II. NATURA ESPAZIO LUDIKO GISA

Esta página es una versión traducida de la página LA NATURALEZA COMO ESPACIO LUDICO. La traducción está completa al 100 %.

Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Gizarte tradizionaleko haur jarduera ludikoaren zati handi bat gaur egun, oihartzun entziklopediko samar batez, natura deritzogunean egiten zen. Baina iraganeko haurrarentzat kontua soilagoa zen. Natura arrainez, edo gutxienez igelez eta zapaburuz, betetako ibaia zen, udan kilkerren kantuz eta udaberrian lorez betetako landak, sugandilen ezkutaleku ziren harresiak, saguzarren babesleku ziren arkupeak, alboan masustak zituzten bideak, haitzulo isilak, euritatik babesteko ataripeak, ibilaldi luzeetarako mendiak, itsasertzeko haitzak lapen eta karrakelen haztegiekin eta txoriek habiak eraikitzeko erabiltzen zituzten arbolak.

Giro hori ez zen landako komunitateetan bizi ziren haurrena soilik. Haurrak gaur egun baino libreago zeuden eskolako betebeharretatik, eta edozein herri edo hirik zeuzkan, bere barruan edo gertu, haiek bilketa, ehiza edo gutxienez esplorazioko jarduerak egitera gonbidatzeko naturako elementuak.

Jarduera horietan, era askotako harremanak izaten zituzten haurrek animaliekin. Horietako batzuekin, marigorringoarekin eta enararekin adibidez, errespetuz jokatzen zuten, baina kasurik gehienetan harremana amaitzerako haurrek animalia lesionatu, mutilatu edo hiltzen zuten.

Contenido de esta página

Animaliekiko harremana

Marigorringoa

Marigorringoa aurkitzen duen haurrak eskuan hartzen du eta ahurrean zein eskugainean edo atzamarretan ibiltzen uzten dio. Eskuaren bazterrera edo atzamar baten puntara iristen denean, hegan hasten da, eta horregatik animaliatxoarekin ahalik eta denbora gehienez jolasteko eskua jiratu behar da halako moldez non beti izango duen ibiltzen jarraitzeko azalera.

Kilkerrak harrapatzea. Txirtxiletara

Kilkerretara joatea udaberriko eta udako jarduera da, eta horretan mutil koxkorrek hartzen dute parte batez ere, neska koxkorrak baztertzen ez diren arren.

Kilkerraren ezkutalekua bilatzeko, lehenik haren kantua nondik datorren jakin behar da. Ezkutatuta dagoen zuloa aurkitu eta gero, handik aterarazteari ekiten zaio.

Barraskilok eta bareak

Barraskiloak biltzea bi sexuetako haurren jarduera ludikoa da berez. Horretarako unerik egokiena udako zaparrada baten ondorengoa da. Etxera eraman eta kontsumitzeko biltzen dira, edo bestela, askotan, besterik gabe jostailu gisa erabiltzeko.

Oskolean ezkutatutako barraskilo bat aurkitzen denean, handik irtetera bultzatzeko behin eta berriro kantatzen zaio geografikoki oso zabalduta dagoen kanta bat, nahiko egitura uniformekoa:

Caracol, miricol/biricol,
Caracol, col, col
saca los cuernos al sol
que tu madre y tu padre
también los sacó.
(“Barraskilo, atera adarrak eguzkitara, zure aita-amek ere atera dituzte eta.”)

Arrantza

Ibaietako arrantzak helburu ludikoa izan du batez ere, baina batzuetan jasotako piezak etxera eraman eta kontsumitzeko baliatu izan dira.

Habien bila. Txori-ikasten

Animalien munduarekin lotutako ehizako edo jolaseko jardueren artean, bada bere konplexutasunarengatik nabarmentzen den bat: txori-habien bilaketa.

Udaberria iristean, txoriek ugalketari ekiten diote. Herrietan eta landa eremuetan, haurrak ez zeuden gaur egungoak bezain integratuta eskola-sistema xurgatzaile batean, eta naturak ehiztari senik ezkutuenak kitzikatzen zizkien. Hala ere, grina hori gehiago zen ludikoa zinegetikoa baino, txoritxoen aprobetxamendua guztiz baztertu ez arren.

Begetalekin lotutako jarduerak

Haurren jarduera ludiko asko begetalen munduarekin lotuta daude. Animaliekin lotutakoetan mutil koxkorrek hartzen dute parte batik bat, eta begetalekin lotutakoetan neska koxkorrek, oro har, nahiz eta beti ez den horrela izaten. Fruituen bilketa eta lapurreta talde mistoetan egiten da; produktu begetal batzuk tabako gisa erabiltzearena mutil koxkorren kontua da batik bat, nahiz eta adin goiztiar hauetan neska koxkorrek ere parte hartzen duten.

Bilketa

Haurren jarduera garrantzitsu bat fruitu basatien bilketa da. Askotan, haurrek berek kontsumitzeko eta haurrek berek jolasteko baliatzen dira; hala ere, batzuetan etxera eramaten dituzte, han aprobetxatzeko.

Apaingarriak egitea

Neska koxkorren udako zereginetako bat izan da elementu begetalekin idunekoak, eskuturrekoak, belarritakoak, koroak eta soinekoak egitea, apaintzeko. Dudarik gabe, erabilienak bitxiloreen buruxkak izan dira, eta horiekin batera astoarrosak edo arkakaratsak.

Igarkizunak loreekin eta fruituekin

Oso ohitura zabaldua da bitxilorea hostogabetzea (deshojar) «petalo» bakoitzari formula klasikoaren arabera galdetuz «maite nau» edo «ez nau maite», harik eta denak kendu arte. Azkenekoak emango du behin betiko erantzuna.