IX. MENDIRA ARTALDEAREKIN IGOTZEA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 08:21 25 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones) (Texto reemplazado: «{{#bookTitle:Abeltzaintza eta Artzaintza Euskal Herrian|Casa_y_familia_en_vasconia/eu}}» por «{{#bookTitle:Abeltzaintza eta Artzaintza Euskal Herrian | Ganaderia_y_pastoreo_en_vasconia/eu}}»)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Artaldearekin igotzea

Ohikoa izan da artaldeak alturako bazkalekuetara igotzea udaberri inguruan. Igoeraren data aldatu egin da arrazoi batzuen arabera. Horien artean klimatikoak izan dira nagusi, belarraren hazkundea zehazten baitute aldi berean; ardien egoerak ere izan du eragina, hau da, haien adinak eta edoskitzaroak.

Egiaztatu den sinesmen baten arabera, ardiak ez ziren inoiz altura handiko bazkalekuetara igo behar, edo haietatik asteko egun jakin batzuetan jaitsi behar ziren horrela jokatu ezean istripu bat gerta zitekeelako. Astearteak eta ostegunak ziren asteko egun jakin horiek.

Eguneroko zikloa duen artzaintza

Herri askotan ohikoa izan da artzaina mendiko txabola batean bizitzen gelditzea bere ardien ondoan. Baina hori ez da gertatu inkesta egindako leku guztietan; batzuetan, bazkalekuak etxetik nahiko gertu zeuden eta azienda artatu ondoren egunero etxera itzultzeko aukera zegoen.

Herri batzuetan, azienda egunero bisitatu arren, bisita hori arratsean egiten zen, jezteko, halako moldez non artzaina mendian gelditzen zen lotan eta goizeko jetzialdia egin arte itxaroten zuen etxera esnearekin itzultzeko.

Artzainaren igoera bakarka edo lagunduta

Inkesta egin den herri batzuetako artzaintza motan, artzaina mendian bizi zen, txabola batean, edo gutxienez ardien ondoan lo egin behar izaten zuen; kasu horietan, artzaina bakarrik egoten zen edo, bestela, asko jota, beste artzain batzuen konpainia izaten zuen, ez familiarena. Horren ondorioz, aldiro etxera joaten zen hornidura bila edo, bestela, familiako kideren bat igotzen zen artzaina zegoen lekuraino, xede berarekin. Jaso diren kasu bakan batzuetan, familia osoa egoten zen artzainarekin eta haren ondoan bizi zen mendian; ohikoagoa izan da familiako kide batzuek ardiak alturako bazkalekuetara igotzen laguntzea, eta batzuetan haren aldi baterako bizilekua prestatzen ere bai, eta gero etxera itzultzea.

Artzaina bere artaldearen ondoan bakarrik egon arren, ez zegoen guztiz bakartuta, aldiro etxera itzuli behar izaten baitzuen hornidura bila.

Artzainaren animalien segizioa

Artzainak artaldearekin batera lana erraztu dioten beste animalia batzuk igotzeko ohitura izan du, hala nola txakurra, ardiak gidatzeko eta kontrolatzeko, eta zamari batzuk, lanabesak, gaztak eta hornidura garraiatzeko. Zerriak esnea gazta bihurtzeak sortutako gazura baliatzeko erabili izan dituzte, bestela alferrik galtzen utzi beharko baitzuten. Animalia txikiago batzuek, oiloek adibidez, arrautzaz hornitzeko balio izan diete. Horiek alturako bazkalekuetan izatea abantaila zen artzainentzat, horiei esker ez baitzuten ia-ia gasturik, inguru libre batean egonik mantenuaren zati handiena beren kabuz lortzen zutelako.

Artaldearentzako bazkalekurik onenak

Udako bazkalekuak edo alturakoak

Isurialde atlantikoan eta ur banalerrotik gertu dauden isurialde mediterraneoko lurraldeetan, belarra da elikagai nagusia. Aziendak gehien estimatzen duena gune altuetan hazitakoa da, batez ere isurialde eguzkitsuetan. Zenbat eta finagoa izan, orduan eta hobea dela uste da.

Gailurretako bazkaleku finez gain, ardiek aprobetxatu dute, aurrekoak urritzearekin bat, beste espezie begetal batzuk, gramineoak ez zirenak.

Neguko bazkalekuak edo haranekoak

Alturako bazkalekuak barealde klimatikoko urte-sasoian baino ezin ziren aprobetxatu. Eragin atlantikoko gunean, neguan ardiak bazkaleku behereetan bazkatzen ziren. Elikagaia horretarako beren-beregi ereindako bazka berdez, udan jasotako bazka onduz eta zerealekin eta pentsuekin osatzen zen. Batzuetan ibilbide laburreko transhumantzia bat egiten zen edo itsasertzeko, eta, horrenbestez, klima bareagoko, herrietaranzko transhumantzia.

Isurialde mediterraneoa

Isurialde mediterraneoan urriak dira gramineoek osatutako bazkaleku freskoak, eta horregatik belar itxurako edo zuhaixka formako hainbat landarez elikatzen dira ardiak. Lugorriak eta erein gabeko bazterrak ere baliatzen dira, bai eta uztaren ondoren zoruan geratzen diren uztondoak eta buruxkak ere.

Artaldearen jaitsiera

Hala beren jarduera artzain-guneetan egiten zutenek, uda mendian ardiak zaintzen emanda, nola eguneroko edo maiztasun handiagoko edo txikiagoko bisiten bidez zaintzen zituztenek, denak beren ardiak jaisten hasten ziren mendiko bazkalekuak agortutakoan edo baldintza klimatikoak animaliak alturan egotea eragozteko bezain gogorrak zirenean.