XII. JANZKERA HILETA-SEGIZIOAN

Esta página es una versión traducida de la página LA INDUMENTARIA EN EL CORTEJO FUNEBRE. La traducción está completa al 53 %.

Las traducciones desactualizadas están marcadas así.
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Iraganean, tradizioak eta ohiturak arau zorrotzak ezartzen zituzten hileta-segizioan parte hartu behar zutenen janzkerari buruz, batez ere progua osatzen zutenei zegokienez. Lehen eskakizuna lutoa zen, hau da, beltzez edo ilunez janztea doluaren adierazpen gisa.

Antzina, progu maskulinoko gizonek botoi beltzekiko alkandora zuria eta traje beltza janzten zuten, askotan ezkontzakoa, edo zeukaten arroparik onena. Gainetik, soingaineko handi bat janzten zuten, ia beti beltza. Ohitura hori, aspaldidanikoa, indarrean egon zen mendeko lehen hamarkadetara arte, eta herri batzuetan 1936ko Gerra Zibilera arte. Ipar Euskal Herrian galdu egin zen tradizioa leku ia guztietan Lehen Mundu Gerraren ondoren eta berrogeiko hamarkadako urteetan desagertu egin zen.

Antzina, jaso denaren arabera, soingainekoen erabilera zabalduta egon zen hiletetara bertaratuen artean, baina denborak aurrera egin ahala progurako edo proguko kide kualifikatu batzuentzat erreserbatutako janzki bihurtu zen. Etxe batean heriotza bat gertatzen zenean, ohikoa zen, etxekoek janzki hori ez baldin bazeukaten, maileguan eskatzea beste etxe batekoei. Leku batzuetan egiaztatu da soingainekoa edukitzea ahalmen ekonomikoa adierazten zuen zeinua zela.

Emakumeek ere, beste garai batean, zeukaten kolore beltzeko arroparik onena janzten zuten eta mantoi beltz handiekin estalita joaten ziren. Zabalduta egon zen emakumeen janzkera aldameneko etxeetan osatzeko ohitura.

Izaten ziren abagunerako arropa egokirik ez zutenak, eta hori lortzeko aukerarik ere ez, eta horiek etxean zituzten arropak tindatu behar izaten zituzten. Traje beltza galtzerdi, zapata eta eskularru beltzekin osatzen zen. Proguko emakumeak guztiz estalita joaten ziren, aurpegi gainean beloak eta mantelinak ere ezarrita. Ipar Euskal Herriko informatzaileek modu grafikoan adierazi dute: “Il ne faut pas voir de couleur de chair” (ez zen bistan geratu behar larruaren zati bakar bat ere).

Hogeiko, hogeita hamarreko edo berrogeiko hamarkadako urteetan, herrien arabera, trantsizio bat gertatu zen ehorzketa eta hiletetarako janzteko moduan. Gizonek alde batera utzi zituzten soingaineko handiak eta erabiltzen zuten janzkera hau zen: alkandora zuria, traje beltz iluna, gorbata beltza eta zapata beltzak. Oso zabalduta egon zen besoko beltza eramatea jakaren ezkerreko mahukan eta, neguan, berokiaren edo gabardinaren gainetik. Oihal beltzeko triangelu txikiak ere eramaten ziren jakaren papar hegaletako batean josiak, eta botoi eta intsignia beltzak botoi-zuloan. Baskonia kontinentalean janzki bereziak erabili ziren, hala nola taulerra deritzon soingaineko txikia eta zamarra, xamarra.

Ohitura zabaldua izan zen gizonak burua estali gabe eramatea, txapela eskuan zutela, hileta-segizioaren desfilean zehar. Antza denez, tradizio horren oinarria gorpuen garraioaren inguruko arriskuek eragindako beldurrei buruzko sineskeria bat da[1].

Progu femeninoko emakumeak, arestian aipatutako hamarkadetako urteetatik aurrera, beltzez janzten jarraitu zuten. Janzkera soineko, jaka, gona, eskularru, media eta zapata beltzek osatzen zuten. Mota askotako mantelinen erabilera zabaldu zen, hasieran luzeagoak eta lodiak, eta ondoren gero eta txikiagoak. Herri batzuetan, alarguna eta hilaren etxeko beste emakume batzuk ez ziren hileta-segiziora joaten. Euskal Herri kontinentalean bi dira dolua osatzen duten janzki femeninoak, mantaleta eta kaputxina. Lurralde horretan, auzoko emakumeek zuten hiletetarako jantziteria, batez ere jantziteria femeninoa, prestatzeko ardura[2].

Haurren ehorzketetan, aingeruak, ez zen lutorik janzten, izaki aratzak zirela uste baitzen, zuzenean zerura zihoazen arima errugabeak.

Segizioan leku garrantzitsuagoa izatea edo ez familiako ahaidetasunaren edo auzokidetasunaren araberakoa zen, eta gauza bera gertatzen zen lutoaren indarrarekin ere. Lutoaren indarra handiagoa zen etxeko kideen artean, etxekoak, beste ahaide batzuen, auzokideen eta lagunen artean baino.

Ehorzketetara proguko edo hileta-taldeko kide izan gabe joaten zirenak, hau da, betebeharrez joaten ez zirenak, ez zituzten hain zorrotz bete behar janzkeraren arauak. Hala ere, herri batzuetan, batez ere landa inguruneetan, auzokideak eta beste bertaratu batzuk beltzez janzten ziren askotan, hilarekin lotura zuzena zutenek jantzitakoen antzeko arropekin. Egoera horrek bereziki eragiten zien auzokidetasun harreman berezia zutenei edo lehen auzokidetzat jotzen zirenei, lehenauzoak.

Apaizak, bakarra edo batzuk hiletaren kategoriaren arabera, erritualeko apaingarriez hornituta agertzen ziren. Segizioko buru zen apaizak edo apaizek euritarako soingaineko beltzak eramaten zituzten, urre koloreko brodatuak zituztenak. Gainerako apaizek eta meza-mutilek errokete zuriak janzten zituzten.

Hirurogeiko, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako urteen inguruan, herrien arabera, jaso da trantsizio bat gertatu zela janzkeran. Hileta-segizioa bera, oro har, asko murriztu da ibilbideari dagokionez, eta hilarengandik oso gertuko pertsonak izan ezik gainerako bertaratuek lehen ekintza solemnetzat jotzen zenera modu berezian jantzita joateri utzi diote.

Gaur egun familiako progua osatzen dutenen dolu adierazpenak oso leunduta daude eta ahaiderik gertukoenei baino ez dagozkie. Izatekotan, proguko gizonak ilunez janzten dira, gorbata beltzez, eta emakumeak lutoz edo luto arinez. Hileta-elizkizunetako doluaren kanpoko adierazpenaren modurik zaharrenen aztarna diren agerpen horiek ere pertsona helduei eta adindunei baino ez dagozkie askotan, gazteak modu informalean janzten baitira, lutorik gabe. Hileta-segizioko gainerako bertaratuek ez dute janzteko modu berezi bat eta haien janzkerak ez dio inongo arauri jarraitzen.


  1. Resurrección M.ª de AZKUE. Euskalerriaren Yakintza. I. liburukia. Madril, 1935, 223. or.. Alemaniako leku batzuetan ere ohitura hori zegoela ohartarazi zuen. Jatorria sineskeria bat delako baieztapena Paul Sartorik egin zuen.
  2. Michel DUVERT. “Données ethnographiques sur le vécu traditionnel de la mort en Pays basque-nord” in Munibe, XLII (1990) 481. or.