XIII. ETXEAREN, ARROPAREN ETA BAXERAREN GARBIKETA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 19:13 7 dic 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Oro har, jaso da etxeko garbiketa lanaz eta arropa pertsonalaren zein etxeko arropen zainketaz etxeko emakumea edo emakumeak arduratzen zirela, eta garbiketa horren izaera funtsean higienikoa izan dela. Etxearen garbiketaren barruan sartzen zen gela guztiena, sukaldearena eta bakoitzari dagokion hatuarena. Garai batean, txorrotako urik ez zutenean, arropa eta baxera garbitzeko lanak neketsuagoak ziren, errekara joan edo etxera ura garraiatu beharra baitzegoen lan horiek egiteko. Putzu edo zipu propio edo partekatuak edukitzeak arindu egiten zituen neurri batean zeregin horiek.

Arropa garbitzeko erabili izan dira xaboi pastillak, sodazko bolak arropa oso zikinarentzat, gizonen lan-jantzientzat adibidez, eta kristalezko botiletan ontziratutako lixiba. Sukaldeko hatua, harraska eta sukalde-gainaldea xaboi pastillaz eta espartzuz garbitzen ziren. Zurda naturalekin egindako eskuilaz eta kartoizko kutxetan merkaturatutako harea finez hareaztatzen ziren zoruak eta zurezko mahaiak; beheko suko errautsa ere erabiltzen zen. Urre-kolorekoak, hala nola harraskako txorrota eta sukalde ekonomikoko uraren lurrun-andela, gatzez eta ozpinez garbitzen ziren. Kristalak garbitzeko, ozpina eta egunkari-papera erabiltzen zuten.

Hiriguneetan ohikoa izan da emakumea etxean geratzea familiaz eta etxeko lanez arduratzeko; landa-eremuetan, berriz, horrez gain, nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan laguntzen zuen.

Etxearen garbiketa

Etxearen garbiketa, garbi-ikuzia

Etxekoandreak egunero edo bi egunez behin garbitzen zuen etxea, familiaren baldintzen eta osaketaren arabera. Lan horren barruan sartzen zen gelak aireztatzea, oheak egitea, erratza pasatzea eta hautsa kentzea. Zoruak ezkoztatu eta distirarazi gutxiagotan egiten zen. Lan hori eskuarki goizez egiten zen, kasu batzuetan arratsaldeko lehen orduan, bazkaldu ondoren, eta lan jakin batzuk astebururako uzten ziren.

Landa-eremuetan, garbitasunari dagokionez, sukaldea zegoen lekuari, beheko solairuari edo lehen solairuari kasuen arabera, eta ezkaratzari ematen zitzaien lehentasuna. Goiko solairua, eskuarki logelen lekua, ez zen hainbesteko intentsitatez eta hain maiz garbitzen. Nekazaritzako eta abeltzaintzako lanak nagusi ziren etxeetan, hiriguneetakoetan ez bezala, etxearen garbitasuna bigarren mailan geratzen zen, lan horiek hartzen baitzuten familiako kideen denborarik gehiena, baita emakumeena ere.

Oheak egunero egiten ziren burusiak eta izarak altxatuta eta koltxoiak astinduz eta koltxoei buelta emanez, higieneagatik ez ezik, baita biziorik ez hartzeko ere.

Zoruen garbiketa

Zoruak zenbait motatako erratzak pasatuz garbitzen ziren, ur pixka bat sakabanatuz hautsa harrotzea eragozteko. Erratzarra geroago agertu zen, hiriguneetan. Etxeko geletako zoruak hareaz eta lixibaz garbitzen eta hareaztatzen ziren, espartzuak eta eskuilak erabilita, eta ezko birjinaz ezkoztatzen ziren.

Arroparen garbiketa

Arropa zuria eta koloretakoa bereizita garbitzen ziren. Koloretako arropa arrunta maizago garbitzen zen, leku askotan astero, eta arropa zuria eta beste janzki batzuk ez horren maiz, arropa metatu nahi izaten baitzen, hilean behin edo are denbora tarte handiagoz garbitzeko.

Beste garai batean errekara jotzen zen arropa garbitzera, harik eta herri askotan garbileku publikoak eraiki ziren arte. Zenbait garbiketa metodo erabili izan dira, halaber, aldi berean; batzuetan, bokata egin edo arropa xaboitu etxean eta gero garbitu eta uretan eragin errekan, eta, beste batzuetan, lehenik errekan garbitu, eta gero bokata etxean egin errautsarekin, arropa zuritzeko.

Arroparen garbiketa errekan edo garbileku publikoan

Etxeek zipua edo txorrotako ura izan zuten arte, arropa errekan edo herrietako edo auzoetako bizilagunek eskura zituzten garbileku publikoetan garbitzen zen eskuarki. Errekan hainbat harri landu egoten zen, zeregin horretarako egokituta.

Garbilekuak, berez, harmaila bat dauka latsaria belaunikatu ahal izateko, eta harlauza inklinatu bat, arropa jotzeko eta xukatzeko. Garbilekuetara jotzeko eskubidea zuten, etxeko bizilagunez gain, beste etxe batzuetakoek eta garbilekurik gabeko barneko kaleetakoek ere.

Baxeraren garbiketa, harrikoa egin

Herri batzuetan egiaztatu da iraganean, arroparekin gertatzen zen bezala, errekara edo garbilekura jotzen zela baxera eta sukaldeko lanetan erabilitako ontziak garbitzeko. Batzuek ura etxera eramaten zuten, otorduetarako erabilitako lapikoak eta baxerak garbitzeko.

Baxera lehortzeari dagokionez, jaso da zurezko, metalezko zein plastikozko xukaderak ezagutu direla, apalean harraskaren ondoan edo zintzilikatuta ezartzen zirenak. Laurogeiko hamarkadaren erdialdean, xukaderak sukaldeko armairuen barruan sartu ziren; mahai gainean eta sukalde-gainaldean ere uzten ziren, trapu baten gainean. Mahai-tresnak xukatzen uzteko erabiltzen ziren plastikozko ontzi batzuk ere ezagutzen dira. Mahai-tresnak, zartaginak eta eltzeak igurtzi edo lehortu egiten dira, baina ez edalontziak eta platerak, horrela distiratsuago gelditzen baitira; horregatik, hobe izaten da horiek ur hotzez eragitea.