzea izatea, edo garraioa konplikatua izatea bideen egoeragatik edo hilaren pisuagatik, orduan sei edo zortzi izaten ziren eramaileak. Kasu horietan, aldez aurretik ezarritako puntu batzuk zeuden txanda aldaketa egiteko. Aldi berean otoitz bat errezatzen zen edo, besterik gabe, segiziokoek, eta batez ere eramaileek, atseden hartzeko baliatzen zen.

  1. Michel DUVERT. “Données ethnographiques sur le vécu traditionnel de la mort en Pays basque-nord” in Munibe, XLII (1990) 481. or.