XVII. JOSTAILUA. HAURREN ESKULANAK

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 09:36 26 jun 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Haurrek gaur egun beren jolasetan erabiltzen dituzten edo berez jolas bat diren jostailuen zerrenda osoa egitea lan nekeza eta konplexua izango litzateke. Jolasek gero eta dibertsifikazio handiagoa izan dute mendeak aurrera egin ahala. Konplikazio horren ondorioz, haurren parte-hartzea eta sormena murriztu egin dira batzuetan, baina ez da ahaztu behar beste mota batzuetako jolasek ere, mahaikoek eta hezitzaileek adibidez, gorakada handia izan dutela. Ezin zaie egotzi haurren esku-trebetasuna murriztu izana ere, gaur egun mekano eta eraikuntzako jolas sofistikatuak baitauzkate.

Kapitulu honetan ez gara gaur egungo jolasei buruz ariko, ezta hainbat hamarkadatan, oso oinarrizko bertsioetan izan arren, erabili izan diren baina, osagai mekaniko garrantzitsua dutenez, haurren eskuetatik sortuak ez direnei buruz ere. Horrenbestez, haurren kultura tradizionalaren parte izan direnak baino ez ditugu jasoko, batez ere haurrek beren eskuekin egindakoak.

Jostailuaren bilakaera: eskuzko fabrikazioaren murrizpena

Gizarte tradizionalean, hala landa-girokoan nola urbanoan, haurrek ez zuten ia-ia ezagutu ere egiten beraiek egindakoa ez zen jostailurik. Gabezia horren arrazoi nagusiak ziren familia-ekonomiaren txirotasuna eta halako jostailuen eskaintza gaur egun dagoenaren aldean oso urria izatea, hala kopuruari nola aniztasunari dagokionez.

Jostailua, gaur egun ezagutzen dugun moduan, ohiz kanpoko zerbait zen. Gaur egun gero eta presentzia handiagoa dute beren barruan jolasak dauzkaten jostailuek. Gizarte hartan, jolasa jostailuaren gainetik zegoen, eta jostailua, asko jota, jolasaren euskarria zen.

Mekanizazio urriko gizarte hartan, jolaserako tresnak fabrikatzea haiek ematen zuten entretenimenduaren parte bat zen. Beraz, haurrek beraiek garatutako jarduera hori jolas bat zen bera ere. Tresna fabrikatzen hura erabiltzen adina edo gehiago gozatzen zen.

Haurren eskulangintzako kultura horrek, gainera, eskulangintzako mundu bat islatzen zuen. Kultura mekanizatuago bat iritsi izanak ekarri du gaur egungo haurren gizarteko jolasak ere mekanizatu izana eta azkenaldian gero eta handiagoa izatea elektronikaren munduaren eragina.

Artzainen kulturatik eratorritako eskulangintzako teknika batzuek, haurren munduan, landa-giroan iraun dute batez ere; adibidez, habailen, tranpen eta abarren fabrikazioak.

Batzuetan, tresnak fabrikatzeko konplexutasun handiagoko elementuak behar izaten ziren, haurren gaitasunaz gaindikoak, eta, horregatik, nagusien parte-hartzea ezinbesteko bihurtzen zen. Nagusiek parte hartzen zuten haur txikientzako jostailu soilak egin behar zirenean ere, hain txikiak izanik esku-trebetasunik ez baitzuten, ez ziren haiek eraikitzeko gauza.

Apodakan (A), adibidez, gogoan daukate etxe gehienetan bizi zela arotzaren etxera joandako norbait, lanbidea ikastera, gurdia konpontzera edo beste konponketa batzuk egitera. Horregatik, etxe guztietan zeuzkaten zurgin-mahai bat edo zura lantzeko tresnak. Laneko tresnak konpontzeko erabiltzen ziren egunetan soberan gelditutako oholak eta iltzeak zaldi bat, gurdi bat, patin bat edo haurrentzako beste jostailuren bat egiteko baliatzen ziren.

Sarritan, garai hartako haurrek jolaserako erabiltzen zituzten elementuak ez ziren berez jostailuak, ezpada sokak, makilak, harriak, poteak eta abar, hau da, hondakinak edo jatorrizko zereginerako balioa galdutako materialak. Gaur egun, askoz ere trepeta sofistikatuagoekin entretenitzen dira, baina ez da galdu haurrak edozein materialetan jostailu bat irudikatzeko duen ahalmena.

Garai hartan, haurrak arduratzen ziren arestian aipatutako materialak eta jolaserako baliatzen zituzten beste asko eskuratzeaz, batzuk aurkitzen zituzten bezala, beste batzuk aldaketa txiki batzuk eginda. Izan zitezkeen botilen txapak, tortolosak, pospolo kaxak, kartoizko edo latorrizko kutxa soil bat eta are artaburuen lokotxak ere. Azken horiei Karrantzan (B) carollos zeritzen, Galdamesen (B) garuchos, Zeanurin (B) txorokil, eta dorreak eta bestelako eraikin batzuk egiteko erabiltzen zituzten haurrek.

Garai hartan, labana, kanabeta, opari bikaina zen haurrentzat, aiztoa poltsikoan zutela edozein objektu fabrikatzeko aukera baitzeukaten egur puska batekin.

Denborak aurrera egin ahala, erositako jostailuak garrantzia hartzen hasi ziren. Errege Magoen egunean, gurasoek ahalegin ekonomikoa egiten zuten seme-alabei jostailu soil bat oparitzeko. Aurreko garaietan goxoki batzuk baino ez zituzten jasotzen.

Azken urteetan edozein gertakari jotzen da egokitzat haurrei jostailu bat oparitzeko; hala ere, opari horiek Eguberrien inguruan kontzentratzen jarraitzen dute; aldea da orain egun gehiagotan egiten direla opariak. Duela urte batzuk arte urtarrilaren seiaren goiza zen haurrek oparia jasotzeko egun nagusia; gaur egun indarra hartzen ari da Gabon gaueko ospakizuna, Olentzero tarteko dela eta, neurri txikiagoan, mito anglosaxoi batzuen eraginez. Jostailuak egun horretan jasotzeak opor garaian haiekin jolasteko aukera ematen die haurrei. Euskal Herri penintsularrean, ordea, badirudi Errege Magoak baztertu gabe haurrek opariak bi datetan jasotzea ari dela bultzatzen.

Modu industrialean fabrikatutako jostailuen gorakada hirurogeiko hamarkadako urteen inguruan hasi zen.

Jostailuen eskaintza dibertsifikatu eta zabaldu egin da hamarkada horretatik aurrera. Jostailuak modernizatu ahala, moden eragina jasotzen hasi dira, halako moldez non urtero jostailu berri batek arrakasta handia duen, eta, gero, ia erabat desagertzen den, beste bati lekua uzteko.

Jostailuen inguruan merkatu handia sortu den arren, haur bakoitzak dauzkan jostailuen kopurua, lehen bezala, haren familiaren ahalmen ekonomikoaren araberakoa da batez ere.