XIV. NEKAZARITZAN ERABILITAKO ESKULANA ETA INDARRA

De Atlas Etnográfico de Vasconia
Revisión del 18:07 16 nov 2019 de Admin (discusión | contribuciones)
(dif) ← Revisión anterior | Revisión actual (dif) | Revisión siguiente → (dif)
Saltar a: navegación, buscar
Otros idiomas:
Inglés • ‎Español • ‎Euskera • ‎Francés

Giza indarraren erabilera garrantzitsua da gaur egun ere nekazaritzan, baina, batez ere iraganean, makineria modernoaren erabilera zabaldu arte, hala giza indarrak nola animalienak eragin erabakigarria izan dute lan egiteko moduan zein laboreetan. San Martin Unxeko (N) landa-ikerketan adierazten den bezala, nekazaritzan proiektatzen den lehen energia gizakiarena berarena da, zeinak beste energia instrumental batzuk zuzentzen eta abian jartzen dituen, hala nola animaliena eta mekanikoa, eskuzko tresnatik motordunera arte.

Bi indar horiek inbrikatuta daude, lan batzuk gizonak eta emakumeak egiten badituzte ere zuzenean laborantzako lanabesekin, gogorrenetarako animalien indar erabakigarriaren beharra baitzuten lehen, eta, gaur egun, egokitzen den makineriarena. Gaur egun onar daiteke oro har Arabako Moreda herrian jasotako datua; han diote oraindik ere garrantzia duela giza indarrak, animaliena ia-ia ez dela erabiltzen eta erabiliena mekanikoa edo trakziokoa dela.

Giza indarra

Familiaren lan bateratua

Abezian (A) landa-eremu osora zabaltzeko moduko datua jaso da. Baserrietan ohikoa zen familiako kide guztiak, haurrengandik zaharrenenganaino, nekazaritzako eta abeltzaintzako lanetan aritzea. Moredan (A), nekazaritza ustiapeneko langileak gurasoak eta seme-alabak izan ohi dira, eta, kasu batzuetan, baita aitona-amonak ere.

Familiako kide guztiek –gizonek, emakumeek eta haurrek– nekazaritzako lanetan duten parte-hartzeari buruzko antzeko iritzia jaso da Berganzon, Trebiñun eta Argantzonen (A); Ajangizen, Aiurian, Bedaroan, Gautegiz Arteagan, Nabarnizen, Urdulizen, (B); Hondarribian (G); Izurdiagan, Erronkaribarren (Uztarrozen, Izaban eta Urzainkin) (N) eta Donazaharren (BN); Beasainen (G) diote oro har baserrian bizi diren pertsona guztiek egiten zutela lanen bat han, eta zehazten dute etxetik kanpo tailerretan lan egiten zutenek ere egiten zutela.

Zamudion (B) diote aita, ama eta seme-alaba nagusiek lurra lantzen zutela, eta txikienek bilketan, ur-garraioan edo bazkatzen ari zen azienda zaintzeko lanetan laguntzen zutela. Gizonak aziendaz arduratzen ziren ukuiluan, eta emakumeak etxea atontzeaz eta janariaz.

Gizonak berezkoak dituen lanak

Ondoren, inkesta egindako herrietan jasotako adibide batzuk jasotzen dira, lan espezifikoki maskulinoak deskribatuz eta gizonek lanik gogorrenetan izandako protagonismoa nabarmenduz.

Hala, Apodakan (A) jaso da gizonak goizean goiz jaikitzen zirela idiei pentsua emateko, gero hausnarrean aritu ahal izan zitezen uztarrian zihoazenean. Gizonak ukuilua garbitzeaz, aleak ontziratzeaz, sutarako egurra ebakitzeaz, idiak uztartzeaz eta segan egiteaz arduratzen ziren. Landan, goldatzeaz arduratzen ziren idiekin, eta mendira aziendaren bila joateaz. Landako lan gogorrak gizonaren ardura ziren eta dira; baita bidezidorretara joatea ere, baina gaur egun emakumeak ere joaten dira.

Emakumearen parte-hartzea

Abezian (A) adierazi dute emakumeek inoiz ez dituztela baztertu nekazaritzako eta abeltzaintzako lanak. Alderantziz, ia gizonen lan berberak egiten zituzten, batzuk salbu, goldatzea edo egurra ebakitzera joatea adibidez, eta, kasu batzuetan, lan horiek ere egiten zituzten. Emakumeak funtsezko parte-hartzea dauka zerealen uztan. Lan batzuk emakumearen berezkotzat jotzen dira, hala nola jorraketa edo baratzearen zaintza. Etxekoandreak, landako lanez gain, etxekoak eta seme-alaben zaintzakoak egin behar zituen, horietaz ez baitzen gizona arduratzen. Ama askok titiko umeak edo jaioberriak landara eraman, eta ontzi batean, saskitxo batean edo azaoz egindako etxola batean uzten zituzten atseden hartzen, lan egiten zuten bitartean.

Auzokoen arteko elkarlaguntza

Oro har egiaztatu da auzokoen eta familiakoen arteko elkarlaguntza praktikatu dela eskulan handiaren presakako premia zuten lanetan, hala nola lursailak ereintzarako prestatzean eta uzta biltzeko garaian, baita familia baten gaixotasun edo baliaezintasun kasuetan ere, eta nekazaritzako lanak egiteko beharrezkoa zen azienda gaixotzean.

Auzokoek nekazaritzarekin lotuta egiten zuten beste lan arautu bat zen uzta bildu eta belarra garraiatu aurretik bideak konpontzekoa, bideak zabalik izateko.

Sasoikako langileen kontratazioa

Jornalari eta sasoikako langile izena ematen zaie eskulan premia handiko garaietan lan espezifiko batzuetarako aldi baterako kontratatzen diren peoiei. Iraganean, kontratatutako pertsonak herri berekoak edo gertuko herrietakoak izaten ziren. Urteek aurrera egin ahala, horien jatorria, eskuarki kuadrillak, leku urrunagoetan egoten zen, eta azkenaldian immigranteak izaten dira. Kontratazio horiek sarriagotan egin dituzte Euskal Herriko hegoaldeko monolaborantzako zabalera handien jabeek.

Animalien indarra

Inkesta egindako herrietan jasotako datuetatik ondorioztatzen da idiak estatusaren zeinu izan direla. Isurialde mediterraneoan, nekazaritzako lanetarako gehiago erabili izan da zaldi-azienda. Idirik ezean, behiak erabili izan dira. Astoek lurralde osoan dute presentzia indar gutxiago eskatzen duten lanetarako, zama txikiak garraiatzeko baratzetik edo belarditik etxera, aleak errotara eramateko, salgaiak eta esne kantinak azokara eramateko eta pertsonak belardietara eta soroetara lekualdatzeko.

Nekazaritzan aplikatutako animalien indarra iraganeko kontua da, traktoreen erabilerak ordezkatu baitu, hasieran soilagoak eta gero handiagoak; erabilera hori 1970eko hamarkadan hasi zen ezartzen, lehenik lurraldearen hegoaldean, zerealen guneetan, eta geroago isurialde atlantikoan.