XI. ODOLA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 10:58 27 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Herri Medikuntza Euskal Herrian|Medicina_popular_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Herri Medikuntza Euskal Herrian|Medicina_popular_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Kapitulu hau odolaren azterketari dago eskainia; herritarrek haren garrantziaren kontzientzia izan dute, hala gorputzarentzako funtsezko jariakin gisa duen funtzionamendu ona zainduz nola ezusteko nahasmenduak gertatuz gero haren presentziak sortzen duen alarmarengatik. Likido hori odol-ateratzeen bidez garbitzeko eta mehetzeko hainbat prozedura deskribatzen dira. Atal bat diabeteaz, herri hizkeran “azukrea odolean”, arduratzen da, eta, bestea, anemiaz. Sudurreko odoljarioez eta jendeak horiei egotzitako onurez eta arriskuez ere mintzo da testua. Odoluzkien eta barizeen eragileek eta horiei aplikatutako sendabideek osatzen dute obraren zati honen edukia.

Odolaren ezpurutasunak. Odola loditu

Odola jotzen da bizitzari estuen lotutako elementutzat, osasun egoeraren erregulatzailetzat eta, haren oreka nahasten denean, gaitzen zein heriotzaren eragiletzat. Hala adierazten du esaera honek:

La sangre nos cría
y la sangre nos mata.
(Odolak hazten gaitu / eta odolak hiltzen.)

Interesgarria da herritarrek odolaren eta landareen izerdiaren artean, eta, horrenbestez, odolaren eta urtaro aldaketen artean ere, ezarri ohi duten lotura. Alderantziz, oso zabaldua dago gaztelaniazko sangrar aditzaren erabilera zuhaitzen zaurietatik jariatzen den izerdiari erreferentzia egiteko (Karrantza-B).

Egiaztatu da herritarrek odolaren egoera hori udaberriarekin eta udazkenarekin lotzen dutela, eta, horrenbestez, hostoak irtetearekin eta erortzearekin.

Odol-ateratzeak

Odol-ateratze motak

Bi prozedura erabili izan dira odol-ateratzea egiteko; objektu zorrotz batekin ebakiak egin odoljario kontrolatua sortzeko edo izainak aplikatu soberakotzat jotzen den odola xurgatzeko.

Informatzaileek egindako deskribapenek pentsarazten dute izainen teknika antzinakoagoa dela eta murriztuagoa egon dela.

Apodakan (A) gogoratzen dute ohikoa zela azienda ziztatzea odola ateratzeko, baina ez gauza bera egitea pertsonei. Odol-ateratzerik ezagunenak izainekin egindakoak izan ziren.

Litekeena da bi teknika horien arteko desberdintasunaren jatorria izatea oro har ebakien bidezko prozedura medikuek erabiltzen zutela eta izainak ezartzearena, aldiz, pertsona arruntek, nahiz eta batzuetan zeregin horretan zaildutakoak izan.

Diabetea

Diabeteari buruz jasotako informazioa oso urria da. Izen hori azken hamarkadetan hasi da zabaltzen, diabetis forma erabilita gehienetan, eta herritarren artean zabalduagoa egon da “odolean azukrea eduki” esaera.

Informatzaileek ezer gutxi dakite gaitzari buruz, eta diote haren adierazpen nagusietako bat polidipsia edo gaitza duenaren egarri gehiegizkoa dela.

Herritarrek gaitz honi buruz izandako ezjakintasunaren ondorioz, urriak izan dira haren eraginak arintzeko sendabideak.

Anemia, ahuldura

Anemiari debilidadea, ahulezia, deritzo Abadiñon (B). Goizuetan eta Eugin (N), ahuldura. Azkuek eruka izena jaso zuen (Baztan-N). Lezaunen (N), anemia zuenari buruz esaten zen, gaztelaniaz: "está negau" (“ukatua dago”).

Indar edo kemen gabezian islatzen da gaitza, bai eta hura nozitzen duenaren itxura triste edo abailduan ere (Nabarniz-B).

Anemia eragin dezaketen faktoreei buruz, Ametzaga Zuian (A) uste dute inoiz jangura ez denak edo jaterakoan oso kontentagaitz denak anemia izan dezakeela, Gorozikan (A) elikadura txarraren ondorio dela eta Orozkon (B) gutxi eta gaizki jatearen ondorio dela.

Sudurreko odoljarioak

Sudurreko odoljarioa izendatzeko, euskaraz, erabiltzen dira sudurretik odola (Arberatze-Zilhekoa-NB), odol-golpea (Berastegi-G) eta surreko amorrajiak (Orozko-B).

Odoljario hauek ez dira kaltegarritzat jo, alderantziz baizik, esaten da gaitza egozteko balio dutela. Bestalde, ondorioztatzen da odola ateratzen bada gehiegi edukitzeagatik dela edo, bestela, odola lodiegia delako.

Pertsona lodiekin lotu izan dira gainera, uste baita odol gehiegi dutela, bai eta nerabe eta gazteekin ere.

Odoluzkiak eta barizeak

Eragileak

Esaten dute idorreria duten pertsonengan agertzen direla (Mendiola, Moreda, Erriberagoitia-A; Karrantza, Muskiz-B; Oñati-G; Obanos-N), eta gantzak, pikanteak eta hestebeteak jatearen ondorio direla, eta horrenbestez halakorik ez izateko dieta osasungarria gomendatzen da (Erroibar-N). Emakumeen artean erditzeari ere lotzen zaio, argudiatuz zeregin horretan egiten duten ahaleginaren ondorio izan daitekeela (Moreda-A; Karrantza-B).

Sendabideak

Odoluzkiek minak eragiten dituzte, are odoljarioak eragin ere. Eragozpen horiek hainbat sendabide herrikoiren bidez arindu izan dira.

Ematen duen mina eta eragiten duen hantura arintzeko, oso zabalduta egon da espezie begetalen erabilera. Tratamenduak arruntak izan dira. Batzuetan, horiekin prestatutako infusioak hartzen dira, beste batzuetan eragindako atalerako bainu edo lurrunetara jotzen da; beste batzuetan zuzenean aplikatzen dira hanturaren gainean. Batzuetan praktika magiko bat egiten zen: espezie begetalak galtzen atzeko patrikan sartu, gizonen kasuan, edo mantalean emakumeen kasuan, eta haiek lehortu arte itxaron.

Barizeak

Inkesta egindako herrietan oso informazio gutxi jaso da barizeei buruz. Karrantzan (B) esan izan da ugariagoak direla emakumeengan gizonengan baino. Herri horretan esaten zen kontu handiz ibili behar zela barizeak ez zauritzeko, uste baitzen hori gertatzen zitzaiona odolustuta hil zitekeela. Antzina, adibidez, emakumeak garia segaz ebakitzera joaten zirenean, barizeak baldin bazituzten galtzerdi lodiak janzten zituzten lastoarekin ez ziztatzeko.